Urtzainak eta ertzainak [atzoko zubi harresiaren kronika pertsonala]

16 05 2013

1. Atarikoa

Ez nuen Urtza Alkorta ezagutzen. Nire mezuren bat bertxiotu zuen apirilean, eta egun berean Erroman Lander Fernandezen atxiloketa ekidin nahian osatu zuten herri harresiari buruzko albistea ere zabaldu zuen. Baina sarean anonimotasunean geratzen diren milaka izen birtual horietako bat besterik ez zen @sagastaneku hura niretzat, pasa den maiatzaren 8ra arte.

sagastaneku

Egun horretan, Ondarroan herri harresia osatzeko deia egin zuen, bere burua espetxean aurkezteko aginduari uko egin eta Ertzaintza bi aldiz bera atxilotzen saiatu ondoren. Maiatzaren 10ean, ostiralarekin, 12:30ean, Ondarroako Alamedan aurkeztuko zela esan eta herri harresia osatzeko deia egin zuen.

Orduan ulertu genuen Donostian sortutako Aske Gunearen bigarren atala Ondarroan idatzi behar zuela herri honek. Alderen bat bazegoen: Donostiako gazteak Segi gazte erakundeko kideak izateagatik eta, beraz, lan politiko hutsa egiteagatik soilik espetxeratu zituzten. Alkorta, berriz, ETAri laguntza emateagatik kondenatuta zegoen.

2. Tortura: izuen gordelekuetan barrena

Honaino iritsita, Urtza Alkortak Ertzaintzaren eskuetan jasandako torturak giltzarriak dira kasua ulertzeko. Torturapean sinatutako adierazpen hura baita Urtza kondenatzeko epaileak kontuan hartu zuen froga bakarra. Ertzaintzak noizbait iragarri zuen torturaren aurkako protokoloa bertan behera utzi zuen Urtza eta beste zenbait lagun atxilotu zituen operazioan. Kasu hark soka luzea ekarri zuen, besteak beste, Arartekoak eta epaileren batek Rodolfo Ares orduko Barne Sailburuari inkomunikazio aldiko grabazioak eskatu arren, honek uko egin ziolako bideoak erakusteari.

Ertzaintzak Urtza torturatu zueneko kasua, ederki laburtzen du Xabier Makazaga erbesteratu zarauztarrak pasa den astean argitaratutako artikulu honetan:

· Otra mentira más de Rodolfo Ares (izaronews.info, 2013-05-13).

Urtza Alkorta babestea eta bere atxiloketa ekiditeko herri harresia osatzea, beraz, urrun zegoen ETAri babesa ematetik. Ertzaintzak torturapean sinarazitako adierazpena zen Alkortaren aurkako froga bakarra. Berriro ere, beraz, kasuak osagai guztiak zituen Ondarroa gainditu eta herri harresiak dimentsio nazionala hartzeko, eta babesa ere zabala zen (jendarte eragile, alderdi, elkarte eta sindikatu ezberdinen babesa izan du Alkortak azken egunotan), hedabide batzuk Aske Gunea ezker abertzalearekin soilik lotzeko egiten ari diren ahaleginak ederki erakusten duen bezala.


[ ELA sindikatuko ordezkaritza, astelehenean, Urtzari babesa erakusten Ondarroako Aske Gunean ]


3. Lehen elkarrizketa eta We Free Zone #askegunea

Donostian sortutako Aske Gunea politikoki herri honen historian geratuko den inflexio puntua dela oso argi ikusita, gaiari buruzko proiektu zabal bat abian da, oraindik mamitzen ari denez aurkezteko beste egun batzuk beharko dituen arren: We Free Zone #askegunea crowdfunding ekimena, Aske Guneari buruzko bi liburu eta dokumental bat bilduko dituena.

Dokumental horretarako Urtza elkarrizketatzea ezinbestekoa ikusita, maiatzaren 13an joan ginen lehen aldiz Ondarroako herri harresira, gaua bertan ematera. Oier Aranzabal kazetaria izan nuen bidaide. Urtzari We Free Zone #askegunea proiektuaren berri eman, eta elkarrizketa egin genion. Horren laburpena ederki bildu eta argitaratu du gaur Aranzabalek, zuzeu.com orainkarian:

· Urtza Alkorta: “Herritarrek ekarri zuten AskeGunea Ondarroara” (Oier Aranzabal, zuzeu.com, 2013-05-16).

Hemen ikus daiteke elkarrizketa, laburtuta:

4. Kazetaria, zinegotzia, euskal herritarra… nik zer dakit zer

Bateko eta besteko argazkiak edo irudiak ikusita, Ondarroako zubi harresian zer egiten nuen galdetu zidan atzo batek baino gehiagok. Ea kazetari bezala ari nintzen, zeinentzat. Ala pertsonalki, ala zertan.

Ez daukat erantzunik.
Edo erantzun gehiegi ditut.

Kazetari gisara, We Free Zone #askegunea proiekturako materiala biltzea zen asmoa, eta gertatzen ari zena sare sozialen bidez lau haizetara zabaltzea, noski. Horrela aritu ginen azken orduotan hainbat eta hainbat lagun, Aske Guneak oraingoan ere eman duen komunikazio eta kazetaritza ikasgaiari ekarpena egin nahian. Izan ere, norbaitek sare sozialetan duela zenbait egun esan zuen bezala, Aske Guneak komunikazio aldetik suposatu duena, noizbait, kazetaritza fakultateetan erakutsiko da. Baina hau udazkenean argitaratuko den liburuaren gaietako bat da. Beraz, beste baterako utziko dugu. Baina, bai, zainetan barrena daukagun kazetari senak bultzatuta ere aritu nintzen Ondarroan.

Azken gauean, Ertzaintzaren dozenaka furgoneta Iurretako ertzain-etxera heltzen ari zirela eta atxiloketa edonoiz hel zitekeela aurreikusiz, azken orduko mezu laburra eskatu genion Urtzari, Euskal Herri erdia sare sozialetan #resistondarru eta #askegunea traolei begira zegoela ohartuta. Hau izan zen grabatu eta zabaldu genuen mezua.

azkenmezua

Hemen bideoa ikusgai:

Kazetari gisara aritzea, barruak eskatzen du Aske Gunean.
Baina baita beste zerbaitek ere.

Pertsona bezala, bidegabekeria bati aurre egiteko, babesa adierazteko eta bidegabekeria horren berri munduari emateko gogoa sortzen dizu zerbaitek.

Euskal herritar bezala, badakit auzi politikoek, torturak eta herri hau isilarazteko urte askoan hainbat lekutatik abiarazitako gerra estrategiak oraindik alde batera utzi gabeko ondorioak dituela. Auzi politikoetan harrapatuta epaiaren zain dauden ia 200 euskal herritarren kasua da. Eta beste dozenaka dira, Urtza Alkorta bezala, torturapean edozer sinatzera heldu direnak, basatikeria guztiak libre diren zulo ilun horretatik edonola atera nahian.

Zinegotzi eta udal ordezkari gisara, aurreko legealdian Ondarroako hautetsia izan zen norbaiti babesa adierazteko beharra ere sumatzen nuen. Legez kanporatzeak nonbait eragin gordinik izan badu, Ondarroan izan da hori. Herritarrek gehiengo oso zabal baten bidez hautatutako zerrendak baliogabetzearen ondorioz sortutako egoera muturrera heldu baitzen, kasu gordin eta larriekin. Urtza Alkortak lehen eskutik bizi izan zuen hura guztia, legez kanporatutako zerrendako hirugarren hautagaia eta, beraz, herritarrek aukeratutako hautetsia izan zen momentutik. Orduan egindako lanaren mendeku zatia ere izango du gerora heldu zaion guztiak. Herritarren ordezkari gisara, beraz, Maribi Ugarteburuk, Unai Urruzunok, Laura Mintegik eta beste hainbat parlamentari, zinegotzi edo batzarkidek bezala, Urtzari babesa adierazi nahi nion.

Atzo Espainiako Polizia autonomikoa Ondarroara heltzear zenean zubi harresira igo ginenean, beraz, egia esan, ez nekien euskal herritarra, kazetaria, zinegotzia ala zer nintzen eta, batez ere zer izango nintzen Ertzaintza gora heltzean, gure ondora. Zainetan daramagun kazetariak Urtzaren ondoan egotea eskatzen zidanez badaezpada, hala egin nuen azkenean.

zubian

zubian-efe

zubian-correo3

zubian-correo4

DV

5. Harresistentziaren zubian

Polizia operazioaren atarian, tentsioak gora egin ahala, sare sozialetara argazkiak eta bideoak igo eta eta zubitik bertatik zuzenean aritu ginen bizitzen ari ginena zabaltzen, batez ere twitter bidez: herri oso bat, ehunka eta ehunka lagun, poliziak atxilotu nahi zuen pertsona bat babesten, desobedientzia baketsuaren bidea hautatuta.

Honakoak dira argazki eta bideo horietako batzuk:

· 05:57, bideoa: “Ez gaituzue geldituko!”

· Mikel Etxaburu eta Urtza, zubian: tentsioa eta besarkadak

· (ordua ez dakit): “honela ari dira hurbiltzen Urtzarengana, beti bezain bortitz #resistUrtza”

· Herri Harresia barrutik: Ertzaintza Urtzarengana hurbiltzen (1)

· Zubian: ertzainak jendeari belarrietatik eta iletik tiraka, belaunekin kolpeka, botekin zapaltzen…

6. Zuzenean: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarentzat streaminga

Halako batean, Ertzaintza Urtzarengandik bospasei metrora zegoenean, eta azken hiru orduak bere ondoan egon ondoren, telefonoaren bateria agortu zitzaidan. Ertzaintza aurpegirik bortitzena erakusten ari zenean, eskuan itzali zitzaidan egiten ari zirena zabaltzeko eskura nuen bitarteko bakarra. Ordurako atzera egin zuten zubian bertan lanean ari ziren Lander Arbelaitz (Argia) eta Maite Bidarte (info7) kazetariek, eta lehen lerroan geratu nintzen, lanerako bitartekorik gabe.

Ertzaintza zein bortitz ari zen ikusita, bateriarik gabe ere itxura egiteko esan zidan norbaitek, horrela behintzat animalia haiek apur bat otzandu zitezkeelakoan. Hurrengo proposamena, berriz, opari ederra izan zen. Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA egunkariko kazetariak mobila pasatu zidan, baina ohar batekin: “ez mugitu askorik mesedez, zuzenean ari gara ematen”.

Zuzenean? Irribarrea atera zitzaidan, batez ere pantailan 976 views ikusi nuenean. Ehunka eta ehunka lagun ari ziren telefono hartatik ateratzen ziren irudiak ordenadore aurrean zuzenean ikusten. Bazegoen zer erakutsia.

7. Urtza eta ertzainak, aurrez aurre

Urtza zaintzen ari ziren ehunka Urtzainak bortizki banan banan aterata eta aurrera egin ahala, Ertzaintza gero eta basatiago aritu zen. Urtzarengandik hiru bizpahiru metrora zegoenean egoera jasangaitza bihurtu zen, Urtza bere onetik ateratzeraino. Ezin zuen eraman bera babesteagatik zubian zegoen jendea horrela tratatzea ertzainek, eta behin eta berriro oihuka aritu zitzaien lasai eta suabe aritzeko erreguka. Bere burua entregatuz gero guztia amaitu egingo zela esan zion ertzain batek Urtzari, eta ez zela indarkeria gehiago erabili beharrik izango.

Urtzaren erantzuna antologikoa izan zen. Oilun popi jarri zitzaigun ondoan geunden guztioi. Ea nori okurritu zitzaion zubi harresiko jendea banan-banan horrela ateratzea, bortizki. Jende artetik igaro eta oinez berarengana joan besterik ez zutela hasieratik, eta bi minutu nahikoa izango zituztela atxilotuta eramateko. Baina hori egin beharrean zirko hura guztia antolatzea eta jendea banan-banan basatiki ateratzea erabaki zutela, indarrez. Ea ez al ziren konturatzen zer-nolako erokeria zen hura. Nahikoa zutela aurrera egitea, eta atxilotzea. Baina bera ez zela entregatuko. Hori esan, eta jasotako babes guztia eskertzeko mezua bidali nahi izan zuen. Mikel Etxaburuk eta biek eskuan nuen telefonoari edo kamarari begiratu, eta ukabila altxata agurtu zuten Euskal Herria.

Gainerakoa, badakizue.

Guztia ezin hobeto bildu zuten, zubitik bertatik, Argiako Lander Arbelaitzek eta Axier Lopezek.
Hartutako bideo guztiak, gainera, hemen bildu dituzte: Ondarroako herri harresia · bideo bilduma.

Horien artetik, Urtza atxilotu aurreko azken sei minutuak biltzen dituen hau nabarmendu nahiko nuke:

8. Zein da pertsona bat torturatzearen prezioa?

Nahi den bezala saldu arren, Donostiako eta Ondarroako irudiek urrea balio dute, bere horretan.
Horregatik da hain garrantzitsua errealitatea desitxuratzea. PNVren hariko hedabideen gaurko azalak ikusi besterik ez dago.

NGportada

Deiaportada

Lotsa gutxi behar du, atzokoa eta gero, lehendakari batek polizia operazioaren kostuaz hitz egiteko: «Ezker abertzaleak alferrik tentsionatu du gizartea, eta baliabideak xahutu dira». Urkullu asegura que la detención de Alkorta ha derivado en «un despilfarro de recursos».

Hitzik gabe. Benetan.
Itxaso Urtiaga zarauztarrak atzo sare sozial batean horri buruz idatzi zuen:
“Patetikoa. Urtzaren atxiloketa garestia omen. ETA ZE PREZIO DU PERTSONA BAT TORTURATZEAK? ZE PREZIO DU TORTURAPEAN EGINDAKO DEKLARAZIOENGATIK SOILIK PERTSONA BATI BERE BIZITZAKO URTEAK LAPURTZEA espetxe zikin batean sartuz? Honelako egoerak sortu eta onartzen dituztenek lapurtzen duten diru guztiarekin ere ez dute egindako injustizia guztiak ordaindu eta eragindako mina erreparatzeko lain izango”.

9. Herri Harresia eta Aske Gunea, aurrera begira

Aurrera begira, epaiketa politikoen aurkako benetako herri harresia osatzeko eta jazarpen politikoarekin amaitzeko, denon beharra izango da. Herri Harresia benetan osatu beharko da. Ez dute publikoki onartuko, baina jeltzale asko eta asko eta asko lotsatuta egongo dira Donostiako eta Ondarroako irudiekin. Nahi den bezala erakutsita ere, munduaren aurrean, bi kasuetan kartzelara doazen gazteak babesten dituen herri bat dago atzean, epai bidegabeak betetzera datorren polizia bortitz baten aurrean.

Horrek, hausnarketa sakona eskatzen du.
Bidegurutzean, betikoa: herri honen ala Espainiarekiko eta Frantziarekiko morrotzaren artean hautatu beharra. Bidegabekeria ala duintasuna. Eskuak lotuta edukitzea ala libre izatea. Arrain haztegia ala erreka. Espainiako Polizia Autonomikoa ala Ertzaintza. Iragana ala etorkizuna. Aske izateko, gune askeak sortu behar dira, eta ez obedientzia otzanaren bidea hartu.

Ikusi ZuZeu orainkariak gaur argitaratu duen Urtzaren elkarrizketa. Ertzaintzak torturatu zuen. Kasua nabarmena da. Ertzaintzak torturapean sinarazitakoa da Urtza bahitzeko eta kartzelaratzeko arrazoi bakarra. Eta hala ere, sufrimendua alde batera utzi, eskua luzatu, eta aurrera egiteko deia egiten dio jeltzaleei. Herri honen askatasunaren alde, bidea elkarrekin egin beharko dugu, edo ez dugu askatasunik ezagutuko. Zeren zain zaudete? Atzo Ertzaintza Ondarroa hartzen ari zenean zubi harresian Urtzak abesten zuen moduan, ez gaitun lapurrak ez eta zakurrak kateiaz loturik ibiltzeko…





Sonanbuluak: lotan dabiltzanak

9 05 2013

Loak hartzen gaituenean, lotan egoten gara gehienok. Badira, ordea, lotan ibiltzen direnak ere. Lotan egon arren, ibiltariak bihurtzen direnak. Sonanbuluak dira.

Marrazki bizidunetan, filmetan edo komikietan karikaturizatu ere egin dira, gaur egun dugun sonanbuluen irudia erabat zehatza izateraino: zonbien antzera ibiltzen diren bizidunak, lotan, begiak itxita, eskuak luzatuta, zuzen…

Hori guztia, ordea, faltsua da.

Hainbat artikulu idatzi eta argitaratu da gaiari buruz, aspaldidanik, eta topiko horietako asko faltsuak direla erakusten dute ikerketek. Euskaraz, ederki azaldu zuen kontu hau Jabier Agirrek, Elhuyar aldizkarian argitaratutako Sonanbuluak. Gauez baina konturatu gabe erreportajean.

ETBko Teknopolis saioak ere landu zuen gaia (2010-12-26).
Hemen bideoa ikusgai.

SONANBULUAK: gauez konturatu gabe (Jabier Agirre, Elhuyar, 1986-12-01).

Sonanbuluaren irudia ohizkoa bihurtu da txiste eta komikietan. Zeintzu dira, bada, gertakizun honen agerpen edo zeinuak? Zein da sonanbulismoaren egiazko arrazoia?

Sonanbuluaren irudia ohizkoa bihurtu da txiste eta komikietan: gau-jantziz estalirik, teilatu gainean, ziurtasun osoz dabilen gizona, edozein hitz edo hotsek esnatuz gero, oreka galdu eta behera amildu daitekeena. Baina topiko guztiekin gertatzen den bezala, irudi hori ezaguna izan arren, faltsua da: ziurtasuna ez da hain ziurra, ez dago batere frogatua sonanbuluak besoak zabaldurik dabiltzanik, hitz egite hutsak ez ditu esnarazten, etab. Zeintzu dira, bada, gertakizun honen agerpen edo zeinuak? Zein da sonanbulismoaren egiazko arrazoia?

Sonambulismoa (latinezko SOMNUS: Loa, eta AMBULARE: ibili), h.d. “lotan ibiltzea” oso fenomeno bitxia izan da betidanik jende xehearentzat. Ohizko psikiatriak gogoz aztertu izan du pertsona helduen sonanbulismoa (umetan agertzea normalagotzat jotzen da) eta erreakzio neurotiko bezala kontsideratu da: lo dagoenak ohea utzi eta bere nahiak ase edo bere tentsioak baretuko dituen zerbaiti ekiten dio (galdutako zerbaiten bila hasi, edo bere egunerokoan idazten has daiteke).

Sonanbuluak berak, ez digu inolako argitasunik emango, noski. Beren familiarteko edo lagunek dakite beren ibilalditxoen berri. Egiten duena eginik ere, sonabulua ez da egindakoaren erantzule. Amets egin ondoren geratzen zaigun oroitzapen lauso eta zirriborrotsu hori ere ez du izango; bere amnesia totala da.

Duela urte gutxi batzuk arte, sonanbulua ametsetan zegoen bitartean irteten zela ohetik pentsatzen zen. Gaur egun hipotesi hori guztiz baztertua gelditu da, egindako esperimentuei esker. Gauza jakina da, loaldiaren azaleko faseetan —REM fase bezala ezagutzen direnetan (REM, Rapid Eye Movement, Begien Mugimendu Azkarra)— egiten direla ametsik gehienak. Baina une horietan gorputza guziz erlaxatua dago, eta nekez uler daiteke egoera horretan, muskuluak lasa daudenean, pertsona ohetik jaikitzeko gai izatea. Alderantziz, frogatu ahal izan da sonanbulua lo sakonean dagoenean soilik bihurtzen dela aktibo. Eta fase honetan ez da ametsik gertatzen. Gau batean pertsonak lo sakoneko fase bat baino gehiago izaten dituenez, posible da sonanbulu batek bere IHARDUERAK zenbait aldiz burutzea goizean esnatu aurretik.

Eta iharduera horiek ez dira beti jeiki-ibili modukoak. Kasu askotan mugimendua askoz ere apalagoa izan daiteke: ohean agondu, ezpainak mugitu, besoarekin mauka tiratu, begiak denbora osoan itxita mantentzen dituen bitartean. Sonanbulua oso kapaz da orduerdi pasatxoz “lanean” aritzeko. Bere begiak irekita edo itxita egon daitezke: irekita daudenean begirada finkoa dute, baina ez dute inguruko ezertxo ere ikusten.

Sonanbulua bere etxean zehar, inoiz ere ikusi gabe ezagutuko lukeen itsua bezala mugitzen da. Egia da inoiz sukaldera joan, hozkailua ireki eta esnea edango duela, baina aldez aurretik hozkailua non zegoen bazekielako egin dezake hori. Ezagutzen ez duen etxe batean, gisa horretako balentria guztiz ezinezkoa litzateke.

Sonanbulurik gehienak oso astiro mugitzen dira. Beren ibilerak koordinaziorik gabekoak dira, erritmo-aldaketa eta kordokaldi edo astinaldiak agizkoak dira. Gaizki sinkronizaturiko robot baten mugimenduak gogorarazten dituzte. Besoak gorputz-alboetan zintzilik, edo eskuekin gauzak aztatuz, baina ezer jakinik ukitu gabe. Familiartekoek segurtasun-neurriak hartu nahi izaten dituzte, istripu posibleak baztertzeko. Baina, kontuz! ez du ezertarako balio atean sarrailak ipintzeak; sonanbuluak atera nahi badu eta ateak traba egiten badio, leihotik irtengo da.

Ikusi dugunez sonabuluen iharduera lo sakoneko faseetan ematen da. Fase horiek bereziki luzeak eta iraunkorrak dira haurtzaroan —lo gauden bitartean, hazkunde-hormonak bere lana egiten du eta umea horrela hazten da—, eta pertsona adinean aurrera doan neurrian laburutu egiten dira. Pertsona zaharrengan, batez ere, loaldi osoa azaleko edo REM fase batean gertatzen da, eta lo sakona ia erabat desagertzen da. Ia sonabulu guztiak umeak izatearen arrazoietako bat hauxe izan zitekeen.

Sonanbulismoaren intzidentzia, edo zenbat kasutan ematen den beste era batera esanda, ez dago oso argi. Baina espezialista gehienek diotenez zortzi umetatik bat sonanbulua izan daiteke (lehen ikusi dugunez sonanbulu izateko oso maila ezberdinak daude). Zortziren bat urterekin has daiteke fenomeno hau, astean bi aldiz errepikatuz. Pubertaroarekin batera desagertzen da normalean.

Pertsona helduen artean berrogeitik batek bakarrik jasaten du sonanbulismoa. Eta ia beti aurrekin edo antezedenteak aurkitzen dira familietan. Aurregoera honek arrazoi genetikoak egongo ote ziren pentsatzera eraman zituen espezialistak. Baina badira beste arrazoi batzuk ere; psikikoak batipat, sexualitate erreprimitu baten agerpenak agian edo babes-nahi ezkutuak. Pertsona helduetan sonanbulismoa erregresio bat bailitzan onartzen da; berriro ere ume izateko nahikunde inkontziente bat. Dena den, sonabuluak ez dauka inhibizio horren berri eta bere inkontzientea aske uzten du, gainontzeko pertsonek ametsetan daudenean egiten duten bezalaxe.

Orain arte ikusitako guztia sonanbulu OSASUNTSUEI dagokie, h.d. gauez duten portaera bitxi honetaz landa, bizimodu guztiz normala daramaten pertsonei, osasun betea daukatenei. Badira sonanbulismo patologikoak ere, aurrez neurosiak edo epilepsiak jota dauden pertsonetan agertzen direnak.

Bukatzeko esan dezagun sonanbulismoak ez duela nahitaez gauean agertu behar. Orain dela gutxi egunkari guztiek ekarri zuten lo zegoen bitartean bere fusila manipulatu zuen soldadu suediarraren notizia: fusilak tiro egin eta laguna hil zuen. Gertakizun ikaragarri hau eguerdi-eguerdian gertatu zen: soldadu sonanbulua gauez goardia egin ondoren goizeko hamarrak inguruan oheratu bait zen. Agintariek mutila soldadutzatik libre utzi zuten arren, epaitua izan zen tiro-unean bere ekintzetaz kontziente zen ala ez erabakitzeko. Epaileen berediktua, mediku- eta psikiatra-talde batek lagundurik, ahobatekoa izan zen: “ERRUGABEA”. Lo zegoen bitartean mutil hura ez zen, inola ere, bere ekintzen erantzule.


Sonanbuluak eta sexua, sonanbuluak eta hilketak…

Sonanbuluek oharkabean egiten dituzten kontuen harira, eta tarteka gertatu izan diren kasu zehatzei tiraka, asko idatzi da ohartu gabe sexua izatearen edo ohartu gabe norbait hiltzearen inguruan. Hainbat filmen gidoirako ere eman du gaiak, noski. Sleepwalking da horietako bat, beste askoren artean.

Hemen gai horiei buruzko zenbait kontu, batzuetan zientziaren ikuspegitik, eta beste batzuetan morboaz harago helduleku askorik ez duten albisteetatik:
· Sexo sonámbulo (BBC, 2004-10-17).
· Sleepwalking woman had sex with strangers (New Scientist, 2004-10-15).
· ‘Sleepwalker’ accused of murder (BBC News, 2005-03-10).

Gai honi buruzko estekak eta informazio osagarria:
· Sonanbuluak (zientzia.net, Teknopolis, erreportajea, bideoan).
· Sonanbuluak. Gauez baina konturatu gabe (Jabier Agirre, Elhuyar aldizkaria, 1986-12-01).
· Sonambulismo (wikipedia, gazteleraz).
· Sleepwalking (h2g2, 2002-12-23).
· La noche temática: parasomnia y sonambulismo (dokumentala, bost zatitan, youtuben).

Amaitzeko, alabaren bideo bat, duela hiru urtekoa. Bi urte besterik ez zituen Araitzek orduan…





Antzinako euskaldunen ilargi egutegia

25 04 2013

Hamar urte beteko dira aurten Josu Naberan idazle eta ikertzaileak Antzinako euskaldunen ilargi egutegia liburua argitaratu zuenetik.

Naberanek ikertu eta liburu horretan bildutakoari buruzko hainbat artikulu aurki daitezke batean eta bestean, baina egileak berak azalpen zehatzak eman zituen Estitxu eta Ixiar Eizagirrek Argia aldizkarirako 2004an egin zioten elkarrizketa batean. Bertakoak dira honako galdera-erantzunak:

Nola hasi zinen euskaldunen ilargi-egutegia aztertzen?

Historiaurreko nobela bat idatzi nahi nuenez, kobak bisitatzera joan nintzen, Dordoinara (Bordeletik 200 km ingurura). Han aurkitu nuen egutegi arraro bat, harrian grabatutako puntuek osatua. Ilargi egutegi bat zela irakurri nuen, eta ikertzen hasi nintzen, puntu haiek zer esan nahi ote zuten jakiteko. Geroago, Bilboko museoan topatu nuen Berriatuan aurkitutako zintzilikario polit bat, orain dela 10.000 urtekoa. Hezurrezkoa zen eta puntuak zeuzkan markatuta. Begira hasi nintzen, antzinako egutegia izan ote zitekeen. Horretan euskarak pista handiak ematen ditu, hainbat hitz mantendu direlako «aste» eta “egu” erroa daramatenak.

Zer esan nahi dute, bada, «aste» eta «egu» erroek?

“Aste” gauen zenbaketa da, “arrats”etik datorrena. Eta “egu” da “argia”, baina berdin eguneko zein gaueko argi aldia. Haiek gaueko argialdiak zenbatzen zituzten. Nire hipotesia da ilargi faseen araberako denbora zikloak zenbatzen zirela.

Ilargi egutegi horren arabera, nolakoak lirateke asteak?

Euskaldunen asteak 15 egun lituzke. Lehenengo “hilena” dator, ilargi berria, argirik ez dagoena. Gero, “astelehena”, sei gau dituena. Ondoren “asteartea” ilgora eta ilbehera liratekeena, ilargia fasez aldatzen dena, asteen artean dagoen eguna. Azkenik, “asteazkena”, ilgoran lau gau eta ilbeheran sei gau zituena.

Ilbetearen bueltan, “egu” erroa duten lau eguneko multzoa dator: “eguaztena”, egu hasten denean; “eguena” eguren egun nagusia; “barikua” eta igandea. Hori da larunbata, lau edo bost eguneko jaia, hilero, ilargi betearen inguruan egiten zena. Erromatarren idatzietan ere ageri da euskaldunen jai handi hauen berri.

Zer alde dago egutegia eguzkian edo ilargian oinarritu?

Hasteko, urtearen zentzua aldatu egin zaigu. Lehen, “urte” zen uren zikloa, urak urtzen zireneko aldia, alegia, martxotik urrira. Azarotik otsailerakoa, berriz, “elurte” zen, kontrako hitza. Uda eta negua bereizten ziren, beraz. Orain urteak esan nahi du lurrak eguzkiaren inguruan bira emateko behar duen denbora, unitateetan zatikatuta.

Ilargi egutegia guztiz desberdina da, ezin da hain zehatz zatikatu, ilargiaren kontua beti delako gutxi gorabeherakoa. Aste batzuk daude 14 egunekoak, beste batzuk 15 edo 16koak… Izan ere, hemendik ikusten dugun ilargiaren arabera egiten zituzten egutegiak. Berez, espazioan, ilargiak beti 26,9 gau behar ditu lurrari bira emateko.

Nola izan zen ilargi egutegitik eguzkikorako aldaketa?

Erromatarrek lehenik, eta ondoren kristautasunak jarri zuen egutegi berria. Ilargi egutegia ez zen aintzat hartu eta desagertu egin zen. Baina nekazarientzat erreferentzia ziren egunei santu izena eman, eta jai kristau bihurtu ziren. Argigarria da nola jai kristauak ere 20-40 egunera izaten ziren. Euskaldunon zenbaketa sistema ere hogeikoa da, eta ilargi egutegia ere bai.

Orain dela 30-40 urte, Elizak santuen jai egunak ere aldatu egin zituen, liturgia berriaren izenean. Aurreko erreferentziekiko beste eragin negatibo bat izan zen. Interes unibertsalei begira, ez zitzaien otu gure kulturaren ezaugarriak interesgarri zirenik.

Zer balio luke antzinako ilargi egutegiak egun?

Egutegi hori berreskuratuko bagenu, batzuen iritziz hilean lau jai-egun gutxitxo lirateke. Baina lan ere egin beharko genuke haiek egiten zuten kopuruan, hau da, lau edo bost ordu egunean, gehienez. Hori nahikoa zen premiak asetzeko, ez zuten horrelako metaketa handirik egiten etorkizunerako.

Ilargi egutegia ez zen Euskal Herrian bakarrik erabiltzen.

Pirinio alde dena, Kantabria, Asturias, eta Dordoina, gutxienik, kultura berakoak ziren. Paleolito ostean urrunago ere zabaldu zen kultura hura, Senara eta Europa erdialdera, Suitzara…

Frantziako 16 gune desberdinetako toponimia aztertzen ari naiz, eta euskarazko erroa dute izen gehienek. Hori frogatzea izango da nire hurrengo ahalegina.

Gai honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Josu Naberan: «Euskal mitologia zaharretik asko dugu ikasteko» (Argia, 2004-02-29).
· Euskaldunen ilargi egutegia. 15 eguneko astea (Berria, 2003-12-05).
· Euskaldunon ilargi egutegia. Audioa > elkarrizketa, Josu Naberan (Koska irratia, 2010-02-17).
· Ilargiaren gau eta egunak (Berria, 2003-12-07).
· Euskal egutegia (euskarazko wikipedia).
· Euskaldun ilargi-egutegia (Joseba Aurkenerena, kazeta.info, 2010-10-19).





Beste gau bat herri zauritu honen historiarako

18 04 2013

Gaur gaueko 00:15ak aldera, twitter bidez Aske Guneari eta bertako herri harresiari buruzko albisteak segitzen ari nintzenean, zuzenean ikusi ahal izan dut Ertzaintza agertu denean gertatu dena.

Irudiak ikusi orduko jakin dut nekez hartuko ninduela loak, eta Donostiako Bulebarretik heldutako albisteen zain emango nuela gaua. Esna egoteko, beraz, hobe autoa hartu eta babesa adieraztera agertzea. Azken batean, loari ordu batzuk lapurtzea eta babesa erakustea hutsala da gazteak ematen ari diren duintasun lezioaren ondoan. Bi aldiz pentsatu gabe etxetik atera, Zarautzen autoa hartu, eta 01:00etarako Aske Gunean nengoen, Donostian.

Ehunka eta ehunka lagun aurkitu ditut bertan. Zaila da hitzez adieraztea sentitzen zen giroa. Elkartasuna, amorrua, babesa, lege eta auzitegi arrotz eta bidegabeen aurrean zutik irautearen duintasuna, seme-alabak kartzelara eramango dizkietela jakin arren zain dauden gurasoen begiradak, zigortutako gazteen urduritasuna eta esker ona, eta abar.

Goizeko 04:00etan heldu da Espainiako Polizia Autonomikoa berriro Aske Gunera. Berriro ere Herri Harresiak eragotzi egin die zortzi gazteak atxilotuta kartzelara eramatea. Lander Arbelaitz kazetariaren bideo honek dena esaten du.

Ametsenean, Euskal Jain, Itoitzen, Artozkin, Kukutzan eta beste hainbat lekutan ikusi eta sentitutakoa etorri zait gogora gaur gauean. Sentitzen dena adierazteko hitzak labur geratzen diren gau horietakoa izan da. Ehunka lagun elkarri helduta, armen indarrez bahitu eta kartzelara eraman nahi dituzten gazteak defendatzen.

Ez dugu lo askorik egin. Baina goizaldeko 07:30ak aldera gosari beroa banatu digute gazteen gurasoek.
Eskerrik asko, esan diot kolakao beroa eman didanari, eta eskerrik asko, zuei entzun behar izan dut gainera.

Betikoa: batzuen duintasunak gainezka egiten du herri honetan. Ez sinesteraino.

Besarkada estu bana denei. Eutsi!

gurasoak

gurasoak2

Gai eta gau honi buruzko albisteak hedabideetan eta sarean:
· Un mur humà evita dos cops la passada nit la detenció de vuit joves a Donostia (La Directa).
· El ‘mur humà’ de Sant Sebastià ha impedit aquesta nit passada la detenció de vuit joves (Vilaweb).
· A night at Aske Gunea.





Etxebizitza alokagai edo salgai Getarian

16 04 2013

Bizitzaren karanbolek etenik ez dutenez, Getariako etxebizitza alokagai daukagu berriro, urte osorako, eta luzatzeko aukerarekin. Nahiago dugunez Getarian edo euskarazko prentsan iragarkia jarri aurretik ezagunen artean komentatu, hemen dituzue datuak, interesa baduzue edo alokairuan bizitzeko etxebizitza bila dabilen ingurukoren bat ezagutzen baduzue.

Etxea salgai ere badago, norbaitek gutiziaren bat izanez gero.
Kasualitatez erosleren bat agertuz gero, bi hilabeteko epea izango lukete errentariek etxea uzteko.

· ETXEBIZITZA ALOKAGAI GETARIAN.
· Helbidea: San Roke kalea 19, 4. pisua.
· Hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna, denak kanpoalderako leihoekin.
· Bi balkoi.
· Bista ederrak hegoalderantz zein iparralderantz.
· Urte osorako alokairua, kontratuarekin.
· 695 euro hileko.
· Maiatzaren 1etik aurrera sartzeko moduan.
· Harremanetarako: kalaportu@gmail.com

Hemen zenbait argazki:





Burundanga: txontxongiloak bihurtzen gaituen droga arriskutsua

11 04 2013

Hego Amerikatik heldu eta Europan gero eta gehiago zabaltzen ari den droga da burundanga, edo eskopolamina.

Substantzia honen eraginpean dagoenak bere buruaren kontrola galtzen du batetik, egiten duena ez oroitzeraino. Bestetik, egiten duena isil bezain apal obedituz egiten du, norbaitek gidatutako robot bat balitz bezala.  Edo txontxongilo hutsa balitz bezala. Horregatik esaten zaio droga zonbia, beste izen batzuen artean.


[ etxean ere ohikoa den landarea da eskapolamina
edo burundanga sortzen duen lorea ]

Mediterraneo inguruan gero eta kezkatuagoak daude droga hau erabilita egiten diren delituek gora nola egin duten ikusita. Batez ere bortxaketa eta lapurreta kasuek. Bartzelonako Ospitale Klinikoko erizain Teresa Etxeberriak, esaterako, datu larriak ezagutarazi ditu oraintsu hedabideetan: azken hilabeteotan Bartzelonan ezagutzen diren bortxaketa gehienak, dagoeneko, biktima droga honen eraginpean utzi ondoren izan dira. Lapurretak ere gero eta gehiago egiten dira droga hau erabilita.

Nahikoa omen da norbaiti irakurtzeko txartel bat edo antzeko zerbait ematea, bertan jarritako burundanga usaindu eta esandakoa egiten duen zonbi ibiltaria bihurtzeko biktima. Ordu batzuetara esnatzen edo itzultzen da bere buruaren jabe izatera, baina ordurako bankutik pasa, auskalo zenbat diru atera eta hori egiteko esan dioten ezezagunei eman die, edo etxera eraman ditu eta denetik lapurtu diote, edo bortxatu ere egin dute. Hedabideak honelako gero eta lekukotza gehiago ari dira ezagutarazten.
Misterioari eta ezkutuko kontuei buruzko Espainiako telebista saio ezagun batek, otsailean erreportaje sakona egin zuen gai honi buruz, eta oharkabean burundanga hartu ondoren lapurtuak izan diren bi lagun elkarrizketatu zituen platoan bertan. Baita Bartzelonako Ospitale Klinikoko erizainak ere, gai hau hartzen ari den larritasunaren aurrean adi ibiltzeko mezua zabaltzeko beharra sentituta. Hemen ikus daitezke elkarrizketa horiek: Cuarto Milenio alerta sobre el timo de la burundanga, la ‘droga zombie’.

Txaman edo azti indiarrek aspaldidanik erabilitako landare psikoaktiboa

Ikerketa eta literatura asko dago landare psikoaktiboen inguruan. Europan, Erdi Aroan bertan sorginkeriarekin lotuta ageri dira belladona eta mandragora. Hego Amerikan, datura eta brugmansia bezalako landareak dira ezagunagoak. Landare hauek eskopolamina izeneko substantzia psikoaktiboa dute osagaietako bat. Carlos Castaneda idazle eta antropologoak, azti edo txaman indiarren irakaspenak bilduz 1968an argitaratu zuen Las enseñanzas de Don Juan liburuan aipatzen duen moduan, eskopolamina sorginkeria kontuetarako erabiltzen zen kultura askotan, batez ere, gorputza hegaldirako prestatzeko. Gorputza bikoiztu egiten zen nolabait.

Vaughan Bell neurozientzialari britainiarrak, Kolonbian igarotako denboran, droga hau aztertu zuen, Hego Amerikan lapurretak eta bortxaketak egin ahal izateko zenbateraino erabiltzen den ikusi, eta zeharo harrituta eta larrituta. Eskopolamina, azken batean, pertsonaren borondatea erabat bahitzen duen droga bakarra dela ohartu da zientzialaria. Antza denez, garunaren zati zehatz bati soilik erasaten dio, eta horrek ahalbideratzen du pertsona bat erabat normal ibili arren, bere buruaren jabe ez izatea, besteen aginduak txontxongilo batek bezala betetzea, eta substantzia honen eragina pasatutakoan, oroitu ere ez egitea.

Horrek, noski, bitarteko oso preziatua bihurtzen du lapurrentzat edo bortxatzaileentzat. Gaur egun, Ecuador, Venezuela, Mexiko eta Kolonbia dira burundanga erabiliz delitu gehien egiten diren herrialdeak. Azken urteotan, ordea, Europara heldu da delituetarako burundanga erabiltzeko ohitura, eta kasuek oso nabarmen egin dute gora azken hilabeteotan. Herrialdearen arabera, izen ezberdinak hartzen ditu burundangak. Mexikon, esaterako, deabruaren belarra eta iluntasunaren arranoa bezalako esamoldeekin ezagutzen da.

CIAren kontrol mentalerako proiektuak, MKULTRA izenekoak, eskopolamina erabili izan du egiaren edabea balitz bezala. Jakina da, bestalde, Txekoslovakiako polizia sekretua zenak ere atxilotuei informazioa ateratzeko erabili izan zuela bere garaian, elikagaien artean botata.

Gurean ere izan da antzeko kasurik. Nabarmenena, Xabier Kalparsoro gazte zumaiarraren heriotzarekin lotutakoa da. Duela hogei urtekoa da kontua, 1993koa. Honela deskribatzen du gertatutakoa euskarazko wikipediak, Xabier Kalparsorori buruzko artikuluan:

“Kalparsorok bere eskuz idatzi eta erakundearen zuzendaritzara igorritako eskutitzak helarazi zizkion ETAk Egin egunkariari urriaren 7an. Dokumentuan Anuk-ek abuztuan izan zuen atxiloketaren berri eman zuen. Haren arabera, aipatu atxiloketak iraun zuen bitartean bere onetik atera eta 23 egunez, gutxi gorabehera bere burua erabat galduta eduki zuten droga ezezagunak eman zizkioten. Ondoren egoera berezian askatu zuten eta bera jazartzen zutela ohartu zen, polizia ondo-ondotik jarraitzen baitzuen.

Idazkian Ertzaintza salatu zuen: “zipaioek atxilotu eta drogatu, hipnotizatu, burua jan edo dena delakoa eta berriro ere kalean utzi ninduten. Erabili egin naute eta oraindik ere horretan ari dira (…) ez dakit zein teknika erabili zituzten. Baina ziur nago drogaren bat edo zerbait eman edo egin zidatela. Zergatik? Ziur nago uneren batean galdekatu nindutela, baina ez naiz oroitzen”).

 

Gai honekin lotutako informazioa eta estekak:
· Escopolamina (gaztelerazko wikipedia).
· Escopolamina: el arma secreta de violadores y asaltantes (La Republica, 2008-04-11).
· Droga (euskarazko wikipedia).
· Detenido un falso chamán que abusaba de mujeres suministrándoles burundanga (20minutos.es, 2012-05-20).
· Casos impactantes del uso de la Burundanga (cuatro.com, 2013-02-08).
· ‘Cuarto Milenio’ alerta sobre el timo de la burundanga, la ‘droga zombie’ (cuatro.com, 2013-02-11).
· Nadie escapa de los efectos de la burundanga, una droga casi indetectable (Espejo público, Antena3, 2012-05-25).
· Beleño Blanco: la flor de la muerte (internatura.org).
· Burundanga: la droga que roba la voluntad y convierte a los hombres en títeres (pijamasurf.com).
· Project MKULTRA (ingelesezko wikipedia).
· Operación MKULTRA (gaztelerazko wikipedia).
· Anuken egia: bertsio ofiziala zalantzan jartzen duen dokumentala (Ane Miren Etxaniz, ZuZeu, 2011-02-22).
· Xabier Kalparsoro, Anuk (euskarazko wikipedia).





Hildakoen iturria

4 04 2013

Beste behin ere, Euskal Herrian gertatutako kontu misteriotsu bat ezagutarazi zuten Milenio3 irratsaioko lagunek pasa den martxoaren 17an. Zehazki, Trebiñu Konderrian hildakoak, iturri berezi bat, eta haurrek horrelakoetarako duten aparteko zentzua uztartzen dituen istorioa da Javier Sierra idazleak eta kazetariak kontatu zuena, sasoi batean Trebiñu Konderrian bertan eta gaur egun Madrilen bizi den emakume baten lekukotza zuzenarekin.

Klara izena du emakumeak, eta pasa den abenduan Trebiñu Konderrian aurkitutako hezurkin batzuek biribildu dute berak orain irratian kontatutako istorioa (hemen entzun eta jaitsi daiteke: Milenio3, 2013-03-17, 63. minututik aurrera). Duela 20 urte hasi zen istorioa, hain zuzen ere. Hitzez hitz honakoa da Klararen lekukotza, Ate Ilunerako euskaratuta:

“Nire ahizpa zaharrak immuno-eskasia eragiten duen gaixotasun arraro bat zuen, Wiskott-Aldrich Sindromea izenekoa, eta iraunkorki arriskuan zegoen. Azken batean, immuno-eskasiarekin lotutako gaitz larrienetakoa da. Txikia nintzenean, oso gogoan dut, bere ondoan egoteko eskuak garbitu behar izaten nituen etengabe, kalera oso gutxitan ateratzen zen, eta bere bizitza laburra ohean etzanda eman zuen batez ere. Horrela oroitzen dut Kandela, nire ahizpa”.

Bederatzi urte zituen garai hartan Klarak, ohean zegoen ahizpak ezusteko eskaera egin zionean. Eskaera, agindua, oharra, iragarpena. Auskalo zer zen hura.

“Herrian bazen iturri bat, eta haurrak han aritzen ginen jolasean, ohiko kontuetan: batak besteari busti, globoak bete eta bota, eta antzekoak. Egun batean, ahizparekin nengoela, agurtu eta kalera nindoala esan nion, lagunekin iturrira joateko geratu nintzelako. Normalean baino aurpegiera serioagoarekin begiratu ninduen orduan, eta ez zaitez iturrira joan esan zidan. Harrituta galdetu nion, zergatik ez ote nuen joan behar, eta erantzuna arraroa izan zen: Klarita, ez zaitez iturrira joan, hildakoak daude-eta han. Ea zer arraio esaten zuen galdetu nionean, berriro errepikatu zidan: ez zaitez iturrira joan, hildakoak daude“.

Iturri haren inguruan ez zegoenez ez hilobirik ez hilerririk ez ezer, Klarak ez zion kasurik egin ahizpa zaharrari, hura ohean zegoen bitartean ahizpa gaztea kalera atera zedin ekiditeko egoskorkeria besterik ez zelakoan kontu hura. Ohean zegoen ahizpa zaharrak, gaztearen konpainian geratzeko eta harekin jolasteko amarrutzat erabiltzen zuena.

Klarak ez zion kontu hari garrantzi gehiagorik eman. Ahizpa zaharra hiruzpalau urte geroago hil zen, baina bizitzak aurrera segitu zuen. Klarak alaba bat izan zuen, eta udan eta oporraldietan, hiriburutik herria itzuli ohi ziren, atseden egunak pasatzera. Ahizpa zaharra gogoan, Kandela izena eman zion alabari ere.

“Nire alabari asko gustatzen zitzaion herrira etortzea. Urteek aurrera egin ahala, gure antzera jolasten zuten haurrek: uda, beroa, iturria, betiko jolasak… Duela bizpahiru uda, ordea, egun batean nire iloba etorri zitzaidan bila, nire ahizparen alaba: Izeko, Kandelak bere bila joateko esaten du. Oso beldurtuta dago. Ea zer gertatu zen galdetu nion ilobari. Ea zerbait gertatu zitzaion alabari, ala norbaitekin borrokan aritu ote zen, edo auskalo. Ez, ez, baina bila joateko esaten du, etxera joan nahi duela erantzun zidan ilobak”.

Klararen harridura izu bihurtu zen alabaren bila joan zenean. Herriko plazako iturrian ari ziren jolasean haurrak, eta haiengandik apur bat aldenduta zegoen alaba, negarrez, izututa. Sei urte zituen alabak iturri hari buruz hildako ahizpak esandakoa jakitea ezinezkoa zen, Klarak inori ez ziolako sekula kontu hura aipatu, baina bertara heldu orduko ohartu zen zerbait arraroa gertatzen zitzaiola alabari.

“Ea zer gertatzen zitzaion galdetu orduko etxera eramateko erregutu zidan. Etxean, merienda eman eta isilik segitzen zuen, beldurtuta. Halako batean, herritik alde egiteko eskatu zidan: Ama, goazen Madrilera, nik ez dut gehiago etorri nahi herri honetara. Uda erdian geunden, oporretan, eta ea erotu zen esan nion. Ezin genuela Madrilera itzuli. Ea zer gertatzen zitzaion galdetu eta ez zidan ezer erantzuten. Oso arraro zegoen. Gauean, nire senarrak eraman zuen logelara, lokartzera, eta hark galdetuta, erantzun egin zion: Aita, mamu bat ikusi dut iturrian, eta beldurra daukat. Senarrak galdetu zion ea nola zekien mamua zen, eta alabaren erantzuna: zaurituta zegoelako, eta ez zituelako gu bezalako jantziak. Ezberdina zen, eta eta gainera nik bakarrik ikusten nuen“.

hildakoeniturria

Alabak ez zion bueltarik ematen izuari, eta azkenean gurasoek Madrilera itzultzea erabaki zuten. Horretan geratu zen kontua, eta Klarak ahizpa zaharrak urte batzuk lehenago iturriari buruz esandakoarekin lotu zuen gertaera, eta leku hura bere oroimenean betiko misterioan bilduta geratu zen.

Pasa den abenduan, 2012ko abenduan, Trebiñu Konderrian, lan batzuen harira iturria mugitu eta hezurrez betetako hobi bat aurkitu zuten arte. Karlistaldian izandako borroketan hildako soldaduen hezurrekin.
Duela hiruzpalau hilabeteko aurkikuntzaren berri oraintsu izan du Klarak, eta berehala lotu zuen ahizpak esandakoarekin eta urte batzuk geroago alabak ikusi omen zuenarekin. Ahizpa zaharrak eta alabak, bazuten, nolabait, iturriaren azpian gordeta zauden soldadu haien berri.

Haurrak, beste behin ere, beste inork ikusten ez dituzten kontuak ikusiz eta kontatuz.
Ate ilunaren beste aldean dagoena erakutsiz, izututa.

labatalladetrevino

Gai honi buruzko informazio osatuagoa eta kanpo loturak:
· Milenio3: 12 denboraldia, 28. irratsaioa (2013-03-17. ikerjimenez.com).
· La batalla de Treviño (Francisco Manuel Oller).
· Una guerra al descubierto (El Nuevo Día, 2011-07-07).
· Trebiñu (euskarazko wikipedia).
· Síndrome de Wiskott-Aldrich (gaztelerazko wikipedia).








Follow

Get every new post delivered to your Inbox.