Larunbatak aisialdirako denbora apur bat hartzeko aukera eman didanez, balkoiko baratzea apur bat mimatu dugu gaur alabak eta biok.
Espinakak erein genituen duela hiruzpalau aste, eta ederki ari dira hazten lehen hostoak. Itxura ederra dauka behintzat espinaken lorontziak.
Kalonjeak onddoren batek erasan ditu, gehiegi ureztatzearen ondorioz segur aski, eta ahulegiak daudenez belar usaindunen artetik atera, eta aparteko lorontzi batera mugitu ditugu, eta belar usaindunen artean kalonjeek utzitako lekua albahakarekin bete dugu.

[ezkerretik eskuinera, oraindik lorerik gabeko kamamila, gaur landatutako albahaka, eta hilabete batean egundoko indarra hartu duen oreganoa].

[itxura hau zuen gaur arratsaldean gure balkoi txikiak].

[ezkaia edo tomilloa loretan dago, usain ederrarekin].
Egun hauetako eguzkiak mesede egin die cherry tomateei, eta baita pixkanaka hazten ari diren letxugei ere…
Amaitzeko, atzo Gipuzkoako Hitzak zekarren Samara Velteren erreportajea nabarmendu nahiko nuke, gu bezalako kalekumeen baratzak ere hizpide baitzituen: Baserriaz harago badago baratzerik · Baratzea etxe alboan.









