Kuba, askatasunaren eskola

26 07 2012

Uztailak 26 ditu gaur. Egun handia da kubatarrentzat. 1953an, gaurko egunez, Fidel Castrok gidatuta, Moncada eta Carlos Manuel de Cespedes koartelen kontrako erasoak egin zituzten Batista diktadorearen aurkako iraultzaileek. Kubako Iraultzaren hasiera izan zen. Atxilotu eta epaitu egin zituzten iraultzaile haiek. Fidel Castro epaiketa hartan nabarmendu zen hizlari eta iraultzaile gisara, eta epaiketa hartakoa da betiko geratu den La historia me absolverá esaldia eta hitzaldia.

Uztailaren 26ko Mugimendua sortu zuten iraultzaileek, Moncadan hasitako bideari segida emateko, eta Fidel, Che, Camilo, Tania eta beste hainbat gerrillari buru zituzten fronteekin, borroka armatuaren bidez diktadura garaitzea lortu zuten. Kubako Iraultzak eta herriak boterea eskuratu zuten.

Duela hamahiru urte, 1999ko ekainean Txalaparta argitaletxean lanean hasi nintzenean, Tafallako bulegoan pilatuta aurkitu nituen lanen artean, Fidelen liburu bat zegoen: La fortaleza conquistada. Iraultza gailendu ondoren, militarren koartelak eskola bihurtzeko erabakia hartu zuten iraultzaileek, eta horietako lehenengoaren inaugurazioan ehunka haurren aurrean hitz egin zuen Fidel Castrok, 1959ko irailaren 14an, ikasturteari hasiera emateko ekitaldian. Haurrentzat eman zuen lehen hitzaldia izan zen.

Harribitxi hutsa da hitzaldia, eta Kuban haurrentzako liburu gisara ere argitaratu zuten 80ko hamarkadan. Liburu haren fotokopiak ziren Tafallako bulegoan aurkitu nituenak.

Euskaraz Fidel Castroren libururik ez zegoenez irakurgai, liburu hura itzultzea otu zitzaidan. Ez genuen lortu ez argitaratzailearekin ez marrazkilariarekin harremanetan jartzea, eta 1999an Kubara egin nuen lehen bidaian liburu haren orijinala aurkitzearekin egoskortu nintzen, euskarazko edizioa ahalik eta ederrena izan zedin. Habanako hamaika liburu denda zeharkatu nituen, baita plazetan eta kaleetan dauden liburu saltzaileen hainbat postu ere, azkenean, Habana Zaharreko plaza batean, ale bakan bat aurkitu nuen arte.

“Este discurso fue el primero que Fidel Castro dedico a los niños cubanos, y lo pronuncio con motivo del inicio del curso escolar el 14 de septiembre de 1959 en la antigua fortaleza de columbia, convertida a partir de ese momento en ciudad escolar libertad”.

Hurrengo hilabeteotan lortu genituen liburua euskaratzeko eskubideak, eta 2000. urtean ikusi zuen argia Fidel Castroren euskarazko lehen liburuak, Txalapartaren Axuri Beltza bilduman eta 8 urtetik aurrerako haurrentzat argitaratuta: Askatasunaren Eskola. Oraindik salgai ageri da Txalapartaren webgunean.

Hau irakur daiteke liburuaren kontrazalean:
“Kuban, Iraultza gailendu zenean, errebeldeek gotorleku militarrak eta kuartelak menperatu eta askatasunaren eskola bihurtu zituzten. Lehenengoa Fidelek inauguratu zuen, eta orduan eskaini zien hitzaldi oso bat haurrei lehen aldiz. Hitzaldi ezagun hura jasotzen du esku artean duzun liburuak. Bertan, besteak beste, iraultzaile onak izateko ikasi egin behar dela nabarmentzen du egileak, ikasten ez duenak, nahi izanda ere, ez baitaki gauzak ongi egiten”.

Handik hilabete batzuetara, sasoi hartan Hala Bedi irratiko esatariak ziren Mikel Ayllon eta Aitziber Perez de Karkamo adiskideen opari polita jaso nuen. Bizitzan jaso dudan berezienetakoa, dudarik gabe. Nik euskaratutako Askatasunaren Eskola hura hartu, eta musikarekin lagunduta, atalka, irratian eman zuten, irrati-nobela balitz bezala. Guztia amaitu zutenean, cd batean bidali zidaten, opari.

Gaur, uztailaren 26a denez, Fidel, Camilo, Che, Tania eta gainerako iraultzaile guztien omenez, Kubako Iraultzak erakutsi digun bidea gogoratuz, zuekin konpartitu nahi dut.

Duela hamabi urte, Hala Bedi irratiko bi lagunek, Mikelek eta Aitziberrek, Fidelen Askatasunaren Eskola liburua hartu eta irratirako prestatutako irakurketa musikatua, gaur, zuentzat eta Kubaren lagun guztientzat.

Hemen duzue osorik entzungai, bost ataletan.

ASKATASUNAREN ESKOLA
· Testua: Fidel Castro.
· Euskaratzailea: Gari Berasaluze.
· Ahotsa: Mikel Ayllon eta Aitziber Perez de Karkamo.
· Hala Bedi irratia, 2001.

· JAITSI (66,7 Mb)

About these ads

Actions

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s




Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

%d bloggers like this: