· Bizigune, Eusko Jaurlaritza eta kudeaketa ezin negargarriagoa

29 03 2011

Lagun batek, oso haserre, mezu hau bidali du gaur Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren baitakoa den Visesa-Bizigune elkarte publikora.
Duela sei urte ordainketa guztiak eguneratuta utzi zuen etxebizitza bateko faktura berriak gainetik kendu ezinik dabil, maizter berriek ordaintzen ez dituztenak berari kobratzen dizkiotelako.
Urteak daramatza Biziguneri konponbide eske, eta ezer ez konpontzeaz gain, egoera okerrera doa: Gipuzkoako Ogasunak eskatuta dirua enbargatu diote, ezin ditu ur zerbitzuak titularrez aldatu, eta abar.

Madrazok eta Ezker Batuak hain irribarretsu aurkeztutako ekimena amesgaizto bihurtzen ari da batzuentzat, kudeaketa negargarri baten ondorioz.

Hau da lagunak Bizigunera gaur bidali duen mezua:

Kaixo.

Haserre idazten dizuet beste behin ere.
Mezu hau bera bidali dizuet azken lauzpabost urteotan, urtean behin, eta azken bizpahiru urteotan ez dut erantzunik ere jaso.
Ez dakit hizkuntza kontuagatik den, ala zuen arduragabekeriagatik, ala errespetu faltagatik, edo auskalo zergatik. Kontua, ordea, korapilatzen eta larritzen ari denez, beste behin ere, hemen doazkizue azalpenak.

Eider Illarramendi Kerejeta naiz. Visesa-Biziguneko etxebizitza batean alokairuan bizitzeko aukera eman zenidaten duela sei urte, eta bi aldeek 2005eko urriaren 14an sinatu genuen kontratua.
Duela lau urte, etxebizitzari uko egin nion, eta kontratua eten genuen bi aldeek, 2007ko maiatzaren 29an sinatutako aginduan zehazten den moduan. Elisabeth Maza Erauskinek sinatu zuen Visesa-Biziguneren izenean.
Kontratuan zehaztutako hitzarmenen arabera, Zarauzko Indamendi 14, 2A etxebizitzari zegozkion gastu guztiak ordainduta utzi, errezibo guztiak eguneratu eta dena behar bezala eman genuen amaitutzat.

Ordudanik, etxebizitza hura Visesa-Bizigunek alokairuan eduki izan du, baina urtez urte niri iritsi zaizkit etxebizitza hartako fakturak.
Behin eta berriro idatzi dizuet arazoaren berri emanez, eta dagokion maizterrak ur zerbitzuan eta gainerakoetan izena eman behar duela esanez.
Hasieran zuen erantzukizuna onartu, barkamena eskatu eta dirua itzuli izan zenidaten.
Urteek aurrera egin ahala, ordea, arazoak bere horretan jarraitzen du, eta larritzen ari da. Ezer ez konpontzeaz gain, iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enbargo baten berri izan nuen, ordaindu gabeko faktura batzuk zirela-eta. Ogasunak nire kontu bateko dirua enbargatzeko agindua eman zion aurrezki kutxa bati.
Indamendi 14, 2Ako etxebizitzakoak ziren fakturak, noski.
Nik etxea utzi, eta zuekin kontratua eten ondorengoak guztiak.
Dirua enbargatu zidan aurrezki kutxak.
Urtero bezala, posta elektronikoz honen berri eman nizuen.
Ez zenidaten kasurik egin.
Eta batetik bestera ibili behar izan nuen, zuen bulegoetara joan, telefonoz deitu eta abar eta abar eta abar.
Honela nabil azken sei urteotan.
Bidean, bateko bulegoetan edo besteko telefonoetan, nire egoerarekin harrituta eta larrituta geratzen diren langile adeitsuak aurkitu ditut, eta ahal dutena egiten dutenak, baina gero, beti aurkitzen dira goragoko mailetan ezer egiten ez duten beste langile lotsagarriekin.
“Gaixo dago”, “deitu berriro hurrengo batean”, “joan Donostiako bulegora”, eta antzeko erantzunak aurkitzen ditut etengabe.
Lotsagarria da, benetan.

Orain, Gipuzkoako Urak enpresak, ez dit uzten nire izenean dagoen etxebizitza bateko ur zerbitzuak titularrez aldatzen, “ordaindu gabeko fakturak” omen ditudalako, Indamendi 14, 2A etxebizitzan.
Egundokoa da.
Indamendi 14, 2Ako etxebizitzan bizi direnek, Visesa-Bizigunek edo auskalo nork ditu ordaindu gabe, baina ez nik.
Nik duela sei urte utzi nuen etxebizitza hura!

Behin eta berriro eskatu dizuet hau konpontzeko.
Behin eta berriro daramat atzera eta aurrera kontu honekin.
Beste behin eskatzen dizuet: mesedez, egin dagokizuen lana, besterik ez, horretarako kobratzen duzue-eta diru publikotik.
Niri ez dagokit duela sei urte zuekin etendako kontratu bati dagokion etxebizitzako faktura berriak ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren baitako elkarte publikoa zarete, pu-bli-ko-a, eta horrek erantzukizuna areagotzen dizue.
Benetan: lotsagarriak bezain etsigarriak zarete.

Egin zerbait.
Nik, oraingoan, eskaera zuei bidaltzeaz gain, hau guztia publiko egiteko erabakia hartu dut.

Adeitasunik gabe, haserre,

Eider Illarramendi Kerejeta


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: