Iberiarrak, zuen zibilizazioa Erroma baino lehen

12 07 2011

Aurreko Udal Gobernuak eta aurreko udal ordezkariek oinordetzan utzitako kontuetako baten inaugurazio ekitaldia izan dugu gaur. La Caixaren Gizarte Ekintzak antolatutako Iberos, nuestra civilización antes de Roma erakusketa, hain zuzen ere.

Zarauzko Udalaren Kultura Sailaren izenean hitz egitea egokitu zaidanez aurkezpenean, hiru kontu nabarmendu ditut:
· Herritarren kontura aberastu eta gizendu ondoren kontzientzia zuritzeko eta aurpegia garbitzeko erabiltzen dute aurrezki kutxek eta bankuek gizarte ekintza, kultura eta ingurumena.
· Iberiarrena ez zen izan Erromaren aurretik gurean garatu zen zibilizazioa. Ez zen izan “gure” zibilizazioa.
· Hala ere, Zarautz kultur ekimenetarako plaza gisara hautatu izana eskertu nahi diegu La Caixaren arduradunei.

Honakoa da eguerdian izan dugun inaugurazio ekitaldian irakurri dudan testua, bere horretan:

Zarauzko malekoian gaudenez, itsasoaren magalean, itsasoa oinarrizko elementutzat duen liburu eder bat aipatu nahi dut: Alessanro Baricco italiarraren Oceano Mare liburua.

Bertan, behin eta berriro itsasoa margotu nahi duen pintorea da protagonistetako bat. Zarautzen ere bada antzeko pintore bat. Hemendik metro apur batzuetara bizi da, eta Bariccoren liburuko pintoreak bezala, honek ere, behin eta berriro itsasoa margotzeko ahalegina egin du. Ehunka aldiz.

Malekoitik Getaria aldera begira jarri, eta egunero paisaia bera margotzeari ekiten dion pintorea da Juan Luis Mendizabal, Mendi. Egunero paisaia bera izan arren, ordea, egunero koadroa diferentea da, lainoen, argiaren, eguraldiaren edota urtaroaren arabera. Artearentzat eta Zarauzko kulturarentzat egundoko ekarpena izan da Mendiren ahalegina, eta horregatik bada ere, arretaz jarraitzen dut egiten duen guztia, eta arretaz entzuten dut esaten duen guztia, asko baitaki arteari, bizitzari eta kulturaren kudeaketari buruz.

Gaur egun erretiratuta dagoen arren, Mendi, 40 urtean, Gipuzkoako aurrezki kutxa handienaren kultura arduraduna izan da. Berari entzun nion, behin, aurrezki kutxek eta bankuek, herritarren kontura gizendu eta aberastu ondoren, kontzientzia zuritzeko eta aurpegia garbitzeko erabiltzen dutela gizarte ekintza, kultura edo ingurumena, besteak beste. Ez du arrazoirik falta.

Aurrezki kutxei eta bankuei kontzientzia zuritzen eta aurpegia garbitzen Mendi bezalako artistak ditugun bitartean, ordea, kulturak badu esperantzarik. Askotan, erakunde publikoek baino bitarteko gehiago bideratzen baitute kultur ekimenetara.

Kultura eta jakintza atsegin ditugunok, beraz, gustura egoteko moduan gara hainbat aurrezki kutxaren kontzientziarekin. La Caixarekin, esaterako. La Caixaren Gizarte Ekintzaren baitan, kulturak leku nabarmena eta garrantzi handia du, eta ildo horretan kokatzen dira batean eta bestean dituen erakusketa ibiltariak, tartean, gaur Zarautzen inauguratzen dugun Iberiarrak erakusketa.

Zarauzko Udalaren Kultura Sailaren izenean, bada, eskertu besterik ezin dugu egin duela hilabete batzuk La Caixak elkarlanerako agertutako prestutasuna, eta Zarautz honelako ekimenen plaza izateko erakutsitako gogoa. Zarauztarrentzat zein bisitarientzat, eskaintza interesgarria eta erakargarria da erakusketa hau: Iberiarrak, zuen kultura Erromaren aurretik.

Desde el Departamento de Cultura del Ayuntamiento de Zarautz, no nos queda más que agradecer la invitación y la disponibilidad de la Obra Social La Caixa para trabajar en proyectos comunes. Esperamos que Iberos, la exposición sobre vuestra civilización antes de Roma, sea sólo un nuevo paso para que la Caixa considere a Zarautz, esta ventana abierta al mundo y con vistas al mar, como un marco incomparable para nuevos eventos y exposiciones. Por nuestra parte, será todo un placer.

Mila esker.

POST SCRIPTUM:

Inaugurazio ekitaldiaren atarian eta, batez ere, inaugurazio ondorengo bazkarian, Lluis Reverter ezagutzeko aukera izan dut. La Caixa Fundazioaren idazkari nagusia da gaur egun, baina Espainiako estatuaren aparatuetan erantzukizun handia izan du lehenago hainbat urtez.
PSCko zinegotzia izan zen Bartzelonako Udalean, frankismoaren ondorengo lehen hauteskundeetan. 1982tik 1991ra, berriz, Narcis Serrarekin batera Espainiako Defentsa Ministeriora sartu zenetik, bertako zuzendari nagusia izan zen. Barrutik ezagutu zituen Felipe Gonzalezen gobernuak, batez ere GALen garai odoltsuenetan, Defentsa Ministerioaren zuzendari gisara.
1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoen antolaketaren ardura nagusia izan zuen, eta erronka hura ederki gainditu ondoren, hurrengo urtean La Caixa Fundazioaren idazkari nagusi izendatu zuten.
Jesus Polancoren lagun mina izan zen eta, gaur egun, Espainiako Koroaren Ondarearen aholkularia da, beste hainbat karguren artean.
Bazkalorduan mahaian elkarren ondoan geundenez, hainbat kontu izan ditugu hizpide. Besteak beste, 1990ean Marta Sanchez berak konbentzitu zuela Numancia gerraontzira militar espainiarrei Soldados del amor abestera joan zedin, 23F-ko estatu kolpearen hainbat xehetasun, Espainiako errege-erreginen kontuak, edota bizitzan arrasto handiena utzi dioten bi gertakariak, bertatik bertara bizi izan zituelako: Juan Paredes Manotas Txiki zenaren afusilatzea, eta ETAk Zaragozako koartelean 11 lagun hil ondorengo hileta ekitaldia.

Lluis Reverter berak ordaindu du bazkaria.

HEMEROTEKA:
· Iberiarren gotorlekua iparraldeko kostan (Urola Kostako Hitza, 2011-07-13)
· Un viaje a la cultura guerrera (Noticias de Gipuzkoa, 2011-07-13).
· La vida y costumbres de los íberos, una exposición que descubre el pasado (El Diario Vasco, 2011-07-13)


Ekintzak

Information

One response

13 07 2011
zozomikote

Ez dakik ze gustura irakurtzen diren holako kontuak, xehetasun eta guzti…. segi holaxe!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: