Jarduera armatu guztiak eta inpunitatea ez dira amaitu, noski

5 11 2011

Atzo gauean nekatuegia heldu nintzen etxera, Madrilerako bidaiak eman zuenaren inguruko ezer idazteko. Gaur, ordea, badakit ezingo dudala eguna lasai amaitu, atzo sentitutakoa hitzetara ekarrita utzi arte.

BIDAIA

Goizeko 04:30ean atera ginen Zarauztik, eta gaueko 21:48an heldu ginen abialekura, autobusean ehunka eta ehunka kilometro egin ondoren. Gurekin Jai batzordeko hiru zarauztar inputatu zituen asteazkenean epaileak, eta ostiralean Audientzia Nazionalera joateko deitu, deklaratzera. Atzo goizean idatzi nituen horri buruzkoak, autobusetik bertatik. Hemen irakur daiteke testua: Zarautz, berriro ere jazarpen politikoaren laboratorioa.

Herriko hainbat elkarteren ordezkaritzak egin zuen bidaia autobusean. Bertan ziren, besteak beste, AEK, Putzuzulo Gaztetxea, Bilgune Feminista, Arraio Irratia, Egin Dezagun Bidea edo Sorginak emakume asanbladako kideak. Jazarpenaren larritasuna ikusita, Udal Gobernuak ere ordezkaritza bidaltzea erabaki zuen, eta Zarauzko Udaleko bi zinegotzi ere bidaide izan ziren. Era berean, baita Eusko Alkartasuneko, ezker abertzaleko, eta Bildu zein Amaiur koalizioetako kideak ere.

AUDIENTZIA NAZIONALEAN

Audientzia Nazionalean euskal herritarren overbookinga zegoen atzo. Atarian, dozenaka lagun bildu ziren. Gehienak, epaitzen ari diren Barañaingo bederatzi gazteen senideak eta lagunak, baina baita atzo hasi ziren edo jarraitu zuten beste bi epaiketetara hurbildutakoak edota Zarauzko gazteei babesa ematera joandakoak ere. 

Kazetari gisara, hedabideetan azken egunotan oihartzuna izaten ari den epaiketa batera sartzeko aukera izan nuen, egoera gogorra izango zela jakin arren. Akusatuen aulkian zeuden Xabier Garcia Gaztelu, Oskar Zelarain, Juan Karlos Besance eta Andoni Otegi, Leitzako UPNko zinegotzi Jose Javier Mujika hil zuen atentatuaren egileak izatea leporatuta. Haiengandik oso hurbil, atentatuak umezurtz eta alargun utzitako Mujikaren senideak, Miguel Sanz presidente ohiak babestuta. Atentatuaren inguruko zehaztasunekin, Reyes Zubeldia alargunari behin baino gehiagotan ihes egin zioten malkoek, eta ezin izan zion negarrari eutsi. Gatazkaren gordintasuna ezin argiago ikusi nuen malko haietan islatuta.

Hunkituta atera nintzen kanpora. Atarian, akusatuen aulkian eseri arren aske dauden Barañaingo gazteetako batzuk zeuden. Negar betean ari zen bat. Atxilotu, inkomunikatu eta torturatu zituztenean pairatutako infernua gogoratu zuten atzoko saioan. Torturatzaileak izan zituzten aurrez aurre, haien ahotsa entzun zuten, gazteak torturatu izana ukatuz. Tortura salaketak faltsuak direla esan zuten guardia zibilek atzo ere, eta gazteek badakite, horrekin, nahikoa dela. Ez dituztela beraien torturatzaileak epaituko eta zigortuko. Inpunitatez ariko direla hurrengoan ere. Gazteak alboan negarrez nituela, berriro ere, gatazkaren gordintasuna ezin argiago ikusi nuen malko haietan islatuta.

Bitartean, goiko solairuan Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratzen ari ziren hiru zarauztarrak. 40 minutu inguruko galdetegia erantzun behar izan zuen bakoitzak, inputatu gisara, sakabanaketaren aurkako pankarta bategatik. Epaileak baino gehiago, Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarraren abokatuak egin zizkien galdera gehienak.

ITZULERAN, GUARDIA ZIBILAREN JAZARPENA ETA BAHIKETA

Hiru inputatuak Audientzia Nazionaletik atera orduko, denak autobusera sartu eta Madrildik apur bat aldentzea erabaki genuen, lasaiago bazkaldu ahal izateko. Ordu erdi egin genuen bidean, eta Guadalix inguruko restop baten inguruan bazkaltzen ari ginela, Guardia Zibila iritsi zen.  Trafikoko  auto batekin, sei patrolekin eta sekreten beste auto batekin inguratu gintuzten, autobusera igotzera behartu, eta guztiei nortasun agiriak eskatu.

Hiru guardia zibil igo ziren autobusera, eta ez ziren handik jaitsi hurrengo 85 minutuetan. Trafikokoak ziren. Armatuta zeuden, baina ohiko armekin, ez hemen inguruko kontroletan hain harro erakusten dituzten arma handi eta astunekin. Aginduak, berriz, kalez jantzitakoek ematen zituzten. Ederki zekiten nondik gentozen. Hura ez zen ohiko kontrola, noski. Ez ziren kasualitatez agertu han. Autobusetik hirunaka atera gintuzten, txandaka. Autoak garbitzeko tunel de lavado horietako batera sartu, eta han goitik behera miatu eta katxeatu gintuzten, galderak egiten zituzten bitartean. Ea Zarauzko zein auzoetakoak garen, ea elkarteren bateko kideak garen, ea autobusa nork antolatu eta ordaindu duen, eta antzekoak. Amaitzean, beste hiru.

Batzuentzat horretan geratu zen jazarpena. Beste batzuentzat sakonagoa izan zen: argazki kamarak hustu, txartelak miatu, argazki guztiak ikusi, USBetako artxiboak begiratu, eta abar. Tentsio uneak ere izan ziren, batez ere bidaideren bat gasolindegi barrura eraman zutenean, zertara zeramaten esan gabe, eta gainerakoek hura ikusteko aukerarik gabe. 85 minutu igarota, aurrera segitzen utzi ziguten. 85 minutu, inongo epaileren baimenik gabe inpunitatez aritzen diren militar armatuen eskuetan. Inongo epaileen agindurik gabe argazki kamaretako txartelak ikusteko eta kopiatzeko eragozpenik ez duten polizien aurrean. Inongo epaileeen agindurik gabe, USBetako artxiboak lasai kopiatu ditzaketenen aurrean.

Handik atera orduko jakin genuen ez ginela bakarrak izan, eta nafarren autobusa are gogorrago jazarri eta bahitu zutela, kaputxatutako poliziekin, autobidean bertan atzeman eta geldiarazita. Inongo epaileen agindurik gabe, noski. Argi utzi ziguten, jarduera armatu guztiak eta inpunitatea ez direla amaitu.

Gaueko 21:48an iritsi ginen Zarautzera. Ez ginen ohartu, baina ordurako, sakabanaketaren errepideetan senideak eta lagunak bisitatzera abiatu ziren ehunka eta ehunka euskal herritarrekin gurutzatu ginen bidean, segur aski.

Gai honen inguruko albisteak hedabideetan:
· Tres vecinos de Zarautz declaran en la AN por la exhibición de fotos de presos (Gara, 2011-11-05).
· Guardias civiles encapuchados retienen durante una hora a los familiares y amigos de las personas juzgadas en la Audiencia Nacional (Ateak Ireki, 2011-11-04).
· Guardia Zibilak gelditu du Gurekin Jaiko kideei babesa agertzeko Madrilera joan den autobusa (Urola Kostako Hitza, 2011-11-04). 
· La Guardia Civil dice que las denuncias “por torturas” de los nueve presuntos miembros de Segi son “falsas” (Diario de Noticias, 2011-11-03).
· Linchamiento o reconciliación, en la Audiencia Nacional (Gara, 2011-11-05).
· Elkartasuna berriz ere oztopatua. Utzi pakian! (Gurekin Jai, 2011-11-02).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: