Gure maitasuna ez dago preso

16 12 2011

Kartzela batera sartu nintzen lehen aldian soilik zeharkatu ditut harresiak senide gisara. Mexikok Espainiaren esku utzi zuen Iñigo, eta Langraitzen egin genizkion lehen bisitak, duela dozena bat urte inguru. Orduan ezagutu nituen 40 minutuko bisitak, mintzalekuak, harresiak, ateak, ateak eta ateak.

Gerora izan ditudan bisita guztietan sakabanaketaren turista izan naiz. Kristal lodiaren beste aldean aurkitu dudana edo bis a bis batean besarkatu ahal izan dudana ez da senidea izan, laguna baizik. Horrek, bidaia urtean behin egitea dakar, edo urtean bi aldiz, hiru aldiz, lau aldiz… adiskide eta gatibu bakoitzarekiko harremanaren arabera. Ez da inondik ere senideen eta etxekoen hamabostean edo hilean behingo errepide, kilometro eta bidaia errosarioa. Ez naiz euskal presoen senideen denbora eta ekonomia odolustu duen sakabanaketaren biktima zuzena izan. Ez dut istripu larririk izan. Ez naiz errepidean hil.

Baina Frantzia eta Espainia kartzelen arabera zeharkatzen eta ezagutzen joan naizen herrialdeak izan dira azken hamabi urteotan. Saint Maurren (843 km) besarkatu nuen hainbat aldiz Xabi. Mansilla de las Mulasen (350 km) Fernando. Soto del Realen (399 km) Mikel. Dueñasen (287 km) eta Zueran (298 km) Arantza. Jokin ere Dueñasen (287 km) eta Zueran (298 km) ikusi izan dut hainbat aldiz, azken urteotan Herrera de la Manchan (674 km) bisitatu baino lehen. Herrialde Katalanek kostalde eguzkitsua eta herri ederrak ez ezik kartzelak ere badituztela erakutsi dit Patxik uda honetan Alacanten (766 km).

Bidean, sakabanaketaren errepideak eta kilometroak ez ezik, senideen samurtasuna ezagutu dut. Ahaztu ezineko irudiak, elkartasuna, sentimenduak eta momentuak. Asteburuak autobusean igarotzen dituzten haurrak, bikoteak, lagunak. Ziegak, harresiak, kristal lodiak, funtzionarioak, metalak irakurtzen dituzten uztaiak, guardia zibilak, aparkalekuak, karnetak eta kartzelaren semantika guztia ezaguna zaien euskal herritarrak.

PSOEk eta PNVk sakabanaketa diseinatu eta abiarazi zutenetik mendeku politikak ahalegin guztiak egin dituen arren, gure maitasuna ez baitago preso. Maite zaituztegula esaten eta erakusten segitzen dugu.

Gaur, kolosala izango den urtarrilaren 7ko ekimenaren atarian, euskal presoen eskubideak eta sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko, Bilduko hainbat zinegotzi hogeita lau orduko baraualdia ari gara egiten, baita Zarautzen ere.

Bihar, Gorka eta biok Alacantera abiatuko gara. Ostiralean 09:00etan edo igandean 17:00etan daukagu Patxi bisitatzeko aukera. Asteburua errepidean eman edo lan egunak galdu, ez dugu besterik. Oraingoan, asteburua errepidean ematea erabaki dugu. 1.532 kilometro izango dira. Bidean egingo dugu lo. Igande arratsaldean 40 minutuko bisita kronometratua egin, eta gauean helduko gara Zarautzera. Astelehenean betiko moduan helduko diogu bakoitzak geure lanei eta egitekoei. Hurrengo bisita arte. Zorionez, batzuk, sakabanaketaren turistak besterik ez baikara.

Euskal presoen senideen aurkakoa da benetako mendekua eta odoluste ekonomikoa. Aski da.


Ekintzak

Information

2 responses

16 12 2011
iban

Ona Gari. Etxean nahi ditugu!!!!!

18 12 2011
GURE MAITASUNA EZ DAGO PRESO | Zarautz Bidean | Egin Dezagun Bidea – Zarautz

[…] “Kalaportu,itsazontzi gorri bat…”blogetik ateratako testingantza hunkigarria: gure maitasuna ez dago preso […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: