Sorlekutik: Zarauzko sortzaileen erakusleihoa

22 12 2011

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak abiarazi duen ekimen berri bat aurkeztu dugu gaur hedabideen aurrean: Sorlekutik. Zarauzko sortzaileen eta irakurle, entzule eta ikusleen artean zubia izan nahi duen plaza da ekimen berria.

Horren baitan hilero liburuen, diskoen, filmen edo erakusketen inguruko aurkezpenak eta solasaldiak antolatuko dituen arren Kultura Sailak, lehen jarduera, Sorlekutik Plazara izeneko azoka eta erakusleihoa izango da. Abenduaren 27tik 30era Zarauzko sortzaileen lanak ikusteko, ezagutzeko eta erosteko aukera izango da Merkatu Plazako lehen solairuan, Artezaleak elkartearen laguntzari esker.

Honakoa da gaur hedabideei helarazi diegun informazioa: SORLEKUTIK.PDF

· ATARIKOA:

Sormenari dagokionez, Zarautz herri oparoa da. Musikan, literaturan, artean eta beste hainbat esparrutan behin eta berriro aurkezten dituzte zarauztarrek lan berriak, eta hedabideek horien berri ematen dute. Askotan, ordea, hedabideentzat hiriburuetan edo sorlekutik kanpo beste lekuren batean egindako aurkezpenaz gain, herriko idazle, musikari, zinemagile, argazkilari, artista eta sortzaileek ez dute beraien lanaz herritarren aurrean hitz egiteko aukerarik izaten.

Honi aurre egiteko ekimena da Sorlekutik: sortzaileei herritarren aurrean sormenaz hitz egiteko eta azken lana aurkezteko plaza, besterik ez. Nahikoa da sortzailea, solasaldian edo aurkezpenean gidari izango duen aurkezle edo bidaidearekin batera agertzearekin. Ez da bitarteko handirik behar eta, aldiz, sortzaileari argitaratu berri duen lana herritarren aurrean aurkezteko modua bermatuko lioke Kultura Sailak.

· FORMATUA:

Formatu txikiko ekitaldiak izango dira Sorlekutik ekimenari dagozkionak. Sortzailea, solasaldiaren gidari edo bidaide batekin, bere liburuaz, diskoaz, filmaz, erakusketaz edo obraz hitz egiten, aurkezlearen eta herritarren galderen harian.

Nolabait, lagunen, ingurukoen, zaleen eta herritarren aurrean sormen lana aurkezteko aukera ematea da asmoa, zarauztarrek hainbat arlotan kulturari egiten dioten ekarpena aitortu, bultzatu eta erakutsi nahian.

· LEKUA:

Aurkezten den lanaren arabera, herriko gune bat edo beste baliatzea da Kultura Sailaren asmoa. Hasiera batean, Sanz Enea kultur etxeko sotoa izango da ekimen honetarako aurreikusi dugun leku ohikoena.

Hala ere, sortzailearen eta aurkezten den lanaren arabera, lekua aldakorra izan daiteke, inolako eragozpenik gabe. Izan ere, herriko zenbait leku sortzaileen plaza bihurtu dira azken urteotan: liburu dendak, tabernak, museoak, gaztetxea, erakusketa aretoak, arte galeriak… Horiekin guztiekin elkarlanean ariko da Sorlekutik, inori itzal egiteko asmorik gabe, batean eta bestean egiten dena zabaldu eta ezagutarazi nahian.

· LEHEN EKITALDIAK:

Urte berriarekin batera hilean behingo edo hamabostean behingo aurkezpen eta solasaldiekin hasiko da Sorlekutik. Urtarrilean, bi aurkezpen eta solasaldi izango dira. Batetik, Mikel Kazalis musikaria Matxura taldearen inguruan ariko da. Suizidio herrikoia bideoklipa aurkeztu eta talde berriaren ingurukoak erantzungo ditu.

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlearen Bizien gaubeilan liburuari buruzko aurkezpena eta solasaldia izango da bigarrena. Istorioak, mitoak eta bestelako narrazioak bildu ditu zarauztarrak azken liburuan, ahozkotasuna eta jolasa konbinatuz. Horiei buruz idazlearekin aurrez aurre aritzeko aukera izango da orain.

· LEHEN EKIMENA: SORLEKUTIK PLAZARA

Sorlekutik ekimenaren baitan, lehen aldiz, Sorlekutik Plazara antolatuko da eguberri hauetan Zarautzen, Merkatu Plazako lehen solairuan.

Zarauzko sortzaileen erakusleihoa bihurtu nahi duen plaza, azoka eta erakusketa da. Artisauak, pintoreak, eskultoreak, irudigileak, argazkilariak eta sormenaren inguruan lanean ari diren zarauztarren bilgunea bihurtu nahi du.

Abenduaren 27tik 30era izango da zabalik, 17:00etatik 21:00etara.

Honakoak dira bertan parte hartuko duten sortzaileak:

· Helena Aierbe: akuarela.
· Iñaki Aldabaldetreku: itsasontziak.
· Jon Aranguren: ilustrazioak, irudigintza.
· Mar Arregi: publizismoa, collageak.
· Aitziber Esnaola: bitxigintza.
· Ane Franko eta Olaia Landa: bitxigintza.
· Youssef Harribou: pintura eta Marokoko artea.
· Natxo Kareaga: fosilak.
· Maite Isasti: buztina eta toldoak.
· Kepa Izeta: pintura
· Jose Luis Lasa: eskultura eta zura.
· Juan Andres Leria Gomez: eskailerak, aroztegia…
· Txefo Mendez: landutako egurra.
· Juan Antonio Mendizabal: eskultura.
· Jurgi Olaizola: eskultura, grabatuak…
· Olatz eta Mirari: beira dekoratua.
· Concceta Probanza: diseinua eta ilustrazioa.
· Manu Urbieta: egurra, pintura eta eskultura.
· Cristina Zacchi: esmalteak.
· Izaskun Zarate: zaharberritze artistikoa.
· Uxoa Zulaika: tulipa margotuak.

+ Artezaleak elkarteko kideak eta ikasleak: keramika, zaharberritzea, pintura, akuarela…

[ Sorlekutik ekimenaren logotipoaren zein kartelaren egilea Oihana Leunda da ]

# Gai honekin lotutako albisteak:
· ‘Sorlekutik, herriko artisten plaza’ (zarautz.hitza.info, 2012-12-22).
· Sortzaileek herritarrei euren lanez hitz egiteko espazio berria jaio da Zarautzen (Noticias de Gipuzkoa, 2012-12-23).
· ‘Sorlekutik’ pretende acercar a nuestros artistas a los zarauztarras (El Diario Vasco, 2011-12-27).
· Zarauzko sortzaileen erakusleihoa (El Diario Vasco, 2011-12-27).
· Hemengo produktuak dastagai (Berria, 2011-12-27).


Ekintzak

Information

One response

10 01 2012
Sorlekutik I, Mikel Kazalis Matxura taldearen lehen diskoaz solasean « kalaportu, itsasontzi gorri bat…

[…] emango diegu hasiera abenduaren 22an aurkeztu genuen Sorlekutik ekimenaren […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: