Zinemapean, hamabostean behin Sanz Eneako sotoan

24 01 2012

Zinemapean aurkeztu dugu gaur. Zarauzko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailek abian jarri dugun ekimena da Zinemapean, Argia emanaldiak eta Filmazpit egitasmoekin elkarlanean.

Hamabostean behin, igandetan, euskarazko dokumentalak eta filmak emango ditugu Sanz Enea kultur etxeko sotoan. Euskaraz sortutako dokumentalak eta filmak edo euskarazko azpidatziak dituztenak izango dira guztiak. Sarrera doan izango da.

Euskal Herriko kultur etxe, areto, elkarte, erakunde eta gainerakoentzat udazkenean abiarazi ziren bi ekimenekin Zarauzko Udalak abiarazitako elkarlanaren ondorioa da Zinemapean. Izan ere, Argia emanaldiak eta Filmazpit egitasmoak dira ekimen berri honen ardatza.

ARGIA DOKUMENTALAK

ARGIA emanaldiak ekimena abiarazi zuen Argiak azaroan. Horren baitan, hilero dokumental bat eskaintzen dute euskaraz edo euskarazko azpitituluekin, dokumentala eman nahi duten elkarte, kultur etxe, taberna, gaztetxe edo interesa duten guztientzat, erabat doan. “Helburua Euskal Herri osoan kalitatezko lanak zabaltzea eta euskarazko ekimenen inguruko bilguneak bultzatzea da. Proiektua irekia da eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da” nabarmendu zuten ekimenaren aurkezpenean.

Hilabete bakoitzean emango diren dokumentalak Argiak zehazten ditu, eta dokumental hori bera ematen da ekimenean parte hartzen duten herri guztietan. Hilabete bakoitzean, beraz, elkarte, kultur etxe, zine-klub, taberna edo gaztetxe guztiek lan bera emitituko dute, “horrela lan bakoitzari ahalik eta zabalpenik handiena eta bateratuena eman asmoz”.

Zarauzko kasuan, Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailek heldu diote amuari, eta hilero emango da dokumental horietako bat, Sanz Eneako sotoan.

· informazio osatuagoa: argia.com/albistea/argia-emanaldiak-antolatzen-lagundu-nahi-diguzu

FILMAZPIT

Filmazpit Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako ekimena da, pasa den abenduan aurkeztu zena. Zinema zabaltzea du helburu, eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin batera, Donostia Kulturak kudeatzen du.

Ekimen honen baitan, filmazpit.eu webguneak garrantzi handia du. Filmazpit ekimenaren barruan dauden filmen katalogoa eta doako erabilerarako sortuko diren euskarazko azpidatzi guztiak daude bertan, kultur teknikari, erakunde edo norbanakoei artxiboak deskargatzeko aukera eskainiz eta, horrenbestez, irabazi asmorik gabeko proiekzioak antolatu ahal izango dira. Filmazpit ekimeneko informazio osoa aurkitzeaz gain, azken urteotako zinemaldietan euskarazko azpitituluekin emandako filmen azpitituluak ere lortu daitezke webgunean.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren hitzetan, “lehentasunezko ildoa da euskarazko kultura kontsumoa indartzea, euskal kultura industria, ekoizle eta sortzaileekiko ikuspegi askatzaile batetik”. Ildo horretan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zabaltegi Perlas saileko eta Atzera Begirako saileko hainbat film euskaraz azpidatzi ziren, eta horren atzetik beste hainbat proiektu sortzen joan dira. Oraintsu, berriz, Filmazpit abiarazi dute, “etorkizunean ere jarraipena izateko bokazioz jaio den programa”. “Euskara sustatzeko konpromisoaren baitan, zinemaren inguruan izan daitezkeen proiektu berriek ere gure laguntza eta babesa jasoko dute”, nabarmendu zuen Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ekimenaren aurkezpenean. Ildo horretan kokatzen da Zarauzko Udalaren eta Filmazpiten arteko elkarlana.

· informazio osatuagoa, hemen: filmazpit.eu · Zer da Filmazpit?

LEHEN EMANALDIA: OROITARRIA

Pertsona edo gertaera gogoangarri baten oroigarri egiten den arkitektura edo eskultura lana. Germanen oroitarria, poliziak 1978ko Sanferminetan German hil zuten lekuan da. Botereak ahaztarazi nahi dizkigun pertsona, gertakariak eta zenbait erabaki politiko ekartzen ditu gogora. Gertakaera itzel horiek izan zirenetik 30 urte baino gehiago pasa badira ere, oroitarri honek oraindik egun gobernatzen dutenak gogaitzen ditu.

· Zuzendaria: Rubén Marcilla
· Banatzailea: Eguzki bideoak
· [2008] – 46 min
· Bitartekaritza: Argia emanaldiak.

Igande honetan, urtarrilaren 29an, 18:30ean, Sanz Enea kultur etxeko sotoan.


LEHEN SEI HILABETEOTAKO EGUTEGIA

URTARRILA:
· 29: Oroitarria. Argia Dokumentalak.

OTSAILA:
· 12: Lucio: Argia Dokumentalak.
· 26: Pink Saris. Filmazpit.

MARTXOA:
· 11: Sahara Maraton. Argia Dokumentalak.
· 25: My Neighbor My Killer. Filmazpit.

APIRILA:
· 15: Haizea eta sustraiak. Argia Dokumentalak.
· 29: Paris by Night of the Living Dead. Filmazpit.

MAIATZA:
· 13: Sagarren denbora. Argia Dokumentalak.
· 27: Armadillo. Filmazpit.

EKAINA:
· 10: Anuken egia. Argia Dokumentalak.
· 17: Stake Land. Filmazpit.

Saio guztien ordutegia eta lekua:

· Ordua: 18:30
· Lekua: Sanz Enea kultur etxeko sotoan

Dokumental eta film guztiei buruzko informazioa, sinopsiak eta datu teknikoak:

· argia.com/multimedia/dokumentalak
· http://www.filmazpit.eu/

Gaurko agerraldirako prestatutako prentsa txostena (PDFan):
· Zinemapean-prentsa.

KONTU HONI BURUZKOAK HEDABIDEETAN:
· Zinemapean, euskarazko film eta dokumentalen zikloa (Urola Kostako Hitza, 2012-01-24).
· Filmak eta dokumentalak euskaraz, hamabostean behin, Sanz Enean (El Diario Vasco, 2012-01-25).
· Zinemapean: hamabostean behin doako dokumental eta filmak (gipuzkoangazte.info, 2012-01-25).
· Euskarazko ikus-entzunezkoak doan eskainiko dituzte hamabostean behin (Urola Kostako Hitza, 2012-01-25).
· Hamabostean behin zinea euskaraz ikusteko aukera izango da Zarautzen (Noticias de Gipuzkoa, 2012-01-25).
· Zinemapean, euskarazko film eta dokumentalen zikloa (aldabataria.net, 2012-01-25).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: