Zarautz eta Lizardiren ametsa

10 05 2012

Bake garaiak lortu ez duena erdietsi du gerrak. Zortzi urte eta guda egoerak gizarte zibilari ezarritako baldintza gorriak izan dira beharrezko Lizardiren ametsa, alegia, euskal egunkari bat kaleratzeko guraria gauzatuta ikusteko. Pozik izanen zen Xabier Lizardi bizi izan balitz: Lauaxetak bete du lagunaren nahia.

1929ko martxo-apirilean Euzkadi-n argitaratutako artikulu sorta batean azaldu zuen Lizardik bere proiektuaren nondik norakoa. Ideia ez da berea, Zarauzko garaitik lagun min zuen Txomin Arruti, Mendi-Lauta-rena baizik. Atalez atal, erredakzioak non, kazetariak nolako, dirua zertan… egitasmo ezin zehatzagoa zen Lizardik gogotik paperera ekarri zuena. “Bai” deituko zen, eta hamar-hamabi mila ale sal zitezkeela zioen. Hiru mila harpidedun baino ez ziren behar, «iru milla lagun zintzo euskotasunaren gaizkakunderako».

[ Iñigo Aranbarri, Gure mendea. Kronikak. argia.com ]

Baratza azi bearra izena zuen artikulu sorta hartako lehenengoak, eta euskal idazleen baratzea hazteko eta zabaltzeko beharra nabarmendu zuen Lizardik, euskara hutsean argitaratutako “euskal egunkariaren ametsa” zehaztuz. Forma ere eman zion ametsari:

“Jainkozale garbia, euskeltzale yaukala; ederra, argia, erreza; ondo ordaindutako gizonek egiña; berreiez, lan benez ta arin-alaiez –parrirudiak aztu gabe– naroki ornitua; eta erri bakoitzean izparkari on bat du, zerbaitez sariztatua, bertako gaztun arazo guztiak, baita berriak ere, garaiz ta ongi bialiko dituanak; lankidien artean, maiz agertzen dira erbesteko euskal jakintsuen izenak, bein Alemanitik, urrena Errusitik, Txekoslobakiatik, non-naitik. Labur esateko: erderazko zenbait bezin eder-osoa…”.

Lizardiren ametsak ez zuen aurrera egin, zortzi urte geroago Lauaxetak lagunaren nahia bete zuen arte. Bidean oztopoak aurkitu zituen. Bideragarritasunik ez zuten ikusten batetik, eta laguntza handirik ez zuen izan bestetik. Baina gerra heltzean, euskal kontzientzia pizteko beharrak eta gudariei adorea emateko ahaleginak ekarri zuen euskarazko egunkaria, Eguna.

Ordudanik, hainbat gorabehera, ahalegin, kazetari, izen eta egitasmoren aterkipean bidea eginez, euskarazko prentsak aurrera egin du, egoerarik zailenetan, gaur haize eta euri erauntsiei eta bihar lehorte gorrienari ere eusten dakien baratzeak bezala.

Baratzea lantzeko lanabesak, konpromiso iraunkorra eta, batez ere, laborari zailduak behar dira horretarako, inurrien antzera lana, lana eta lana egingo dutenak.

Horrelakoak ezagutu nituen 90eko hamarkadaren lehen urteetan, Euskaldunon Egunkaria oraindik Lasarteko lehen erredakzio hartan zegoenean.

Ordurako, Egunkaria Sortzen taldeak herriz herri egindako lanak eman zuen uzta. Zarautzek egundoko ekarpena egin zuen sasoi hartan, eta Zarauzkoa bezalako beste dozenaka eta ehunka talderen ahaleginari esker, 1990eko abenduaren 6an sortu zen Euskaldunon Egunkaria.

Sei urte geroago bertan lanean hasi nintzenean, Andoaingo erredakzio berrian zegoen kazeta ordurako. Zarauztarrez inguratuta, nolabait. Iñaki, Beatriz, Txiliku, Imanol, Bult, Amagoia, Txumai, Karlos, eta abar.

Azken bizpahiru hauekin egiten nuen bidea Zarauztik Andoainera, Andoaindik Zarautzera, Txumairen autoan. Memoria ariketak egiten hasita, urte haietan, Zarauzko Udaleko zinegotzi izateagatik Txumairi autoa erre ziotela ere akordatzen naiz.

Euskaldunon Egunkariak ere egoerarik zailenetan egin zuen aurrera, haize eta euri erauntsien zein lehorteen erdian. Kriminalizazioa heldu zen arte. Gezurra heldu zen arte. Bidegabekeria heldu zen arte. Neguan, armen indarrez itxi, arduradunak atxilotu, torturatu eta espetxeratu egin zituzten. Tartean zen Iñaki Uria zarauztarra. Hainbat hilabetez eduki zuten preso kartzela urrun eta arrotz batean, auskalo zenbat urte geroago epaitu eta absolbitu egin bazuten ere. Libre. Errugabe.

Hilabete haietan Zarautz kalera atera zen. Hainbat ekimen antolatu ziren Iñakiren askatasuna aldarrikatzeko. Jendetsuak haietako asko. Bidegabekeriari erantzuteko, egunkari berria sortzeko, Egunkaria aurrera! aldarrikatzeko eta, areago, Zarautzek herri informazioa ere euskaraz jaso nahi zuela esateko. Baratzeak soberan zituen eguzkia, ura eta lanerako gogoa.

Sasoi hartan, Berria egunkaria sortu zen.
Urola Kostako Hitza sortu zen.

Eta belaunaldi berriek heldu zioten lekukoari. Heldu diote lekukoari. Danel, Gurutze, Leire, Gorka, Jon, Samara, Eli edo Ilargi gogoratzen ditut Andoainen. Eta beste hainbat hemen, Zarautzen. Lore, Xabi, Uxua, Aritz, Ane, Onintza, Amaia… Batean zein bestean, egunero, inurrien antzera baratzean ari diren kazetari zailduak.

Lizardik euskal idazleen baratzea hazteko eta zabaltzeko asmoa agertu zuenean, ordea, berehala argitaratu zuen beste artikulu bat, ekonomiaz arduratuz gehienbat, proiektuak zeuzkan zailtasunak agerian utziz: “Iñola ateratzekotan, ba, egunkaria, askoen alkar-artze ta laguntzaz bear bide da, nik uste”. Egunkari on bat argitaratzeko, bazekien horrek dirua eskatzen zuela, eta aurrekontua eginda, ehun pezetako akzioak sortzea proposatu zuen, eta dirua biltzen hastea.

Ia mende bat geroago antzera dabil euskarazko prentsa. Berria egunkariak ziztadak behar ditu baratzeak emankor iraun dezan. Eta Ziztada Eguna antolatu dute, zarauztarren ziztadak eta babesa biltzeko. Lizardik eta Mendilautak amestutakoa eguneroko errealitatea izatea lortu dute gaur hemen ondoan ditudan lagun askok. Zuei esker Zarautzek, egunero, munduari euskaraz begiratzek leihoak ditu zabalik.

Horregatik, Zarauzko Udalaren zein Euskara Zerbitzuaren laguntza eta babesa izango duzue behar duzuenerako, eta bidelagun izango gaituzue. Horregatik, eta amaitzeko, Zarauzko Udalaren izenean, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu maiatzaren 19ko ekimenetan parte hartzera, eta euskarazko prentsak behar duen ziztada ematera.

Lizardiren ametsak behar izan duenean, Lizardiren ametsa defendatu behar izan denean, Zarautzek erantzun egin du. Orain ere, beraz, euskarazko prentsak merezi duen moduan erantzuteko deia egin nahi dugu Zarauzko Udaletik.

Eskerrik asko.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: