Euskararik gabeko menuak

22 06 2012

Zarautz herri euskalduna den arren, bertako taberna eta jatetxe gehienetan ohikoa da euskararik gabeko menuak aurkitzea. Hau da eguneroko egoera..

Horri aurre egiteko, Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskara ere menuan! kanpaina abiaraziko du uztailean, Zurekin Ostalarien Elkartearekin elkarlanean. Gaur goizean aurkeztu dugu ekimena, herriko hainbat taberna eta jatetxeetako ordezkariekin batera. Hemen kanpainari buruzko informazioa:

Euskara ere menuan! kanpaina abiaraziko du uda honetan Zarauzko Udalak, ostalariekin elkarlanean

Zarauzko Udala eta Zurekin Elkartea elkarlanean ari dira gure herriko taberna, kafetegi eta jatetxetako kartak eta menuak euskaraz jartzeko.

Uda honetan, helburu hori ahalik eta taberna eta jatetxe gehienetan lortu nahi da, eta horretarako Euskara ere menuan! kanpaina antolatzeari ekin diote Udalak eta ostalari elkarteak.

Kanpainaren ardatz nagusiak hauexek dira:

· Menua, karta, ogitartekoen edo-eta plater konbinatuen zerrendak euskaraz eskaini behar dira kanpainan parte hartzeko.

· Taberna eta jatetxe horietan euskaraz eskatzen duten bezeroen artean sariak banatuko dira. Horretarako zozketa-txartelak prestatu dira bezeroei emateko. Zozketa-txartelean, bere datuez gain, euskaraz eskatu duen platera, menua, plater konbinatua… idatzi beharko du bezeroak.

· Zozketa txartelak taberna edo jatetxe bakoitzak jasoko ditu, eta hilabete amaieran guztiak elkartu eta zozketa egingo da.

· Hiru zozketaldi izango dira: uztaila amaieran jasotako txartelekin, abuztu amaieran jasotakoekin, eta iraila amaieran jasotzen direnekein.

· Zozketaldi bakoitzean bi lagunentzako 2 bazkari edo afari kanpainan parte hartzen duten taberna edo jatetxeetan (guztira 6 bazkari edo afari).

· Zozketaldi bakoitzean bi lagunentzako 2 egonaldi nekazalturismo etxeetan (guztira 6 egonaldi).

· Zarauzko Udalak material grafikoa sortu du: zozketa-txartelak, kanpainan parte hartzen duten tabernak eta jatetxeak identifikatzeko pegatinak, kutxa… eta baita menuak euskaraz idazten laguntzeko hiztegia ere.

Ostalaritza hiztegia zarautz.org webgunean dago guztion eskura.

Euskara Zerbitzuak itzulpen eta zuzenketa lanetan ere lagunduko du orain arte bezala.

· Zarauzko 90 taberna eta jatetxe inguru gonbidatu ditugu kanpainan parte hartzera, eta oraingoz 30en baiezko erantzuna jaso dugu.

· Gaurko aurkezpenaren ondoren ere, noski, atea guztiei zabalik dago, eta parte hartzeko prest dauden guztiek izena eman dezakete Zarauzko Udalaren Euskara Zerbitzuan.

Hauek dira orain arte kanpainarekin bat egin duten eta, beraz, aurrerantzean euskara ere menuan izango duten Zarauzko tabernak eta jatetxeak. Zerrenda etengabe eguneratuko da Euskara Zerbitzuaren webgunean.

ITSAS-LUR
GURE TXOKOA
CAMPING TALAI MENDI
BARTOLO JATETXEA
ARGI KAFETEGIA
KANDELA JATETXEA
AMETS TABERNA
ARKUPE TABERNA
AITEN-ETXE JATETXEA
AMEZTI GAIN
GRAN CAMPING ZARAUTZ
ARITZBATALDE JATETXEA
ALAMEDA HOTELA (Azpienea jatetxea)
EGUZKI TABERNA
ARGIÑANO JATETXEA
EUSKALDUNA TABERNA
GELTOKI KAFETEGIA
ISABEL TABERNA
ITSASO TABERNA
ARRANO TABERNA
JOSHE MARI TABERNA
KIRIKILLA JATETXEA
TXIKI POLIT
EUROMAR KAFETEGIA
BAI BATZOKIA
EGOKI JAETXEA
SAKANA TABERNA
KIKARA TABERNA
PEDRO-ENEA JATETXEA
ZUBI-ONDO

· POST SCRIPTUM:

Zurekin Ostalarien Elkarteko ordezkaria eta zenbait taberna eta jatetxetako arduradunak izan dira gaurko agerraldian. Argazkian ikus daitezkeenez, euskara ere menuan, bai, baina emakumerik ez aurkezpenean. Jatetxe eta tabernen izenean agertu diren guztiak mutilak izan dira. Kasualitatea izan da, baina hurrengoan kontuan hartu beharko dugu, parekidetasun irizpideak inondik inora ere bete ez dituen agerraldia izan baita gaurkoa. Eta hizkuntza eskubideak bermatu beharrekoak diren modu berean, emakume eta gizonen parekidetasuna ere ezinbestean bermatu beharrekoa da. Gaurkoa bezalako agerraldiek erakusten dute oraindik ere denok lan asko dugula egiteko.


[ argazkia: Maider Izagirre ]

Advertisements




Festaz eta kolorez betetako sanpelaioak

21 06 2012

Herriko hainbat talde eta jai batzorderekin batera, 2012ko sanpelaioen egitaraua aurkeztu dugu gaur, Iñurritzan. Hau da Zarauzko Udalaren izenean esan dudana, nolabait:


[ argazkia: Ibai Ituarte · Haur Kultur Taldea ]

Duela urtebete bezala, sanpelaioen egitaraua aurkezteko elkartu gara hemen, Iñurritzan, San Pelaion, herriko festak koloretsuagoak eta alaiagoak izan daitezen lanean aritu diren elkarte, talde eta jai batzordeekin batera.

Zarauzko Udalaren izenean, eskertu besterik ezin dugu egin guztien ekarpena. Zarauzko Arraun Elkartea, Haur Kultur Taldea, helduen danborrada antolatzen duten herriko gastronomia elkarte guztiak, Zarauztarra Txirrindulari Elkartea, Azken Portuko komisioa eta, bereziki, Gurekin Jai Batzordea eta Iñurritzako Jai Batzordea.
Ez ditut ahaztu nahi, dena behar bezala bideratu dadin egundoko lana egiten duten Turismo Bulegoko langileak ere, Esther eta Isa, bereziki. Zarauztarrek festa alai batzuk izan ditzaten zuek denek egin duzuen eta egiten duzuen lanagatik, zuen denbora eta zuen koloreagatik, mila esker.

Hemen bildutakoen lana eta ekarpena aitortu ondoren, bizpahiru kontu nabarmendu nahiko nituzke Zarauzko Udalaren izenean.

Batetik, aurten, sanpelaiotako egitarauaren baitan sartu dugu San Joan bezperako sua eta festa. Urte askoan, zarauztarrentzat, udaren hasiera iragartzen zuen eguna izan zen. Zelai-Ondoko edo poligonoko festak izaten ziren, ikasturtea amaitu eta oporrak hartu berriak izaten zituzten ikasleek, eta su handi haren magiak zabaltzen zuen uda Zarautzen. Zelai-Ondoko jaiek hondoa jo zutenean, zenbait urtez apaldu eta ia desagertutako ohitura herrikoia berreskuratu zuten Azken Portuko lagunek, auzoetako beste hainbat jai batzorderekin eta herriko zenbait talderekin batera. Azken urteotan, suaren inguruko festa hori indartzen joan da, dagoeneko zarauztar guztien festa bihurtzeraino berriro ere. Egitarauan sartzea, udari eta sanpelaioei hasiera emateko modu egokia iruditu zaigu. Baita Azken Portuko gazteek azken urteotan egin duten lana eskertzeko eta aitortzeko modua ere.

Bestetik, egitarau bateratu honetan, Udalaren eta jai batzorde ezberdinen lana eta ekarpena dagoela esan nahiko nuke. Iaz denak batera eman genituen, bereizi gabe. Aurten, zuzenagoa eta egokiagoa iruditu zaigu, denak bildu arren, bakoitzak zer antolatzen duen zehaztea. Horregatik, koloretan aurkituko dituzue batzuen eta besteen egitarauak. Berdez Iñurritzako Jai Batzordearena, urdinez Zarauzko Udalarena eta gorriz Gurekin Jai Batzordearena. Badira gehiago ere, eta horiek kasuan kasuan zehaztu ditugu, ekitaldi bakanak diren heinean.

Hirugarrenik, jai batzordeen eta herriko taldeen ardura nabarmendu nahiko nuke. Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzerakoan, jarrera matxista edo homofoboen aurkako lanean, parekidetasunaren alde jarduterakoan, zein hondakinak bereizteko oinarrizko zentzua eta irizpideak ezartzerakoan, ardura erakutsi dutelako. Oraindik ere bide luzea dugu egiteko arlo horietako gehienetan, baina aurrerapausoak ematen ari gara denon artean. Herri bazkariak, afariak, bateko edo besteko lehiaketak eta antzekoak antolatzean, jai batzordeek eta elkarteek badakite hondakinak ezin dituztela edonola bildu eta bota. Ez direla bakarrik desagerrarazten. Esanguratsua da, esaterako, eta adibide bakar bat jartzearren, Gurekin Jaik antolatzen duen eta gero eta arrakastatsuagoa den baltsa karreran, aurten, karrera ez dela amaitzen moilatik malekoira edo Munoara iristean. Baltsaren piezak behar bezala bereizi eta dagozkien edukiontzietara sartzean baizik. Festetako ohiko ekitaldi bat da, baina denoi dagokigun ardura zatia gehituta.

Adibide bat besterik ez da, baina hori da nabarmendu nahi duguna: festak ez dira dena libre esateko sasoia. Festak ondo pasatzeko dira. Baina nahi duguna egiteko askatasuna, besteen eskubideak hasten diren lekuan amaitzen da. Gure askatasunak besteekiko errespetuan du muga, ezinbestean. Horregatik, ardura eskatu diegu ondoan ditudan elkarte, talde eta jai batzordeei. Ardura eta konpromisoa, bakoitzak nahi duena egin dezan, baina gainerako herritarrak errespetatuz. Errespetua, hizkuntzari, ingurumenari, joera sexual guztiei, gainerako zarauztarrei. Horrela soilik izango baititugu guztiontzako jaiak.

Badakigu, hala ere, urtean zehar ezohikoak diren baimenak ematen dituela Udalak egun hauetan, beti ere edozein herrietako jaietan ohikoak diren jarduerak egin ahal daitezen. Musika, festa, elikagaien eta edarien salmenta, kontzertuak… Herriko dendarientzat edo festa gune zehatzetan bizi diren eta lo egin nahiko duten auzokideentzat, ezohiko baimen horiek ez dira gustukoenak izango. Badakigu. Baina festarako eskubidea ere aldarrikatu nahi dugu. Urtean behin izaten baitira herriko festak, danborradekin, erromeriekin edo kontzertuekin, eta musikarekin. Guztiok arduratsuak izanda eta gainerakoen larruan jarrita, badakigu oreka aurkitzea errazagoa izango dela, sanpelaioak arazorik gabe eta festa giroan igaro daitezen.

Amaitzeko, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu talde eta jai batzorde hauek guztiek zein Udalak antolatutako ekitaldietan parte hartzera, egun batzuetan bada ere ohiko estuasunak, arazoak eta gainerakoak alde batera utzi, eta sanpelaioetan festa giroan ibiltzera.

Kalera!


· Egitarau osoa, PDFan: San Pelaio jaiak. Zarautz, 2012.
· Gurekin Jai Batzordearen egitaraua: Zarautzen Pelaiosanak 2012.





Zarauzko Udal Gobernua, herritarren aurrean

15 06 2012

Pasa den urteko urriaren 21ean, Bilduko bederatzi zinegotziok agerraldia egin genuen jendaurrean, Udal Gobernuaren kudeaketa gure gain hartu eta hiru hilabetera, Zarauzko Udalean aurkitu genuenaren eta, batez ere, bakoitzari dagozkigun sailetan aurten egin asmo dugunaren berri emateko.

Udal ordezkariak garen heinean, herritarrek galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten. Emaitzarekin gustura gelditu ginen, eta gehiagotan egin beharreko gardentasun ariketa izan zela nabarmendu genuen. Informazio gehiago, hemen: Gardentasun ariketa, herritarren aurrean.


[ pasa den urriaren 21ean bezala, Bilduko bederatzi zinegotziek herritarren galderak erantzungo dituzte gaur. Oraingoan, Zarauzko Udal Gobernuaren izenean ].

Gaur, herritarren aurrean eseriko gara berriro ere, aurreko udal osoko bilkuran onartu ziren aurrekontuak azaltzeko, sail bakoitzean aurten ditugun egitasmo orokorren berri emateko eta, batez ere, herritarren zalantzak, galderak eta kezkak argitzeko. Aurrekoan Bilduko hautetsi gisara agertu ginen. Gaurkoan Zarauzko Udal Gobernuko kide gisara erantzungo diegu herritarren galderei.

Azken hilabeteotan udalgintzan nabarmendu diren hainbat konturi buruz lasai hitz egiteko aukera izango da, zenbait korapilo nola askatuko ditugun argitzeaz gain: hondakinen kudeaketa, azpiegitura kulturalen beharrak, turismo eredua, hirigintzako plan nagusiak, TAO sistema, gizarte politikak, eta abar.

Zuek duzue hitza.
Gu herritarren beharrak bideratzeko eta zuen kezkak eta zalantzak argitzeko gaude.

Gonbidatuta zaudete: gaur, 18:30ean, Antoniano aretoan. Zarauzko Udal Gobernua, herritarren aurrean.





Hazi Hezi: euskara lehen egunetik etxean

13 06 2012

Zarautzen, zenbait arlotan, euskara ukatutako eskubidea dela nabarmendu genuen pasa den astean. Nahikoa da zenbait zerbitzutara jotzea horretaz ohartzeko: anbulatorioa, notaritza, gestoriak, hainbat eta hainbat taberna eta jatetxe, dendak… Aurrerapausoak eman dira zenbait arlotan, baina beste askotan herren gabiltza oraindik.


[ argazkia: Amaia Ventas, Urola Kostako HITZA ]

Urtebete pasatu da haur zarauztar bat euskaraz erregistratzea lortu zenetik, eta urteurrena baliatuz, Iratxe Aranburuk eta beste hainbat euskaltzalek bake epaitegian lortu arte temati aldarrikatu behar izan zuten eskubidea lortzeko egindako bidea gogoratu genuen, lehen urte honetako datuak ematearekin batera.

Amaitzeko, haurraren lehen egunetik euskara etxean egoteak duen garrantzia nabarmentzeko, haurraren heziketan, osasunean, elikaduran eta hainbat arlotan gurasoentzat ezinbestekoak diren kontuak euskaraz biltzen dituen HAZI HEZI aldizkariarekin Zarauzko Udalak abiarazi duen elkarlanaren berri eman genuen. Zehazki, Zarautzen jaiotzen den haur berri bakoitzaren gurasoek, nahi badute, urtebetez etxean doan jasoko dute aldizkaria, Euskara Sailak ordainduta.

Gai honi buruzko informazioa hedabideetan:

· Euskarak izotza urtu du (Noticias de Gipuzkoa).
· Zarauzko haurren erdia euskaraz erregistratzen dute (Urola Kostako Hitza).
· Duela urtebete erregistratu zen lehen haurra euskaraz Zarautzen (El Diario Vasco).





Gipuzkoa berria, aire garbiarekin

5 06 2012

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu duen hondakinen kudeaketarako plan berriak kolore berdea du.
Esperantzaren kolorea. Lurrarena. Ardurarena. Etorkizunarena.
Errauste plantaren keak eta dioxinek zuten kolore grisaren beste muturrean dago.

Aire garbiak bira gaitzan ezinbestekoa zen hausnarketaren ondorioz dator proposamena, nazioarteko adituen eskutik.

Zorionak negozio ilunei aurre eginez alternatibak eta irtenbideak badaudela erakusteagatik.
Orain denon ordua da. Etxez etxe, auzoz auzo, herriz herri, animo eta aurrera!

Hau da Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketari buruz gaur aurkeztu duen plan berria: dokumentua osorik PDFan hemen edo argazkiaren gainean klik eginda jaitsi daiteke.





Urtetako zabortegiak itxiera data du, azkenean

3 06 2012

Nahikoa izan da Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zarauzko Udala kudeatzea, beste batzuek urte askoan hitz emandakoa legealdi bakar batean diseinatzeko eta gauzatzeko: Urtetako zabortegia eta Gipuzkoako gainerako biak (Lapatx eta Sasieta) beranduenera 2014ko abenduaren amaierarako itxiko dira, gaur Gara eta Berria egunkariek aurreratu dutenez.

Hemen irakur daiteke albistea:
· Los tres vertederos de Gipuzkoa cerrarán antes de acabar el año 2014 (Gara, 2012-06-03).
· Gipuzkoako zabortegiak 2014. urte amaierarako itxiko dituzte (Berria, 2012-06-03).

Gipuzkoako hondakinen plan berria asteartean aurkeztuko du Foru Aldundiak, eta plan horren baitan ez da aurreikusten ez zabortegirik ez errauste plantarik, Europak azken asteotan hondakinen kudeaketari buruz proposatutako neurrien ildotik. Hondakinen kudeaketan adituak diren nazioarteko bost lagunek idatzi dute Foru Aldundiak etzi aurkeztuko duen plan berria.

Nabarmentzekoa da, zabortegiak desagerrarazteaz eta errauste planta ez eraikitzeaz gain, hondakin guztiak tratatzea aurreikusten duela planak. Bereizi gabe botatzen dena ere planta zehatzetara bideratuko baita, horietan bereizteko eta dagokion berziklatze edo konpostatze planta berrietara eramateko.

Errauste plantarekin negozioa egin nahi zutenentzat kolpe gogorra da albistea, baina ezin ederragoa ingurune eta belaunaldi osasuntsuak aldarrikatzen ditugunontzat. Behin eta berriro esan du Bilduk: azpiegitura erraldoiak eta batzuen negozioa baztertu, eta herritarrak bihurtuko ditu politikaren ardatz. Herritarron ordua da. Arduraz jokatzea dagokigu. Ondo egitera goazela esan dugu orain arte, baina ondo ez, oso ondo egitera goaz! Animo denoi!

[ Portzierto, mundiala da: Gipuzkoako hiru zabortegiak itxiko dituzte 2014a amaitzerako, eta El Diario Vasco irakurtzen dutenek arrastorik ez! Honi esaten zaio “komunikabide unionista eta klientelarren hegemonia haustea” ].


Gai honekin lotutako albisteak:

· Urtetako gezurra, urteetako gezurrak (Ekai Txapartegi, ubel.wordpress.com).
· Gezurrak hanka motza duenean.