Joxean Lasa eta Joxi Zabala, gaur 29 urte desagerrarazi zituzten bi itzal

15 10 2012

Larunbata zen 1983ko urriaren 15a. GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazte tolosarrak bahitu zituen eguna. Hogei urte zituzten.

Ez naiz hasiko gerra zikinaren atal ankerrenetakoari buruzkoak kontatzen.
Hemen ederki ageri da guztia, labur eta zehatz:
· Lasa eta Zabalaren hilketa (euskarazko wikipedia).

Bahitu, basatiki torturatu, hil eta kare bizian desagerrarazi zituzten.

Oraindik haurrak ginen 1983 hartan, gertatzen ari zenaz ohartzeko.
Gerora irakurri eta ezagutu genituen GALi buruzkoak.
Gurea, bi gazteen hezurrak kare bizian aurkitu, identifikatu eta Euskal Herrira ekarri zituzten sasoiko belaunaldia da. Ertzaintza hilerrian senideei egurra banatzen ikusi zuenekoa, Madrildik heldutako aginduek horrela eskatzen zutelako. Ordurako, buruz genekien hiztegiak zekarren definizioa:

“Cipayo: dícese del soldado nativo al servicio del ejercito invasor”.

Argiago, ezin.

Belaunaldi oso batek betiko gogoratuko dituen egunak izan ziren haiek. Espainiako Polizia Autonomikoa, harrezkero, badakigu zertarako den. Egun haiek, Unai Iturriaga bertsolariak idatzi zuen bezala, “hiru probintzietako poliziaren historia beltzeko irudirik lotsamangarrienak” utzi zituzten, agian. “Eta badago non aukeratu”.

· Bi gazteen hezurkinak Tolosara iritsi zirenean, 1995eko ekainaren 21ean, Espainiako Polizia Autonomikoak, Atutxaren eta PNVren aginduetara, egurra banatu zuen hilerrian. Zipaioak zakur amorratuen gisara oldartu zitzaizkien Lasa eta Zabalaren senideei, hilkutxak sorbaldan hartuta zituzten arren.

· Lehenago, Espainiako Polizia ere antzera aritu zen Hondarribiko aireportuan, bi gazteen hezurrak Alacantetik hegazkinez ekarri zituztenean. Hezurkinen bila joandako senideak, lagunak eta parlamentariak jipoitu zituzten, eta hilkutxak bahitu kolore ezberdineko zakurrek. Hondarribiko aireportuko eta Tolosako hilerriko irudiak ageri dira bideo honetan, 04:01 minututik aurrera.

· Hurrengo egunean, Hondarribian eta Tolosan gertatutakoa salatzeko eta Lasa eta Zabala omentzeko bildutakoen aurka egin zuen Ertzaintzak Donostian, eta 58 urteko Rosa Zarra zauritu eta hil zuen gomazko pilota batekin, aurten Iñigo Cabacas bezala. Gomazko pilotakada jaso eta zortzi egunera hil zen emakume donostiarra, zauriak barrua lehertuta.

· Hiru urte geroago, 2008an, Espainiako Polizia Autonomikoak berriro egurra banatu zuen Tolosan, Lasa eta Zabala omentzeko ekitaldia eragotziz eta GALek basatiki hildako bi gazteen senideak kolpatuz eta atxilotuz.

Gertaera haiek herri honen memorian iltzatuta geratu dira. Bai GALen bahiketa, tortura eta hilketa lazgarria, eta baita Espainiako Polizia Nazionalak eta Espainiako Polizia Autonomikoak Hondarribian eta Tolosan egindakoa ere.

Kulturan ere izan dute isla gertaera haiek.

· Musikan, horren lekuko da Deabruak Teilatuetan taldearen Bi itzal abestia.

· Abesti hura argitaratu eta hilabete batzuetara, 1996an, Harkaitz Canok, Iñigo Iruretagoienak eta hirurok Bi itzal, sua eta odola hitzaren intifadetan ikuskizuna estreinatu genuen Oreretan, eta gerora hainbat herritan eskaini genuen. Hondarribiko aireportuko eta Tolosako hilerriko gertaerekin batera, euskal gatazkak sortutako zurrunbiloari begira jarri ginen hiru lagunok, musikarekin, irudiekin eta indarkeriari buruz hausnartzeko moduko testuekin.

· Literaturan, egun haien lekuko da Jon Benitok Bulkada (Susa, 2010) liburuan argitaratutako Durduzatu ninduten lau egun poema, gertaera haiek belaunaldi oso batean suposatu zutena eta zipaioen amorruak hamarkada hartan elikatu zuen euskal gazteria ulertzeko.

DURDUZATU NINDUTEN LAU EGUN

1

Hamahiru urte nituen
bi gorpu-hezurren
aurkikuntzaren berri eman zutenean.

Foya de Coves, Busot, Alacant.
1995eko martxoa. Kare bizia.
Informe toxikologikoaren arabera
Lasa eta Zabala izan zitezkeen.

Ez nituen ezagutzen eta hala ere
ezin askatuzko zerk lotzen ninduen eurekin?

2

Beste herri batean beste garai batean jaio izan banintz
zer zentzu ote luke Kortaturen kantuan abesten genuen
estoy metido en una causa perdida hark?

1995eko apirila. Lehergailu bat
eskuetan zerabilela hil zen
Eduardo Lopez polizia
Guardia Zibilaren Endarlatsako kuartel zaharrean.

Egunkariko argazkian
zulo bat ageri zen horman.

3

Maiatzean egin nituen hamalau
urrutiko intxaurrak ez ziren lau.

Madrilgo Carmen kalea. 1995eko ekaina.
60 kilo amosal eta samin hotsa.
Ehun metro harago, Callao plazan,
Jesus Rebollo udaltzaina hil zen
eztandak jaurtitako burdina puskak jota.

Ezagutzen nituen askatasunaren esanahi guztiak?
Non zegoen beste
aldean jartzen ninduen marra?

4

Izan naiteke libre bestearen aurka?
Zer dio amorruaz justiziak?

Udaberriaren azkeneko izkina hautsia.
Hondarribiko aireportua.
Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren
senideen kontra oldartu zen Ertzaintza.

Manifestazioa deitu zuten biharamunerako.
Zerbait gertatzen zen hor kanpoan
eta erantzunen bila ari zitzaizkidan galderak.

Denbora luzez iraungo zidan
sukar baten lehen beroak ziren.

· Harkaitz Canok, iaz, Lasa eta Zabala izan zitezkeen bi gazteren istorioaren inguruan mamitu zuen Twist (Susa, 2011) nobela. “Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren antzera, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten Xabier Soto eta Kepa Zeberio, artean oso gazte zirela, 80ko hamarkadan”.

· Unai Elorriagak ere Hondarribiko aireportuko eta Tolosako hilerriko gertaerek belaunaldi oso baten memoria kolektiboan utzi duten arrastoari buruzko gogoeta idatzi zuen Twist and shout zutabean (Unai Iturriaga, Berria, 2012-01-11).

Joxi eta Joxean: zer gehiago esan dezakegu, dena esanda dagoenean.
Bi itzal, gure bihotzetan…
Ez dugu ahaztu.
Gogoan zaituztegu.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: