Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek bat egin dute

20 10 2012

Argazki eta agerraldi historikoa eskaini dute gaur Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek. Izan ere, urte askoan Zarauzko bi dantza talde nabarmenenak izan direnek bat egin dute, eta aurrerantzean talde bakar bat bezala ariko dira, elkarrekin.

EAJk Lizardi antzokia zena eraikuntza enpresa bati saldu ondoren, Iratzarri dantza taldea entseatzeko aretorik gabe geratu da aurten. Eta egoera berean geratu da Mollarri dantza taldea ere, Salbatore Mitxelena Ikastolan azken urteotan erabili izan duen lokala ikastolak psikomotrizitate gela bezala erabiltzeko beharraren ondoren.

Herriko bi dantza taldeak entseatzeko lokalik gabe geratzeak, denboran bat egin du Lizardi eraitsi eta Modelo zinema itxi ondoren Zarautzen kultur azpiegituren inguruan aurten abiarazi dugun parte-hartze prozesuarekin. Bertan, udal eraikinen erabilera aztertzeko eta berrantolatzeako beharra agerian geratu zen, eta hausnarketa horren ondorioa da Ebro Etxean erretiratuentzat zegoen informatika gela lekuz mugitzea eta Ebro Etxea osorik kultura ekimenetarako bideratzea. Tartean, lehen aldiz, Mollarri eta Iratzarri dantza taldeen entseguetarako eta dantza taldeen materiala eta arropak gordetzeko.

Horregatik agertu dira bi taldeetako ordezkariak gaur Ebro Etxean, han bertan astelehen honetan aurtengo ikastaroekin eta entseguekin hasiko direla iragarriz, baina batez ere, bi taldeek bat egin dutela eta aurrerantzean dantza talde bakarra izango direla nabarmenduz.

Izena erabakitzea soilik falta zaie.
Ideiarik?

· Honakoa da bi taldeen izenean irakurri duten testua:

Kaixo, egunon guztioi!

Hemen bildu gara, Zarautzen hain ezagunak garen Iratzarri eta Mollarriko kideak. Gaurko agerraldi honetara ez gara soilik gaur egun dantza irakasten ari garen hezitzaileak agertu, gure haur dantzariak eta beraien gurasoak ere gonbidatu nahi izan ditugu; azken batean beraien parte hartze eta laguntzarik gabe hau guztia ez litzatekelako posible izango. Gure artean ditugu, gainera, Iratzarrin eta Mollarrin hainbeste urteetan dantza irakasten eon diren beteranoak ere. Beraien bideari jarraituz eta egin duten lanari esker iritsi baikara gu gauden lekura.

Urte asko dira gure herrian bi dantza talde ditugula. Badakigu, jende mordoa igaro dela hemendik, baina azken boladan bi talde hauen indarra aldatuz joan da, besteak beste irakasle taldea oso gaztea izan delako. Iratzarriko gehienek Zarauztik kanpo ikasten zuten eta beraz talderik ezin izan dute hartu urte hauetan. Mollarrin, aldiz, haur talde asko genituen eta ez ginen guztiei irakastera iristen. Hau ikusirik, eta buruari nahiko buelta emanez, bi dantza taldeak mahai berean eseri eta irtenbide hauxe ikusi genuen: Zarautzen dantza talde bakarra eta eraginkorra egotea. Finean, gaur egun bi talde hauetan gauden irakasleon helburuak berdinak baitira; esate baterako, euskal kulturaren bultzatzaile izatea, azken batean haurrek herriko festetan euskal dantzak egiteko gaitasuna izan dezaten.

Ez da lan erraza izan honaino iristea eta bilera dexente egin behar izan ditugu. Batetik, lokala ahalik eta azkarren lortu nahi genuen, leku finko bat izatean gauzak erraztuko zitzaizkigula pentsatzen genuelako. Lan honetan Udalak asko lagundu digu, aukera ezberdinak izan ditugulako eta azkenik guretzat egokiena zena utzi digutelako. Bestetik, bi taldeek ditugun funtzionamenduez hitz egin behar izan dugu, eta hainbat puntutan adostasunera iritsi. Hau erraza izan da, biek ala biek interes handia izan dugulako. Baina oraindik izen berri bat asmatzea geratzen zaigu, norbaitek ideia originalen bat izango balu gurekin harremanetan jarri besterik ez du izango.

Oraindik ere badugu zer eginik. Herrian hau guztia zabaldu nahi genuke, jendeak gure intentzioen berri izan dezan. Herritarrak aipatzean, gogoratu gara orain gutxi irakurri al izan dugula prentsan, gaur egun dantza taldeek ez dutela fundamenturik eta asko pattaldu direla lehendik hona. Horren aurrean aipatu nahiko genuke gure lana erabat boluntarioa dela eta musutruk aritzen garela lanean. Hala ere, indarrak hartuta gatoz eta indartsu jarraitu nahi dugu lanean denentzat onena izango dena lortu arte. Inork pentsatuko balu gauzak hobe egin daitezkeela, hemen gaude gu esku zabalik eta gustura jasoko ditugu ekarpenak.

Amaitzeko aipatu nahi genuke, aurten ere matrikula irekiko dugula ikasle berriek izena eman dezaten. Egun bakarra egongo da horretarako: urriak 24, asteazkena, arratsaldeko 18:00tatik iluntzeko 20:00tara, Ebro Etxean bertan.

Besterik gabe, mila esker guztion laguntzagatik eta laster arte!

ZARAUZKO DANTZA TALDEA.


Ekintzak

Information

One response

22 10 2012
Oier Araolaza

Zorionak! Dantzan.com-en jaso dugu hemen irakurritako albistea.
http://www.dantzan.com/albisteak/zarauzko-mollarri-eta-iratzarri-dantza-taldeek-bat-egin-dute

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: