Gela Urdina, Narros jauregiko ate iluna

23 10 2012

Zarautzen, eskolaumeei ere ez zaizkie hain arrotzak azalpenik ez duten gertaerak, arima erratuak, eta gauaren erdian entzuten diren hotsak. Belaunaldiz belaunaldi igaro da nonbait Narros jauregiko Gela Urdinaren istorioa, eta Zarauzko haurrek lehenago edo geroago entzuten dute enbata basati baten ondorioz naufragatu, hondartzara zaurituta heldu eta Gela Urdinean hil zen hugonoteari gertatutakoa.

Diotenez, 1572an naufrago bat heldu zen Zarauzko hondartzara. Narros jauregiko markesek jaso zuten, eta Gela Urdinera eraman, bertan osa zedin. Naufragoa hugonotea zen.

“Parisen San Bartolome gauez katolikoek antolatu sarraskitik ihes, La Rochelako portura heldu nintzen. Han hartu ninduten galeoi ingeles batean. Pozik etxera nindoalako, lehertu zen, baina, ekaitza, honaino ekarri nauena”, Anjel Lertxundiren hitzetan.

Zaindu eta osatu nahi izan zuten arren, hugonotearen osasunak okerrera egin zuen, eta apaiz baten azken sakramentuak hartzeari uko eginda hil zen, zaintzaileei biraoka, pozoitu egin zutelakoan. Ordudanik, Gela Urdina sorginduta dagoela eta abuztuaren 23ko gauean, Parisko sarraskiaren urteurrenean, hugonotearen espiritua aieneka entzuten dela esaten da, gela urdinean zintzilik dauden koadroetan bizitza hartuta.

Enbata hura eta gertaera haiek 1572koak dira, baina XX. mendean sona izan zuten, Luis Coloma idazle eta jesulagun espainiarrak Gela Urdinean berari gertatutakoa liburu batean kontatu zuenean, misterioa, azalpenik gabeko hotsak, mamuak eta beste alderako ateak gehituz Narrosen historiari.

Azalpenik ez duten gertaerak ikertzen dituen Grupo Hepta taldeak 1990ean Gela Urdinari buruzko erreportajea egiteko baimena lortu zuen. 17 minutuko bideoan, Gela Urdineko gertaerak, bertako koadroa, han hil zen hugonotearen historia, eta harrezkero Gela Urdinean gertatzen diren azalpenik gabeko kontuak biltzen ditu erreportajeak, zarauztar askorentzat zein gainerakoentzat segur aski ezezagunak izango diren Narros jauregiaren barrualdeko irudiak eskaintzeaz gain.

Hau da Grupo Hepta taldeak egindako bideoa:
EL MISTERIO DEL CUARTO AZUL

Eskubide guztiak: Hepta taldea.
Gidoia: Sol Blanco-Soler.
http://www.grupohepta.com/videoteca

Gidoiaren testu gehiena, Milenarios foroko sarrera honetan irakur daiteke, gazteleraz:
· El Palacio de Narros (Zarauz)
[Milenarios, foro no oficial de Cuarto Milenio y Milenio 3].

Bideo horretako informazio guztia, Luis Coloma idazle, kazetari eta jesulagun espainiarrak argitaratu zuen El salón azul narraziotik ateratakoa da.

· Luis Coloma: El salón azul. Una historia maravillosa (in Nuevas lecturas, 1912). Liburu osoa doan eskuratu daiteke, PDF, epub eta beste hainbat formatutan, hemen klik eginda.

· El salón azul narrazioa, sarean bertan ere irakur daiteke, Nuevas lecturas liburuaren faksimilean, hemen edo beheko irudian klik eginda. 121-163 orrialdeak dira El salón azul narrazioari dagozkionak.

XX. mende hasierako Zarautz ezagutzeko ere harribitxia da Colomaren begirada klasiko bezain atzerakoia. Lehen parrafoa irakurri besterik ez dago:

Segur aski Colomaren testua izango zuen esku artean Anjen Lertxundik ere Tresak eta kordelak (Zarauzko Udala, 1993) liburuan Gela Urdinaren istorioa idatzi zuenean, Ai ene, ai ene! atalean.

Anduk, dena dela, hugonotearen heriotzari buruzko bestelako bertsioa ematen du, Colomak ez bezala, honek eta honen narrazioan asaldatuta ageri diren ehunka zarauztarrek duten sinesmena itsukeriatzat joz: “Jauregiko nagusia asko leitua eta gehiago ibilia zenez, ondo zekien itsasoaren kontra aritzea bezain alferrikakoa izaten dela batzutan, ezer ulertu nahi ez dutenen itsumenaren kontra altxatzea”.

Narrosko Gela Urdinaren istorioa, niretzat, aurten arte, beste klasiko bat gehiago izan da, misterioari eta ezkutuko kontuei zabaldutako ate ilunen artean.

Aurtengo udan, ordea, Zarauzko beste bi udal ordezkarirekin batera Narros lasai ikusteko aukera izan dut, Udalarekin hainbat konturi buruz hitz egiteko, Narroseko markesaren oinordekoek eta jauregiaren gaur egungo jabeak direnek gonbidatuta.

Saloi, korridore eta gelaz gelako bisitan, Luis Colomaren zein bateko eta besteko errege edo erreginen logelak izandakoak erakutsi zizkiguten. Baita Gela Urdina ere.

Bertako koadro ezagunari argazkia ateratzeko baimena eskatu nien jabeei, azalpenik ez duten gertaeren, kontu paranormalen eta antzekoen oso zalea naizela esanez. Argazkia ateratzen uzteaz gain, gela hartan eta aldamenekoan beraiei eta beraien senideei gertatutakoak kontatzen hasi zitzaizkigun, niri zein beste udal ordezkariei ileak lazteraino. Bide batez, gela hartan betidanik egon omen den eta gaur egun irauten duen intzentsu usainari buruzko azalpenik ez zuten.

Azalpenik ez duten bezala, Google Maps zerbitzua erabiliz Zarautz eta Narros jauregia aurkitu, eta bertako atarian eta lorategian nolatan ageri diren katu begi horiek eta Eyes wide shut filmeko dantza ezkuturakoa dirudien maskara veneziarra…

POST SCRIPTUM:
Gaztea irratiko Akabo Bakea! irratsaioa gidatzen duten Amaia Artetxe eta Xabier Bolunburu misterioak inguratzen dituen kontuen zaleak direnez, 2012-10-24ko irratsaioan gai honi buruz aritu ziren.

· Hemen klik eginda entzun edo jaitsi daiteke Narros jauregiari buruz Akabo Bakea! irratsaioan izan genuen solasaldia.

GAI HONEKIN ZERIKUSIA DUTEN ESTEKAK:
· Akabo Bakea! irratsaioa: Narros jauregiaren inguruan aritu zaigu Gari Berasaluze (Gaztea, 2012-10-24. Audioa entzungai).
· Palacio de Narros (wikipedia, gazteleraz).


Ekintzak

Information

One response

24 10 2012
Jabier Zabaleta (@ja2er)

Nola, nola, Gari? Katu begi horiek ez daukatela azalpenik? Jope, ba, norbaitek jarriko zituen hor parterre edo diren direlako horiek daukaten forma obalatu horrexekin, ez?

Zer du horrek harrigarritik?

Gela urdinaren kontu horiek material literario egokia dira, zalantzarik gabe; baina hortik haragokorik sujeritzea malda behera arriskutsua iruditzen zait.

Zerbait galtzen ari al naiz hemen?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: