Eltziego, lurperatutako soldaduak eta ardo afrantsesatua

31 10 2012

Misterioa eta azalpenik gabeko gertaerak ez dira iraganeko kontua soilik. Nahikoa da kontu hauetan aritzen diren kazetarien lanari arreta jartzea kasu berriak etengabe ezagutzeko. Euskal Herrian, azkena, hilabete honetan bertan azaleratu da, Cuarto Milenio eta Milenio 3 saioetako Javier Perez Campos idazle eta kazetariaren eta Javier Echazarra kazetari, idazle eta ikerlari gasteiztarraren eskutik.

Bi kazetariak, urriaren 9an, Arabar Errioxan aritu ziren telebistarako erreportaje bat filmatzen, Cuarto Milenio saioko lan-taldearekin batera. Egun hartan Enrique Echazarrak twitter bidez zabaldu zuen argazkia eta mezua da behean ageri dena.

Bada, egun hartan, Eltziegon lanean ari zirela, emakume bat hurbildu zitzaien, Maria izenekoa, eta kezkatuta kontatu zien bere etxean azkenaldian gertatzen ari zen guztia. Mariaren lekukotza, pasa den larunbat gauean eskaini zuten Milenio 3 irratsaioan, Javi Perezen eskutik (hemen entzun edo jaitsi daiteke irratsaioa).

Maria, Eltziego erdialdean dagoen XVII. mendeko jauregi zahar batean bizi da, eta laguntza eskatu zien kazetariei, kezkatuta, bere etxean azkenaldian gertatzen ari dena ulertu nahian. Mariaren hitzetan, ez zuen pentsatu ere egin Eltziegora iritsi eta bizitzeko jauregi hura erostea hautatu zuenean, gertatzen ari zaionaren antzeko ezer gerta ziezaiokeenik. Pasa den larunbat gauean, Milenio 3 irratsaioan, hitzez hitz, honakoa kontatu zuen Mariak, gazteleraz:

“Egun batean, bakarrik bazkaltzen ari nintzenean, nire atzean zerbait edo norbait pasa zela iruditu zitzaidan. Atzera begiratu, eta ez zegoen inor, noski. Bakarrik nengoen. Sukaldean, kajoien tiraderetan, patata poltsetan tokatutako panpina txiki batzuk zintzilikatu zituzten haurrek, soka fin batekin. Bada, nire atzean norbait sentitu ondoren, panpina txiki haiek denak mugitzen ikusi nituen”.

Etxean beste norbait egotearen sentsazio beldurgarri hori, areagotzen joan da jauregia erosi eta bertan bizitzen hasi zirenetik. Mariaren hitzetan, duela hilabete ingurukoa da hurrengo gertaera: “Bakarrik nengoen etxean. Telebista itzalita zegoen, eta isiltasuna zen nagusi. Goiko pisuan sofa bat dut, ohe bihurtu daitekeen laminadun sofa-ohe horietakoa. Norbait esertzen denean laminek karrask egiten dute apur bat, eta entzun egiten da. Bada, sofan norbait eseri balitz bezala entzun nuen. Gora igo nintzen, eta ez zegoen inor, noski. Behera jaitsi, eta berriro ere sofaren hotsa. Laminak, krask eta krask, nire sofan norbait esertzen denean entzuten den soinu bera, dudarik gabe”.

Hau guztia Maria etxean bakarrik dagoenean gertatzen denez, Javi Perez kazetariak nabarmendu zuen moduan, esperientzia erabat subjektiboa izan daiteke, edo aluzinazioen, beldurren edo Mariaren buruak sortutako zerbaiten ondorioa. Kontua da, ordea, haurrak ez beldurtzearren Mariak hau guztia isilpean gorde arren, bera hotsak entzuten eta norbait sentitzen hastearekin batera hasi direla haurrak etxeko leku zehatz batzuetara ez dutela bakarrik sartu nahi esaten. Beldurra ematen omen dielako. Leku horiek, zehazki, Mariak bakarrik dagoenean hotsak entzuten dituen gelak dira.

Honaino, guztia istorio klasiko bat da gai hauetan aritzen diren kazetarientzat. Baina Mariak badu kontatzeko gehiago: “Lehengo batean, senarra lanean ari zenez, ez molestatzearren, beste gela batera joan nintzen, eta norbait sentitu nuen eskaileretan behera, nire gelaraino. Haurretako bat zelakoan, atzera begiratu nuen, baina ez zegoen inor. Eta ezustean, ahots bat entzun nuen, aide esanez. Emakume izen bat zelakoan nengoen, baina dirudienez, frantsesez, laguntza edo lagundu esan nahi du”.

Horrek erabat aztoratu zuen Maria. Izan ere, Eltziegon bertan, etxea eraberritzean, sotoan Frantziako soldaduen uniformeak aurkitu dituen ezagunen bat badu, eta berehala egin zuen lotura, bere etxean ere horrelakorik egon ote daitekeen nonbait. Ez uniformeak soilik. Maria bizi den jauregiaren parez pare dagoen eraikinean, zaharberritze lanetan, eskaileretan, Frantziako soldaduen hezurkinak ere aurkitu izan zituzten, uniformeekin. Orain arte, ordea, hori guztia isilpeko zerbait izan da, eraikin horiek pribatuak izatean, erakunde publikoak iritsi eta balio historikoa duen aztarnategi edo aurkikuntzaren bat delakoan etxea hankaz gora ez jartzearren, edo museo moduko zerbait ez bihurtzearren.

Iñaki Egaña historialariari galdetuta, zalantza askorik gabe, lurperatutako soldadu haiek 1808-1813 urteetako gerrakoak izango direla nabarmendu digu, Espainiako Independentzia Gerra deitu zuten hartakoak. “Euskal Herriko bazter guztietan garai horretako soldadu asko daude lurperatuta”, historialari donostiarraren arabera.

Ardo afrantsesatua edo frantsesa duen ardoa

Soldadu frantziarren eta ardoaren inguruan, berriz, mila kondaira eta bat gehiago daude Arabar Errioxan.
Gehienak 1808-1813 urteetako gerrarekin lotutako aldaerak dira. Borrokaren batean soldaduren bat hil, eta ardoa artzitu ahal izateko erabiltzen ziren upel handietan desagerrarazten zuten gero. Antzeko gertaeren aldaerak dituzte hizpide herriz herri zaharrenek oroitzen dituzten kondaira gehienek. Hortik omen dator ardo honek frantsesa dauka edo ardo hau afrantsesatua da esamoldea. Hemen kontu honen inguruko zenbait kondaira eta aldaera, irakurgai:
· Este vino tiene francés.
· Vino afrancesado.

Bestalde, historia liburuek gehiegi nabarmentzen ez duten arren, Frantziaren aldeko soldadu haietako asko eta asko euskal herritarrak ziren, lapurtarrak, baxenafarrak zein zuberotarrak. Euskara ere hitz egingo zuen hainbatek. Litekeena da, beraz, Eltziegon Mariaren etxean errari dabilen haietakoren batek, aide esaterakoan, frantsesez laguntza eskatu beharrean, euskaraz hitz egitea, aide, ospa, alde esanez, alde hemendik esamoldearen adieran. Kasu horretan, are beldurgarriagoa da Mariaren testigantza…

Aste honetan Javi Perez zein Enrique Echazarra kazetariekin harremanetan jarri naiz, Mariarekin zuzenean hitz egin ahal izateko. Ez dut lortu oraindik, baina egunotako kontua izango da. Antza denez, kasua zabaltzeko baimena ematearekin batera, zuhurtzia eskatu baitzien emakumeak, batez ere bizi den jauregiaren eta bere nortasunaren inguruan, gaia lau haizetara zabalduz gero etxeko haurrak erabat ikaratu daitezkeelakoan.

Gai honekin lotutako haria eta ate iluna zabalik geratzen da, beraz, hurrengo batean Mariaren testigantza lehen eskutik jasotzeko aukera izango dugulakoan…

POST SCRIPTUM:
· Gai hau lantzeko Enrique Echazarrarekin harremanetan jarri ondoren, kazetari gasteiztarra prestatzen ari den liburu berriari buruzko informazioa heldu zait. Euskal Herriko leku magiko eta misteriotsuen gida modukoa izango da eta, bertan, besteak beste, pasa den astean hizpide izan genuen Zarauzko Narros jauregiari buruzkoak kontuak ere bilduko ditu Enriquek. Irrikaz, beraz, liburuaren zain geratzen gara…

GAI HONEKIN LOTUTAKO ESTEKAK:

· Eltziego eta soldadu frantziarrak: Eltziegon, Maria eta bere familiaren jauregian zer gertatzen den azaldu digu Gari Berasaluzek (eitb.com > Gaztea > Akabo Bakea, 2012-10-31).
· Akabo Bakea irratsaioa: Eltziego eta soldadu frantziarren misterioa (Gaztea, 2012-10-31. Audioa entzungai).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: