Agotak, arraza baztertua eta madarikatua

29 11 2012

Irailean, Iñaki Elizalde zinema zuzendari nafarrak Baztan filma aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian, Zabaltegi Bereziak sailean. Urrian heldu zen zinema aretoetara, eta oraindik ere karteldegian dago nonbait.

Mendeetan zehar baztertuak eta madarikatuak izan diren agoteak dira filmaren ardatza. Zehazki, agotek pairatu behar izan duten bazterketa, batez ere Baztan bailaran, Arizkunen, eta bertako Bozate auzoan, errekaren beste aldean agoten getthoa izan zen lekuan.

Hainbat film labur zuzendu izan ditu lehenago Elizaldek, Goya sarietararako izendatu izan dute behin baino gehiagotan, eta Oscar sarietarako hautagaien artean ere izan zen 1998an, Patesnak film laburrarekin. Orain, agoten historiarekin liluratuta, lehen film luzea zuzendu eta aurkeztu du. Angel Illarramendi musikari zarauztarrak jarri dio musika filmari (hemen entzun daiteke filmaren soinu banda).

Filma: Baztan.
Zuzendaria: Iñaki Elizalde.
Aktoreak: Unax Ugalde, Carmelo Gomez, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Txema Blasco, Kandido Uranga, Mirentxu Goienetxe.
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2012.
Iraupena: 98 minutu.

Agotei buruzko ‘Baztan’ filmaren aurrerapena edo trailerra da honakoa:

Iñaki Elizalde zuzendariaren arabera, Nafarroan, memoria historikoa berreskuratzea hain beharrezkoa ikusten den lurraldean, errepide bazterrak ez ezik, mendiak ere hobi komunez beteta daude. Eta hobi horiek, Baztan aldean eta batez ere Arizkun inguruko mendietan, agoten hezurkinek osatzen dituzte. Izan ere, agotak, ez zituzten hilerrietan lurperatzen, mendian baizik. Gauez, ezkutuan, eta hil-kanpairik gabe.

Luze hitz egin da agoten jatorriari eta madarikazioari buruz. Euskarazko wikipedian, bada agotak zer eta zein izan ziren zehatz azaltzen duen artikulu ederra, agoten jatorriarekin eta historiarekin, jasan behar izan zuten bazterketarekin, eta gaur egun arte iraun duten kontuekin osatua. Hemen irakur daiteke osorik: agot (wikipedia, euskaraz).

Agoten jatorriari buruzko hainbat teoria daude. Baztan inguruak ondo ezagutzen zituen Pio Baroja idazleak 1918an argitaratutako Las horas solitarias liburuan aipatzen duenez, hipotesirik sendoena agotak kataroen oinordekoak izatea da.

“Kataroek XII. eta XIII. mendeetan oso ezaguna izan zen kongregazio kristau bat osatzen zuten. Gurutzea tortura eta heriotzaren sinbolo maltzurra zela uste zuten eta Erromako elizak erlikien salmentarekin egiten zuen negozioa gaitzesten zuten”. Azken batean, eliza ofizialetik urrundu ziren, zentzuzko kontuak esanez: Jesukristo jainkoaren semea izatea ukatzen zuten, Mariak ezin zuela birjina izan nabarmentzen zuten, eta emakumeei parte hartzen uzten zieten ardura postuetan. Horrek guztiak, eliza ofizialaren jazarpena ekarri zien, esaten zutena erabateko heresia baitzen elizarentzat. Jazarpen hartatik eta sugarretatik ihes egiten ahalegindu ziren kataroak, batetik bestera, eta agotak haien oinordekoak direla dio hipotesi honek. Haietako asko Euskal Herrian erbesteratu ziren, batez ere Baztan aldean.

Kontuak kontu, fisikoki albiniarrak zirenez, ezberdinak ziren erbesteratu haietako asko: azal oso zurikoak, altuak edo garaiak, ilehoriak, ilegorriak, oreztadunak… Horrek, bertakoen mesfidantza ekarri zuen, eta berehala hasi ziren agotei buruzko esamesak eta kontuak zabaltzen: legenarra edo lepra zutela eta zabaltzen zutela, deabruarekin hitzarmenak egiten zituztela, eta abar. Horri elizaren jazarpena gehituz gero, berehala sortu zen agotekiko bazterketa. Euskarazko wikipediak ondo kontatzen du:

“Mendeetan zehar herrietatik at bizitzera behartu zituzten eta gainontzeko biztanleekin ezkontzea debekatu zietenez, honek endogamia bultzatu zuen, eurenganako arbuioa indartuz. Agote bezala antzemanak izateko jantzi bereziak jantzi behar izaten zituzten, sarri bularrean antzara edota katu oinatz itxurako bereizgarri gorri bat eman behar zutelarik. Legenarra zabaltzen zuten ustea zabaldu zen eta leku askotan kanpaitxo bat jo behar izaten zuten, agot ez zirenek ihes egin ahal izan zezaten. Kutsadura ekiditeko neurri gisa iturri ezberdinetan edatera, ura hartzen edo ogia erretzen azkenengoak izatera, euren tresnak baino ez erabiltzera, eurek jan behar ez zuten jakirik ez ukitzera eta abarretara behartzen zituzten. Elizan koroaren, kanpandorrearen ala eskaileraren azpian baztertuta entzun behar zuten meza, maiz alboratutako ate txikiago batetik sartu behar zuten. Elizako lurrean marra bat zegoen (burdin hesia Arizkun herrian), aldarera igo ez zitezen. Beste bataiarri erabili behar zuten eta ur bedeinkatua beste pila batetik hartzen zuten”.

Agoten bazterketarekin lotuta, literatura edo zinema elikatzeko moduko dozenaka eta dozenaka istorio daude. Horietako bat da, esaterako, Johan Acos Burgiko sarrailagilearena. Urko Apaolazak Argia aldizkarian egindako erreportaje eder batean kontatu zuena, duela bost urte.
· Urko Apaolaza: Burgiko sarrailagilea, agote madarikatua (Argia, 2007-02-25).

Bazterketaren amaierari dagokionez, “1515ean Baionako, Iruñeko, Jakako, Akizeko, Oskako, Leskarreko eta Oloroeko elizbarrutietan zeuden agotek Leon X.a Aita Santuaren bulda bat ere eskatu eta jaso zuten, gainerako eliztar guztiei emandako tratu bera jaso zezaten behartzen zuena. Neurri honek eragin praktikorik izan ez zuenez, 1819 arte egon behar izan zuten bazterketarekin amaitzeko legeen zain. Nafarroako gorteetan Erdi Aroko lege diskriminatzaileak ezabatu zituzten eta geroago, agot guztiak Madril inguruko Baztan Berri izena izango zuen herri batera deportatzen saiatu ziren. Agote gehienek ez zituzten euren etxeak utzi edota gerora itzuli ziren. Denboran zehar, diskriminazioa eta agoten izatea bera desagertuz joan zen. Orain gutxira arte bazterketa hau indarrean egon den leku urrietako bat Arizkun herri nafarra da”. Bertan, zehazki, Bozate auzoa izan zen agoten bilgunea eta ghettoa.


[Arizkungo Bozate auzoa agoten bilgune garrantzitsua izan zen mendeetan zehar].

Bazterketaren lekukotzak, ia gaur egun arte heldu dira.
Arizkunen bertan, antza denez, badira 50eko hamarkadan eskolara joan ez zitezen harrikatutako agoten lekukotzak.

Bozate auzoan, Xabier Santxotena eskultoreak, agoten omenezko parke-museoa du zabalik. Agoten historiari buruzko museoa da, nolabait. Hemen informazioa:
· Xabier Santxotenaren agotei buruzko parke-museoa, Arizkunen, Bozaten.

Agotei buruzko kontuek eta mendeetan jasan izan duten bazterketak, hainbat ikerlariren arreta piztu du. Oraintsu Iñaki Elizalde zinema zuzendariarena bezala, izan dira lehenago ere agotei buruzko kontuak bilatu, bildu, ikertu eta erakutsi edo argitaratu izan dituztenak.

· Los agotes: las razas malditas (Iker Jimenez, Cuarto Milenio, 1/2)

· Los agotes: las razas malditas (Iker Jimenez, Cuarto Milenio, 2/2)

· Los agotes I: el origen. Xabier Santxotena (1/3).

· Los agotes II: la maldición. Xabier Santxotena (2/3).

· Los agotes III: el final de la maldición. Xabier Santxotena (3/3).

Agotei eta gai honi buruzko kanpo loturak:
· Agot (euskarazko wikipedia).
· Baztan (Donostiako Zinemaldia, Zabaltegi Bereziak, 2012).
· Kataroak eta gurutzada albitarra (euskarazko wikipedia).
· Agoteak (Ainara Iraeta, Euskonews Media).
· Burgiko sarrailagilea, agote madarikatua (Urko Apaolaza, Argia, 2007-02-25).
· Gutxiengoak Euskal Herrian (Gaiak argitaraldia).
· Javier Garcia-Egocheaga: Minorías malditas (capítulo II: los agotes). Liburua osorik irakurgai, hemen (Tikal ediciones, 2003).
· Toti Martinez de Lezea: El verdugo de Dios (agoten jazarpenari buruzko eleberri historikoa. Ediciones Maeva, 2004).
· Alizia Stürtze: Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian (Gaiak, 1990).
· Xabier Santxotena: “Trabajo por convertir el complejo del agote en orgullo de serlo” (Euskonews&Media, 2004-12-10).
· Baztan, filma (baztanlapelicula.com).
· Zuloak eta Baztan, euskal zinemaren uzta berria pantailetara (Berria, 2012-10-03).
· Iñaki Elizalderi elkarrizketa Berria egunkarian, ‘Baztan’ filmaren harira (Berria, 2012-09-28).

Gai honi buruzko solasaldia, Gazteako Akabo bakea! irratsaioak ostegunero ate ilunari zabaltzen dion tartean (2012-11-29):
· Agota, arraza madarikatua (eitb.com > Gaztea, 2012-11-29).
· Agota, arraza baztertua (audioa entzungai. Akabo bakea! 2012-11-29).

agotakgaztea


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: