Itzalek su hartzen dutenean

10 01 2013

Iluntasuna, misterioa, mitologia, estetika gotikoa, literatura, diseinua eta metal sinfonikoa uztartzen dituen ekimen baten bigarren kontzertua izango da ikusgai eta entzungai gaur gauean Azpeitian, 21:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean: Diabulus in Musica taldea, Itzalen Sua liburua, diskoa eta proiektua aurkezten, zuzenean.

Iruñeko musika taldeak 2010ean argitaratu zuen lehen diskoa, Secrets, baina iaz utzi zituen liluratuta metal sinfonikoaren zaleak, The Wanderer diskoarekin. Arlo horretan, 2012ko disko onenen artean sailkatu dute Nafarroako boskotearen lana, eta disko horretako Sceneries of Hope bideoak Metal Female Voices Fest delakoan bideo onenenaren saria jaso zuen iaz.

Diabulus in Musica taldearen ‘Sceneries of Hope’ abestiaren bideoklipa:

Bat baino gehiago, honezkero, galdezka ariko da musika talde batek edo gaur gaueko kontzertuak zer duen ikusteko misterioarekin, ezkutuko kontuekin edo ate ilunarekin.

Gaumin argitaletxeak azaroaren amaieran aurkeztutako Itzalen Sua liburuan eta DVDan dago erantzuna.

Liburua eta proiektu osoa azaroaren 30ean aurkeztu zuten Durangon, eta aurkezpen berezia prestatu zuten ordurako. Gaur ere, lehenik, liburua eta DVDa aurkeztuko dute Azpeitian, 19:00etan, eta ondoren izango da Diabulus in Musicaren kontzertua.

Itzalen Sua, euskal mitologia eta estetika gotikoa edo iluna uztartuz egin den ahalegin nabarmenena da, zalantzarik gabe. Fernando Morillo idazleak sortutako istorio bat ilustratu du Xanti Rodriguez argazkilariak euskal aktore, kazetari edo idazleak bereziki jantzi eta horiei ateratako argazkiekin, besteak beste. Hemen liburuko protagonistei buruzko argazkiak eta informazioa: Itzalen Sua · pertsonaiak.


[Oihana Maritorena aktorea Lilit da Itzalen Sua ekimenean. Irudia: Xanti Rodriguez].

Emaitza, kalitate goreneko irudi, argazki eta diseinuarekin argitaratutako liburua da. Honekin batera, Diabulus in Musica taldeak proiektu honetarako sortu duen bederatzi abestiko soinu banda biltzen duen DVDa dator, Xabier Euzkitzek irakurritako audio-liburuarekin, eta hainbat estrarekin.

diabulusitzalensua

audio

Fernando Morillo idazlearekin eta Xanti Rodriguez argazkilari, ilustratzaile eta diseinatzailearekin batera, hainbat lagunek hartu dute parte ekimen honetan. Fernando Morillok, bidelagunak honela aipatzen ditu bere webgunean:

Xanti Rodriguez: argazkiak ateratzen, argazki horiei mitologiaren doinua ezartzen, infografia sinestezinak sortzen, talde osoa mugitzen eta bizitzen. Jadanik ematen ari den zer esana baino are handiagoa emango du laster gure Xantik. Goi mailako artista petoa (Ikusi Irudiak eta musika).

Alicia de Miguel: pertsonaien jantziak asmatzen, diseinatzen, eraikitzen eta haiei arima txertatzen,bere irudimen amaiezinarekin.

Monika Agirre: makillaje magikoari emana, pertsonaia bakoitzaren atzean eskutatzen zen maskara agerarazi eta indartu ditu, eta nola.

Diabulus in musica: Jainko mitologikoei zegokien doinu anitz bezain boteretsua eskaintzen asmatu dute. Orain Erdi Aroko kutsua, orain garaikide ilun eta indartsua, orain Zuberoa abeslariaren soprano dohainak erakusten. Sekulakoa. Ile guztiak lazteko moduko musika (Ikusi Irudiak eta musika).

Ezin ahaztu, eta ezin merezi bezainbeste eskertu, hainbat artista zoragarriren laguntza, mitologikerietan: Ander Lipus, Iban Garate, Oihana Maritorena, Joan Mari Irigoien, Lakrikun antzerki taldea, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Ilaski Serrano, Nerea Garmendia, Su ta Garreko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida…

Fernando Morillo berari, Itzalen Suari buruzko zenbait hitz eskatu dizkiogu gaur gaueko irratsaiorako. Azpeitiko aurkezpena eta Diabulus in Musicaren kontzertua dela-eta ezingo dugunez zuzenean aritu idazlearekin, hemen utzi dizkigu zenbait azalpen, entzungai (mila esker!).

· Fernando Morillo ‘Itzalen Sua’ liburuaz eta ekimenaz solasean, Ate Iluna saiorako.

Itzalen sua ekimenaren book-trailerra:

‘Azken guda’: Diabulus in Musica taldeak Itzalen sua ekimenaren soinu bandarako osatutako diskoko abestietako bat.

‘Itzalen sua’ ekimenari buruzko estekak eta prentsan argitaraturako albisteak:
· www.itzalensua.com (webgunea).
· Diabulus in Musica taldearen kontzertua Azpeitian (uztarria.com).
· Itzalen Sua ekimenari buruzko erreportajea, Hamaika Telebistan (http://blip.tv/hamaikatb).
· Jainko zaharrak esnatu dira. Musika, irudia eta literatura bat datoz ‘Itzalen Sua’ argitalpenean (Deia, Ortzadar, 2012-12-01).
· Itzalen Sua, mitologia ingurune garaikideetara dakarren lehen «liburu interaktiboa» (Gara, Gaur8, 2012-11-30).
· ‘Itzalen sua’ liburua eta DVDa aurkeztuko dituzte gaur Durangon (Urola Kostako Hitza, 2012-11-30).
· Fernando Morillo idazlearen webgunea (fernandomorillo.eu).
· Xanti Rodriguez argazkilariaren webgunea (xantirodriguez.com).
· Gaumin argitaletxea (gaumin.com).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: