Bizirik lurperatuak

7 02 2013

Albiste berezia heldu da aste honen hasieran Txinatik: hiltzat emandako Peng Xiuhua izeneko 101 urteko emakumea bizitzara itzuli da bere hiletan bertan.

Emakumeak istripuren bat izan zuen duela pare bat aste, eta ordudanik ohean zegoen, mugitu gabe. Bere bi alabak arduratu ziren ama zaintzeaz, baina pultsurik hartzen ez ziotenez eta gorputza gogortuta nabaritu ziotenez, hiltzat eman zuten pasa den igandean. Astelehenean, gorputza garbitu eta jantzi ondoren, hilkutxara sartzen ari zirenean, esnatu edo itzuli egin zen bizitzara Peng Xiuhua, eta bere etxean hainbeste jende zergatik zegoen galdetu zuen.

Antza denez, umore onez hartu zuen gertatutakoa amonak, gustura, benetan zenbat lagunek eta senidek maite duten ikusteko eta erraustera eraman baino lehen esnatzeko aukera izan omen duelako.

Txinan aste honetan gertatutakoak, sasoi batean gaur egun baino askoz ohikoagoa zen kontu bati buruz hitz egiteko aukera zabaltzen digu. Izan ere, jendea bizirik lurperatzea askotan ikusten zen zerbait baitzen garai batean. Horren erakusle da, esaterako, Antoine Wiertz margolariaren Azkarregi lurperatua koadroa.

Sareko edozein bilatzailetan bizirik lurperatutakoei buruzko informazioa bilatzea nahikoa da, historian zehar izan diren milaka kasuen berri zabala aurkitzeko. Bizirik lurperatzearena, nahita egin izan da historian zehar, tortura modu bat bezala. Istripuz bizirik lurperatutakoen kasuak ere denok ikusi ditugu noizbait, batez ere lurrikaren eta antzeko hondamendien kasuan, eraitsitako eraikinen hondakinen artean. Oharkabean bizirik lurperatzearena, ordea, bereziagoa da.

Historian zehar, mito, sinesmen eta kontu ugari dago gai honen inguruan, kultura eta erlijio gehienetan. Bibliak eta Koranak ere aipatzen dituzte horrelako kasuak.

Euskal Herrian, antzeko kasuen berri behin baino gehiago entzun izan diegu arbasoei. Euskarazko prentsa idatzian ere bada horren arrastorik. 1975eko irailaren 27ko Zeruko Argian, Jean Pierre Mendiburu bertsolariaren bi bertso irakur daitezke, Bizirik lurperatu nai zuen enterradoreari izenburupean. Idiazabalen garai hartan antolatzen zuten Zepai sarian gailendu zen Mendiburu urte hartan.

mendiburu

Gurean, jendea bizirik lurperatzearena, batez ere, garai batean justizia ulertzeko modurik ankerraren isla besterik ez da. Navarra 1936, de la esperanza al terror liburuan, esaterako, Nafarroan 1936ko gerran egindako sarraskien artean, bizirik lurperatutako errepublikarren kasu bat baino gehiago aipatzen da.

Nafarroan bertan, askoz lehenago, XIV. mendean, Eloko gazteluaren historiari buruzko pasarte batean aipatzen da, bertan egondako presoak bizirik lurperatzen zituztela, batez ere lapurreten kasuan. Horien izenak ere aipatzen dira. Zaraguetako Toda, esaterako.

Zigor hau, gezurra badirudi ere, mendez mende, gerraz gerra, gaur egun arte heldu da. Bigarren Mundu Gerran, esaterako, sonatuak izan ziren japoniarrek bizirik lurperatzen zituzten zibil txinatarren kasuak. Gaur egun ere, urrun joan gabe, bateko eta besteko lekukotza lazgarriak agertzen dira hedabideetan, Iraken, Sirian, Ruandan eta beste hainbat lekutan, gerrarekin lotuta beti ere.

Gai honi buruzko albisteak eta kanpo loturak:
· Una anciana china supuestamente muerta vuelve a la vida en su propio funeral (rt.com, 2012-02-04).
· Premature burial (wikipedia, ingelesez).
· Entierro prematuro (wikipedia, gazteleraz).
· Bizirik lurperatu nai zuen enterradoreari (Jean Pierre Mendiburu, Zeruko Argia, 1975-09-27).
· Gaixo hiesdunak bizirik lurperatuak (Berria, 2007-08-08).
· Nire familia bizirik lurperatu zuten (Berria, 206-10-10).
· Eloko gaztelua (hiru.com).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: