Bizitzari amaiera emateko erabakia, gero eta hedatuagoa

14 02 2013

etsita

Astelehen gauean egin zuen albisteak salto sare sozialetara: bezperan, igandean, 56 urteko gizon batek bere buruaz beste egin zuen Basaurin, etxekoei ohar bat utzita, ezin zuela gehiago esanez. Egun batzuk lehenago, etxe kaleratzeen aurkako Bizkaiko plataformarekin harremanetan jarri zen, egoera ekonomiko larriak eraginda, antza denez, etxetik kaleratua izateko arriskuan zegoelako.

Albisteak, ordea, ez zuen beste kasu batzuetan bezain nabarmen egin aurrera. Lehen orduetan nahasiak zetozen datuak. Nahasiak baino gehiago, ezkutatuak. Etxekoek eta ingurukoek ezkutatu egin baitzuten 56 urteko gizonak bere buruaz beste egin zuela eta, beraz, etxe kaleratzeen aurkako plataforma soilik izan zen heriotzaren arrazoia mahai gainean jartzera eta gertatua salatzera ausartu zena.

Hurrengo egunean, Herrialde Katalanetatik heldu zen antzeko beste albiste batek zalantzari ateak itxita uzten zizkion: Mallorcan, 67 eta 68 urteko senar-emazteek bere buruaz beste egin zuten, etxetik kaleratuak izateko agindua jaso zutenean. Senideei utzitako gutun batean, senar-emazteek zehatz azaldu zituzten bizitzari amaiera emateko arrazoiak.

Gaur bertan, Zarautzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak elkarlanean zabalik duten Neguko Etxean, bere buruaz beste egiten ahalegindu da etxerik gabeko gizon bat.

Aste honetako hiru kasu besterik ez dira, baina eguneroko errealitatea agerian uzten dutenak. Datuen arabera, zehazki, Espainian, egunero batez beste 243 lagun ahalegintzen dira buruaz beste egiten. Horietatik, 10 bat hiltzen dira egunero.

Euskal Herrian, datuak ez dira oso zehatzak ere, baina azken urteotan ari dira kasuak zenbatzen. 2011. urtean, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan, ofizialki 179 lagun hil ziren buruaz beste eginda. Inoizko kopuru handiena da. Nafarroan, 2009. urtean, ofizialki 55 lagunek egin zuten buruaz beste. Urtez urte kopurua handitzen ari dela kontuan hartuta, lurralde guztiak kontuan hartuta, erratzeko beldur handirik gabe esan daiteke: Euskal Herrian urtero 275 bat lagun suizidatzen dira batez beste.

Hedabideetan isla handirik ez

Datuak errealitate gordina erakusten duen arren, honek gero ez du isla askorik hedabideetan. Areago, kasu askotan, heriotzaren arrazoia ezkutatzeko borondate nabarmena ere ageri da zenbait hedabideren eguneroko lanean zein estilo liburuetan.

Duela urtebete, 2012ko otsailean, Zarautzen gizon batek bere buruaz beste egin zuen, trena igarotzerakoan trenbidera bere burua botata, nabarmen. Berehala hil zen. Bada, honakoa izan zen albistea euskarazko hiru hedabidetan:

· Zarautzen gizon bat hil da, trenak harrapatuta (Urola Kostako Hitza, 2012-02-23).
2012/02/23

Gizonezko bat hil da Zarautzen, EuskoTreneko tren batek harrapatuta, Santa Klara oinezkoen pasabidean zela. Enpresak jakinarazi du pasabideko hesiak une horretan jaitsita zeudela. Ertzaintzak argitu duenez, bere burua hil du, itxuran, gizonezkoak. Atzo gauean izan zen istripua, 21:20ak aldera, EuskoTrenek gaur jakinarazi duenez. Bilbo aldera zihoan tren batek jo zuen gizona. Zerbitzua ordubetez etenda eduki dute.

· Gizon bat hil da Zarautzen, tren batek harrapatuta (Berria, 2012-02-24).

· Tren istripua Zarautzen: gizonezko bat hil da Zarautzen tren batek harrapatuta (eitb.com, 2012-02-23).

Ez da kasualitatea albiste horrela idatzita agertzea hedabideetan.

Buruaz beste egitearena, oraindik ere, berariaz ezkutatzen da.
Euskal idazle ezagun eta estimatu baten kasuarekin antzera gertatu zen duela hiru bat urte. Bere buruaz beste egin zuela denek jakin arren, hedabideek saihestu egin zuten datu hori aipatzea. “Hil egin da” izan zen orduko hartan esamolde erabiliena, heriotzaren arrazoia ezkutatuta.

Sasoi hartan, euskarazko hainbat tokiko egunkariren kazetaritza ardura nuen nolabait, eta gaia lantzeko moduari buruz eztabaida izan genuen lankideen artean, indarrean genuen irizpideari buruz. Heriotzaren arrazoia norbaitek bere buruaz beste egitea denean, informazio ematerakoan datu hori ezkutatzea, erroraino sartuta dugun kultura eta hezkuntza kristauaren ondorioa dela defendatzen nuen. Sasoi batean buruaz beste egitea bekatu larria baitzen, eta horrela hiltzen zirenak hilerrietatik kanpo lurperatzen zituzten. Senideentzat eta ingurukoentzat ere lotsatzeko moduko kolpea izaten zen, eta kristautasunak ere ez zuen batere lagundu amaiera mingots hori onartzen. Bekatu barkaezina zen bizitzari amaiera ematea. Hobe beraz, isilpean geratzea kontua.

Ez da horrela gertatzen beste zenbait erlijiotan. Zerbaiten alde bizitza ematea, esaterako, ohorerik handiena da musulmanentzat, eta martiriak ohore guztiz lurperatzen eta gurtzen dituzte, ia kristauen santuen pare. Kultura kontua, alegia.

Suizidioa mendebaldeko gizartean oraindik gai tabua den arren, bizitzari amaiera ematea erabaki duten pertsonaia historiko sonatuen zerrenda ez da nolanahikoa, eta nahi adina luzatu daiteke: Kleopatra, Hitler, Kurt Cobain, Sid Vicious, Marilyn Monroe, Vincent Van Gogh, Jon Mirande edo Ernest Hemingway aipatu ditzakegu, besteak beste.

Hona hemen gai honi buruz Espainiako Telebistak iazko apirilaren 14an emandako dokumental interesgarria:

Suicidios, la ley del silencio


Gai honekin lotutako albisteak eta estekak:

· Crisis que mata: Más de 200 españoles intentan suicidarse diariamente (rt.com, 2013-01-25).
· Un matrimonio de jubilados se suicida en Mallorca tras recibir una orden de desahucio (cadenaser.com, 2013-02-12).
· Stop Desahucios achaca un suicidio en Basauri a un impago hipotecario (eitb.com, 2013-02-12).
· El Ayuntamiento de Basauri no tiene constancia de que el suicidio sea por un desahucio (elcorreo.com, 2013-02-12).
· Un sucidio a la semana (El Diario Vasco, 2010-04-11).
· Bizkaia registró 91 suicidios el año pasado, un 56% más que en 2010 (2012-06-22).
· Nueve personas se suicidan cada día en España; tres por culpa de la crisis (El Diario Vasco, 2012-10-26).
· Los suicidios, primera causa de muerte no natural en Navarra en 2009 (navarra.es, 2010-03-03).
· Navarra, una de las CCAA con la tasa más alta de suicidios entre adolescentes (Noticias de Navarra, 2011-11-24).
· Bere buruaz beste egin (Rufino Iraola, El Diario Vasco, 2010-09-02).
· Suizidioa (euskarazko wikipedia).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: