Psikofoniak, beste aldeko ahotsak

28 02 2013

Misterioarekin eta beste alderako ate ilunekin lotutako gaien artean, klasikoa bezain beldurgarria da psikofoniei dagokiena. Thomas Alva Edisonek XIX. mendean fonogramoa asmatu zuenetik eta ahotsak eta soinuak grabatzeko gai izan denetik gizakia, hildakoen ahotsak biltzearena etengabeko obsesioa izan da misterio zaleen artean.

Lehen psikofonia, ofizialki, Friedich Jürgensonek bildu zuen, 50eko hamarkadan. Baso batean txorien kantuak grabatu zituen ornitologo estoniarrak, dokumental baterako. Estudiora itzuli eta zinta entzuten ari zenean, aste batzuk lehenago hil zen bere amaren ahotsa ezagutu zuen: “Friedel, entzun nazakezu? Ama naiz”, dio, norvegieraz, adituek lehen psikofoniatzat jotzen duten honetan.

Hemen entzun daiteke lehen psikofoniatzat hartzen dena.

Ordudanik, gai honek lilura, zirrara eta beldurra eragin du gaur arte. Ez dut gogoan, Enigmas, Año Cero, Mas Allá edo 14-16 urterekin tarteka erosten nituen misterioari eta kontu paranormalei buruzko zein aldizkarik oparitutakoa zen, baina duela hogei urte baino gehiago, banuen hainbat psikofonia biltzen zituen kasete bat, Jimenez del Osoren aurkezpenarekin, eta psikofonia bakoitzaren azalpenekin. Gerora, cd formatuan berrargitaratu zuen Año Cero aldizkariak, oker ez banago. Hainbat aldiz izutu izan gara lagunartean, eskolatik mendira, ibilaldiren batera, eskiatzera edo auskalo nora joan eta gauez gelaren batean mahaiaren bueltan tertulian kontu hauek aipatu, argiak itzali, kandelak piztu eta psikofonia haiek jarrita.

Aurrena kasetean eta gero CDan izan nuen hura sarean aurkitu dut gaur. Hemen.

Izan ere, oraindik, gaur egungo teknologiekin audio pistak edozeinek nahasi ditzakeen arren etxean bertan, benetako izua sortzen dute psikofoniek. Badute zerbait berezia. Iluna. Ezkutukoa. Beldurgarria.

Lehen euskal psikofonia

Duela hamar bat urte gai hauen inguruko Kaia agerkaria argitaratzen hasi zen Juanma Gallego kazetari gasteiztarrak behin baino gehiagotan ederki landu izan du gai hau, bai psikofoniak hizpide hartzean, eta baita Otsateri buruzko kontuak aipatzean ere. Izan ere, Otsate eta psikofoniak, elkarrekin, beste klasiko bat dira misterioaz ari garenean.

Bada, lehen euskal psikofonia izan daitekeenari buruzko azalpenak aspaldi eman zituen Juanma Gallegok:
“Gure artean, Gasteiz Irratiko teknikari Aldrefo Resak Otsaten lortutako bi psikofoniak ospetsu bilakatu ziren ezohiko fenomeno honen jarraitzaileen artean. Mikel Deunaren eleizaren dorrean lortutako psikofonia horiek oso ezberdinak dira. Lehen psikofonian, emakume baten ahotsa dirudienak honakoa galdetzen du gazteleraz: “¿Qué hace la puerta cerrada?” . Bigarrenak, aldiz, neskatil baten ohiua dirudi. Hasiera batean “Pandora” ulertu zuten ikerlariek, baina gerora jende gehienak kanpora dioela uste du. Azentu fonetikoa lehen silaban egonda (“kán-po-ra”), bigarren aukera zentzudunagoa dirudi. Horrela izanez gero, lehen euskal psikofoniaren aurrean egongo ginateke”.

Hemen entzun daiteke lehen euskal psikofoniatzat jotzen dena: Kanpora!

Gai honi buruzko estekak eta informazio gehiago:
· Friedrich Jürgenson: Voices of the Dead? (sonoloco.com).
· Psicofonías famosas (adimensional.com.mx).
· Psikofoniak edo airean dauden ahots misteriotsuak (Aizu! aldizkaria).
· Otsate, misteriozaleen meka (Juanma Gallego, Kaia, 2003-09-01).
· Entzunezina entzungai (Juanma Gallego, Kaia 4. zenbakia, 2004ko uda).
· Psikofoniak (Juanma Gallego, Ipurtargia irratsaioan, Kaitin Allende kazetariarekin).
· La primera psicofonía (adimensional.com).
· Psicofonías grabadas en Ochate (El rincón de Ochate bloga, 2009-02-18).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: