Adiorik ez, komandante: agur eta ohore!

6 03 2013

Benetako justizian eta berdintasunean oinarritutako mundu hobea amesten dugun guztiok umezurtz gaude gaur nolabait. Hugo Chavez komandantea hil zen atzo.

Hugo Chavez, aitortu dezadan hasieratik, ez da nolabait nire pertsonaia historikorik gustukoenetakoa, baina aldarrikatu eta egin duena aitortu behar zaio, herriaren alde, inperialismoaren aurka, Bolivarren ametsak lau haizetara zabaldu eta benetako Amerika Batua mamitu nahian.

90eko hamarraldiaren amaiera aldera izan nuen Chavezen berri, iraultza bolivartarraren oihartzuna zabaltzen hasi zenean. Sasoi hartan Txalaparta argitaletxeko editorea nintzen, eta Mikel Markezek eta Pako Aristik sasoi hartan Venezuelan emanaldi batzuk egitekoak zituztenez, militarrak batere gustukoak ez dituen eta Chavez bezalako liderren aurrean erabat mesfidatia den Pako Aristiri proposamena egin nion, ea animatuko litzatekeen Venezuelako iraultzaren berri emango zuen liburua idaztera. Zuhurtziaz hartu zuen enkargua Aristik, eta Venezuelara joan, gertatzen zena bertatik bertara ikusi eta ezagutu, herritarrekin hitz egin, eta horren arabera ikusiko zuela liburua idatzi ala ez. Banekien, Chavezen lilura Pako Aristi bezalako norbaitenganaino iristen bazen, eta hori ondo islatzen bazuen, Chavez gurean ezagutarazteko bide polita izango zela liburua.

Emaitza hurrengo urtean argitaratu zen: Venezuela, iraultza isilaren hitzak liburua.

Orduan ikusi zuen argia Txalapartan lankide genuen eta argitaletxearen Hitzak eta ideiak aldizkariaren zuzendaria zen Carlos Aznarez kazetari argentinarraren Los sueños de Bolivar en la Venezuela de hoy liburuak ere, Chavezen asmoen, ibilbidearen eta iraultza bolivartarraren berri emanez.

Nahikoa izan nuen bi liburu haiek irakurtzea Venezuelan gertatzen ari zena ulertzeko.

Ordudanik, egundokoa izan da inperialismoaren hedabideek batean eta bestean egin duten lana Chavezen bidea lokazteko. Gezurrak, gezurrak eta gezurrak zabaltzeaz gain, Chavezen aurkako estatu kolpea haizatzea eta inperialismoaren zein kapitalismo basatienaren aldeko interesak defendatzea izan da Washington, Miami eta Madril ardatz izan dituen zabor kazetaritzaren egiteko nagusia.

Denborak eta historiak, ordea, bakoitza bere lekuan jartzen du. Hugo Chavezen ekarpena historia liburuetan geratuko da, eta komandantea hil bada ere, haren lanak eta iraultza bolivartarrak aurrera segitzeko bide zabala dute landuta.

Gaur, beraz, besarkadarik estuena Venezuelako herriarentzat. Adiorik ez komandantearentzat. Eta Zarauztik, bereziki, Herrien Elkartasuna lantzeko ardura dudan zinegotzi ordezkari bezala, agur bat bat Venezuelan jaio eta Zarautzen bizi diren 59 lagunentzat.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: