Hildakoen iturria

4 04 2013

Beste behin ere, Euskal Herrian gertatutako kontu misteriotsu bat ezagutarazi zuten Milenio3 irratsaioko lagunek pasa den martxoaren 17an. Zehazki, Trebiñu Konderrian hildakoak, iturri berezi bat, eta haurrek horrelakoetarako duten aparteko zentzua uztartzen dituen istorioa da Javier Sierra idazleak eta kazetariak kontatu zuena, sasoi batean Trebiñu Konderrian bertan eta gaur egun Madrilen bizi den emakume baten lekukotza zuzenarekin.

Klara izena du emakumeak, eta pasa den abenduan Trebiñu Konderrian aurkitutako hezurkin batzuek biribildu dute berak orain irratian kontatutako istorioa (hemen entzun eta jaitsi daiteke: Milenio3, 2013-03-17, 63. minututik aurrera). Duela 20 urte hasi zen istorioa, hain zuzen ere. Hitzez hitz honakoa da Klararen lekukotza, Ate Ilunerako euskaratuta:

“Nire ahizpa zaharrak immuno-eskasia eragiten duen gaixotasun arraro bat zuen, Wiskott-Aldrich Sindromea izenekoa, eta iraunkorki arriskuan zegoen. Azken batean, immuno-eskasiarekin lotutako gaitz larrienetakoa da. Txikia nintzenean, oso gogoan dut, bere ondoan egoteko eskuak garbitu behar izaten nituen etengabe, kalera oso gutxitan ateratzen zen, eta bere bizitza laburra ohean etzanda eman zuen batez ere. Horrela oroitzen dut Kandela, nire ahizpa”.

Bederatzi urte zituen garai hartan Klarak, ohean zegoen ahizpak ezusteko eskaera egin zionean. Eskaera, agindua, oharra, iragarpena. Auskalo zer zen hura.

“Herrian bazen iturri bat, eta haurrak han aritzen ginen jolasean, ohiko kontuetan: batak besteari busti, globoak bete eta bota, eta antzekoak. Egun batean, ahizparekin nengoela, agurtu eta kalera nindoala esan nion, lagunekin iturrira joateko geratu nintzelako. Normalean baino aurpegiera serioagoarekin begiratu ninduen orduan, eta ez zaitez iturrira joan esan zidan. Harrituta galdetu nion, zergatik ez ote nuen joan behar, eta erantzuna arraroa izan zen: Klarita, ez zaitez iturrira joan, hildakoak daude-eta han. Ea zer arraio esaten zuen galdetu nionean, berriro errepikatu zidan: ez zaitez iturrira joan, hildakoak daude“.

Iturri haren inguruan ez zegoenez ez hilobirik ez hilerririk ez ezer, Klarak ez zion kasurik egin ahizpa zaharrari, hura ohean zegoen bitartean ahizpa gaztea kalera atera zedin ekiditeko egoskorkeria besterik ez zelakoan kontu hura. Ohean zegoen ahizpa zaharrak, gaztearen konpainian geratzeko eta harekin jolasteko amarrutzat erabiltzen zuena.

Klarak ez zion kontu hari garrantzi gehiagorik eman. Ahizpa zaharra hiruzpalau urte geroago hil zen, baina bizitzak aurrera segitu zuen. Klarak alaba bat izan zuen, eta udan eta oporraldietan, hiriburutik herria itzuli ohi ziren, atseden egunak pasatzera. Ahizpa zaharra gogoan, Kandela izena eman zion alabari ere.

“Nire alabari asko gustatzen zitzaion herrira etortzea. Urteek aurrera egin ahala, gure antzera jolasten zuten haurrek: uda, beroa, iturria, betiko jolasak… Duela bizpahiru uda, ordea, egun batean nire iloba etorri zitzaidan bila, nire ahizparen alaba: Izeko, Kandelak bere bila joateko esaten du. Oso beldurtuta dago. Ea zer gertatu zen galdetu nion ilobari. Ea zerbait gertatu zitzaion alabari, ala norbaitekin borrokan aritu ote zen, edo auskalo. Ez, ez, baina bila joateko esaten du, etxera joan nahi duela erantzun zidan ilobak”.

Klararen harridura izu bihurtu zen alabaren bila joan zenean. Herriko plazako iturrian ari ziren jolasean haurrak, eta haiengandik apur bat aldenduta zegoen alaba, negarrez, izututa. Sei urte zituen alabak iturri hari buruz hildako ahizpak esandakoa jakitea ezinezkoa zen, Klarak inori ez ziolako sekula kontu hura aipatu, baina bertara heldu orduko ohartu zen zerbait arraroa gertatzen zitzaiola alabari.

“Ea zer gertatzen zitzaion galdetu orduko etxera eramateko erregutu zidan. Etxean, merienda eman eta isilik segitzen zuen, beldurtuta. Halako batean, herritik alde egiteko eskatu zidan: Ama, goazen Madrilera, nik ez dut gehiago etorri nahi herri honetara. Uda erdian geunden, oporretan, eta ea erotu zen esan nion. Ezin genuela Madrilera itzuli. Ea zer gertatzen zitzaion galdetu eta ez zidan ezer erantzuten. Oso arraro zegoen. Gauean, nire senarrak eraman zuen logelara, lokartzera, eta hark galdetuta, erantzun egin zion: Aita, mamu bat ikusi dut iturrian, eta beldurra daukat. Senarrak galdetu zion ea nola zekien mamua zen, eta alabaren erantzuna: zaurituta zegoelako, eta ez zituelako gu bezalako jantziak. Ezberdina zen, eta eta gainera nik bakarrik ikusten nuen“.

hildakoeniturria

Alabak ez zion bueltarik ematen izuari, eta azkenean gurasoek Madrilera itzultzea erabaki zuten. Horretan geratu zen kontua, eta Klarak ahizpa zaharrak urte batzuk lehenago iturriari buruz esandakoarekin lotu zuen gertaera, eta leku hura bere oroimenean betiko misterioan bilduta geratu zen.

Pasa den abenduan, 2012ko abenduan, Trebiñu Konderrian, lan batzuen harira iturria mugitu eta hezurrez betetako hobi bat aurkitu zuten arte. Karlistaldian izandako borroketan hildako soldaduen hezurrekin.
Duela hiruzpalau hilabeteko aurkikuntzaren berri oraintsu izan du Klarak, eta berehala lotu zuen ahizpak esandakoarekin eta urte batzuk geroago alabak ikusi omen zuenarekin. Ahizpa zaharrak eta alabak, bazuten, nolabait, iturriaren azpian gordeta zauden soldadu haien berri.

Haurrak, beste behin ere, beste inork ikusten ez dituzten kontuak ikusiz eta kontatuz.
Ate ilunaren beste aldean dagoena erakutsiz, izututa.

labatalladetrevino

Gai honi buruzko informazio osatuagoa eta kanpo loturak:
· Milenio3: 12 denboraldia, 28. irratsaioa (2013-03-17. ikerjimenez.com).
· La batalla de Treviño (Francisco Manuel Oller).
· Una guerra al descubierto (El Nuevo Día, 2011-07-07).
· Trebiñu (euskarazko wikipedia).
· Síndrome de Wiskott-Aldrich (gaztelerazko wikipedia).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: