Antzinako euskaldunen ilargi egutegia

25 04 2013

Hamar urte beteko dira aurten Josu Naberan idazle eta ikertzaileak Antzinako euskaldunen ilargi egutegia liburua argitaratu zuenetik.

Naberanek ikertu eta liburu horretan bildutakoari buruzko hainbat artikulu aurki daitezke batean eta bestean, baina egileak berak azalpen zehatzak eman zituen Estitxu eta Ixiar Eizagirrek Argia aldizkarirako 2004an egin zioten elkarrizketa batean. Bertakoak dira honako galdera-erantzunak:

Nola hasi zinen euskaldunen ilargi-egutegia aztertzen?

Historiaurreko nobela bat idatzi nahi nuenez, kobak bisitatzera joan nintzen, Dordoinara (Bordeletik 200 km ingurura). Han aurkitu nuen egutegi arraro bat, harrian grabatutako puntuek osatua. Ilargi egutegi bat zela irakurri nuen, eta ikertzen hasi nintzen, puntu haiek zer esan nahi ote zuten jakiteko. Geroago, Bilboko museoan topatu nuen Berriatuan aurkitutako zintzilikario polit bat, orain dela 10.000 urtekoa. Hezurrezkoa zen eta puntuak zeuzkan markatuta. Begira hasi nintzen, antzinako egutegia izan ote zitekeen. Horretan euskarak pista handiak ematen ditu, hainbat hitz mantendu direlako «aste» eta “egu” erroa daramatenak.

Zer esan nahi dute, bada, «aste» eta «egu» erroek?

“Aste” gauen zenbaketa da, “arrats”etik datorrena. Eta “egu” da “argia”, baina berdin eguneko zein gaueko argi aldia. Haiek gaueko argialdiak zenbatzen zituzten. Nire hipotesia da ilargi faseen araberako denbora zikloak zenbatzen zirela.

Ilargi egutegi horren arabera, nolakoak lirateke asteak?

Euskaldunen asteak 15 egun lituzke. Lehenengo “hilena” dator, ilargi berria, argirik ez dagoena. Gero, “astelehena”, sei gau dituena. Ondoren “asteartea” ilgora eta ilbehera liratekeena, ilargia fasez aldatzen dena, asteen artean dagoen eguna. Azkenik, “asteazkena”, ilgoran lau gau eta ilbeheran sei gau zituena.

Ilbetearen bueltan, “egu” erroa duten lau eguneko multzoa dator: “eguaztena”, egu hasten denean; “eguena” eguren egun nagusia; “barikua” eta igandea. Hori da larunbata, lau edo bost eguneko jaia, hilero, ilargi betearen inguruan egiten zena. Erromatarren idatzietan ere ageri da euskaldunen jai handi hauen berri.

Zer alde dago egutegia eguzkian edo ilargian oinarritu?

Hasteko, urtearen zentzua aldatu egin zaigu. Lehen, “urte” zen uren zikloa, urak urtzen zireneko aldia, alegia, martxotik urrira. Azarotik otsailerakoa, berriz, “elurte” zen, kontrako hitza. Uda eta negua bereizten ziren, beraz. Orain urteak esan nahi du lurrak eguzkiaren inguruan bira emateko behar duen denbora, unitateetan zatikatuta.

Ilargi egutegia guztiz desberdina da, ezin da hain zehatz zatikatu, ilargiaren kontua beti delako gutxi gorabeherakoa. Aste batzuk daude 14 egunekoak, beste batzuk 15 edo 16koak… Izan ere, hemendik ikusten dugun ilargiaren arabera egiten zituzten egutegiak. Berez, espazioan, ilargiak beti 26,9 gau behar ditu lurrari bira emateko.

Nola izan zen ilargi egutegitik eguzkikorako aldaketa?

Erromatarrek lehenik, eta ondoren kristautasunak jarri zuen egutegi berria. Ilargi egutegia ez zen aintzat hartu eta desagertu egin zen. Baina nekazarientzat erreferentzia ziren egunei santu izena eman, eta jai kristau bihurtu ziren. Argigarria da nola jai kristauak ere 20-40 egunera izaten ziren. Euskaldunon zenbaketa sistema ere hogeikoa da, eta ilargi egutegia ere bai.

Orain dela 30-40 urte, Elizak santuen jai egunak ere aldatu egin zituen, liturgia berriaren izenean. Aurreko erreferentziekiko beste eragin negatibo bat izan zen. Interes unibertsalei begira, ez zitzaien otu gure kulturaren ezaugarriak interesgarri zirenik.

Zer balio luke antzinako ilargi egutegiak egun?

Egutegi hori berreskuratuko bagenu, batzuen iritziz hilean lau jai-egun gutxitxo lirateke. Baina lan ere egin beharko genuke haiek egiten zuten kopuruan, hau da, lau edo bost ordu egunean, gehienez. Hori nahikoa zen premiak asetzeko, ez zuten horrelako metaketa handirik egiten etorkizunerako.

Ilargi egutegia ez zen Euskal Herrian bakarrik erabiltzen.

Pirinio alde dena, Kantabria, Asturias, eta Dordoina, gutxienik, kultura berakoak ziren. Paleolito ostean urrunago ere zabaldu zen kultura hura, Senara eta Europa erdialdera, Suitzara…

Frantziako 16 gune desberdinetako toponimia aztertzen ari naiz, eta euskarazko erroa dute izen gehienek. Hori frogatzea izango da nire hurrengo ahalegina.

Gai honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Josu Naberan: «Euskal mitologia zaharretik asko dugu ikasteko» (Argia, 2004-02-29).
· Euskaldunen ilargi egutegia. 15 eguneko astea (Berria, 2003-12-05).
· Euskaldunon ilargi egutegia. Audioa > elkarrizketa, Josu Naberan (Koska irratia, 2010-02-17).
· Ilargiaren gau eta egunak (Berria, 2003-12-07).
· Euskal egutegia (euskarazko wikipedia).
· Euskaldun ilargi-egutegia (Joseba Aurkenerena, kazeta.info, 2010-10-19).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: