Heriotzaren zerbitzura

23 05 2013

Kultura gehienetan heriotzari beldurrez begiratzen diogun arren, hileta zerbitzuak errealitatea ez ezik negozioa ere badira, baita gurean ere. Azken urteotan asko aldatu da heriotzarekiko ikuspegia, hein handi batean legeek hala behartuta.

Sasoi batean etxean izaten zen hilbeila, hildakoaren gorpua bertan zela.
Gaur egun, ez da horrelakorik onartzen, eta salbuespenak hil-kaperak izaten dira, gorpua eraikin publikoren batean izaten denean eta antzekoetan.

Modu batera edo bestera, gaur egun, lurperatuak zein erraustuak izan, hildakoek hileta zerbitzuek eskaintzen dituzten ohiko tramiteetatik igaro behar dute: araututako hilkutxak, tanatorioak, erraustuak zein lurperatuak izateko arau eta baldintza zehatzak, eta abar.

Horren inguruan, noski, hainbat enpresa mugitzen da.
Egunotan, zehazki, Hileta Zerbitzuen Nazioarteko Azoka ari da izaten Valentzian, Herrialde Katalanetan: Funermostra.

roler1

roler3

roler4

roler5

roler7

Bertan, atzo, gaur eta bihar, munduko 30 herrialdetako 120 enpresa inguru ari dira parte hartzen. Funerarietako autoak, hilkutxak, hildakoen errautsak gordetzeko ontziak eta, oro har, heriotzaren inguruko produktu guztiak ekoizten eta saltzen dituzten enpresak dira, sektore horretarako berrikuntzak aurkezten eta erakusten, heriotzari buruzko hitzaldi eta aurkezpenekin batera.

Antolatzaileek nabarmendu dituzten berrikuntzen artean, hileta zerbitzuetan azkenaldian gorakada nabarmenena izan duten hiru kontu daude: internet bidezko eskelak edo hil-berriak, errautsak gordetzeko ontzi biodegradableak eta, batez ere, ohikoen aldean merkeagoak direlako gero eta gehiago saltzen diren kartoizko hilkutxak.

Hauez gain, sektorean ohikoak diren hozkailuak, autopsia mahaiak, loreak, tanatopraxiarako edo hildakoak erakusgai mantentzeko produktu kimikoak, hilarrietarako marmolak eta gainerako materialak, errauste labeak, hilkutxak eramateko autoak eta abar ere erakusgai dago nazioarteko azoka honetan.

· · ·

Batzuek erreparoz hartzen badute ere gaia, azken urteotan, telebistako telesail onenetako baten ardatza izan da hileta zerbitzuena. Zehazki, Six Feet Under (Bi metro lur azpian) serie amerikarra horri buruzkoa da. Funeraria bat du telesailaren ardatza den familiak, eta atal bakoitza hildako bati buruzkoa da. Hildako horren ingurukoen eta funeraria duen familiako kideen artean sortzen diren gorabeherak biltzen ditu, funeraria baten bueltan mugitzen den guztiaren inguruko gidoiarekin ondo uztartuta, eta emaitza bikaina da.

AEBetan ez ezik, munduko hainbat herrialdetan ere telesail arrakastatsua izan zen Six Feet Under, denborarekin kultuzkoa ere bihurtu dena nolabait. Bost denboraldi izan zituen, guztira 63 atalekin.

Nik, pertsonalki, bizitzan ikusi ditudan telesailen artean, dudarik gabe, hiru gustukoenen artean dudana da.

Six Feet Under (Bi metro lur azpian) telesailaren hasierako kredituak:

· · ·

Euskal Herrian, heriotzaren inguruko ohiturei buruzko hainbat lan argitaratu da.
Gaur egun heriotzaren aurrean hartzen diren erabakiak erabat araututa eta bateratuta daude oro har, baina mendeetan zehar, atzo arte nolabait, heriotzaren inguruko ohitura eta erritu berezi eta ugariko herria izan da gurea. Mendietan eta lautadetan dauden trikuharri eta kromletxetatik hasi, hilarrien berezitasunetatik segi, eta heriotzaren inguruko usadio ugarien bilduma zabaleraino.

Horietako asko, gaia ederki landu duten liburuetan aurki daitezke.

Juan Garmendia Larrañagaren hau, esaterako, osorik eskuratu daiteke sarean:

Costumbres y ritos funerarios en en País Vasco (desde el siglo XVI a nuestros días)

ritos
[liburua, PDFan]

Baina badira gehiago ere:

· Juan Madariaga: Historia social de la muerte en Euskal Herria (Txalaparta).

Pedro Zarrabeitia: Estelas discoidales en Euskal Herria (Pamiela).

Ritos funerarios en Vasconia

Euskal Herrian sasoi batean heriotzaren inguruan izaten ziren ohitura horietako zenbait laburtu zituen Itziar Artetxek bere blogean (2009-01-18), Heriotza ohiturak Euskal Herrian izeneko sarrean.

Hemen kontu nabarmenenak:

· Hilzorian egonda, heriotza luzatzen bazen, teila bat kentzen zuten hainbat herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan. Gainera euskal gizartean, hileta errituetan, emakumeek gizonezkoek baino garrantzi gehiago izan dute. Emakumeak izan dira neurri handi batean erritu horien bitartekariak.

· Hil ostean, beste senideak deitu eta etxeko animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki. Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara. Ezin zitekeen bide arruntik erabili. Bide honek izen ezberdinak zituen: elizabide, gorputzbide, andabide, zurrunbide…

· Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen. Hasieran, ehorzketak elizan egiten zireneko garaian, hilobia eliza barruan zegoen. Gerora hilerria elizaren inguruan jarri zuten.

· Hil meza garaian, etxekoandreak zenbait eskaintza egiten zituen jarlekuan, etxeko hildakoei. Argiaz gain, janariak ere jartzen zituen, normalean ogia (zenbait herritan ogi bereziak ziren, hiru edo lau buru zituztenak), baina haragia eta animaliak ere erabiltzen ziren. Aldi berean, elizaren atarian idi edota ahari bat utzi ohi zuten. Opari gisa ere, hildakoaren ohepekoa (lastozkoa izaten zena), hil bideko lehen bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, hainbatetan, ur bedeinkatuaz sua zipriztinduz.

· Elizkizunak eta ehorzketa amaitu ostean, senideak eta gonbidatuak etxera joaten ziren mezatako bazkaria zena ospatzera. Bazkarian, otoitza egin ondoren, senideren batek hildakoaren izaera goraipatzen zuen eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitzen zen, irriak eta txantxak zabalduz han zeuden guztien artean.

· Hildakoei egiten zitzaien oparien artean argia zen garrantzi gehien zuena. Iluntasunaren mundu horretan argia ezinbestekoa zela uste baitzuten. Horretarako tortxa eta kandelak erabiltzen ziren; batzuk ezko luzedunak ziren. Hauek ezkogixor edota bildumena izena hartzen zuten. Askotan ohol berezi bati inguraturik zegoen ezkoa; ohol horrek argizaiola du izena. Argizaiolak giza itxura du eta askotan oso landuta dago. Argizaiolak, beste opariak bezala, jarlekuan jartzen ziren.

Gai honi buruzko informazio osagarria eta kanpo loturak:
· Garmendia Larrañaga, Juan: Costumbres y ritos funerarios en el País Vasco (liburua, osorik, PDFan).
· Heriotza ohiturak Euskal Herrian (Itziren bazterra bloga, 2009-01-18).
· Heriotza ohiturak Euskal Herrian (Itziar Artetxe, Territorios, El Correo).
· «En los ritos funerarios vascos la gran protagonista es la mujer» (Gara, 2007-10-31).
· Antxon Agirre Sorondo: Los rituales mortuarios en Euskal Herria (Euskonews&Media 186.zbk, 2002-11-01).
· Estelas discoidales en Euskal Herria (estelasdiscoidales.com webgunea)
· Six Feet Under (oficial website).

tombstone2

POST SCRIPTUM:
· Heriotzari buruzko ‘Goian’ aldizkaria sortu du Funeuskadi ehorztetxe taldeak (2014-01-08).
Hemen klik eginda eskuratu daiteke aldizkaria PDFan.
goian


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: