Ez zaizkit zakurrak gustatzen

31 05 2013

zakurrak

Inork fobiarik lepora ez diezadan, hasieratik hasiko naiz: ez zaizkit zakurrak gustatzen.
Fisikoki, esan nahi dut.

Nahiago ditut katuak, zebrak, tximeletak, oreinak edo enarak. Askoz eleganteagoak iruditzen zaizkit, zakurren artean ere eder eta elegante askoak izango diren arren.

Gustu kontua da.

Fisikoki latinoak asiarrak baino gehiago gustatzen zaizkidan bezala.
Ez dago esan beharrik, nire gustu pertsonalek ez dutela zertan gustatzen ez zaidanarekiko fobiarik elikatzen. Asiarrentzat edo beste edozeinentzat zabalik ditut eskuak.
Palestinara duela zenbait urte egindako bidaian behin eta berriro nabarmentzen zuten adiskide arabiarrek: “guk ez dugu ezer juduen aurka. Erlijioaren izenean herri gisara egiten digutena da onartu ezin duguna, sionismoa. Juduak, esku zabalik hartzen ditugu errespetatzen gaituzten heinean”.

Adibide egokia iruditzen zait zakurrei buruzko eztabaidarako.
Iritzi artikulu interesgarria argitaratu du gaur Gara egunkarian Imanol Intziarte kazetariak: Pues yo no quiero jugar con tu perro.

Laburpena, esaldi batean: “el derecho de unos a tener un animal no está por encima del derecho de otros a pasear con tranquilidad”.

Bertan esaten duen guztiarekin bat egiten dudanez, beste batzuen antzera sare sozialetan zabaldu dut artikulua, azkenaldian zakurren inguruan gertatzen ari denarekin sumintzen hasita bainago. Pasa den astean, herriko taberna batean, tabernan bueltaka zeuden hiru zakurretatik biren babak edo lerdea edo dena delakoa eskuan nuela atera nintzen kalera, nik barran eskatu nuen bakarra zurito bat izan arren. Azken bizpahiru urteotan parkean edo kalean zakurren batek haurraren gainera salto egin ondoren “ez du ezer egiten” delakoa ere ez dakit zenbat aldiz entzun behar izan dudan.

Bada, Imanol Intziarteren iritziarekin %100 ados nagoela idatzi eta ez sinestekoak dira jasotako erantzunak: “Orduan lotu zazu alaba ere”, edo “ez bazaizkizu gustatzen izorratu neri ere kalean ikusitako gauza asko etzaizkit gustatzen baino horregatik ez naiz inposatzen hasten eta askatasuna kentzen”, eta antzekoak.

Ez dago esan beharrik: eztabaida eraikitzaileetarako, erabat zabalik.
Gainerakoan, ez du merezi.

Eta gaiarekiko kezka ez da pertsonala. Kolektiboa baizik.
Gure herri eta hiri guztietan lehen mailakoa da kontu hau, inork gaiari behar bezala heltzen ez dion arren.
Milaka eta milaka zakur daude erroldatuta gure herrietan, eta haurren artean galdezka hasiz gero, herri gehienetan, kezka nagusia da zakurrekiko beldurra, edota zakurrek parkeetan uzten dituzten opariena. Porrotxek behin eta berriro aipatzen du kontua.
Haurrek zakurrekiko duten kezka horren haritik sortu zuen Irrien Lagunak Klubak Lagun pertsonaia. Lagun zakurra, zehazki klubak sustatzen eta nabarmentzen dituen baloreak nabarmendu nahian, haurrek zakurrekiko beldurra galdu, zakur bat modu alaian eta maitagarrian erakutsi, eta sustatu nahi diren baloreak zakur horren bidez erakutsiz: bizikidetza, elkarrekiko errespetuan eta elkarrizketan oinarritua, eskubide berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna.

lagun

Hau baita kasu honetan ere kontuaren oinarria: elkarrekiko errespetua eta bizikidetza. Adiskide palestinarrek bezala, nik ez dut ezer juduen aurka, edo asiarren aurka. Baina ezin dut onartu norbait besterik gabe ondokoari muturreko bat ematen ikustea. Sutu egiten naiz. Leku itxi batean zigarroa piztu eta ‘ez dizu molestatzen, ezta?’ esaten dutenekin bezala, behin zigarroa piztu ondoren. Kalean zabiltzanean edo taberna batera sartzean ezagutzen ez dudan zakur bat eskuak edo galtzak miazten hasten zaizunean bezala.

Askatasuna, azken batean, aldamenekoarekiko errespetua urratzen den lekuan amaitzen da. Bien bitartean, beste guztia da zilegi. Izan festa. Izan nahi den edozer. Zakurrarekin kalean ibili nahi duena, ibil dadila, lasai asko, ni aterki gorri batekin ibiltzen naizen modu berean. Kontua ni aterki gorriarekin jendea ostiatzen ez joatea da. Edo aterkiarekin jendea apaizen antzera bedeinkatzen ez ibiltzea. Libre zara nahi duzuna egiteko, baina errespetatu besteen askatasuna ere. Nik ez dut zure zakurrak eskua miaztu diezadan nahi. Nik ez ditut zure zakurraren hankak gainean eduki nahi. Ez dut zure zakurrak alabaren gainera salto egin dezan nahi. Alaba jolastuko da zakurrarekin osabarekin dagoenean, edo amonaren etxean, edo nahi duenean. Baina hori: berak nahi duenean, ez ezagutzen ez duen zure zakurrak baimenik eskatu gabe gainera salto egin dionean.

Ez ahaztu: ligoteo sanoa bi aldeek nahi dutenean jolastea da. Bestea erasoa da.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: