Desioak sutan, batzen gaituenari begira

16 08 2013

Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta Zarautzek aurten inoiz baino samurrago hartu nahi izan ditu haur sahararrak. Oporrak bakean igarotzera heldu direnei, Saharar Herria gure bihotzean dugula erakutsi nahi izan diegu. Abuztuaren 15ean, ehunka desiori su eman eta hegan jarri nahi genituen, Saharan izarrak ikustean Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna sentitu zezaten.

Zarauzko malekoia elkartasunez piztu nahi genuen eta, ikuskizun ederra izateaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera eman nahi zuen guztiari. Helburua ere iragarri genuen: su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita.

Ekitaldiak eta herritarren zein bisitarien partaidetzak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: erositako 2.000 su bolak agortu egin ziren, eta jende asko geratu zen desioei su emateko irrikaz. Baina ikuskizunaz behintzat gozatu zuten. Ederra izan zen, benetan. Ekimen berezia bezain polita.

Batzuetan, zerbait ondo ateratzea kasualitate askoren bilduma izan ohi da, eta abuztuaren 15ekoak behar zituen karanbola batzuk horretarako: eguraldia, haizearen norabidea, ekimena herrikoia bihurtzea, boluntarioen lana, antolaketa eta abar. Antzeko ikuskizunetarako baimenak, segurtasun planak eta gainerakoak bete ondoren iragarri genuen ekitaldia, eta azkenean dena ondo atera zen. Izarrek ere Sahararen alde lerrokatu nahi izan zuten.

Berrogeita hamar bat lagun aritu ziren boluntario lanetan ia hiru orduz, antolatzaileok emandako irizpideak zabalduz, su bolak salduz, su itzalgailurekin ikuskizunaren eremua zainduz, parte-hartzaileei lagunduz eta abar. Guztien laguntza gabe, ezinezkoa izango litzateke ‘Desioak sutan Sahararentzat’. Zarauzko Udalaren izenean, guztiak eskertu nahi ditut, ekitaldian parte hartu zuten milaka lagunekin batera.

Argi dago hurrengo urteotan ekitaldi berezi bezain eder honek segida izango badu, herenegun zuzendu beharrekoak iruditu zitzaizkigun zenbait kontu hobeto zaindu beharko ditugula, aurten ere aurreikusita eta zainduta genituen arren: hondakinen kudeaketa, segurtasuna, su bolen banaketa, eta abar. Bada zer hobetua, noski. Erortzean berriro jaikiz ikasi izan dugunak gara. Arazorik ez, beraz, akatsak aitortzeko, hurrena zuzendu ahal izateko.

Oro har, ordea, ‘Desioak sutan Sahararentzat’ ekimenak Zarautz herri bezala sare sozialetan eta hedabideetan nabarmentzea lortu du, ikuskizun berritzaile eta eder baten hizpidean. Positiboan. Egundokoa da atzo heltzen hasi ziren argazkien eta bideoen kopurua, eta ekimenak izan duen oihartzuna. Zarauzko zerua inoiz baino politagoa zegoela eta milaka desioren distirak edertzen zutela irakurri ahal izan genuen batean eta bestean, euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, alemanez…

Kanpotik heldutako lagun batek aipatu zidan behin: “Daukazuen herria edukita, ez dakit nola arraio aritzen zareten elkarri ostiaka, Zarautz lau haizetara zabaldu beharrean”. Ez du arrazoirik falta. Nik behintzat bi ikasgai atera ditut ekimen eder honetatik. 1. Batzen gaituenari begira elkartzen garenean, dena askoz errazagoa, herrikoia eta arrakastatsuagoa da, nabarmen. Badugu zer hausnartua, beraz, denok. 2. Aldaketen aurrean ausardia ezinbestekoa dugu aurrera egiteko. Armairuan pilatuta ditugun arropa zaharrak mugitu ezean, nekez izango dugu lekurik arropa berrientzat.

Desioak sutan ekimenak badu lekua dagoeneko zarauztarron bihotzetan. Batu gaituen zerbait bihurtu da. Ez dezagun ahaztu ikasgaia. Amaitzeko, eta desioak bete daitezen isilpean mantendu behar direla esaten den arren, hau herenegun milaka lagunen aurrean desiatu eta esan genuenez, errepikatu egingo dut: Gora Sahara askatuta!


Ekintzak

Information

2 responses

18 08 2013
jokinizar

Aldez aurretik eskerrak emanez, esan behar dizut ausardi handiz zure blogetik zenbait hitz kopiatu ditudala nire blogerako. Ez badidazu baimenik ematen borratuko ditut. Posta nola geratu den ikusteko hona hemen nire blogaren helbidea: http://jokinizar.wordpress.com/

19 08 2013
gaRi2017

Arazorik gabe, Jokin. Erabili lasai, behar duzunerako 😉

Utzi iruzkina