Silviaren etxean, bizilagun berriak ezagutuz

19 11 2013

Iaz bezala, aurten ere SOS ARRAZAKERIAk antolatutako ekimen eder batean parte hartzeko aukera izan dut: BIZILAGUNAK · LA FAMILIA DE AL LADO · NEXT DOOR FAMILY. Honen baitan, herritar berriak eta herrian sortutakoak bazkaria konpartitzeko elkartu ginen igandean. Zarautzen ez ezik, baita Gipuzkoan ere. Guztira, 120 familiatik gora, 60 bazkaritan.

Ekimena Europako beste zenbait herrialdetan ere egin zen, egun berean eta une berean. Guztira, 2.000 lagunetik gora aritu ginen, etxeko atea zabaldu, aurreiritziak gainditu, eta arrazakeria eta aurreiritziak kanpoan utzita, elkar ezagutu nahian. Etorkinak eta bertakoak. Hemen sortutakoak, eta hona etorritakoak. Elkarrekin.

Hemen bildu nuen iazko kronika: Bizilagunak (2012-11-18).

Iaz dinamizatzailea izan nintzen bi familien artean. Patricia (Argentina) eta Daviden (Uruguai) etxean izan ginen, Zarautzen. Bi urteko alaba dute: Afrika. Kristian eta Marianne izan ziren gonbidatuak, hemen sortuak izan arren, etorkin alemaniarren ondorengoak.
Aurten, berriz, gonbidatua izan naiz, Silviaren etxean. Mikel Goenaga lagun eta lankidearekin joan nintzen, eta Silviak ateak zabalik hartu gintuen, hiru seme-alabekin batera: Rocio (21), Rodrigo (19) eta Benjamin (17). Juana Mari aritu zen dinamizatzaile rolean, Zarautzen bizi den azpeitiarra.

Silvia argentinarra da, eta hamar urte daramatza Zarautzen bizitzen.
Trenque Lauquen-en jaio zen, Buenos Aires probintzian, duela 48 urte.
Azaroaren 29an beteko dira hamar urte Argentina utzi eta Zarautzera heldu zenetik. Ez du erraz ahazten data. Gogorra izan baitzen erabakia.

2001 urtearen amaieran lehertu zen krisia Argentinan. Bankuek hondoa jo zuten, korralitoa heldu zen, eta herrialdea ekonomikoki ekaitz betean sartu zen. Dozenaka mila lagunek alde egin zuten bizimodu hobearen bila beste herri eta lurraldeetara.

Hiru seme-alaba zituen ordurako Silviak. 7, 9 eta 11 urte zituzten Benjamin, Rodrigo eta Rociok, hiruren aita eta Silviaren bikotea goizetik gauera lanik gabe geratu zenean. “Rolandoren enpresa itxi egin zuten, eta egun batetik bestera ogia erosteko ere dirurik ez genuela geratu ginen. Oso gogorra izan zen. Hiru haur izanda, asko pentsatu behar izan genuen. Ia bi urte eman genituen zer egin erabaki ezinik, etsita. Argentina utzi, lana aurkitu eta bizimodua aurrera ateratzeko modua izango genuen lekuren baten bila ibili ginen. Zalantza egin genuen, Kubara joan ala ez, han oinarrizko elikadura eta hezkuntza bermatuta dagoelako. Azkenean, hemen zegoen ezagun baten bidez, Zarautzera heldu ginen”, kontatu zigun Silviak.

Rolando heldu zen lehenik Zarautzera, 2003ko martxoan. Bikotea. Aita. Ostalaritzan aritu zen zortzi hilabetez lanean, eta irabazitako diruarekin Silviaren eta hiru seme-alaben bidaia ordaindu ahal izan zuen. Orduan Zarautzen bizi zen lagun batek garai hartan eman zien laguntza ez du ahazten Silviak. Esker oneko hitzak besterik ez ditu Liliana Martinezentzat.

Ordudanik, Zarautzen errotu da. Lagunak egin ditu, lanean aritu, seme-alabak hezi. Zarautzen hazitakoak izanda, hirurak ederki moldatzen dira euskaraz, eta Argentinako oroitzapenak urrunak dira. Ez dituzte sustraiak ahazten, eta ondo gogoan dute nola heldu ziren hona, baina zarauztar petoak dira dagoeneko. Migratzea erabaki zutenean gurasoen gordinaz oso kontziente dira. “Orain konturatzen zara zer pasatu zuten, zer-nolako erabaki gogorra hartu behar izan zuten, eta gu aurrera ateratzeko zer egin behar izan duten. Gogoan dut nola galdetu ziguten ea nahiko genukeen Espainiara bizitzera joan. Bederatzi urterekin ez zara gai horrelako zerbaiten atzean dagoena ulertzeko, baina orain, denborarekin, ulertzen duzu gurasoen etsipena”, aipatu zuen igandeko bazkarian Rodrigok.

Hainbat urtean lanean aritu ondoren, gaur egun lanik gabe eta lan bila ari den arren, Silvia ez du hainbeste kezkatzen “hemengo” krisiak. “Argentinarrek masterra egina dugu krisi kontuetan. Ez naiz egon naizena baina okerrago egongo, inolaz ere”.

Erabat zarauztartu nahian, hamar urte eta gero, Silvia aurten euskaltegian hasi da buru-belarri. Astelehenetik ostegunera joaten da, eta gustura ari da euskara ikasten. Hasieran bakarrik sentitzen bazen ere Zarautzen, denborarekin lagunak egin eta harremanak estutu ditu, oraindik “hemengoen” hoztasuna edo jendea etxeetara gonbidatzeko zailtasuna oso ondo ulertzen ez dituen arren. “Han ezberdina da. Akaso etxeak handiagoak direlako izango da, baina han oso ohikoa da jendea gaur baten etxera joatea, bihar bestearena. Sukaldean aritu, elkarrekin bazkaldu eta solasaldi luzeetan jardun, matea edan, eta abar”.

Sorlekuko janaria lortzeko, lokutorio edo mintzalekuetan egiten zituen lehen batez ere erosketak. “Orain ere bai, baina supermerkatuetan ere hasi dira nazioarteko janariari lekua eskaintzen, eta apal horietan ere lortu daitezke zenbait elikagai”.

Horiekin, egundoko bazkaria prestatu zigun igandean Silviak, sukaldean semeak lagun hartuta.

 

 

20131119-121000.jpg
[ Hasteko urdaiazpikoaren eta antxoen ondoren, haragi xehetuz betetako enpanadillak atera zizkigun].

20131119-121016.jpg
[ Juana Mari eta Rodrigo, solasean].

20131119-121028.jpg
[Espinakaz eta arrautza egosiz betetako enpanada zatiak. Egundokoak zeuden!].

20131119-121148.jpg
[Edateko: Argentinako ardo ona. Mendoza ingurukoa…].

20131119-121039.jpg
[Hemengo haragia, baina harategian argentinarren modura ebakitzeko eskatuta. Labean erreta prestatu zuen Silviak].

20131119-121051.jpg
[Eta haragiari laguntzeko, labean erretako patatak].

20131119-121104.jpg
[Ondoren, matambre a la pizza: matanbrea, pizza erara. Haragia oinarritzat hartuta, gainean edozein pizzaren osagaiak jartzea da matanbrea. Pizzaren ohiko oinarriarekin eta orearekin beharrean, haragiarekin].

20131119-121116.jpg
[Silvia, sorlekua utzi eta migratzera behartu zituen krisiaz eta duela hamar urteko egoera gogorraz solasean].

20131119-121126.jpg
[Postrerako: panquenques rellenos de dulce de leche. Dulce de lechez betetako krepeak, mikatzena ere gozatzeko modukoak!].

20131119-121136.jpg
[Matea ala kafea aukeran. Azkenean, kafearen alde egin genuen. Laguntzeko, beste gozo ederra: pasta frola].

20131119-120916.jpg

[Amaitzeko, mahaiaren bueltan elkartu ginenon argazkiak. Zazpi zarauztar. Bat Donostian sortua. Bestea Azpeitian. Bestea Getarian. Eta beste lau Argentinan. Bizilagunak eta ikusezinak orain arte. Igandeaz geroztik, bizilagunak eta lagunak, SOS Arrazakeriari eta Zarauzko Udalako Immigrazio Zerbitzuari esker].

20131119-120943.jpg


Ekintzak

Information

One response

24 11 2014
Bizilagunak 2014: Venezuela, Sahara, Kolonbia… Zarautz | kalaportu, itsasontzi gorri bat...

[…] HONI BURUZKO LOTURAK: · Bizilagunak 2012: Patricia eta Daviden etxean (2012-11-18). · Bizilagunak 2013: Silviaren etxean, bizilagun berriak ezagutuz (2013-11-19). · Bizilagunak 2014: […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: