Jokin Urain gaur aterako da kartzelatik

20 11 2013

Ez nago seguru noiz ezagutu nuen Jokin Urain, ez naiz akordatzen, baina badakit Susa argitaletxeak 1989ko ekainean argitaratutako Itzalpeko ahotsak aldizkarian plazaratu zituen poema hauek irakurrita izan nuela lehen aldiz bere berri.

Patxi Saiz abeslari getariarrak musikaz bildu zuen gerora poema haietako bat, Galdetzen kantuan.

Gauari
nahi nioke galdetu
zergatik ez dituen
ene penak
egunaren argia bezala
aienatzen.

Izarrei
nahi nieke galdetu
zergatik ez duten
ene bihotza
gauaren iluna bezala
alaitzen.

Haizeari
nahi nioke galdetu
zergatik ez dizkidan
maitearen laztanak
pago hosto igarrak bezala
ekartzen.

Euriari
nahi nioke galdetu
zergatik ez duen
ene egarria
zelai lehorrarena bezala
asetzen.

Etsaiari
nahi nioke galdetu
zergatik ez duen
herriaren garraisia
indarkeri ankerraren ordez
aditu nahi.

Gerora heldu zen Txalaparta argitaletxeak 1992an argitaratu zuen Adlotse nobela. Gerora, Gatibu sortu nintzen. Errotarria. Ez dago etxean. Eta liburuen eta literaturaren harira sortutako harremana estutzen hasi zen, lehen gutunak eta bisitak heldu ziren, lagun arteko solasaldiak eta hainbat ordu irauten zuten bisak.

Mendeku politikak, ordea, euskal preso politikoei arnasa ere kendu nahi die, eta baldintza guztiak asko zorrozten hasi ziren gero espetxeetan. Ordudanik, urteak dira Jokin kristal lodiaren atzean ikusten dudala. Ehunka kilometro egin errepidean, eta buelta, 40 minutuko solasaldiaren ondoren. Literatura, larrutu beharrekoak larrutu, herriko kontuak, politika, etxekoak… bisitetan ohikoak diren kontuak.

Zenbat egun eta kilometro sakabanaketaren errepideetan. Jose Luis Otamendirekin. Iñigo Aranbarrirekin. Miel Anjel Elustondorekin. Bateko eta besteko senide eta lagunekin. Dueñas. La Moraleja. Zikoinak. Gaztelako zelaiak. Menuak. Gasolindegiak. Zuera. Bakarrik egindako bidaiak. Harresien barruan ezagututako haurtzaindegiak. Herrera de la Mancha. Mieltxin bidaiak. Lasarten senideekin batera ostiraletan hartutako furgonetak. Gauak errepidean. Hotza. Elurra. Goiz iritsi. Manzanares, Ciudad Real. Zenbat goiz eta gosari Menano hoteleko kafetegian. Euskal presoen senideentzat zabaldutako ateak eta piztutako berogailuak. Herrerako euliak. Behin kartzela barruan bildutako labanda loreak. Milaka oroitzapen. Udaberriari hautsitako ertzak, urte askoan.

barren

1986ko urtarrilaren 10ean atxilotu zuten Urain, beste hainbat euskal herritarrekin batera, ETAren aurkako polizia operazio batean, Basaurin. Hamar egunez izan zuten inkomunikatuta, eta tortura basatiak salatu zituen. 2009ko abuztuaren 9an bete zuen ezarri zioten kondena, eta ordudanik aske beharko lukeen arren, 197/06 doktrina aplikatu ondoren, 2016ra arte luzatu zioten zigorra. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren ondoren, azkenean, Jokin Urain ere legez kanpo bahituta egon dela ikusi da, behar zuena baino lau urte gehiago.

Atzo, Jokin aske uzteko eskatu zuen fiskaltzak, eta gaur beste zazpi euskal presorekin batera Jokin Urain ere aske uzteko agindu du Auzitegi Nazionalak. Bahiketa amaitu da, beraz. Senideak Manzanaresen daude astelehenaz geroztik, eta ordu bihurtu daitezkeen arren, minutuen kontua besterik ez da orain Jokinen zain egotea. Aske besarkatu ahal izateko. Behingoz.

ONGI ETORRI, JOKIN!!!

Jokin Uraini buruzko albisteak eta Jokin Uraini egindako elkarrizketak:
· Jokin Urain euskal presoa aske uzteko eskatu du Fiskaltzak (elgoibarren.net, 2013-11-19).
· Aldaketa eta egoera berrien zain bizi gara kartzelan (Barren aldizkaria, 2013-06-14).
· Jokin Urain: «Garenak garelako gauzkate hemen» (Argia aldizkaria, 2008-03-02).
· Kixkur, 25 urte espetxean borrokan.
· Jokin Urain: «Asko izan dira era batean eta bestean lagundu digutenak» (Argia aldizkaria, 2006-12-03).
· Jokin Uraini hitzak (Bide Ertzean taldearen abestia).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: