Milaka Aneren begietan

20 11 2013

Kaixo, Ane.

Ez zaitut pertsonalki ezagutzen, baina aspaldidanik zilbor heste berezi eta ikusezin batek lotzen gaituela sentitzen dut. Urtero, azaroaren 20a hurbildu ahala, zuri bi hitz idazteko tentazioa izaten dut, baina azkenean eguneroko zurrunbiloak harrapatuta, esan beharrekoak idatzi gabe geratu dira urte askoan.

Sentitzen duguna esateak ederragoak egiten gaituela sinetsita, ordea, aurten aurrera egitea erabaki dut.
Hebe de Bonafiniri entzun nion noizbait, desagertutako semeek, desagertutako alabek, erditu zituztela Maiatzeko Plazako Amak borroka honetara. Bidegabekeriarik gabeko mundu aske baten aldeko konpromisora.
Ez dago Argentinaraino joan beharrik, ordea, semeek edo alabek erditu zituzten amak aurkitzeko.
“Ama, vas a perder a un hijo, pero no te preocupes: a partir de mañana vas a tener miles”, esan zion fusilatu aurreko gauean Txikik amari, Bartzelonako kartzelan, 21 urte besterik ez zituenean. Urtero, irailaren 27an, Zarauzko hilerrian egin ohi den ekitaldiaren ostean, Antoniari bi musu eman eta “ama” esaten diot, egun hartan jaio ziren milaka haietako bat naizela aipatuz. Hunkitu egiten da urtero hori esaten diodanean, semeak gau hartan esandakoarekin akordatuta.

Baina ez da erabat zuzena ere. Irailaren 27 hartan jaio gabe nengoen ni oraindik. Handik hilabera sortu nintzen. Baina herri honetara eta borroka honetara, hamalau urte geroago jaio nintzen, 1989ko azaroaren 20 zorigaitzeko hartan. Hurrengo goizean, zehazki. Mariano Ferrer kazetariaren El kiosko de la Rosi irratsaioa asaldatuta zegoen albistearekin. Bezperan, Madrilen, Alcala hotelean afaltzen ari ziren bitartean tirokatu egin zituzten HBko diputatuak eta senatariak. Josu Muguruza hil zuten, eta Iñaki Esnaola heriotzaren eta bizitzaren arteko mugan zebilen artean, larriki zaurituta.

Hilabete inguru izango zen institutuan hasi ginenetik, eta lehen asanbleak, grebak eta manifestazioak izan ziren haiek guretzat. Arratsaldekoa da gogoratzen dudan lehen manifestazioa, hamalau urte nituen arren. Ehunka eta ehunka lagun atera ziren Zarauzko kaleetara, eta amaieran lehertu egin zen haserrea. Barrikadak, ertzaintzaren kargak, sua…

Handik egun batzuetara ezagutu nuen lehen aldiz Durangoko Azoka, eta hiru gauza ditut gogoan:
Joan Mari Irigoienen Babilonia erosi nuela, Xabier Gereñori 25 pezetatan saltzen zituen ikurrinen pegatinak lapurtu genizkiola, eta Punto y Hora aldizkariak Josu Muguruzaren hilketari buruz argitaratu zuen zenbaki monografikoa erosi nuela. Punto y Hora de Euskal Herria. Del 30 de noviembre al 14 de diciembre de 1989. Nº 560.

66 orrialde haietan ezagutu nuen zure aita.
Josu.
Kazetaria. Errefuxiatua. Langilea. Bikotea. Mendizalea. Militantea. Mahaikidea.
Ulertu nuen ez zutela kasualitatez hautatu. Ederki zekitela min non egin.
Eta betiko markatu ninduen Elenari egindako bost orrialdeko elkarrizketak. Haurdunaldia erabat aurreratua zuen Josu hil zutenean. Erditzear den amaren ezpain hanpatuak ditu elkarrizketa osatzen duten argazkietan. Berehala jaio zinen zu. Abenduaren 7an.

Aldizkari hartan zure ama haurdun ikusi ondoren, umezurtz hitza, niretzat, beti, Josuren eta Elenaren haurraren sinonimoa izan da. Beste umezurtz batzuk ikusi izan ditut egunkarietan, hedabideetan eta biktimen saminaren ispiluan. Baina inoiz inon ez zen aipatzen haur hura. Aita tiroka hil eta egun apur batzuetara jaio zena. Zu. Ane Muguruza.

Zure aita ezagutu zutenek, maitasunez idatzi izan dizute.
Oraindik kazetaria izate hutsagatik preso duten Jabier Salutregik, aitaren lagun eta lankideak, gaur 23 urte idatzi zizkizun hitz hauek dira lekuko:

“Llegará un día en que la pregunta despierte desde tu inocencia, un día en que tus deseos de conocer salten de tu corazón y retumben tus ideas. Vendrá un día en el que, simplemente, no podrás soportar más, en el que romperás tu infancia y formules tu pregunta… Ese día, Ane, tus mayores quizás intenten responder, que digan muchas cosas. Quizás comiencen, atropelladamente, a describir de un modo imposible la amplitud, a detallar lo indefinible. Ese día, no lo dudo, comprenderás la historia de tu gente. Y comenzarás a percibir el sentido de sus vidas y que, a veces, la muerte, como la de aquél que no llegaste a conocer, tiene sentido.

Tu padre, Ane Muguruza, y te lo digo ahora que estoy a tiempo de recordar, era un hombre como una montaña. Su voz reducía el viento, su vitalidad nos dejaba muertos, su alegría entristecía al enemigo y su amistad nos enorgullecía. Y peleaba. ¡Cómo peleaba Josu, Ane! Era grande, muy grande. Era enorme. Medía, por lo menos, lo de un pueblo entero, y en su corazón latían todas las injusticias. Y era tan fuerte Josu que, para matarlo, tuvieron que utilizar las mil armas escondidas bajo la legalidad de un Estado. Su muerte fue tan importante, Ane, que la quisieron esconder, disfrazarla con la casualidad, cubrirla con el manto oficial.

Y te lo digo ahora que estoy a tiempo de recordar, Ane. A los asesinos de tu padre los reconocimos enseguida, como les reconocen los que ahora, después de un año de su muerte, siguen callados repartiéndose la vergüenza de la histórica cobardía a la que se plegaron. Les reconocimos entonces, como lo hacemos ahora, porque en este y en todos los pueblos, Ane, basta conocer al que cae herido para saber quién ha sido su verdugo. Y tu padre era grande, Ane. Tan grande como un pueblo. Tan grande y vigoroso que para matarlo tuvieron que hacer un crimen de Estado”.

Beste askok ez genuen zure aita ezagutu.
Baina haren heriotzak erditu gintuen herri honetara.
Txikiren amari milaka seme eta alaba sortu zitzaizkion bezala irailaren 27an, zuri, Ane, milaka neba eta ahizpa sortu zitzaizkizun azaroaren 20an.
Ezagutzen ez garen arren, Josu bezalako aita bat izateak ezinbestean zilbor heste berean lotzen gaitu euskal herritar asko. Aitaren lanerako gogoa, konpromisoa, askatasun egarria eta bizitza bizirik daude gure herrietan. Ingurura begiratu besterik ez dago, arreba: gaur ere lainotuta dago Euskal Herria, baina aitaren irribarrea eta lana eder ageri da milaka Aneren begietan.

Gai honi buruzko kanpo loturak:
· Ane Muguruza, aitak ibilitako bidean aurrera (Gara, 2011-11-05).
· Querida Ane (Jabier Salutregi, 1990-11-20).


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: