The Hum: azalpenik gabeko oihartzuna, Artozkin ere entzuten zena

22 01 2014

Duela hamaika urte, 2003ko irailean, bizitzan arrasto sakonenetakoa utzi didaten zenbait egun eman nituen Artozkin. Itoizko urtegia eraikitzeko lanek aurrera egin ahala, gerora urpean geratzekoak ziren herriak eraisteari ekin zion Nafarroako Gobernuak. Bertako biztanleek eta Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek herriak defendatzeari ekin zioten, eta erresistentzia hilabeteak izan ziren haiek. Itoitz eta beste hainbat herri eraitsi ondoren, Muniain eta Artozki izan ziren azkenak. Irailean, hondeamakinak Artozki mapatik ezabatzera heltzekoak ziren egunean, herritarrek utzitako baserri eta eta etxeetara sartu ziren Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak, eta teilatuetara igota, herria defendatzeko asmo sendoa agertu zuten.

Sasoi hartan Nafarroan bizi nintzen, Tafallan, eta asteburuetan ugaldu egiten ginen elkartasuna adieraztera edota astean zehar erresistentzian zeudenek atseden har zezaten lekukoa ematera batetik eta bestetik heltzen ginenak. Besteak beste, Artozki Artezki bihurtzeko ideia mamitu genuen asanblea haietako batean. Musikariek, pintoreek, artistek, kirolariek, idazleek, aktoreek, pailazoek eta bazter guztietatik heldutako lagunek, zenbait egunez bizirik eutsi zioten herriari. Herria osotasunean museo eta agertoki erraldoi bihurtu zen, eraistekoak ziren eliza, frontoia, baserriak eta gainerakoak erakusleiho bihurtuta.

Artozki · Artezki

Kolore guztietako poliziek lagunduta hondeamakinak heldu eta herria eraistea lortu zuten arte.

Oroitzapenetan, dozenaka eta dozenaka argazki, egun haietan egindako lagunak, suaren inguruan izandako solasaldiak, eta teilatuetan goardian emandako gauak geratu zitzaizkidan.

This slideshow requires JavaScript.

Guztia ezin hobeto bilduta dago Edurne Elizondoren Itoitz, porlanezko gezurra (Txalaparta, 2004) liburuan edota Itoitz hustu arte (Eguzki bideoak, 2008) dokumental bilduman.

 

Biztanleak halabeharrez mendeetako bizimoduari uko egitera eta herritik alde egitera behartu ondoren han sentitzen zena ez da erraza hitzekin adieraztea. Artozkira heldu nintzen lehen egunean atentzioa eman zidan baserrien ukuiluetan, bertakoek hilerritik berreskuratutako hilobiak ikustea. Zer egin, hondeamakinek zure arbasoak lurperatuta dauden hilerria ere suntsituko dutela dakizunean?

143_4362  143_4325

Gaur hona ekarri nahi dudana, ordea, gauez teilatuetan goardian erabateko isiltasunean geundenean, zeruan entzuten zen sirena antzeko soinu, zarata, hots edo oihartzun berezi hura da. Gauez entzuten zen, ordu txikietan, eta ukitu metalikoa zuen.

Kikeri, Daniri, Txikiri… teilatuetan ondoan genituen eta Artze ibarra ederki ezagutzen zuten lagunei galdetzen genien ea zer zitekeen hura. Ez zuten azalpenik. “Lakaben noiz edo noiz entzuten da”, “auskalo non dagoen argindar dorreren baten eta haizearen arteko oihartzuna izango da” edo antzeko erantzunen bat dut gogoan. Benetan zitekeenaren inguruan, ordea, arrazoizko erantzunik ez.

Ia ahaztuta nuen kontua. Larunbat honetan, Milenio3 irratsaioan gaia landu duten arte, Cadizen urtarrilaren 7an entzun zen soinuaren harira. Lekukoek grabatutako hotsak entzun eta berehala lotu nuen: Artozkin duela hamaika urte entzuten zen oihartzunaren tonu eta molde berdin-berdin-berdina!

The Hum izena hartu du kontu honek nazioartean.
2010az geroztik ari da hedabideak astintzen, azalpenik gabeko soinua delakoan, eta Kanadako Gobernuak ikerketa ere abiarazi du, tarteka entzuten den oihartzun bereziaren nondik norakoa azaldu nahian.

thehumcadiz

Sare sozialak batean eta bestean grabatutako hotsekin betetzen ari dira, eta inork ez du azalpenik nondik datorren zeruan entzuten den soinu berezi hori. Artozkin 2003ko irailean oso argi entzuten zen, baina gaur egungo baliabiderik gabe, grabatu gabe utzi genuen.

Hemen kontu honi buruzko kanpo loturak:
· Uno de los testigos de ‘The Hum’ grabó el misterioso fenómeno de la noche del siete de enero (Andalucia Información).
· El número de testigos que oyeron The Hum se multiplica en la provincia de Cádiz (Andalucia Información).
· The Hum en Cádiz (ikerjimenez.com).
· Milenio 3, la nave del misterio (13×20): The Hum en Cádiz (audioa. irratsaio osoa entzungai).
· Una nueva grabación certifica el paso por Cádiz del misterioso fenómeno The Hum (Andalucia Información).

· The Hum (The Telegraph)


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: