“Inork inori oinarrizko eskubiderik ez urratzeko, ofiziala den lurraldean, derrigorrezkoa bilakatu behar du euskarak”

8 10 2015

Info7 irratiko Talaiatik atalerako kolaborazioa (2015-10-07). Hemen entzungai:
· Derrigorrezkoa behar du euskarak.

Info7-talaiatik

[irudiaren gainean klik eginda ere entzun daiteke audioa]

“Inork inori oinarrizko eskubiderik ez urratzeko, ofiziala den lurraldean, derrigorrezkoa bilakatu behar du euskarak, eta horretarako doakoa izan behar du euskalduntzeak”

Larunbatean legealdi berriko lehen batzar nagusia egin zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Azpeitian. Duela 24 urte herri ekimenetik sortutako erakunde publikoa da UEMA. 73 udal dira bertako kide, eta 200.000 lagunetik gorako lurraldea osatzen dute guztien artean. UEMAren helburua, argia da: Euskal Herria euskalduna. Horretarako, hizkuntza politika ausarta eta aurrerakoia bideratu du bertako kide diren udaletan, hainbat bitarteko eskainiz, bai udalak euskalduntzeko, bai herritarrak motibatzeko eta baita euskarararen arnasguneak diren udalerri euskaldunen eremua sendotzeko eta zabaltzeko ere.

Horrek, noski, azkurea sortzen du hainbat sektoretan. Batetik, euskara bera arriskutzat ikusten dutenengan. Alegia: euskara ondare eta aberastasun gisara ikusi beharrean, Euskal Herriaren izaera bera ere ukatu nahi dutenen artean. Espainiaren baldarkeriaren aurpegirik gordinena da hau, gobernu ordezkariak kamikaze moduan erabilita, ukazioa banderatzat hartu eta helegiteak, salaketak eta auzibideak martxan jartzen dituena udalerri euskaldunen aurka. Errealitate soziologiko, linguistiko eta kultural baten erabateko ukazioa, alegia. Katalunian faktura garestia pasatzen ari zaien hori bera, alegia. Alde ederrean legoke Espainia, askoz koherenteago, lurralde eta hizkuntza horiek ere bere estatua aberasten dutela onartuta, euskara hutsean filmatutako Loreak bezalako pelikulak ondaretzat hartu, eta nazioartean Espainia ordezkatzeko hautatuta. Politika egiteko bi modu dira. Baldarra da lehena. Askoz inteligenteagoa bigarrena.

Espainian ez ezik, etxean ere azkurea sortzen du UEMAren hizkuntza politika ausartak, politika zaharkitu eta epelekin nahikoa dugula uste dutenengan. Euskara hutsean aritzeko hautuak,  herritar guztien eskubideak benetan errespetatzeak –baita euskaldunonak ere–, agerian uzten baitu 1982an euskal erdian onartutako Euskararen Legeak zer-nolako hutsuneak dituen. 33 urte geroago, ez dio gaurko errealitateari erantzuten. Ez ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen, ez digu aurrera egiteko balio eta, batez ere, ez digu ukazioan tematuta daudenen erasoetatik babesten. Bigarren mailako herritar izaten segitzen dugu. Mila aldiz abestu duguna esan ere lasai esan beharko genuke: “Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri-askara”.

Horren aurrean, udalerri euskaldunak sendotzea, oinarrizko eskubideen defentsan elkarrekin bidea egitea, eta minimoak adostea ezinbestekoa da. Derrigorrezkoa bilakatu behar da euskara ofiziala den lurraldean, herritar guztien eskubideak bermatu nahi baldin badira eta benetan ofiziala izango baldin bada. Euskaldunok bi edo hiru hizkuntza hitz egiten ditugu, inori eskubiderik urratu gabe. Elebakartasuna da inposizio bakarra hemen, eta hori eskubideen esparrura eramanda, bizikidetza kontua ere bihurtzen da. Beraz, inork inori oinarrizko eskubiderik ez urratzeko, ofiziala den lurraldean, derrigorrezkoa bilakatu behar du euskarak, eta horretarako doakoa izan behar du euskalduntzeak.

Hau esateak, edo hau entzuteak, azkurea sortzen du. Bai. Baina herri honek aurrera egitea nahi badugu, guk ere bi aukera ditugu aurrean. Baldarkeria eta inteligentzia. Baldarkeria da 1982an geratzea, eskubideetan oinarritutako hizkuntza politika ausartagoa behar dugula onartu gabe. Inteligenteagoa da eskua luzatu eta bidea elkarrekin egin beharko dugula onartuta, euskararen inguruko oinarrizko zoru-komuna adostea, eta horren gainean lanean hastea. UEMAko zuzendaritza batzorde berriaren asmoa da, lehendakari berriak iragarri duenez. EHBilduko eta EAJko ordezkariek osatzen dute, elkarrekin, independenteekin batera.

Egiten duen lanagatik eta duen helburuagatik, nazio mailako erakunde publiko estrategikoa da UEMA. Eskuin abertzalea eta ezker abertzalea elkarrekin ari dira lanean zuzendaritza batzordean, beste hainbat esparrutarako ere eredu beharko lukeen moduan. Bada zerbait. Noraez orokor honetan, benetako arnasgunea da, eta ez euskararentzat bakarrik.

POST SCRIPTUM:
Benetako ofizialtasuna bermatzeko euskarak derrigorrezkoa behar duela izan, hainbat euskaltzalek esan eta defendatutako kontua da urte askoan. Argia astekariak, esaterako, euskalgintzaren bidegurutzea, etorkizuna eta erronkak izan zituen hizpide apirileko Larrun gehigarrian. Hemen irakurgai: Euskalgintza, berritu ala hil. Bertan ageri dira, esaterako, Kike Amonarrizen hitz hauek: “Euskararen biziraupenetik normalizaziora salto egitea bada helburua, hor arrisku batzuk hartu behar ditugu eta derrigortasuna behar da. Hizkuntz eskubideak bermatzea, erabilera bermatzea, euskara derrigorrezko bilakatzea esparru nagusietan. Batez ere administrazioan eta botereguneetan”.


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: