Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira)

4 10 2017

ZuZeu orainkari digitalarentzat urriaren 1eko erreferendumaren inguruan Bartzelonatik egindako kronika laburra, irudi eta bideoekin lagunduta. Jatorrizko bertsioa, hemen irakurgai:
· Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira). zuzeu.eus, 2017-10-02.

emoria eta etaorkizuna (Kataluniari begira) –


IRAILAK 30, larunbata, 12:00. Cerdanyola del Valles.


Juan Paredes Manotas
 Txiki fusilatu eta 42 urtera, fusilatu zuten lekuan bertan omenaldia egin zitzaion aurten ere, Cerdanyola del Vallesen. Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko dozenaka lagun elkartu ziren bertan. David Fernandezek, Diego Paredesek eta Fermin Muguruzak hartu zuten hitza, Feliu Ventura musikariarekin batera. Eusko Gudariak eta Els Segadors abestuz amaitu zen ekitaldia.

Aurtengoa urteroko ekitaldia baino zerbait gehiago zen. Izan ere, urriaren 1eko erreferendumaren bezperan,  inoiz baino gehiago sumatzen zen Txikiren askatasun haizea Cerdanyolan. Milaka eta milaka lagunek frankismoaren aurka eta askatasunaren alde egindako guztia loratzen ikusteko gero eta gutxiago falta dela sinetsita.

Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira)
Krabelin gorriak, Txiki fusilatu zuten lekuan bertan.

Diego Paredes eta Fermin Muguruza.

IRAILAK 30, larunbata, 16:39. Bartzelona.

IRAILAK 30, larunbata, 18:00. Bartzelonako Ateneoa.


Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak (Associació de Municipis per la Independència, AMI) harrera egin zien urriaren 1eko erreferendumera begirale gisara nazioartetik heldutako gonbidatuei. Tartean ziren Euskal Herriko ehun bat alkate eta hautetsi, gehienek Udalbiltzako kide gisara joanda. Argazkian, Udalbiltzako lehendakari eta Hernaniko alkate Luis Intxauspe eta AMIko lehendakari eta Vilanova i la Geltru-ko alkate Neus Lloverasekin.

IRAILAK 30, larunbata, 19:06. Sant Jaume plaza. Bartzelona.

Espainiaren batasunaren alde oihuka, dozenaka lagun elkartu ziren erreferendumaren bezperan Bartzelonako Sant Jaume plazan. Francoren eta Democracia Nacional alderdi ultraeskuinaren aldeko oihuak eta agur faxistak ere egin zituzten hainbat aldiz.


URRIAK 1, igandea. 05:47. Bartzelona.
Vallcarca auzoko Pare Poveda eskola. Hauteslekua.

Dozenaka lagunek egin dute lo eskola barruan, gimnasioan, hauteslekua zainduz. 05:00etatik aurrera, erakunde subiranistek egindako deiari erantzunez, herritarrak gerturatzen hasi dira, hauteslekua babestera. Eskolako patioa da bilgune nagusia.

06:43. Mossoak heldu dira Vallcarca auzoan dagoen Pare Poveda eskolako hauteslekura, ea hautetsontzirik dagoen begiratzera, eta arduradunen bat ba ote den galdetzera. “Tots!” erantzun dute gaua bertan eman duten herritarrek, txalo artean. Krabelin gorriak eman dizkiete mossoei.

09:03. Tentsioa da nagusi hauteslekuan. Mossoak heldu dira berriro, eta duten informazioa helarazi diete mahaikideei: hauteslekua hustu ezean, Espainiako Polizia helduko dela, hautetsontzien bila. Mahaikideek eta ahaldunek aurrera segitzea erabaki dute. Kanpoan zain dauden ehunka herritarrei jakinarazi diete, eta txalo artean eta votarem! oihuka hartu dute hauek erabakia.

09:11. Mahaikideek bozkatu ondoren, ateak zabaldu eta herritarrak hasi dira bozkatzen. Goizeko 06:50etik zain dagoen amona hau izan da lehena.

10:23. Familia giroan bozkatzen dute askok, hainbat orduz zain egon ondoren. Izan ere, Guardia Zibila gogor ari da Kataluniako Gobernuak prestatutako aplikazioen eta sistema informatikoaren aurka, eta arazoak konpondu arte luze itxoin behar dute herritarrek. Gazte asko ageri dira adineko senideekin.

11:15. Hauteslekua babesten gaua bertan eman dutenek edo oso goiz etorri direnek, goizean zehar lo apur bat egiteko ere baliatu dute eskolako gimnasioa. Hala ere, tentsioa handia da, batez ere sare bideetatik eta mezularitza aplikazioetatik heltzen diren albisteak eta irudiak ikusi ostean.

11: 43. Mossoek oharrarazitakoa eta gero, Espainiako Polizia edo Guardia Zibila heltzea minutuetako kontua delakoan daude mahaikideak eta boluntarioak. Eskola honetatik hurbil dagoen Vall d’Hebron hauteslekura heldu omen dira. Beraz, adi egoteko garaia da. Denak telefonoetatik heltzen den informazioari begira, etengabe. Izugarriak dira irudiak. Indarra eta bortizkeria basatia erabiltzen ari da Espainia, bozkatu nahi duten herri oso baten aurka. ‘Jende baketsua gara’ eta ‘ bozkatu besterik ez dugu nahi’ diote, eta hauteslekuaren atarian krabelin gorriak jarri dituzte, beste hauteslekuetan zakur amorratuen gisara egurra banatzen ari diren poliziak heltzen direnean haiei emateko.

URRIAK 1, igandea. Gotiko auzoa. Bartzelona.

17:35. Bartzelonako alde zaharreko Gotiko auzoan, Cervantes eskolako hauteslekuaren atarian, herritarrek orduak eman dituzte ilaran, bozkatzeko zain. Behin hauteslekutik atera ostean, gainerakoen txalo artean egiten dute bidea. Horietako asko pozik, eta beste asko baita hunkituta ere, negar artean.

18:42. Marcel Subirach gustura eta harro atera da bozka eman ostean. Nazionalitate kataluniarra aitortzen dion karneta erakusten die ingurukoei, aspaldidanik kataluniarra soilik dela esanez.

18:36. Halako batean, jendeak kalez jantzitako Espainiako hiru polizia ezagutu ditu, eta bidali egin ditu hautesleku ataritik.

19:46. Kataluniako Parlamentuko lehendakari Carme Forcadell heldu da hauteslekura. Mahaikideak eta boluntarioak agurtu ditu banaka-banaka, eta hauteslekuan dauden nazioarteo begiraleekin ere solasean aritu da. Mahaikideren bat hunkitu ere egin da, eta negarrez besarkatu du Forcadell, behin eta berriro eskerrak emanez. ‘Gràcies, presidenta. Gràcies’. Nazioarteko begiraleen artean dira Euskal Herriko zenbait hautetsi eta alkate ere.

20:00. Hauteslekua itxi dute barrutik, bozkatzeko ordua amaitu denean. Ez da heldu Espainiako Polizia edota Guardia Zibila, eta pozik ospatu dute herritarrek. Zoramen uneak dira. Poza, malkoak, urduritasuna… elkarrekin aurrera egin eta irabazi izanaren sentipena dute gehienek.


Batzuei kosta egiten zaie malkoei eustea.


21:36. Espainiako Polizia edo Guardia Zibila zenbaketa eragoztera etorriko den beldur, badaezpada, zenbaketa amaitu arte hauteslekua zaintzen geratu dira ehunka eta ehunka herritar. Telefonoari begira daude gehienak, etengabe, mundu osoko hedabideak Kataluniako erreferendumaz esaten ari direna segitzen.


22:30. Katalunia Plaza. Kataluniako Gobernuaren agerraldia pantaila erraldoian jarraitu dute milaka lagunek, independentziaren aldeko oihuen artean. Errepresioari irabazi izanaren alaitasuna ez da plazan kabitzen. Denek dakite egun eta ordu historikoen lekuko eta protagonista ari direla izaten.

Espainiaren errepresioa eta Kataluniako herritarren duintasuna nabarmendu ditu Carles Puigdemont presidenteak, eta emaitza loteslea izango dela adierazi dute, gobernukide guztiak ondoan dituen agerraldi solemnean. Zerbait handia egin eta irabazi izanaren poza nabari da milaka eta milaka herritarren artean.


Erreferendumaren emaitzak ezagutzea soilik falta da orain. 23:30erako iragarri dute Jordi Turull, Oriol Junqueras eta Raül Romeva gobernukideek. Nazioarteko dozenaka eta dozenaka hedabideren kamerak eta platoak daude plazan. Mundua begiratu dute kataluniarrek, eta ospakizun unea da, errepresioari duintasunez aurre egin eta erreferenduma egitea eta irabaztea lortu duen herri baten bihotza da une hauetan Katalunia Plaza.

Bozgorailuetatik  baietzaren alde Herrialde Katalanetako hainbat musikarik egindako Agafant l’horitzó abestia jarri dute, hauteskunde kanpainan lau haizetara entzun dena. Azken asteotako eta egun osoko tentsioa irribarre eta ospakizun bihurtzeko ordua da, errepublika eta askatasuna gero eta hurbilago dutela jakinda. Mambo!

Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira)

Advertisements

Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: