· Itsasoak emandako indarra

25 02 2011

Torturatik ihes egin nahian, udazkenean alde egin eta lau hilabetean ezkutuan egon den Beñat Lizeaga zumaiarraren testigantza entzunda, beste behin ere, miretsi besterik ezin dut egin herri honetako milaka gazte independentistaren duintasuna, konpromisoa eta askatasunaren alde egiten ari diren lana.

Nik jada ez dut kemenik itsasora partitzeko
baina portura inguratzen naiz
oraindik ere
urrutira bidaian abiatzen direnei begiratzera.
Txikota lotzen edo askatzen laguntzen diet.
Eta harrigarria egiten zait ene nekaduran
beste batzu abiatzea eta, areago,
inor handik honaino arribatzea.
Bultzatzen dituen indar misteriotsua
oroitu nahi nuke.

Itsasoak emandako indarra,
Joseba Sarrionandia

 

 





· Idazleak eta irakurleak solasean, 111 Akademiaren eskutik

22 02 2011

111 Akademiak bihar ekingo dio Kilkerren soka ekimenaren bigarren faseari, Ur Apalategi eta Iban Zalduarekin, Andoainen. Lehenaren Fikzioaren izterrak liburua izango dute hizpide, bigarrenaren galderei tiraka.

“111 Akademiak euskal literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko asmoz prestaturiko egitarauaren baitan garatutako egitasmoa dela Kilkerren soka, urteko sorkuntza ezagutzera eman eta idazleei sorkuntza hori irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzea helburu duena”, dio irakurleez osatutako akademiaren webguneak.

Ekimen honen baitan, martxoaren 22an, Jon Benitoren Bulkada poema liburua aurkeztuko dugu Zarautzen. Azken urteotan Literatura Astearen aterpe izan den Azken Portuko kristau biltoki zaharrean izango da solasaldia, liburuaren egilearekin.

Aukera ederra izango da azken urteotan euskaraz argitaratu den poesia liburu berezi eta indartsuenetakoaren ingurukoak egilearekin bertatik bertara komentatzeko.

Gonbidatuta zaudete!





· Hiru artikulu interesgarri, gurasoentzat

16 02 2011

Euskaraz ez dut gai hauen inguruko komentario, iritzi eta hausnarketa askorik ikusten, Hik Hasiren webgunean edo aldizkarian eta guraso.com webgunean izan ezean behintzat.

Seguru nago, ordea, nire moduan, haurrak ditugun gehienok irakurtzen ditugula artikuluak batean eta bestean, haurren elikadurari, jarrerari, osasunari eta heziketari buruz. Nik behintzat, aita izatea zer den eta nolakoa izan behar den Araitzekin egunero ikasten ari naizen heinean, interesez irakurtzen ditut bateko eta besteko artikuluak edo elkarrizketak.

Azken egunotan, zehazki, horietako hiruk eman didate atentzioa:

· Begiratzen dakiten begiak, itxaroten dakiten eskuak [ Ianire Jaio, guraso.com ].

Besteak beste, honakoa irakur daiteke:

“0 eta 7 urte bitarteko haurraren garapen osasuntsu batetarako oinarrizko ezaugarria berau zaintzen duen helduaren jarrera da. Haurrak jasotzen duen kontaktu bakoitzak mundua nolakoa den eta bertan nola izan daitekeen jakiteko balio dio. Lehen zazpi urteak oinarrizkoak dira haurraren biografiaren eraikuntzan: bizitzako lehenengo hilabeteetan sustraiak errotzen dira; lehen urteetan, enborra; eta hortik aurrera, zuhaitza bere adar eta hostoekin hornitzen da”.

· “No controle al niño: enséñele autocontrol” [ Pediatria modernoaren aitzindaria den T. Berry Brazelton medikuaren elkarrizketa. lavanguardia.es, 2011-02-12 ]

Besteak beste, honakoa irakur daiteke:

“Es lo que demostré durante años de investigación: son los niños –cada uno con su carácter– los que, con su modo de actuar, acaban determinando la conducta de sus padres”.

· ‘En defensa de las vacunas’, nuevo libro de Carlos González [ Ser Padres, 2011ko otsaila ].

Bésame mucho (haurrak eta afektibitatea) eta Un regalo para toda la vida (edoskitzeari buruzkoa) liburuak irakurri ondoren, Carlos Gonzalez bereziki estimatzen dudan pediatra da, batez ere bi liburu horietakoren batean “ez horrelakorik egin, zure pediatrak besterik esaten badizu ere” irakurri nionetik. Horregatik, ohi bezain interesgarria dirudi bere liburu berriak. Besteak beste, liburua hizpide hartuta, honakoa dio egileak Ser Padres aldizkariaren artikulu horretan.

“Desde hace unos años, cada vez me encuentro con más padres que no vacunan a sus hijos porque creen que las vacunas son inútiles, o innecesarias, o peligrosas, o las tres cosas a la vez. Algunos incluso se sorprenden de que yo esté a favor de las vacunas. Como si hubiera una especie de paquete ideológico raro-progre-natural y si defiendes la lactancia materna o coger en brazos a los niños, también debes estar, ‘lógicamente’, en contra de las vacunas y creer en la medicina ‘alternativa’ y en la era de Acuario.

Los padres que no vacunan a sus hijos suelen estar muy informados. Han leído libros, han visitado páginas y páginas de Internet. Están muy informados, pero muy mal informados. Porque esas páginas y esos libros que atacan las vacunas están llenos de errores, falacias, medias verdades, mentiras completas, argumentaciones vehementes y coloristas, datos y más datos (mal interpretados o falseados) y paranoicas denuncias sobre supuestas conjuras de la industria farmacéutica”.





· Salaketa faltsuen inpunitatea, faxismotik hurbilegi

9 02 2011

Salaketa faltsuen inpunitateak aurrera egiteko bidea zabaldu dute. Auzitegi Gorenak berretsi egin du Labiri eta Zaporrari ezarritako kartzela zigorra.

Lehen ere idatzi nuen hau, Audiencia Nacionalak bi zarauztarrak kondenatu zituenean, baina berriro esan nahi dut: salaketa faltsu eta anonimo batean oinarrituta, eta inolako frogarik aurkeztu gabe, bi lagun kartzelara bidaltzeko gai den estatua faxismotik oso hurbil dago.

Epaia irmoa denez, bi zarauztarrak edozein unetan atxilotu eta espetxeratu ditzaketela salatzeko, manifestazioa antolatu dute gaur Zarautzen, 20:00etan.

[ argazkia: Amaia Ventas, Urola Kostako Hitza ]

· Auzitegi Gorenak berretsi egin du salaketa faltsu batean oinarrituta bi zarauztarri ezarritako kartzela zigorra [ zarautz.hitza.info, 2011-02-09 ]

· Esperantzak ez du lekurik Auzitegi Nazionalean [ Urola Kostako Hitza, 2010-12-14 ]

· Urtebeteko espetxe zigorra jarri diete bi gazteri, lekuko anonimo batean oinarrituta [ Berria,  2010-07-31 ]





Jonathan Franzen, eguneroko askatasunaren bila

7 02 2011

“@ehunginen: Jonathan Franzenen ‘Freedom’ irakurtzeko deseatzen nago. Elkarrizketa interesgarria egin diote La Tercera egunkarian”.

Ez nuen ezagutzen Jonathan Franzen, oraintsu adiskide batek twitterren utzitako mezu hori irakurri eta egile estatubatuarraren arrastoari segika hasi arte.

Txileko La Tercera egunkariak egindako elkarrizketa irakurri orduko ohartu nintzen ez nuela bakerik izango Franzenen lanak sarean aurkitu eta eleberriren bat amaitu arte. Zorionez. Ez baita edonolako aurkikuntza izan.

Jonhatan Franzen (Chicago, AEBak, 1959) 29 urterekin sortu zen literaturaren historiarentzat, Hogeita zazpigarren hiria eleberria argitaratu zuenean. Kritika onak izan zituen, eta beste zenbait lan ere argitaratu zituen hurrengo urteetan, baina 2001ean lortu zuen arrakasta eta oihartzuna nazioartean Zuzenketak nobelarekin. AEBetako National Book Award saria jaso zuen, eta Pulitzer sarirako finalista ere izan zen. Hainbat hizkuntzara itzuli dute liburua, eta dagoeneko ia hiru milioi ale saldu ditu mundu zabalean.

Iaz argitaratu zuen azken eleberria: Freedom. “Maisulana”, The New York Times egunkariaren iganderoko literatura gehigarriaren iritziz.

AEBen azken hamarkaden erretratua egiten du eleberriak, “surik eta amorrurik gabeko gaur egungo nerabeei” gorrotoz begiratzen dieten protagonisten eguneroko kontuetatik abiatuta. Eguneroko kontu horiek dira historia handia kontatzeko Franzenen bitarteko gustukoenak: “Gaur egun, zenbait urtez kulturatik aldentzea eta inguruko kontu txikiei arreta handiz begiratzea da idazle batek eskaini dezakeena”.

Ahaleginean, Franzenek ez du lortu kulturatik aldentzea. Mundu erdiko irakurleak bere lanen zain egotea baizik. Izan ere, literatura garaikidearen izen handienetakoa da Franzen, batzuetan twitterreko mezu baten txikitasunean galduta geratu daitekeen arren.

Bibliografia

Eleberriak

The Twenty-Seventh City (1988).

Strong Motion (1992).

The Corrections (2001).

Freedom (2010).

Entseguak

How to Be Alone (1988).

The Comfort Zone (2004).

The Discomfort Zone (2006).

[ Gaztezulo aldizkaria, 115 zenbakia, 2011/02 ]





· Fieltroarekin: loreak eta izarrak

7 02 2011

· Erabilitako materiala: fieltroa, kotoia, haria. · Data: 2011-02-06

· Erabilitako materiala: fieltroa, kotoia, haria. · Data: 2011-02-06

· Erabilitako materiala: fieltroa, kotoia, haria. · Data: 2011-02-06





Tximasen aldeko bertso saioa

4 02 2011

Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Odei Barroso eta Sustrai Colina ariko dira kantuan datorren ostiralean Pausuko Xaia ostatuan, Iraitz Gesalagaren aldeko bertso saioan.