Bederatzi te kikara basamortu ertzean

17 12 2014

Bederatzi te kikara

Lehenengo te kikara bizitza bezain garratza izanen da,
bigarren te kikara maitasuna bezain goxoa,
hirugarren kikara heriotza bezain leuna.

Laugarren te kikara maitasuna bezain garratza izanen da,
bosgarren te kikara heriotza bezain goxoa,
seigarren te kikara bizitzea bezain leuna.

Baina ze basamortu, ze hiri, ze itsasotan zabiltza zu, urrundua?
Noiz helduko zara zu, nire gonbidatua?

Zazpigarren kikara heriotza bezain garratza izanen da,
zortzigarren te kikara bizitza bezain goxoa,
bederatzigarrena maitasuna bezain leuna.

Joseba Sarrionandia + Gose.
‘Gosariak’, 2014.

Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaritzak antolatutako bidaietan, ehunka lagunek bisitatzen dituzte urtero Saharako errefuxiatuen kanpalekuak, neguan eta udaberrian. Udan haur sahararrak hartzen dituzten familiak, elkartasuna bideratzen ahalegintzen diren elkarteak, edo babes politikoa zabaldu nahi duten lagunak heltzen dira basamortura. Ez sinesteko moduko istorioak gordetzen dituzte askok isilpean. Samurtasuna lau haizetara. Kanpalekuetan, askatasunaren zain dagoen herria aurkitzen dute. Noizbait Marokok lapurtu dien lurraldera itzultzeko esperantza galdu gabe, basamortuan aldi baterako 40 urte daramatzan errepublika.

Kronika hau 2014ko abenduan egindako bidaiaren isla da. Ehunka bidaiarietako baten begirada besterik ez. Orrialde hauetan barrena Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa zer den eta errefuxiatuen kanpalekuetan nola bizi diren ezagutuko duzu. Bederatzi egun. Bederatzi gau. Bederatzi te kikara basamortu ertzean, ezer eduki gabe ere dena eskaintzeko gai den eta munduko irribarrerik ederrenak dituen herrian.

· LEHEN TE KIKARA: abenduak 5


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina