[53] Hautazko ikasgaia Nafarroan

9 03 2021

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak zabaldutako bidera eskola asko gehitu da urteek aurrera egin ahala. Europako Parlamentuaren eta Espainiako Kongresuaren erabakiek eskolei eta erkidegoi erraztu egin diete pausoa ematea, eta Nafarroan, esaterako, xakea hautazko ikasgaia da 2018az geroztik, DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleentzat. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Xake Federazioaren Begiraleen batzordeak elkarlanean mamitu zuten egitasmoa aurreko agintaldian, nazioarteko maisuen, irakasleen eta xake jokalarien laguntzarekin.

Europako Parlamentuaren adierazpena hartu zuten oinarri, haren arabera xakeak “gizarte-kohesioa eta integrazioa hobetzen” laguntzen baitu. Era berean, “haurraren adina edozein dela ere, xakeak sormena, intuizioa, memoria eta gaitasun analitikoa garatzen laguntzen du, ausardia, motibazioa eta kiroltasuna sustatzearekin batera”. Horrek guztiak “berrikuntzan eta irakaskuntzan modu positiboan eragiten duten tresnen alde aritzeko” Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoekin bat egiten duelakoan, bideari ekitea erabaki zuten. Hezkuntza kontseilariaren arabera, “ikerketa eta aditu asko dago xakeak dituen onura pedagogikoen inguruan, eta horregatik egin nahi dugu xakea eskoletan sartzeko ahalegin sendo hau”.

Elkarlanari izaera formala eman zioten, eta lanerako batzordea osatu, material didaktikoa sortu eta irakasleak formatu zituzten. Harrezkero hainbat ildo dituzte zabalik, besteak beste berrikuntza proiektuen artean xake hezitzailea lehenesteko edota aukerako ikasgaiaren curriculuma osatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da. Ez da egiturazko erabakirik hartu. Ezta erabaki politikorik ere. Ondorioz, xakea ez dago eskola curriculumean sartuta, eta lantzen denean eskolen, irakasleen edo gurasoen ekimenez izaten da, xakearen onurak zabaltzeko. Badira hainbat arlo lantzeko programa zehatzak, horietan lekua izan dezake xakeak, eta horri esker heltzen da eskoletara.

Zenbaitek, legez ezarritako gaitasunen mapan oinarrituta, curriculum propioa landu dute, eta Ulermenerako Irakaskuntza eta antzeko hezkuntza ereduen baitan erabiltzen dute xakea (Bilboko Begoñazpi ikastola, Tolosako Herrikide ikastetxea, Galdakaoko Gandasegi eskola eta beste hainbat aipa daitezke), baina hautazko ikasgai modura hezkuntza legeak berariaz babestu gabe.


[Bilboko Begoñazpi ikastolako ikasleak, xakean. Begoñazpin xakea erabiltzen dute “adimen logiko-matematikoa indartzeko tresna gisa”].

[Galdakaoko Gandasegi eskolako ikasle bat, xakean].

Egiturazko erabakirik ez hartzeak eta xakea ikasgai modura ez babesteak ez du laguntzen xakea haurren eta gazteen artean ezagutarazten. Georgiarrek duela hogeita hamar urte hezkuntza saileko arduradunei eta ikastolen ordezkariei esan zieten bezala, eskolak baitira xakea zabaltzeko bidea. Euskal Herrian (Arrasate eta Oñati), Herrialde Katalanetan (Bartzelona) eta Alemanian (Herborn) xake irakaslea izan den Josu Tornayren hitzetan, ordea, “Euskal Autonomia Erkidegoan ez da xakeari buruzko irakaskuntza garatu eta, ondorioz, zaila da irakasleak edo monitoreak aurkitzea. Horretan aritu izan garenok ere ez gara normalean horretatik bizi, eta gure inguruko xake irakasle gehienak egoera berean daude. Xakea eskoletan sartu ezean, orain arte bezala herrietako xake elkarteen eskuetan geratuko da irakasleak formatzea eta klaseak eskoletan sustatzea, eta elkarte gehienek nahikoa lan dute bizirik irauten, xakezale askok borondatez egindako lanarekin. Aurrera egiteko, xakeak eskoletan lekua izatea da gakoa, beste erkidego eta herrialde batzuetan bezala”.

Horrez gain, xake elkarteen eta xake irakasleen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen kirol legeak ere ez du errazten haurrak xakean gero eta gehiago murgiltzea.

Tornay mintzo da berriro: “Haurrak ezin dira 11 urte bete arte federatu. Debekatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan, eta uste dut Europa osoan EAEn bakarrik dagoela debekatuta haurrak federatzea. Beste kirol batzuetan zentzua izan dezake arau horrek, baina xakean ez. Bere garaian ahalegindu ginen arau horri aurre egiten, baina ez genuen lortu, eta hor dago lege kaltegarri hori. Xakea gustukoa duten eta xakean nabarmentzen diren haurrak 6, 7, 8, 9 urterekin hasten dira xake elkarteetan, baina lehiatu ezin dutenez eta eskolan alor horretan aritzen den beste lagunik ez dutenez, nekatu egiten dira, eta askok 11 urte horiek bete aurretik lagatzen dute. Beste leku batzuetan, aldiz, lehiatzeko aukera dute haurrek, eta horietan jende berria, torneoen magia, beste herri batzuetako xakezaleak eta abar ezagutzen dituzte, eta horiekin xakera kateatzeko aukerak biderkatu egiten zaizkie”.

Horrela, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi diren eta xakean federatu nahi duten haurrak beste erkidego batzuetan federatzen dituzte gurasoek, oro har Nafarroan, Kantabrian edo Gaztela eta Leonen. “Hori da lege horrek lortzen duena: interes ertaina duten haurrak uxatzea eta interes gehien dutenak deserriratzea”.

Erreferentziak:
· Hezkuntza departamentuak heziketa-xakea bultzatuko du tresna didaktiko gisa. Nafarroako Gobernua, 2017-10-03.
· Osa Galdona, Miren: Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun. Argia, 2017-12-24.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula


Ekintzak

Information

Erantzun bat

14 03 2021
[53] Xakea: Hautazko ikasgaia Nafarroan | Eskolaegunezegun

[…] Artikulu osoa irakurri nahi? Klikatu: xakea hautazko ikasgaia […]

Utzi iruzkina