Bost leiho gure minari

11 09 2012

Aspaldi oharrarazi zigun Joseba Sarrionandiak Mundua begiratzeko leihoak poema hartan. Gazteenek akaso Berri Txarrak taldearen doinupean ezagutu dituzten hitzetan:

“Ez ezazue leihotik begiratu.
Ez ikusi ortzean hegats arraunka doan basahate ubea.
Letra hori ez dago gure alfabetoan”.

Ez ezazue leihotik so egin. Leihoak gillotinak dira. Kanpora begiratuz gero
burua gal dezakezue. Ez leihotik so egin. Kanpoan ez dago ezer. Ez ezazue leihotik begiratu.

Hori bera da grisik maite ez dutenek, dena zuria ala beltza ikusarazi nahi digutenek, esan digutena azken hilabeteotan Barrura begiratzeko leihoak filmari buruz. Ez ezazue leihotik begiratu. Zertarako begiratu basahateei. Ez. Letra horiek ez daude gure alfabetoan. Ez dute lekurik. Zentsoreak horregatik ahalegindu ziren, atzo bertan, filmaren estreinaldia oztopatzen, debekatzen. Lehenago, antzera aritu ziren zenbait udal filma diruz laguntzekoak zirela jakin zutenean. Herritarren borondatezko ekarpenarekin ezin izan zuten, ordea. Filma Donostiako Zinemalditik kanpo uztea lortu zuten gero, baina atzo argi geratu zen moduan, ez zen kalitatearekin lotutako irizpideengatik izan, irizpide eta presio politikoengatik baizik, nabarmen.

Bost istorio ikusi genituen atzo film bakarrean, eta hunkituta itzuli ginen etxera, gure minaren geografia zein zabala eta arrotza den ohartuta. Bost istorio. Bost taupada. Gaur egun ziega hotz eta urrunetan gatibu dituzten 639 euskal presoetatik bost dira barrura begiratzeko leiho hauetatik ikus daitezkeenak. Bakoitza film labur ederra da, baina bostak elkarrekin ikusteak zirrara sortzen du. Irati Tobarri buruzko lehen adabakitik ohartzen da ikuslea hurrengo lau istorioetan aurkituko duenaz. Kaleko argazkien, errepresioaren datuak erakusten dituzten zenbakien, edo egunkarietako titularren atzean bizitza bat dago, bere historiarekin, bere drama humano guztiarekin, bere duintasunarekin, maitasunarekin, egun urdin eta gau ilunekin. Sorterriko kopla pertsonalizatua da bakoitza.

Ez naiz kritikoa. Ez dut askorik ulertzen zinemaz, teknikaz, erritmoaz, gidoiaz. Baina barrura begiratzeko bost leiho hauek beharrezkoak genituen. Beharrezkoak, horrelako beste ehunka eta ehunka ditugula ohartzeko. Josu Martinez zuzendariak atzo Victoria Eugenia antzokian esan zuen bezala, leihoek, beti, leihoen beste aldera begiratzeko balio dutela erakusteko. Leihoen bestaldean dagoena ikusteko. Kanpoan mundu bat baitago. Barruan bizitza bat. Begiratzea eta ikustea merezi duena, beti.

Are gehiago, noski, egungo egoera politikoan. Atzo gauean adiskide bati irakurri nion moduan, film honek “sekulako ekarpena egiten dio gaur egungo une politikoari, ezkutatuta daukaten errealitatearen zatia erakusten duelako”.

Irati Tobar, Jon Ugarte, Gotzone Lopez Luzuriaga, Jexuxmari Zalakain eta Mikel Albisu erakutsi dizkigute leiho hauetan.
Eta Josu Martinez, Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Eneko Olasagastik, hemen eta orain, sortzaile batek herri honi egin diezaiokeen ekarpenik handiena egin diote: bakoitzak dakienetik, sormenetik, taupada guztien samurtasuna erakutsi, leihoak zarratuta nahi dituztenek ere ikusteko eta entzuteko moduan. Barrura begiratzeko leiho hauek bai, gillotinak dira, grisik gabe eraiki eta kontatu izan duten errealitatearentzat.

Zorionak bost zuzendariei, eta film hau egitea ahalbideratu duzuen guztioi. Biba zuek!





Etorkizuna erraustuz

18 03 2012

Errauste plantek osasunean duten eragina eta, batez ere, errauste planten atzean dauden interes ekonomiko zikinak agerian uzten dituen dokumentala da honakoa. 3 Mugak Batera plataformak aurkeztu zuen iaz, eta dagoeneko sarean ikusgai dago. Hondakinen bilketaren inguruan zenbait alderdi egiten ari diren demagogia merkearen sasoian, herriz herri zabaldu eta erakutsi beharko litzatekeen dokumentala da.

· Sinopsia: Olaztiko Cementos Portland Valderribas enpresak hondakinak erraustu nahi ditu, eta horrek alarmak piztu ditu Sakana, Goierri, Ameskoa, Lizarraldea eta Arabako Lautadan. Hainbat adituri egindako elkarrizketen bidez, dokumental honetan aktibitate honek pertsonen osasunarengan eta ingurunean duen eragina azaltzen da eta negozio zikin honen barnean murgiltzen da.

· Iraupena: 47 minutu.
· Iturria: hitzondobideoak

Incinerando el futuro from hitzondobideoak on Vimeo.