[51] Xakea eskolan: heziketarako laguna

9 03 2021



Errusiako Iraultza gailendu zenean eta xakea herritarren heziketarako oinarritzat hartu zutenean, boltxebikeek argi zituzten xakearen onurak, eta horregatik eraman zuten xakea eskoletara eta lantokietara. Ordudanik ehun urte baino gehiago igaro dira, eta munduko hainbat herrialdetan oraindik ere eztabaidagai da xakeak zertan laguntzen duen. Beste herrialde askotan, ordea, xakea eskoletan erabiltzen da, urte askoan munduan barrena egindako hamaika ikerlanetan oinarrituta, irakaskuntzarako lanabes egokia delakoan. Zaire (1973-1974), Belgika (1974-1976), Hong Kong (1977-1979), AEB (1979-1983), Venezuela (1979-1983), Moldavia (1983-1985), Kanada (1989-1992) edota Alemanian (2004-2008) egin izan dituzte ikerketa horietako batzuk, eta emaitzak adierazgarriak dira guztietan.

Kataluniako Gobernuaren ekimenez Gironako eta Lleidako unibertsitateek azken urteotan egindako ikerketaren arabera, esaterako, xakea ikasgai bezala duten ikasleek adimena gehiago garatzen dute zenbait arlotan, kontzentratzeko askoz gaitasun handiagoa dute, errazago ulertzen dute ikasitakoa, eta hobeto moldatzen dira matematiketan eta irakurketan, gainerakoen emaitzak bikoiztuz.

Horrela, adituen azalpenak entzunda, eta zientzia aldizkarietan argitaratutako lanak, nazioarteko kongresuen ondorioak eta doktoretza tesiak kontuan hartuta, xakea lehen eta bigarren hezkuntzan eskola orduetan sartzea gomendatu zuen Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, 1995ean. Europako Parlamentuak, berriz, 2012an proposatu zuen xakea eskoletan ikasgai modura lantzea, eta Xakea eskolan programa abiarazteko gomendioa egin zuen, 415 eurodiputaturen aldeko botoarekin. Horri helduta, hainbat herrialdek bidea egiten hastea erabaki zuten, eta askotariko legeak eta ekimenak ere onartu zituzten, xake hezitzailea arautzeko. Katalunian, esaterako, xakea hezkuntza sisteman barneratu eta ikasgai modura lantzen hasi ziren. Geroago, Espainiako Kongresuak xakea ikasgai bezala onartu zuen 2015eko otsailean, aho batez.

Hezitzaileek, psikologoek eta pedagogoek ez dute zalantza askorik erabakiaren inguruan, eta xakea eskoletara ikasleak oraindik haurrak direnean sartzearen alde hitz egiten dute. Izan ere, xakearekin batera lantzen diren arloak giltzarriak dira haurraren adimena eta gaitasunak garatzen ari direnean. Adituen zein bateko eta besteko ikerketen arabera, luzea da zerrenda.

Batetik, memoria lantzen laguntzen du xakeak. Lehendik egindako urratsak eta akatsak gogoratzen, eta horien arabera ikasten. Bestetik, kontzentrazio gaitasuna ere lantzen du xakean arreta biltzeak. Haur mugituenak eta hiperaktiboenak ere luze egon daitezke xake taularen zuri beltzetan kontzentratuta. Ondoren, eskutik datoz arreta eta hausnarketa ere. Hausnartzeko gaitasuna. Erabakiak hartu behar, bizitza horixe omen da, Anarik lehen diskoan abestu zuen moduan. Bada, erabakiak hartzen ere ikasten du haurrak xakearekin, eta behin erabakiak hartuta, ezinbestean, akatsak onartzeko, horietatik ikasteko eta zuzentzeko gaitasuna ere garatzen du.

Logika espaziala ere garrantzitsua da. Haurrak, xakearekin oharkabean lantzen du espazioarekiko harremana, piezak laukietan barrena nora eta noraino mugitu daitezkeen ikastean. Gainera, epe ertain edo luzerako estrategia garatzen du, eta helburu horretara heltzeko urratsak epe motzean egiten ditu, taktika baliatuta. Era berean, ezkerrera, eskuinera, atzera edo aurrera mugitzen ere ikasten du, orientazioa landuz. Bidean, ordea, aurreikusi gabeko oztopoak agertu ohi zaizkio askotan, eta horiek nola gainditu hausnartzea ezinbestekoa duenez, arazoak konpontzeko gaitasuna ere lantzen du xakearekin.

Hasieran pieza edo irudi bakoitza nola eta noraino mugitu daitekeen erakusten zaionez, logika eta matematika ere etengabe garatzen ditu. Piezak eta laukiak zuriak eta beltzak direnez, berriz, kolorearen pertzepzioa oharkabean lantzen du. Baita formaren eta neurriaren pertzepzioa ere, piezak nolakoak diren, zer-nolako neurria duten, nola ordenatzen diren eta zenbat balio duten ulertuz. Horrekin batera, piezak mugitu ahal izateko laukiak kontatzen dituenean matematikarako gaitasuna ere lantzen du, pieza bakoitza balioaren arabera erabiltzen eta babesten duenean bezala.

Sormena da xakearekin garatzen den beste alor garrantzitsuetako bat. Epe motzera logikaren aurka doan mugimenduak, beharbada, zentzua du partidaren osotasunean. Dama sakrifikatzea eta galtzea, esaterako, beste zerbait ederragoa sortzeko bidea izan daiteke. Beste nonbait leiho bat zabaltzeko aukera, eguzkia eta haizea sar dadin. Horrelakoen beharra ikusarazteko ere bidelagun da xakea.

Asmatuz gero, gure buruarekiko konfiantza izaten eta autoestimua sendotzen lagunduko digu egindakoak. Erratuz gero, ordea, gaitasun kritikoa lantzeko ere ezin hobea da. Xakean gu bakarrik baikara gure erabakien erantzuleak. Guk sartzen dugu hanka. Ez beste inork. Gainera, erabaki, urrats edo mugimendu oker batek partida osoa irauli dezake, eta horrek egindakoaren kontzientzia garatzen laguntzen du. Xakean, beraz, galtzen duena da gehien ikasten duena. Zergatik galdu dugun eta zertan erratu garen galdetzera ohitzen gaitu, hobetzeko eta hurrengoan akatsak ez errepikatzeko. Horrela, autokritikarako gaitasuna lantzen du etengabe.

Era berean, egoera berrietara moldatzen ere erakusten du xakeak. Behin eta berriro aldatzen baita errealitatea, eta ezinbestekoa da gertatutakoa ulertzea, malguak izatea, erabakiak hartzea eta gu ere aldatzea, aurrera egin ahal izateko.

Zerrenda asko luzatu daiteke, xake hezitzaileak dituen onurez, garatzen dituen gaitasunez eta lantzen dituen balioez ikerketa eta kongresu asko egin baita, eta milaka orrialde ere idatzi dira. Gainera, lerro hauetan bildutakoez gain, xakearekin batera zeharlerrotasunez historia, matematika, plastika, psikomotrizitatea eta beste hainbat arlo ere landu daitezkeela erakutsi dute eskoletan urte askoan.

Erreferentziak:
· Pourquoi le jeu d’échecs dans les écoles? Fédération Echiquéenne Francophone de Belgique.
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Xakea eskolara: zer-nolako ekarpena egin dezake ikaslearen prozesuan? xakea.org
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Xakea praktikatzearen abantailak. xakea.org
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Xakea eta errendimendu akademikoa. xakea.org
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Transbertsalitatea eta gamifikazioa. xakea.org
· Fernandez Amigo, Joaquin: Las transversalidades del ajedrez. Balagium editors, 2016.
· Muñoz, Daniel: Ajedrez educativo: todo lo que hay que saber. thezugzwangblog.com, 2016.
· Van Delft, Karel: Chess For Educators. How to Organize and Promote a Meaningful Chess Teaching Program. New in Chess, 2021.
· La Universitat de Girona i la Fundació Kasparov promouen l’ús educatiu dels escacs. Diari de Girona, 2015-07-28.
· Càtedra Escacs, Educació i Desenvolupament Cognitiu. Universitat de Lleida.
· Introduction du jeu d’échecs à l’Ecole.
· chessintheschools.org
· www.chessinschools.co.uk


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina