Magnus Carlsen. Handia.

10 12 2021

Amaitu berri da Munduko Xake Txapelketa. Nazioarteko Xake Federazioak antolatuta, Dubain 14 partida jokatzekoak ziren Magnus Carlsen norvegiarra eta Ian Nepomniaxtxi errusiarra, bietakoren batek 7.5 puntu lortzera iritsi eta koroa irabazi arte. Gaur arratsaldean gertatu da hori. 11. partidan, estu, amore eman du Nepok eta, gaurko garaipenarekin 7.5 puntuetara iritsi da Carslen. 7.5-3.5 markagailuarekin, beraz, berriro ere Munduko Xake Txapelketa irabazi du.

Carlsenen omenez, txapelduna hobeto ezagutu nahi duenarentzat, ’64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan’‘ liburuko 62. atala osorik doakizue hemen: Magnus Carlsen. Handia.

Magnus Carlsen. Handia.
[64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan liburuko 62. atala]

Jose Raul Capablanca, Bobby Fischer, Anatoli Karpov, Gari Kasparov ala Judit Polgar. Garai batean, xakearen historiak eman duen jokalari onena zein den galdetuta, hainbat izen agertzen ziren hizpidera, erantzuten zuenaren iritziaren arabera. Gaur egun, ordea, Magnus Carlslenen emaitzek zalantza gehienak desagerrarazi dituzte.

Nazioarteko Xake Federazioak eta Xakearen Elkarte Profesionalak bereizita antolatzen zituzten munduko txapelketak elkartu eta 2006an berriro ere Munduko Xake Txapelketa bateratua antolatzen hasi zirenetik, Viswanathan Anand (1969) indiarrak 2007an kendu zion koroa Vladimir Kramnik (1975) errusiarrari. Ondoren, Anandek bost aldiz eutsi zion tituluari, 2013. urtean Magnus Carlsen iritsi zen arte. Harrezkero, Carslenek marka guztiak hautsi ditu. Xake-jokalari batek sekula izan duen Elo puntu gehien izatera iritsi da eta, tarteka partida batzuk galtzen baditu ere, oraingoz ez dirudi inork itzala egingo dionik azken urteotako munduko txapeldunari.

Sven Magnus Øen Carlsen Norvegia hegoaldeko Tønsberg hirian jaio zen, 1990eko azaroaren 30ean. Hiruzpalau urte zituenerako Sigrun eta Henrik gurasoak ohartu ziren semea berezi samarra zela, eta kezkatu ere egin ziren haurraren garapen psikomotorrarekin, ohiturazko eta oinarrizko trebetasun eta abilezien bidez garatzen diren gaitasun motorrekin arazoak baitzituen. Ez zuen asmatzen aurrera egiten, egin beharrekoa aldez aurretik ikasi eta pentsatu ezean. Mugimenduen analisia lehenesten zuen, espazioaren eta denboraren aldagaiak aldez aurretik neurtuta, eta ondoren egiten zuen aurrera.

Barrura begiratzeko leihoa zabaltzen zuen, eta bere baitan bilduta egoten zen askotan. Lau urte zituenean muntatzeko Lego trena oparitu zioten, eta ez zuen atsedenik izan inoren laguntzarik gabe pieza denak non eta nola elkartu asmatu eta sei ordutan trena muntatu zuen arte. Ondoren etzan egin zen, eta gurasoen arabera beste zenbait ordu eman zituen sabaira begira, trena muntatzeko egindako mugimendu guztiak errepasatzen eta buruz ikasten.

Garai hartan, munduko herrialdeen eta Norvegiako lurraldeen banderak, biztanleen datuak eta armarriak zituen liburu bati begira ematen zituen orduak, eta gurasoak ohartzerako hasi zen batzuk eta besteak sailkatzen, multzoka, beti ere zenbakietan oinarrituta, patroi harrigarriak sortuz: banderan lau kolore zituzten herrialdeak, armarrian hiru zuhaitz, kainoi edo balea zituztenak, eta abar. Zenbakiekiko eta kalkuluak egiteko gaitasun berezia zuela ikusi zuten gurasoek, eta xake jokalari ona izan zitekeela iruditu zitzaien. Era berean, xakea Magnus bere mundutik ateratzeko eta apur bat sozializatzeko egokia izan zitekeen esperantza ere bazuten. Haurrari, ordea, ez zitzaion askorik gustatu joko hura.

Zortzi urte zituenean, ordea, bere kasara hasi zen, eta hortik aurrera haurtzarotik xakean nabarmendu diren txapeldun askoren ibilbidearen antzekoa izan du, baina mugarik gabe. Hamahiru urte zituenean eskuratu zuen Nazioarteko Maisu Handia titulua, eta sasoi hartan aritu zen lehen aldiz Gari Kasparoven aurka. Islandiako hiriburuan izan zen, Reikiaviken, 2004ko martxoan. Berdinketa lortu zuen Carlsenek, ikusleak harrituta eta Kasparov sinetsi ezinik lagata. Merezi du sarean partida haren bideoa bilatzea, errusiarraren aurpegia, keinuak eta gorputz hizkera ikusteagatik soilik. Carlsenek, ordea, irabazi nahi zuen, eta ez zen gustura gelditu. “Haur batek bezala” jokatu zuela adierazi zuen.

Hurrengo urteetan gora eta gora egin zuen, batean eta bestean txapelketak irabaziz, eta 19 urterekin FIDEren sailkapeneko lehen postura heldu zen. Gaur arte. 2013. urtean, berriz, larri bada ere Hautagaien Txapelketan gailendu zen, eta azkenik Viswanathan Anand mendean hartu zuen Munduko Xake Txapelketaren finalean, indiarraren sorterrian bertan, Chennain, Tamil herriaren hiriburuan. 22 urte zituen. Ordudanik, jokatu diren Munduko Xake Txapelketa guztiak irabazi ditu, 2014an (Socchi), 2016an (New York) eta 2018an (London) Viswanathan Anand, Sergei Karjakin eta Fabiano Caruanari gailenduta, hurrenez hurren. Gainera, xake jokalari batek inoiz izan duen Elo puntu gehien izatera ere heldu zen 2014an: 2.882 puntu. Ordura arteko marka Kasparovek zuen, 1999an 2.851 Elo puntuetaraino iritsita.

Bidean, ordea, dena ez da koloretsua izan Magnus Carlsenentzat. Xakean erabat murgilduta eta gehiegitan bere baitan bilduta, eskolako zomorro arraroa sentiarazi zuten ikaskideek, eta horrek are gehiago urrundu zuen ikaskideengandik, garai batean batez ere senideen artera mugatzeraino bere harremanak. Gurasoak bezala Ellen eta Ingrid arrebak ere jarraitzaile sutsuak ditu, eta bizitza osoan etxekoak izan dira Magnusen orubea eta babesa. Munduan barrena ibili dira bostak, batetik bestera, semearen eta anaiaren txapelketen eta egutegiaren arabera.

Gaur egun, Carlsenen inguruan sortutako Play Magnus enpresa taldeak milioiak eta milioiak mugitzen ditu. Mundu mailako marka digitala da, eta xakearen inguruko zerbitzuak eskaintzen ditu, erabiltzaileak beharren arabera sailkatuta eta bezero bihurtuta. Jokoaren ezagutzatik hasi, eta garapena, behaketa, ikasketa, datu baseen kudeaketa, aholkularitza eta entrenamenduak eskaintzen ditu, xake zaleak txapelketetarako ere prestatuz, eskaeraren arabera. Xakean zabaldu duen aro berriagatik eta bere inguruko enpresek mugitzen duten dirutzagatik, Magnus Carlsen munduan eragin gehien duten 100 lagunen zerrendan sartu zuen Time aldizkariak.


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina