Bizilagunak 2014: Venezuela, Sahara eta Kolonbiako zarauztarrak

24 11 2014

Beste urte batez, Sos Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak · La familia de al lado ekimenean parte hartzeko aukera izan nuen atzo. Plazer hutsa, beste behin ere.

Duela zortzi eta zazpi urte Venezuelatik Zarautzera heldutako Iraima eta Ruth hobeto ezagutzeko aukera izan genuen mahaiaren inguruan. Ruth, Gustavo eta Nerearen etxean bazkaldu genuen. Ruthen semea da Gustavo. Nerea, berriz, pisukidea. Iraima, Ruthen laguna eta aberkidea: venezolarra. Sos Arrazakeriak eta EHUk antolatuta, hainbat boluntario aritzen dira batean eta bestean atzo antolatu ziren ehunka bazkariak koordinatzen. Onintza aritu zen horretan.

Bazkaria, ohi bezala, elkar ezagutzeko aitzakia izan zen, baina solasean hasi aurretik eta beraien bizitzari eta historia pertsonalaz hitz egiten hasi aurretik, argi zegoen mimo handiz prestatutako otordua genuela zain. Venezuelan gabonetan egon ohi duten ohiko bazkaria prestatu ziguten: oilo entsalada, eguberritako ogi betea, eta hallaca.

IMG_9320.JPG

IMG_9312.JPG

Ogi betea, gabonetan oso ohikoa da Venezuelako otorduetan. Pan de jamon deitzen diote, eta barruan urdaiazpikoa, gazta, mahats pasak, olibak eta antzeko osagaiak sartuta prestatzen dute.
· Hemen errezeta: pan de jamon.

IMG_9316.JPG

IMG_9322.JPG

Hallaca, berriz, hitz eta elikagai guarania da. Nahasi esan nahi du guaraniz. Revolver. Arto irina egosi ohi dute, platanondo hostoetan bilduta, eta arto irinaren barruan, berriz, beste otorduetan soberan geratutako osagaiak.
· Hemen hallaca prestatzeko errezeta eta hallacaren nondik norakoak: La hallaca.

IMG_9317.JPG

IMG_9315-0.JPG

Oilo entsalada, berriz, hemen errusiar entsalada deitzen diogunaren antzekoa da. Oilo bularra egosi eta zatitu ondoren, beste zenbait osagai nahasten dizkiote: sagarra, azenarioa, olibak, mahonesa, eta abar.
· Hemen errezeta: ensalada de gallina o pollo. Tradición venezolana en navidad.

IMG_9314.JPG

Postrerako, flana eta bizkotxoa prestatu zizkigun Ruthek, solasaldia gozatzeko.

IMG_9323-0.JPG

IMG_9324-0.JPG

Aspaldidanik zarauztarrak diren arren, etorkinak diren heinean, historia luze eta garratza dago bakoitzaren atzean, sorlekua eta sustraiak atzean uztea eta beste lurralde batean moldatu beharra ez baita erraza. Erbesteratzeko bakoitzak izan zituen arrazoi pertsonalei buruz luze aritu ginen solasean, tarteka behin baino gehiagotan malkoei eusteko ahaleginak egin behar izateraino, Ruthen kasuan.

IMG_9346.JPG

Hainbat lagun elkartu ginen atzo Ruth, Gustavo eta Nerearen etxean: etxekoak + Iraima, Onintza, Itxaso, Araitz eta ni neu.

IMG_9321.JPG

Atzo Sos Arrazakeriak antolatuta Euskal Herrian eta Europako beste hainbat herrialdetan egin zen ekimenaren baitan, Zarautzen, beste zenbait bazkari ere antolatu ziren.

Karmelek eta Anek, esaterako, Zarautzen bizi diren kolonbiarrak gonbidatu zituzten etxera. Gloria, Nelly eta Santiagorekin eseri ziren mahaiaren bueltan.

IMG_9330.JPG

Alizia, Markos, Garazi eta Landerrek, berriz, Zarautzen bizi diren sahararren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zuten, Akila Sedek lagunaren etxean.

GAI HONI BURUZKO LOTURAK:
· Bizilagunak 2012: Patricia eta Daviden etxean (2012-11-18).
· Bizilagunak 2013: Silviaren etxean, bizilagun berriak ezagutuz (2013-11-19).
· Bizilagunak 2014: mugak.eu





Silviaren etxean, bizilagun berriak ezagutuz

19 11 2013

Iaz bezala, aurten ere SOS ARRAZAKERIAk antolatutako ekimen eder batean parte hartzeko aukera izan dut: BIZILAGUNAK · LA FAMILIA DE AL LADO · NEXT DOOR FAMILY. Honen baitan, herritar berriak eta herrian sortutakoak bazkaria konpartitzeko elkartu ginen igandean. Zarautzen ez ezik, baita Gipuzkoan ere. Guztira, 120 familiatik gora, 60 bazkaritan.

Ekimena Europako beste zenbait herrialdetan ere egin zen, egun berean eta une berean. Guztira, 2.000 lagunetik gora aritu ginen, etxeko atea zabaldu, aurreiritziak gainditu, eta arrazakeria eta aurreiritziak kanpoan utzita, elkar ezagutu nahian. Etorkinak eta bertakoak. Hemen sortutakoak, eta hona etorritakoak. Elkarrekin.

Hemen bildu nuen iazko kronika: Bizilagunak (2012-11-18).

Iaz dinamizatzailea izan nintzen bi familien artean. Patricia (Argentina) eta Daviden (Uruguai) etxean izan ginen, Zarautzen. Bi urteko alaba dute: Afrika. Kristian eta Marianne izan ziren gonbidatuak, hemen sortuak izan arren, etorkin alemaniarren ondorengoak.
Aurten, berriz, gonbidatua izan naiz, Silviaren etxean. Mikel Goenaga lagun eta lankidearekin joan nintzen, eta Silviak ateak zabalik hartu gintuen, hiru seme-alabekin batera: Rocio (21), Rodrigo (19) eta Benjamin (17). Juana Mari aritu zen dinamizatzaile rolean, Zarautzen bizi den azpeitiarra.

Silvia argentinarra da, eta hamar urte daramatza Zarautzen bizitzen.
Trenque Lauquen-en jaio zen, Buenos Aires probintzian, duela 48 urte.
Azaroaren 29an beteko dira hamar urte Argentina utzi eta Zarautzera heldu zenetik. Ez du erraz ahazten data. Gogorra izan baitzen erabakia.

2001 urtearen amaieran lehertu zen krisia Argentinan. Bankuek hondoa jo zuten, korralitoa heldu zen, eta herrialdea ekonomikoki ekaitz betean sartu zen. Dozenaka mila lagunek alde egin zuten bizimodu hobearen bila beste herri eta lurraldeetara.

Hiru seme-alaba zituen ordurako Silviak. 7, 9 eta 11 urte zituzten Benjamin, Rodrigo eta Rociok, hiruren aita eta Silviaren bikotea goizetik gauera lanik gabe geratu zenean. “Rolandoren enpresa itxi egin zuten, eta egun batetik bestera ogia erosteko ere dirurik ez genuela geratu ginen. Oso gogorra izan zen. Hiru haur izanda, asko pentsatu behar izan genuen. Ia bi urte eman genituen zer egin erabaki ezinik, etsita. Argentina utzi, lana aurkitu eta bizimodua aurrera ateratzeko modua izango genuen lekuren baten bila ibili ginen. Zalantza egin genuen, Kubara joan ala ez, han oinarrizko elikadura eta hezkuntza bermatuta dagoelako. Azkenean, hemen zegoen ezagun baten bidez, Zarautzera heldu ginen”, kontatu zigun Silviak.

Rolando heldu zen lehenik Zarautzera, 2003ko martxoan. Bikotea. Aita. Ostalaritzan aritu zen zortzi hilabetez lanean, eta irabazitako diruarekin Silviaren eta hiru seme-alaben bidaia ordaindu ahal izan zuen. Orduan Zarautzen bizi zen lagun batek garai hartan eman zien laguntza ez du ahazten Silviak. Esker oneko hitzak besterik ez ditu Liliana Martinezentzat.

Ordudanik, Zarautzen errotu da. Lagunak egin ditu, lanean aritu, seme-alabak hezi. Zarautzen hazitakoak izanda, hirurak ederki moldatzen dira euskaraz, eta Argentinako oroitzapenak urrunak dira. Ez dituzte sustraiak ahazten, eta ondo gogoan dute nola heldu ziren hona, baina zarauztar petoak dira dagoeneko. Migratzea erabaki zutenean gurasoen gordinaz oso kontziente dira. “Orain konturatzen zara zer pasatu zuten, zer-nolako erabaki gogorra hartu behar izan zuten, eta gu aurrera ateratzeko zer egin behar izan duten. Gogoan dut nola galdetu ziguten ea nahiko genukeen Espainiara bizitzera joan. Bederatzi urterekin ez zara gai horrelako zerbaiten atzean dagoena ulertzeko, baina orain, denborarekin, ulertzen duzu gurasoen etsipena”, aipatu zuen igandeko bazkarian Rodrigok.

Hainbat urtean lanean aritu ondoren, gaur egun lanik gabe eta lan bila ari den arren, Silvia ez du hainbeste kezkatzen “hemengo” krisiak. “Argentinarrek masterra egina dugu krisi kontuetan. Ez naiz egon naizena baina okerrago egongo, inolaz ere”.

Erabat zarauztartu nahian, hamar urte eta gero, Silvia aurten euskaltegian hasi da buru-belarri. Astelehenetik ostegunera joaten da, eta gustura ari da euskara ikasten. Hasieran bakarrik sentitzen bazen ere Zarautzen, denborarekin lagunak egin eta harremanak estutu ditu, oraindik “hemengoen” hoztasuna edo jendea etxeetara gonbidatzeko zailtasuna oso ondo ulertzen ez dituen arren. “Han ezberdina da. Akaso etxeak handiagoak direlako izango da, baina han oso ohikoa da jendea gaur baten etxera joatea, bihar bestearena. Sukaldean aritu, elkarrekin bazkaldu eta solasaldi luzeetan jardun, matea edan, eta abar”.

Sorlekuko janaria lortzeko, lokutorio edo mintzalekuetan egiten zituen lehen batez ere erosketak. “Orain ere bai, baina supermerkatuetan ere hasi dira nazioarteko janariari lekua eskaintzen, eta apal horietan ere lortu daitezke zenbait elikagai”.

Horiekin, egundoko bazkaria prestatu zigun igandean Silviak, sukaldean semeak lagun hartuta.

 

 

20131119-121000.jpg
[ Hasteko urdaiazpikoaren eta antxoen ondoren, haragi xehetuz betetako enpanadillak atera zizkigun].

20131119-121016.jpg
[ Juana Mari eta Rodrigo, solasean].

20131119-121028.jpg
[Espinakaz eta arrautza egosiz betetako enpanada zatiak. Egundokoak zeuden!].

20131119-121148.jpg
[Edateko: Argentinako ardo ona. Mendoza ingurukoa…].

20131119-121039.jpg
[Hemengo haragia, baina harategian argentinarren modura ebakitzeko eskatuta. Labean erreta prestatu zuen Silviak].

20131119-121051.jpg
[Eta haragiari laguntzeko, labean erretako patatak].

20131119-121104.jpg
[Ondoren, matambre a la pizza: matanbrea, pizza erara. Haragia oinarritzat hartuta, gainean edozein pizzaren osagaiak jartzea da matanbrea. Pizzaren ohiko oinarriarekin eta orearekin beharrean, haragiarekin].

20131119-121116.jpg
[Silvia, sorlekua utzi eta migratzera behartu zituen krisiaz eta duela hamar urteko egoera gogorraz solasean].

20131119-121126.jpg
[Postrerako: panquenques rellenos de dulce de leche. Dulce de lechez betetako krepeak, mikatzena ere gozatzeko modukoak!].

20131119-121136.jpg
[Matea ala kafea aukeran. Azkenean, kafearen alde egin genuen. Laguntzeko, beste gozo ederra: pasta frola].

20131119-120916.jpg

[Amaitzeko, mahaiaren bueltan elkartu ginenon argazkiak. Zazpi zarauztar. Bat Donostian sortua. Bestea Azpeitian. Bestea Getarian. Eta beste lau Argentinan. Bizilagunak eta ikusezinak orain arte. Igandeaz geroztik, bizilagunak eta lagunak, SOS Arrazakeriari eta Zarauzko Udalako Immigrazio Zerbitzuari esker].

20131119-120943.jpg





Ez zaizkit zakurrak gustatzen

31 05 2013

zakurrak

Inork fobiarik lepora ez diezadan, hasieratik hasiko naiz: ez zaizkit zakurrak gustatzen.
Fisikoki, esan nahi dut.

Nahiago ditut katuak, zebrak, tximeletak, oreinak edo enarak. Askoz eleganteagoak iruditzen zaizkit, zakurren artean ere eder eta elegante askoak izango diren arren.

Gustu kontua da.

Fisikoki latinoak asiarrak baino gehiago gustatzen zaizkidan bezala.
Ez dago esan beharrik, nire gustu pertsonalek ez dutela zertan gustatzen ez zaidanarekiko fobiarik elikatzen. Asiarrentzat edo beste edozeinentzat zabalik ditut eskuak.
Palestinara duela zenbait urte egindako bidaian behin eta berriro nabarmentzen zuten adiskide arabiarrek: “guk ez dugu ezer juduen aurka. Erlijioaren izenean herri gisara egiten digutena da onartu ezin duguna, sionismoa. Juduak, esku zabalik hartzen ditugu errespetatzen gaituzten heinean”.

Adibide egokia iruditzen zait zakurrei buruzko eztabaidarako.
Iritzi artikulu interesgarria argitaratu du gaur Gara egunkarian Imanol Intziarte kazetariak: Pues yo no quiero jugar con tu perro.

Laburpena, esaldi batean: “el derecho de unos a tener un animal no está por encima del derecho de otros a pasear con tranquilidad”.

Bertan esaten duen guztiarekin bat egiten dudanez, beste batzuen antzera sare sozialetan zabaldu dut artikulua, azkenaldian zakurren inguruan gertatzen ari denarekin sumintzen hasita bainago. Pasa den astean, herriko taberna batean, tabernan bueltaka zeuden hiru zakurretatik biren babak edo lerdea edo dena delakoa eskuan nuela atera nintzen kalera, nik barran eskatu nuen bakarra zurito bat izan arren. Azken bizpahiru urteotan parkean edo kalean zakurren batek haurraren gainera salto egin ondoren “ez du ezer egiten” delakoa ere ez dakit zenbat aldiz entzun behar izan dudan.

Bada, Imanol Intziarteren iritziarekin %100 ados nagoela idatzi eta ez sinestekoak dira jasotako erantzunak: “Orduan lotu zazu alaba ere”, edo “ez bazaizkizu gustatzen izorratu neri ere kalean ikusitako gauza asko etzaizkit gustatzen baino horregatik ez naiz inposatzen hasten eta askatasuna kentzen”, eta antzekoak.

Ez dago esan beharrik: eztabaida eraikitzaileetarako, erabat zabalik.
Gainerakoan, ez du merezi.

Eta gaiarekiko kezka ez da pertsonala. Kolektiboa baizik.
Gure herri eta hiri guztietan lehen mailakoa da kontu hau, inork gaiari behar bezala heltzen ez dion arren.
Milaka eta milaka zakur daude erroldatuta gure herrietan, eta haurren artean galdezka hasiz gero, herri gehienetan, kezka nagusia da zakurrekiko beldurra, edota zakurrek parkeetan uzten dituzten opariena. Porrotxek behin eta berriro aipatzen du kontua.
Haurrek zakurrekiko duten kezka horren haritik sortu zuen Irrien Lagunak Klubak Lagun pertsonaia. Lagun zakurra, zehazki klubak sustatzen eta nabarmentzen dituen baloreak nabarmendu nahian, haurrek zakurrekiko beldurra galdu, zakur bat modu alaian eta maitagarrian erakutsi, eta sustatu nahi diren baloreak zakur horren bidez erakutsiz: bizikidetza, elkarrekiko errespetuan eta elkarrizketan oinarritua, eskubide berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna.

lagun

Hau baita kasu honetan ere kontuaren oinarria: elkarrekiko errespetua eta bizikidetza. Adiskide palestinarrek bezala, nik ez dut ezer juduen aurka, edo asiarren aurka. Baina ezin dut onartu norbait besterik gabe ondokoari muturreko bat ematen ikustea. Sutu egiten naiz. Leku itxi batean zigarroa piztu eta ‘ez dizu molestatzen, ezta?’ esaten dutenekin bezala, behin zigarroa piztu ondoren. Kalean zabiltzanean edo taberna batera sartzean ezagutzen ez dudan zakur bat eskuak edo galtzak miazten hasten zaizunean bezala.

Askatasuna, azken batean, aldamenekoarekiko errespetua urratzen den lekuan amaitzen da. Bien bitartean, beste guztia da zilegi. Izan festa. Izan nahi den edozer. Zakurrarekin kalean ibili nahi duena, ibil dadila, lasai asko, ni aterki gorri batekin ibiltzen naizen modu berean. Kontua ni aterki gorriarekin jendea ostiatzen ez joatea da. Edo aterkiarekin jendea apaizen antzera bedeinkatzen ez ibiltzea. Libre zara nahi duzuna egiteko, baina errespetatu besteen askatasuna ere. Nik ez dut zure zakurrak eskua miaztu diezadan nahi. Nik ez ditut zure zakurraren hankak gainean eduki nahi. Ez dut zure zakurrak alabaren gainera salto egin dezan nahi. Alaba jolastuko da zakurrarekin osabarekin dagoenean, edo amonaren etxean, edo nahi duenean. Baina hori: berak nahi duenean, ez ezagutzen ez duen zure zakurrak baimenik eskatu gabe gainera salto egin dionean.

Ez ahaztu: ligoteo sanoa bi aldeek nahi dutenean jolastea da. Bestea erasoa da.





Zarauzko Udalak atzo onartutako mozioa, Israelen basakeriak gaitzetsi eta palestinarrei elkartasuna adieraziz

29 11 2012

Herri Palestinarrarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna da gaur. 1977an onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 29a palestinarrei elkartasuna adierazteko eguna izatea urtero.

Atzo, gaurko egunari aurre hartuz, Zarauzko Udalak Israelen basakeriak gaitzetsi eta herri palestinarrari, bereziki Gazako herritarrei, elkartasuna adierazteko mozioa onartu zuen, aldeko 20 botorekin (Bildu, EAJ, PSE-EE, Aralar eta Ezker Anitza) eta PPren abstentzioarekin.

PSE-EEk eta EAJk baiezko kritikoa eman zioten mozioari, bakoitzak bere argudioak azalduz: testuinguru osoa beharrean alde bakarrari soilik begiratzea, edota boikot kanpainarekin ados ez egotea, besteak beste. Dena dela, azkenean, 21 zinegotzietatik 20k bozkatu genuen mozioaren alde.

Mozioa onartuta, Zarauzko Udalak, besteak beste, “Israelek bere apartheid politika mantentzen duen bitartean nazioarteko BDS (boikota, desinbertsioak eta zigorrak) kanpainari babesa ematea” onartu zuen, “Israelekin harremanak hautsiz, boikota sustatuz eta palestinarrekiko zubiak eraikiz, bizi duten egoera ezagutu ahal izateko”.

Mozioa, osorik, hemen irakurgai:
ZARAUZKO UDALAK ONARTUTAKO MOZIOA
ISRAELEN BASAKERIAK GAITZETSI ETA HERRI PALESTINARRARI ELKARTASUNA ADIERAZTEKO,
BEREZIKI GAZAKO HERRITARREI

Gai honekin zerikusia duten kanpo loturak:
· International Day of Solidarity with the Palestinian People
· Palestinaren ordua da (Xabin Makazaga, Berria, 2012-11-29).





Bizilagunak

18 11 2012

SOS ARRAZAKERIAk antolatutako ekimen ezin aberatsago batean parte hartzeko aukera izan dut gaur eguerdian: BIZILAGUNAK · LA FAMILIA DE AL LADO · NEXT DOOR FAMILY izena zuen ekimenak, eta horren baitan, gaur eguerdian, herritar berriak eta herrian sortutakoak bazkaria konpartitzeko elkartu dira familia giroan. Gipuzkoan, guztira, 120 familiatik gora, 60 bazkaritan.

Ekimena Europako beste zazpi herrialdeeetan ere egin da, egun berean eta une berean. Guztira, 2.000 lagunetik gora aritu gara, etxeko atea zabaldu, aurreiritziak gainditu, eta arrazakeria eta aurreiritziak kanpoan utzita, elkar ezagutu nahian. Etorkinak eta bertakoak. Hemen sortutakoak, eta hona etorritakoak. Elkarrekin.

Bizilagunak izan arren ikusezinak diren herritarrak ezagutzea zen gaurko ekimenaren helburua. Harremanak sortzea. Hitz egitea. Elkar ezagutzea. Gure herriak hizkuntza, kultura eta sukaldaritza aldetik zein aberatsak diren ohartzea, guztion ekarpenari eta ohiturei esker.

20121118-231613.jpg

Harrerako familiak eta familia gonbidatuak eskatzen zituen ekimenak. Lehenek etxeko atea zabaldu eta gonbidatuentzat bazkaria prestatu behar zuten. Bigarrenek, ordura arte ezezaguna zuten beste familiaren adeitasunaz eta sukaldaritzaz gozatu. Tartean, SOS Arrazakeriak mahai bakoitzean jarritako begirale edo dinamizatzaile bat, bi familiak elkartu, guztia bideratu eta bitartekari moduan aritzeko, dena ondo joan zedin. Horretan aritzeko suertea izan dut gaur, mahaikideak inolako laguntzarik gabe ere ederki moldatuko ziren arren.

Esperientzia ezin ederragoa izan da ekimenean parte hartzea. Patricia (Argentina) eta Daviden (Uruguai) etxean izan gara, Zarautzen. Bi urteko alaba dute: Afrika. Kristian eta Marianne izan dira gonbidatuak, hemen sortuak izan arren, etorkin alemaniarren ondorengoak.

20121118-231625.jpg

Patricia aritu da sukaldari lanetan. Azken egunotan gaurkorako mimo bereziz prestatutakoari azken ukituak ematen eta aurkezten. Argentinan ohikoak dituzten jakiekin bete digu mahaia. Entsalada errusiarra, matanbrea edo barazkiz betetako haragia, enpanadillak, pizza modura prestatutako haragia, etxean egindako opil gozoak. Egundoko festa mahai gainean.

20121118-231633.jpg

20121118-231642.jpg

20121118-231651.jpg

Harreragileak zein gonbidatuak gustura sumatu ditut. Mahaia uzterako, beste otordu bat lotzekotan geratu gara, hurrena gonbidatuen etxean. Ekimen eder batean parte hartu izanaren sentsazioarekin atera naiz Patricia eta Daviden etxetik. Herri berean, bizilagunak izan arren, gaur arte ezagutzen ez ziren eta elkarrentzat ikusezinak ziren bi familien artean sortu den zerbait konpartitzeko suertea izan dut, eta honelakoak gehiagotan egin beharko genituzkeela pentsatu dut.

Zorionak, beraz, antolatzaileei, SOS Arrazakeriari, eta Bizilagunak ekimena bideratzeko bitartekari lanetan aritu diren Zarauzko Udaleko Immigrazio Zerbitzuari, herriko eskolei eta parte hartu duten guztiei.

Etorkin heldu berrien egoera gordina, bertatik bertara

Eguerdiko 14:00etan geratuta nengoen Kristian, Marianne, Patricia eta Davidekin, harreragileak eta gonbidatuak elkartu, eta azken bien etxera joan aurretik, handik hurbil dagoen taberna batean zerbait hartzeko.

Aurkeztu, lehen tragoa amaitu, bigarrena atera, eta tabernaren kanpoaldean hitz egiten eta elkar ezagutzen ari ginenean, norbaitek gidoia nahita idatzi izan balu bezala, Mustafa agertu da. Ez genuen ezagutzen. Marokoarra. Zarautzera heldu berria. Tabernaz taberna lan eske aritu da goizean. Udal zerbitzuetatik pasatuta zegoen, eta etxerik gabekoei aterpea eskaintzen dien Neguko Etxean hiru egunerako ostatua bermatzen dioten paperak zituen eskuetan. Baina dirurik ez. Ea lana non lortu dezakeen ba ote dakigun. Ostalaritzaz aritu gara, eta arrantzaz, eta Getariako portuaz, eta ezagutzen ditugun Marokotik heldutako zarauztarrez.

Patriciak kafesne beroa eta patata tortilla pintxoa atera dio, eta eskean aritzea gustukoa ez duela nabarmenduz, erdi lotsatuta, onartu egin du, eta irentsi, goseak amorratuta. Zarautzen errotuta dauden marokoar batzuen telefonoa eman diogu, eta Youssefek igandetan ere zabalik izaten duen ileapaindegiraino lagundu diot gero, aberkideekin hitz egin eta hurrengo egunotarako zerbait lortu ahal dezan.

Youssefek Azken Portun duen ileapaindegian geratu da Mustafa, eta ni Patricia, David, Afrika, Kristian eta Mariannerengana itzuli naiz, Zelai Ondora. Bazkaltzen eseri aurretik, bertatik bertara ikusi dugu iritsi berriak diren etorkin askok bizi duten egoera gordina.





Amaia Egaña, kapitalismoak eraila, gure konplizitatearekin

9 11 2012

Amaia Egaña da langileen kontura gizendu den zerriak hil duen azken laguna. 53 urte zituen, eta bere buruaz beste egin du gaur, Barakaldon, etxetik kaleratu behar zutenean.

Legeak etxebizitza duina izateko eskubidea aitortzen digun arren etxe kaleratzeak legezkoak dira oraindik. Baita inmobiliariak edo higiezin zerbitzuak ere. Are gehiago, murrizketekin lepoa estutzen digute, gure kontura aberastu direnak hondoratu ez daitezen.

Eta otzan segitzen dugu, ardien modura. Gaur aurrezki kutxa batera sartu naiz, eta kutxazain automatiko batetik pasatu naiz. Dirua ateratzera. Ez aurrezki kutxa erretzera. Ez kutxazainari su ematera. Horretarako mila arrazoi eta bat gehiago ditugun arren.

Aste honetan, esaterako, Espainian, Sotopalacios herrian, 50 urteko gizon batek Caja de Burgos aurrezki kutxaren bulego bati su eman dio. Ez da harritzekoa…

Guk, ordea, otzan segitzen dugu, isilik, apal. Autoetan ardiak itsatsita.

Iaz, Zarautzen La Caixaren Gizarte Ekintzak antolatutako Iberos, nuestra civilización antes de Roma erakusketa inauguratzea suertatu zitzaidan, Kultura zinegotzi modura, eta aurkezpen hartan esan nuen La Caixako arduradunen aurrean: herritarren kontura aberastu eta gizendu ondoren kontzientzia zuritzeko eta aurpegia garbitzeko erabiltzen dute aurrezki kutxek eta bankuek gizarte ekintza, kultura eta ingurumena.

Atzo, horixe bera pentsatu nuen ehunka herritarri Ontziratu zaitez! kanpainaren baitan hondakinak eta usainak saihesteko tupperrak banatzen genizkien bitartean, Kutxaren Ekogunearen ekimenez, banku horren eta hainbat erakunde publikoren lankidetzaren ondoren.

Espekulatzaileek ere, lasai asko zuritzen dute aurpegia futbol taldeen elastikoetan edo arraun elkarteetan. Ingurura begiratu besterik ez dago, gaur Amaia Egaña erail duen zurrunbilo basati hau elikatu dutenek zenbat kirol talde babestuz aurpegia nola zuritzen duten. Berria egunkariko zutabe batean hitz egin nuen horretaz: Babesleak (Berria, 2007-09-18).

“Eskubideak urratzearen kontura aberastu direnek, gainera, aurpegia erraz zuritu dezakete. Zarautz-Immobiliaria de Orio ikusiko duzu traineru batean, Zumaia-Altuna y Uria bestean, eta berdin elastiko urdin edota gorrietan. Tostetan ari diren lagunak animatu nahi izanez gero, espekulatzaileen izena erakutsi behar. Antzekoa gertatzen da futbolean ere. Besteak beste, Praileaitz suntsitzen ari den eraikuntza enpresa erraldoiaren publizitatea ikusiko duzu Realeko jokalarien elastikoetan.

Hemen, gaur egun, legezkoa da besteen eskubideak urratzearen kontura negozioa egitea eta aberastea, baina gero eskubideak urratzen zaizkienen koloreak babestuz aurpegia garbitzea, ez da inondik inora zilegia, harroa eta iraingarria baizik”.

Ez daukagu lotsarik. Bankuak eta espekulatzaileak aurpegira ari zaizkigu barrez. Eta disimulatzeko, langileoi lapurtutako diruarekin kulturaren eta ingurumenaren bandera haizatzen dute, gizarte ekintzaz mozorrotuta.

Nahikoa da.

Amaia Egaña hil duzue gaur, gure konplizitate guztiarekin, dena esaten hasi behar bada.





Hiru hitz nazioarteko hedabideei begira

26 09 2012

Oraintsu, lagunartean afaltzen, kazetari batek nabarmendu zuen garrantzitsua litzatekeela gaurko greba egunean nazioartera begira eman beharreko mezua zaintzea.

Irailaren 11n Katalunian independentziaren aldeko aldarrikapen arrakastatsuak izandako oihartzunaren ondoren, Espainia erreskatearen amildegian dagoenean, atzo Madrilen gazteak zein adinekoak egurtzen eman zuten irudiaren aurrean, eta Donostian zinemaldiaren harira nazioarteko kazetari ugari daudenean, Espainia hondamendia dela eta guk ere ospa egin nahi dugula erakutsi beharko litzatekeela, nola edo hala. Nazioarteko hedabideak Espainiaren irudi hori erakusteko irrikaz omen daude.

Hiru kartel, lau lagun, eta sare sozialak.
Ez dugu besterik behar izan gaur mezua zabaltzeko.
Donostiako manifestazioan, argazkiak atera, atera dizkigute. Gehiegi. Ikusiko dugu noraino heltzen diren 😉

Argazki hauek, sarean:
· TheKlan, flickr galeria.





Greba eskubidearen aldeko elkarretaratzea

20 09 2012

Otsailaren 14an Espainiako Polizia Autonomikoak Zarautzen porrazoka besoa hautsi zidanean salaketa jarri nuen, eta ordudanik bidea egiten ari da auzia: salaketa, deklarazioak, auzitegiko medikua… eta gaur epailearen aurrean nuen lehen hitzordua, Azpeitiko epaitegian.

Atarian, beste hiru zarauztar aurkitu ditut. Zehazki, martxoaren 29an, greba orokorra deitu zutenean hainbat euskal sindikatuk eta dozenaka eta dozenaka elkarte eta eragilek, Ertzaintzak hiru lagun identifikatu zituen Zarauzko malekoian, informazioa banatzen ari zirenean. Hirurak atzo eta gaur deitu dituzte deklaratzera Azpeitiko epaitegira, eta horren aurrean LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du auzitegiaren aurrean, Greba eskubideari erasorik ez! Auzipetuekin elkartasuna lelopean.

LAB sindikatuaren deialdiarekin bat egin dute ekainaren 15az geroztik greba mugagabean dauden Corrugados Azpeitia lantegiko dozenaka langilek, eta 12:00etatik 12:30era ehun lagun inguru elkartu da auzitegiaren atarian, hiru zarauztarrei elkartasuna adieraziz eta datorren asteko greba orokorrerako deialdia nabarmenduz.





Bost leiho gure minari

11 09 2012

Aspaldi oharrarazi zigun Joseba Sarrionandiak Mundua begiratzeko leihoak poema hartan. Gazteenek akaso Berri Txarrak taldearen doinupean ezagutu dituzten hitzetan:

“Ez ezazue leihotik begiratu.
Ez ikusi ortzean hegats arraunka doan basahate ubea.
Letra hori ez dago gure alfabetoan”.

Ez ezazue leihotik so egin. Leihoak gillotinak dira. Kanpora begiratuz gero
burua gal dezakezue. Ez leihotik so egin. Kanpoan ez dago ezer. Ez ezazue leihotik begiratu.

Hori bera da grisik maite ez dutenek, dena zuria ala beltza ikusarazi nahi digutenek, esan digutena azken hilabeteotan Barrura begiratzeko leihoak filmari buruz. Ez ezazue leihotik begiratu. Zertarako begiratu basahateei. Ez. Letra horiek ez daude gure alfabetoan. Ez dute lekurik. Zentsoreak horregatik ahalegindu ziren, atzo bertan, filmaren estreinaldia oztopatzen, debekatzen. Lehenago, antzera aritu ziren zenbait udal filma diruz laguntzekoak zirela jakin zutenean. Herritarren borondatezko ekarpenarekin ezin izan zuten, ordea. Filma Donostiako Zinemalditik kanpo uztea lortu zuten gero, baina atzo argi geratu zen moduan, ez zen kalitatearekin lotutako irizpideengatik izan, irizpide eta presio politikoengatik baizik, nabarmen.

Bost istorio ikusi genituen atzo film bakarrean, eta hunkituta itzuli ginen etxera, gure minaren geografia zein zabala eta arrotza den ohartuta. Bost istorio. Bost taupada. Gaur egun ziega hotz eta urrunetan gatibu dituzten 639 euskal presoetatik bost dira barrura begiratzeko leiho hauetatik ikus daitezkeenak. Bakoitza film labur ederra da, baina bostak elkarrekin ikusteak zirrara sortzen du. Irati Tobarri buruzko lehen adabakitik ohartzen da ikuslea hurrengo lau istorioetan aurkituko duenaz. Kaleko argazkien, errepresioaren datuak erakusten dituzten zenbakien, edo egunkarietako titularren atzean bizitza bat dago, bere historiarekin, bere drama humano guztiarekin, bere duintasunarekin, maitasunarekin, egun urdin eta gau ilunekin. Sorterriko kopla pertsonalizatua da bakoitza.

Ez naiz kritikoa. Ez dut askorik ulertzen zinemaz, teknikaz, erritmoaz, gidoiaz. Baina barrura begiratzeko bost leiho hauek beharrezkoak genituen. Beharrezkoak, horrelako beste ehunka eta ehunka ditugula ohartzeko. Josu Martinez zuzendariak atzo Victoria Eugenia antzokian esan zuen bezala, leihoek, beti, leihoen beste aldera begiratzeko balio dutela erakusteko. Leihoen bestaldean dagoena ikusteko. Kanpoan mundu bat baitago. Barruan bizitza bat. Begiratzea eta ikustea merezi duena, beti.

Are gehiago, noski, egungo egoera politikoan. Atzo gauean adiskide bati irakurri nion moduan, film honek “sekulako ekarpena egiten dio gaur egungo une politikoari, ezkutatuta daukaten errealitatearen zatia erakusten duelako”.

Irati Tobar, Jon Ugarte, Gotzone Lopez Luzuriaga, Jexuxmari Zalakain eta Mikel Albisu erakutsi dizkigute leiho hauetan.
Eta Josu Martinez, Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Eneko Olasagastik, hemen eta orain, sortzaile batek herri honi egin diezaiokeen ekarpenik handiena egin diote: bakoitzak dakienetik, sormenetik, taupada guztien samurtasuna erakutsi, leihoak zarratuta nahi dituztenek ere ikusteko eta entzuteko moduan. Barrura begiratzeko leiho hauek bai, gillotinak dira, grisik gabe eraiki eta kontatu izan duten errealitatearentzat.

Zorionak bost zuzendariei, eta film hau egitea ahalbideratu duzuen guztioi. Biba zuek!





Plaieroen finalak

22 04 2012

68. Hondartzako Futbol Txapelketaren finalak jokatu dira gaur Zarautzen. Ikasturtean zehar maila guztietan hainbat taldek hartzen dute parte plaieroetan, eta finalen eguna egun handia izaten da zarauztarrentzat. Azken batean, seme-alabak, bikoteak, koadrilakoak, bilobak, gelakideak, lagunak, ilobak, osabak, ikaskideak… denek dute finalera heldu den ezagunen bat, eta kirola eta festa giroa uztartzen dira gaurko egunez.

Begira bestela alebin mutilen finalaren amaiera. Penaltika amaitu da Sallekoren eta Baloi Lapurren arteko partida.

Alebin nesketan, eta gaurko lehen gola sartu duten arren, Palomitak taldeak azkenenean ezin izan dio Orokietari irabazi, baina amaieran kiroltasunez zoriondu dituzte aurkariak, eta gustura jaso dute txapeldunordeei zegokien saria ere. Aupa neskak!

Neskak aipatuta, ezin gaurko sari banaketaz ahaztu. Izan ere, lotsagarria izan da Zarauzko Kirol Elkarteak parekidetasuna nola ahaztu duen. 23 lagun zeuden sariak banatzen, eta horietatik 4 bakarrik ziren emakumeak: Zarauzko Udal Gobernuko hiru zinegotzi (Eider Illarramendi, Karmele Alberdi eta Alizia Osa), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez Etxezarreta. Zarauzko Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sari banaketara bidali duen ordezkaritzan emakumerik ez balego, 23 lagunetatik guztiak gizonezkoak izango lirateke. Hurrengoan Zarauzko Kirol Elkarteak kontuan hartu beharreko eta ezinbestean zuzendu beharreko hanka-sartze larria da.

Gainerakoan, zorionak ikasturtean zehar plaieroetan aritu zareten guztioi, antolatzaileei, finalera heldu zaretenoi eta, batez ere, gaur finalak irabazi dituzuenoi. Aupa zuek!