Zinematik Surfing: musika, zinema eta malekoia

30 06 2011

ZMMZ.
Zarauzko malekoian musika eta zinema. Hori da bihartik aurrera Muskariako lagunen ekimenez antolatu den hirugarren Zinematik Surfing jaialdiak ekarriko duena. Hainbat astez, musika, surfa eta zinema uztartuko dituzten ekitaldiak antolatu dituzte, hirugarren aldiz, eta bihar emango diote hasiera uda honetako egitarauari.

Antolatzaileek zehaztu duten moduan, “Zinematik Surfing Zarauzko malekoian egiten den Surf Zinema jaialdia da, uda partean. Orain dela hiru urte lagun talde batek sortutako ideia da. Ordutik, urtero antolatu du jaialdia, modu eskuzabalean, herriko talde honek. Zinematik Surfing ekitaldiaren helburua nazioarteko zein tokiko surf pelikulak ezagutzera ematea da, hain lasaia eta goxoa den Zarauzko hondartzako malekoian. Zarautz erreferentea da Euskal Herriko surf giroan, batez ere tokiko eta kanpoko surfisten artean
dagoen giro onagatik. Hori da helburua: giro on hori sustatzea, eta surfa maite dutenek filma eta musika ona gozatu dezaten udako iluntzetan”.

Horrelako herritarrekin, ez dago esan beharrik Zarautzek erreferentea izaten segituko duela, surf giroan, musikan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Kalitatea baita, beste behin ere, Muskariako kideen eskaintzan ikur nagusia. Honakoa da bihar hasiko den ekimenaren kartela.

HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Zinematik Surfing: prentsa dossierra (PDFan).
· zinematiksurfing.wordpress.com





“Herritarren eta elkarteen lanaren lapikoa izango da Zarauzko Udala, ez oztopoa”

22 06 2011

Sanpelaioak gainean ditugunez, aurtengo festen egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa eman genuen atzo, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin batera.

Honako hau da Zarauzko Udalaren izenean hedabideen aurrean irakurritako testua:

“Azken asteotan, behin baino gehiago errepikatu izan dugun kontua da: herritarren artean du Zarauzko kulturak aberastasunik handiena. Zarauztarren borondatea da gure kultur azpiegiturarik onena.

Horren lekuko da, eguna joan eta eguna etorri, astez aste, hilabetez hilabete, urtez urte, bateko eta besteko elkarte eta eragileek egiten duten lana. Zarauzko agendari begiratu besterik ez dago.

Antzekoa gertatzen da bateko edo besteko festak iristen direnean ere. Izan sanpelaioak, izan Euskal Jaiak, izan auzoetako festak, eta antzekoak. Guztietan, beti dago lanerako borondatearekin ageri den herritar sorta ederra.

Zarauzko Udalak horien guztien ispilu izan behar du. Ez dugu zalantzarik: herri ekimen horiek guztiak batzea, eta horien ahalegina bideratzea da gure lana. Horiek guztiek herriaren alde egiten duten lana aitortzea, eta behar dituzten bitartekoak eskura jartzea. Auzoetako jai batzordeetatik eta gainerakoetatik behin baino gehiagotan esan eta aldarrikatu izan da, azken urteotan, ulertezina izan dela Zarauzko Udalaren jarrera: lanerako gogoa eta borondatea erakutsi izan duenari, lagundu beharrean, trabak jartzea askotan.

Horrekin amaitzeko ordua heldu da, eta udal berriak argitaratu duen San Pelaio jaien lehen egitarau honetan, hori islatu nahi izan dugu: hemen, hainbat elkarte eta eragileren lana eta konpromisoa bildu dugu. Inor baztertu gabe, eta Udalaren ateak denei zabalduta.

Horrek benetan gustu eta adin guztietarako egitarau bateratua osatzea ahalbidetu du. Egitarau berean aurkituko dituzue, esaterako, San Pelaioren aldeko Meza Nagusia, edota, ekainaren 28aren bezperan, jarrera homofoboak salatzen dituen les-gay-trans aldarrikapen eguna eta honen inguruko ekitaldiak. Eliza eta sexu askatasuna. Batzuei erabat urrunak irudituko zaizkien bi errealitate, biak egitarau berean.

Adibide bat besterik ez da, baina hurrengo lau urteotan Zarauzko Udalaren eta lan egiteko moduaren nondik norakoa zein izango den erakusten duena: herri ekimenari ahotsa emango diogu, herriko elkarte eta eragile guztien lana eskertuz, erraztuz eta bideratuz. Horrela soilik lortuko ditugu kolore eta gustu guztietako egitarauak. Herritarren eta elkarteen borondatearen eta lanaren lapikoa izango da Udala, ez oztopoa.

Mila esker, beraz, borondaterik onenarekin bateko eta besteko ekitaldiak antolatu dituzuen, antolatzen dituzuen eta antolatuko dituzuen elkarte eta eragile guztiei. Zuek gabe, Zarautz, askoz hutsagoa litzateke. Zuei esker, herri hau askoz koloretsuagoa da, gaur hemen ikus daitekeen bezala”.

AGERRALDIAREN BERRI HEDABIDEETAN:
· San Pelaioen aurkezpen prentsaurrekoa egin da [ Arraio Irratia, arraio.net ]
· San Pelaio parte-hartzaileak [ Urola Kostako Hitza, zarautz.hitza.info ]
· «Nuestra mejor infraestructura cultural son los vecinos y las asociaciones locales» [ El Diario Vasco ]
· Ekitaldiz jositako asteburua ekarriko dute San Pelaio jaiek [ Noticias de Gipuzkoa ]





Rim Banna · A Time To Cry [a lament over Jerusalem]

8 06 2011

Hunkitu egin nau Rim Banna musikari palestinarraren bideo honek.

Beharbada, Rim Bannaren izena eta ahotsa entzute hutsak hunkitzen nauelako izango da, irailean Palestinara egin genuen elkartasun bidaian Biladi Hadi brigadaren helburuekin eta bidaide genituen musikariekin izan zuen jarrera ezin baitut ahaztu. Arramazka taldearekin eta Palestinako DAM taldearekin batera Mikel Laboaren Gure hitzak abestia euskaraz eta arabieraz moldatzeko bertsioan parte hartu zuen Rim Bannak. Hemen irakur daiteke horren berri, eta hemen entzun edo jaitsi daiteke abestia.

Orain, Rim Bannaren lan berria heldu zaigu. Duin, ohi bezala, okupazioari aurrez aurre begiratuz eta abestuz. Indarrez eta samurtasunez.
Nire hitzak soberan daude. Hasi dadila musika, harresi guztien gainetik. Play: Rim Banna, A Time To Cry, a lament over Jerusalem…





Gianni Rodari · Gramática de la fantasía

2 06 2011

Hau da internet: oharkabean olatu batek beste batera eta beste batera eramaten zaituen ozeanoa, azpian hondoratutako milaka altxor ezkutuan dituena.
Ekaineko IRRIA aldizkariaren editoriala idazten ari nintzela, Ostirala iritsi da abestiaren letraren beharra sentitu dut, ekaina ostiral luze baten modukoa dela esateko, eta abesti horrekin lotutako zerbait idazteko. Ezagutzen ez nuen tutikeriak.blogspot.com blogean aurkitu dut letra, eta blogaren egilea Jon Arruti Tuti zarauztarra denez, kuriositatez, Tutiren bloga gainbegiratzeari ekin diot.

Tartean, Gianni Rodari italiarraren Gramática de la fantasía liburuari buruzko sarrera bat agertu zait. Tutik liburuaz idatzitakoak harrapatu egin nau, eta sarean Rodariren liburua bilatzeari ekin diot. Hemen aurkitu eta deskargatu, gero hemen PDFa ePub bihurtu, eta dagoeneko iPhonean daukat liburua. Gaua iritsi eta irakurtzen hasteko desiatzen…