[20] Herrialde Katalanetatik mundura, dama xake taulara

28 12 2020


[Herrialde Katalanetan agertu zen dama lehen aldiz xake taulan, ‘Scachs d’amor’ testuan, 1475ean].

Erdi Aroan gorteetan zein bateko eta besteko lurraldeetan zabaldu ondoren, xakea errotuta heldu zen Errenazimentura, eta XV. eta XVI. mendeetarako jokoa baino askoz gehiago zen: ezagutzarekin eta kultua izatearekin lotzen zuten, eta gazteluetan eta komentuetan ez ziren falta xakean ikasteko baliabideak, liburuak eta irakasleak.

Askok Mendebaldeko feminismoaren aitzindaritzat jotzen duten Christine de Pizan idazlearen Damen hiria (1405) liburuak eragin handia izan zuen garai hartan, batez ere irakurtzen zekiten emakumeen artean. Isabel Gaztelakoak (1451-1504), esaterako, haren eraginpean erabaki zuen Erreginaren Etxea sortzea, emakumeen bilgune izateko eta emakumeak goi mailako ikasketekin hezteko. Baita xakean aritzeko ere. Beatriz Galindo (1465-1534) idazle, irakasle eta xake jokalaria ere gortera deitu zuen 1468an, bere aholkulari eta lau alaben irakasle izan zedin. Harekin ikasi zuten gerora Gaztelako, Ingalaterrako edota Portugalgo erreginak izango zirenek eta, beraz, ez da harritzekoa haien meneko erresumetan xakea lasai hedatu izana.

XV. mendean, gainera, jokoak aldaketa nabarmena izan zuen Europan, arauak aldatu eta dama xake taulara heldu zenean, pieza edo irudi ahaltsuena bilakatuz. Garai hartako erresumetan eta testuinguru soziopolitikoan erreginek zuten boterea islatzeko modua izan zen urrats hura.

Herrialde Katalanetan agertu zen dama lehen aldiz xake taulan, Francesc de Castellvi, Bernat Fenollar eta Narcis Vinyolesek katalanez idatzitako Scachs d’amor poeman, 1475ean. Valentzian argitaratu zen, Aragoiko Koroaren baitan, Hobra intitulada scachs d’amor feta per don Francí de Castellví e Narcis Vinyoles e mossèn Fenollar izenburupean, eta xakea maitasunaren alegoriatzat aurkeztu zuten egileek 64 ahapalditan. Dama eta haren mugimenduak gehituta, xake modernoaren arauak lehen aldiz aipatzen dituen testutzat geratu da historia liburuetan.

Dena dela, Francesc Vicent (1479-1523) izan zen arau berrien azalpenak eta irudi berrien mugimenduak askoz zabalago idatzi zituena, hogei urte geroago. 1495ean argitaratu zuen Llibre dels jochs partits dels schacs en nombre de 100 liburua, Valentzian bertan. Katalanez idatzitako inkunable hura hartzen da xake modernoaren mugarritzat, dama gehituta emakumeen boterea islatu eta zeharo aldatu baitzuen jokoa, gaur egun ezagutzen dugun xakea eta ordura arteko arabiarren xake zaharra bereiziz.

Dama xake taulara gehituta, jokoa azkarragoa bilakatu zen, partida ikusgarriagoekin, eta berehala sortu zen xake berria ezagutzeko eta jokatzen ikasteko irrika. Lucrezia Borgiaren (1480-1519) xake irakaslea, esaterako, Francesc Vicent izan zen, eta emakumeak xake taulan ahaldunduta erakusten zituen giro hartan arau berriak laster zabaldu ziren gorteetatik herrietara.

[Agusti Mezquidaren ‘La dama dels escacs’ dokumentala iragarri zuen afixaren irudia].

Erreferentziak:
· Garzon, Jose Antonio: El regreso de Francesch Vicent. La historia del nacimiento y la expansión del ajedrez moderno. Generalitat Valenciana: Conselleria de Cultura, Educació i Esport; Fundació Jaume II el Just, Valentzia, 2005.
· Mezquida, Agusti: La dama dels escacs. 2013.
· Sanvito, Alessandro: “Il maestro di scacchi spagnolo di Lucrezia Borgia”, L’Italia Scacchistica. Milan, 1999, 392-393 or.
· www.scachsdamor.org
· Toldra, Maria: El mestre d’escacs de Lucrècia. Els Borja, 2013-01-29.





[19] Erdi Arotik gaur egungo sailkapenetara

28 12 2020

Erdi Aroan xakea arabiarren eskutik heldu zen Europara. Haien kulturan errotuta zegoen jokoa zen, eta arabiarren ohiturekin iritsi eta hedatu zen. Beraz, ohikoa zen emakumeak xake taularen inguruan, bi aldeetan edota bi aldeetako batean egotea, emakumeen artean zein gizonen aurka jokatzen. Horrela agertzen dira garai hartako artelan askotan, eta historia eta literatura liburuetan ere ugari dira xakean aritzen ziren eta xakea sustatu zuten emakumeen erreferentziak. Italiako Adelaida enperatriza (933-999), Leonor Akitaniakoa (1122-1204), Tamar Georgiakoa (1160-1213), Valentina Visconti (1370-1408) edo Christine de Pizan (1364-1430) dira horietako batzuk, lehenengoak aipatzearren.

Zenbaitek, gainera, beraien gorteak ezagutzaren, artearen eta literaturaren bilgune bihurtu zituzten, eta haietatik sustatu eta zabaldu ziren mugarri izan ziren hainbat lan, xakeari ere hauspoa emanez. Chretien de Troyes idazle frantsesak, esaterako, Leonor Akitaniakoaren babesarekin argitaratu zituen literatura arturikoaren lan esanguratsuenak. Zehazki, Artur erregearen, Ginebra erreginaren eta Lantzeloten istorioak bildu zituen zenbait liburutan, eta horietan xakea joko garrantzitsua eta ohikoa da. Kameloten ere maitasuna eta xakea behin baino gehiagotan ageri dira uztartuta, elezahar arturikoetan ere sinbolismoz beteta baitaude xake partidak, arabiarren mila eta bat gauetan bezala.

Tamar Georgiakoa erreginak ezarri zuen aginduetako batek, berriz, Erdi Aroan xakea gorteetan zenbateraino sustraitu zen erakusten du, beste behin ere xakea harremanei lotzearekin batera. Tamar xake jokalari amorratua zen, eta xakea hedatu zuen bere erreinupean, emakumeek jokatzea sustatuz. Ezinbestean, gainera, ezkontza dote guztiak xake joko banarekin osatu behar zirela agindu zuen.

Ehunka urte igaro dira ordudanik. Mendeak. Horregatik, berezia da ikustea mundu osoko emakumeen artean georgiarrak xakean zein erraz gailendu diren oraintsu arte. 1962 eta 1991 urteen artean bi georgiar izan ziren munduko txapeldunak emakumeen artean: Nona Gaprindashvili (1962-1978) eta Maia Txiburdanidze (1978-1991). SESB desagertu zenetik, berriz, Georgiako Errepublikako emakumeek lau aldiz irabazi zituzten Xake Olinpiar Jokoak, eta Nazioarteko Xake Federazioren sailkapenean lehen 100 emakumeen artean ia erdiak georgiarrak ziren duela zenbait urte, gaur egun kopurua asko murriztu den arren.





[18] Mila gau eta bat gehiago xakean: Zein al-Mawassif

23 12 2020

Europan, Erdi Aroko eta Errenazimentuko hainbat koadrotan eta liburutan ageri dira emakumeak xakean jokatzen, baina hemendik kanpo askoz lehenagokoak dira erreferentziak.


[Alfontso X. Gaztelakoaren ‘Libro de los Juegos’ liburuko ilustrazioa. 1283. urtekoa].

Arabiarrek VII. mendean Persia konkistatu eta shatranj jokoa ezagutu zutenetik zabaltzen eta aldatzen joan zen jokoa, eta arabiar literaturan ere bilduta geratu ziren xakeari buruzko kondairak. Baita historia liburuetan ere. Horietan, xakean jokatzen duen emakume baten lehen aipamena 802. urtekoa da. Harun al-Rashid Bagdadeko kalifak Konstantinoplako Nizeforori bidalitako gutun batean, emakume esklabo bat erosi izana aitortzen du, hark xakean oso ondo jokatzen zuelako.

Jatorri hindu, persiar eta arabiarreko kontalarien bidez mendeetan osatu eta iraun duen Mila gau eta bat gehiago liburuan ere badira xakean jokatzen eta irabazten duten emakumeei buruzko istorioak. Ahoz aho igaro ondoren, XIV. mendean idatzi zituzten lehen aldiz, arabieraz eta musulmanen ikuspegitik jasota. Orrialdeetan barrena, bada xake taularen aurrean gailentzen den eta Xerezade narratzaileak hainbat aldiz aipatzen duen emakume bat: hamalau urte besterik ez dituen Zein al-Mawassif.

Masrur merkatari gaztearen eta bien arteko maitasun istorioa luzeegia da hona ekartzeko, baina William Shakespeare (1564-1616) antzerkigile ingelesak idatzi zuen Romeo eta Julieta tragedia ezagunaren osagai guztiak ditu, askoz lehenagokoa izan arren. Osagai horietan, gainera, xakeak leku garrantzitsua du, Zein al-Mawassifek ezagutu orduko gonbidatzen baitu Masrur xakean jokatzera, merkatariaren benetako gaitasuna ezagutu nahian.

Mila gau eta bat gehiago liburua sentsualitatez eta erotismoz beteta dago, eta izara arteko kontuak naturaltasunez ageri dira, gordin bezain lizun, askotan metaforekin estali arren. Xakea, dudarik gabe, horietako bat da. Sexuaren metafora, Zein al-Mawassif eta Masrur gazteen lehen gauak erakusten duen bezala, Xerezadek kontatutako 658. gauean:

“Neskak esan zuen: ‘Nire ohera etorri besterik ez duzu, eta han ederki erakutsiko didazu xake jokalari ona ote zaren!’. Eta bi oinen gainean salto eginez, Masrurrek erantzun zuen: ‘Alarengatik, oi ene andrea, ohean ikusiko duzu errege zuriak nola gainditzen dituen zaldun guztiak!’. Eta hura esanda besoetan hartu zuen, eta ilargi hari helduta logelarantz joan zen. Eta han xake partida bat jokatu zuen gaztearekin, arte eder haren arau denak betez, eta bigarren partida bat eta hirugarren partida bat heldu ziren, eta horrela jarraitu zuten, hamabosgarren partidaraino. Eraso guztietan erregea hain ausarki eraman zuenez, neska gazteak amore eman behar izan zuen, miretsita eta arnasarik gabe, eta esan zuen: ‘Irabazi duzu, lantza eta zaldien nagusia!’. Eta honakoa gehitu zuen: ‘Alarengatik, oi ene jauna, esaiozu erregeari atseden har dezala!’. Eta barrez jaiki zen eta gau hartako xake partidei amaiera eman zien. Orduan, gozamenen itsasoan arimaz eta gorputzez igeri eginez, elkarren besoetan geratu ziren”.

XVII. mendean, Antoine Galland (1647-1715) orientalista eta arkeologoak frantsesez argitaratu zuen Mila gau eta bat gehiago liburuaren bertsio bat, eta arrakastaz zabaldu zen Europan, hainbat hizkuntzatara itzulita. Ordudanik, bertan bildutako istorioek bide luzea egin dute Mendebaldeko kulturan. Baita zineman, literaturan eta artean ere. Xakearen inguruko istorioak, ordea, bigarren mailan geratu dira, eta haiekin batera baita xakean jokatzen zuten emakumeen kontuak ere. Baina iturburuak ez du hutsik egiten, eta hinduen, persiarren eta arabiarren ahotik heldu zaizkigun mila eta bat gauek argi erakusten dute: emakumeek ere xakean jokatzen zuten eta ordurako gizonak baino gehiago ziren.

Atal honetako erreferentziak:
· Galland, Antoine: Les Mille et Une Nuits. Contes arabes traduits en français par Antoine Galland. Paris: Les Éditions Garnier et Frères, 1949.
· Puhao, Zhi: History and Literature in Classical Arabic (Institute of Area Studies, Peking University; 2018).
· Zubizarreta, Patxi: Mila gau eta bat gehiago. Erein. Donostia. 2002.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[17] Sofonisba Anguissolaren ‘Xake partida’

20 12 2020


[Sofonisba Anguissola, ‘Xake partida’. Olioa mihise gainean. 1555. 72 x 97zm. Poloniako Museo Nazionala, Poznan].

Polgar ahizpek egindako bideaz eta lortu dutenaz asko idatzi da, baina ez dira xakean nabarmendutako lehen emakumeak izan, inolaz ere. Azken mendeetan debekuei eta zailtasun handiei aurre egin behar izan diete emakumeek xakean aritzeko, baina beti ez da horrela izan. Erdi Aroan zein Errenazimentuan, esaterako, artelan ugarik erakutsi dituzte emakumeak xake taularen aurrean. Beharbada, ezagunena, Sofonisba Anguissolak 1555ean margotutako Xake partida mihisearen gaineko olio pintura da, Artistaren ahizpen portreta xakean jokatzen izenarekin ere ezagutzen dena. Anguissola ahizpen heziketak, gainera, badu Polgar ahizpenarekin antzekotasunik, hein batean.

Sofonisba Anguissola (1532-1625) Cremonan jaio zen, Italian. Blanca Ponzone eta Amilcare Anguissola zituen gurasoak. Aita, Genoako noble familia bateko kidea zen, eta goi mailako heziketa espezializatua eman nahi izan zien sei alabei eta seme bakarrari. Alaben artean, Minerva idazten nabarmendu zen, eta beste bostak margotzen: Sofonisba, Elena, Luca, Europa eta Ana Maria. Anaiak, Asbrubalek, musika ikasi zuen. Artea eta letrak izan ziren guztien ikasketen oinarria, baina matematiketan, zientzian, musikan eta xakean ere sakon hezi zituzten, garai hartan emakumeek mugatuta zituzten alorretara bideratuz. Izan ere, Polgartarren gurasoek bezala, Anguissolatarren gurasoek ere argi zuten heziketa espezializatuarekin alabak gailurrera heltzeko gai zirela, eta ez zituztela utziko emakumeei halabeharrez ezarritako roletara kateatuta. Lortu zuten.

Artearen historian, ahizpa zaharrenaren izena geratu da idatzita: Sofonisbarena. Garai hartan emakumeek ez zuten aukerarik akademietan ikasteko, edo tailer eta gremioetako kideak izateko, baina oso gazterik gaitasun handia erakutsi zuenez, 14 urterekin Lombardiako margolari handienen tailerretan onartu zuten. 22 urterekin, Erroman, Michelangelo ere liluratu zuen, eta honek bi urtez baino gehiagoz eskolak eman zizkion, ezkutuan, elizak emakumeei ezarritako ikasteko debekua saihesteko.

Bi urte haietan margotu zuen Xake partida. 1555ean zehazki, 23 urte zituenean. Luca, Minerva eta Europa ahizpak erakusten ditu mihiseak, atzean zerbitzari zaharragoa inguruan dutela. Lucak Minervaren dama eskuratu du, eta Europa azken honi begira ageri da, partida galtzear duenaren saminari irribarre eginez.

Koadroaren gaia xakea izatea ez da kasualitatea, eduki sinboliko handia baitu. Sofonisbaren lanean, ezagutza eta jakinduria adierazten ditu xake taulak, emakumeek ikastea debekatuta zuten garaian. Horregatik, Errenazimenduko arte feministaren ikur bihurtu dira bere margoak, pentsatzeko, ikasteko eta iritzia emateko gai islatu baitzituen emakumeak.


Erreferentziak:
· Burke, Jill: Overlooking Women’s Labour in Sofonisba Anguissola’s Chess Game (Blogpost, 2020-06-28).

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula

 





[16] Nesken komuneraino

17 12 2020


[Gari Kasparov eta Judit Polgar, elkarren aurka lehian, Linares Hiria Nazioarteko Txapelketan].

Gurean bertsolaritza gizonen espazioa izan den bezala, munduan barrena xakea ere gizonen eremua izan da azken mendeetan. Beraz, Polgar ahizpek gizonezkoen nagusitasuna eta pribilegioak kolokan jartzeak lurrikara eragin zuen horretarako prestatuta ez zegoen lekuan. Judit, Sofia eta Susan ere kontrako eztarritik heldu eta sartu ziren xakearen mundura, eta azpiratze sistema guztietan errepikatzen den bezala, emakume bertsolariek plaza hartzean sentitu eta pairatu izan dituztenen antzekoak bizi behar izan zituzten, horiek biltzeko eta aztertzeko ahaleginik egin ez den arren.

Merezimendu faltaren epaiak, infantilizazioa eta aitakeria, bazterkeria eta ikusezintasuna, gizonen arteko aliantzak, irainak eta adierazpen sexistak, deserotizazioa, gutxiespena, eta emakume kirolarien, zientzialarien edo xake jokalarien jarduna mugatzen duten beste hainbat mekanismo aztertu daitezke, emakume bertsolarienak bildu diren modu berean. Nahikoa da munduan barrena xakean gailentzen ari diren emakumeen elkarrizketak irakurtzea, edota gaur egun txapelketetan zein xake elkarteren batean dabilen edozein neskari zer sentitu duen galdetzea. Honezkero, ez gara harritu ere egingo bateko eta besteko azpiratze mekanismoak zein komunak diren ikusita.

Azterketa sakonagoen faltan, eta komunak aipatuta, xakearen historian ezaguna den anekdota batek ederki islatzen du emakumeek dagokien lekua berreskuratzeak gizonezkoengan eragiten duen urduritasuna.

Linares Hiria Nazioarteko Xake Txapelketa sona handikoa izan zen xakean. 1978an abiarazi zuten, Andaluzian, eta mundu mailako xake jokalari onenak bildu zituen 27 urtez, 2010ean bertan behera utzi zuten arte. Bada, 1994 urtean, Nazioarteko XII. Txapelketaren lehen itzulian, Judit Polgar komunera joan zen, aurkaria xake taularen aurrean pentsakor utzita. Komunera sartzeko atea zabaltzean, Gari Kasparov aurkitu zuen, eskuak garbituz, nesken komunean!

Errusiarrak Linaresen jokatzen zuen bosgarren aldia zen, eta aurreko lau urteetakoa errepikatu zuen, ohituraz. Ordura arte emakumerik ez zegoenez txapelketan, denbora eta erosotasuna irabazi nahian, lasaiago eta azkarrago moldatzen zen nesken komunera sartuta, gainerako jokalariek mutilen komuna erabiltzen zuten bitartean. Judit Polgar nazioarteko izarren artera heltzeak, ordea, ordura arteko guztia eraitsi zuen.

Hungariarraren hitzetan, harriduraz begiratu zioten elkarri, besteak komun hartan zer egiten zuen galdetuz bakoitzak bere buruari. “Ez nintzen haserretu, noski. Anekdota polita iruditu zitzaidan, ni Linaresen lehen aldiz egoteak ordura arteko xake jokalarien ohiturak aldaraziko zituelako”.

Anekdota hark ezin hobeto erakusten du hasierako laukia: gizonezkoen nagusitasuna eta pribilegioak kolokan jartzeak eragiten duen lurrikara. Emakume bat gizonen espaziora heltzean nola amiltzen den urte askoan eraikitako araua. Espazio hura emakumeena dela eta gizonezkoek hartu dutela ikusteraino. Dagokien lekua lapurtu diegula ulertzeraino. Bertsolaritzan, xakean, errepidean edo Linaresen. Berdin du non. Baita nesken komunean ere.


Atal honetako erreferentziak:
· Alberdi, Uxue: Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak (Susa, 2019).
· Judith Polgar tells the story of an awkward encounter with Garry Kasparov in a ladies’ bathroom during the 1997 Linares tournament (reddit.com).
———————————-

· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[15] Polgar ahizpak. Gailurrerako bide berezia.

16 12 2020


[Susan, Sofia eta Judit. Polgar ahizpak, 1980ko hamarkadan].

Jorge Oteizaren hitzetan, “haurrek 6 eta 9 urte bitartean jeinuen adimen-koefizientea dute, baina hezkuntza egokirik ez jasotzeagatik 12 urte dituztenerako gu bezain normalak eta inozoak dira. Haurra, biologikoki, goi mailara heltzeko sortuta dago, baina ez dago haur hori hezteko hezitako hezitzailerik”.

Segur aski eskultore eta artista oriotarraren berririk ez zuen izango Laszlo Polgar hezitzaile, psikologo eta irakasle hungariarrak, baina haurren eta heziketaren inguruko antzeko hausnarketak zituen buruan unibertsitate garaian, 1960ko hamarkadan. Adimena ikertu zuen, eta historian zehar filosofian, artean, musikan edota zientzian gailendutako 400 lagunen biografiak arakatuta, antzekotasunak aurkitu zituen. Batez ere, ohartu zen gehienak oso goiz hasi eta espezializatu zirela nabarmendu ziren arloetan, eta jeinuak jaio ala sortu egiten diren galderari erantzutea erabaki zuen, jeinuak sortu egiten direla sinetsita.

1965ean, Budapesten, amaren lagun baten alaba ezagutu zuen Laszlok, Klara Altberger irakasle ukrainarra, eta harekin hasi zen guraso izateko eta haurrak gailurrera bideratzeko heziketaren ideia mamitzen. Ohiko eskola eta irakaskuntza haur bakoitzaren gaitasunak mugatzen dituen sistema dela iruditzen zitzaien biei. “Haur grisak eta erdipurdikoak ekoizteko katea”. Posta bidez harremana estutu egin zuten bi irakasleek, gutunak maitasunaren kaligrafiarekin hasi ziren batetik besterako bidea egiten, eta azkenean elkarrekin ezkondu ziren Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean. Geroago, habia Budapesten jartzea erabaki zuten, eta 1969an jaio zen bikotearen lehen alaba: Susan.

Gerra Hotzaren urteak ziren, eta 1972an Bobby Fischer estatubatuarraren eta Boris Spassky errusiarraren arteko xake partida munduaren gaineko nagusitasuna adierazteko bitartekoetako bat bihurtu zen, urte batzuk lehenago espaziorako eta ilargirako bidaiak bezala. Fischerren garaipena mugarri garrantzitsua izan zen mendebaldeko kulturan xakea zabaltzeko. Beraz, Susan Polgarrek lau urte bete zituenean eta eskolan hasi behar zuenean, gurasoek xakea hautatu zuten alabaren heziketaren ardatza izateko eta alaba gailurrera eramaten ahalegintzeko. Susan etxean heztea eta eskolara azterketak egitera soilik eramatea ere erabaki zuten. Urtebete geroago irabazi zuen lehen txapelketa, aurkarien eta antolatzaileen harridurarako.

Hamabost urterekin (1984) mundu mailako zerrendan lehen emakumea izatea lortu zuen, hamazazpi urterekin (1986) mundu mailako txapelketa nagusirako sailkatutako lehen emakumea bihurtu zen, eta 1991n Nazioarteko Maisu Handia titulua eskuratu zuen. 1996an heldu zen munduko txapelduna izatera.

Klara eta Laszloren beste bi alabek ere ahizpa zaharrenaren urratsak jarraitu zituzten. Sofia (1974) eta Judit (1976) ere etxean hezi zituzten, eskolara azterketak egitera bakarrik eramanez eta xakea heziketaren oinarri hartuta. Gurasoek Budapesteko xake elkarteko jokalariak eta lagunak gonbidatzen zituzten askotan etxera, eta haien aurka aritzen ziren hiru ahizpak xakean. Karatean, igeriketan eta mahai-tenisean ere trebatu ziren hirurak, eta 5 eta 8 hizkuntza artean ikasi zituzten.


[Polgartarrak, 80ko hamarkadan, Budapesteko etxean, xakean].

Sofiak, 14 urterekin, Erromako Txapelketa irabazi zuen, 1989an. Hainbat Maisu Handi zeuden txapelketa hartan, eta Sofiaren emaitzak hautsak harrotu zituen, partidak bata bestearen atzetik irabazi eta 9 puntutik 8,5 lortu baitzituen. Hamalau urtez azpiko munduko txapelduna ere izan zen.

Hiru ahizpak, elkarrekin, 1988ko emakumezkoen Xake Olinpiar Jokoetan nabarmendu ziren, Tesalonikan, Grezian. Hungariako xake taldeko lau jokalarietatik hiru Polgar ahizpak ziren, 19, 14 eta 12 urte zituzten, eta urrezko domina irabazi zuten, ordura arte nagusi izandako talde sobietarrari astindu ederra emanda. Ahizpa gazteenak, 13 partidetan 12,5 puntu lortu zituen, adituak, kazetariak eta xakezaleak liluratuz. Judit Polgarren itzala orduan hasi zen luzatzen, urte askoan ia etenik gabe.


[Polgar ahizpak -Sofia, Judit eta Susan-, 1988ko uztailaren 4an, New York-eko Central Park-en, xake erakustaldi batean].

Bi urte geroago ere irabazi egin zituzten Xake Olinpiar Jokoak, Jugoslavian, baina handik aurrera Polgar ahizpek uko egin zioten emakumeentzako soilik ziren txapelketetan jokatzeari.

Hurrengo urtean, Nazioarteko Maisu Handi titulua lortu zuen Judit Polgarrek. 15 urte besterik ez zituen, eta ordura arte titulu hura eskuratutako gazteena bihurtu zen, Bobby Fischerrek baino lehenago lortu baitzuen. Harrezkero, bata bestearen atzetik marka asko hautsi ditu xakean. Beti ere emakumeak bakarrik aritzen diren txapelketetan jokatzeari uko eginda, emakumeek eta gizonek bereizketarik gabe parte hartu behar dutela aldarrikatuz.

Gari Kasparov erraldoiari 2002an irabazi zion, Moskun. Garaipen hark oihartzun handia izan zuen hedabideetan, eta mugarria izan zen Judit Polgarren ibilbidean, baina denborarekin txapeldun handiei irabazitako beste partida bat gehiago bihurtu da. Izan ere, Anand, Carlsen, Karpov, Kasimyanov, Kasparov, Khalifman, Kramnik, Ponomariov, Smyslov, Spasski eta Topalov dira Judit Polgarrek xake matearekin garaitutako munduko 11 txapeldunak.

Goi mailako xaketik eta txapelketa ofizialetatik 2014an erretiratu zen, baina gaur egun xakearen inguruko hitzaldiak ematen, heziketarako dituen onurak nabarmentzen eta xakeari buruzko pasioa zabaltzen jarraitzen du batean eta bestean, Susan eta Sofia ahizpek bezala.

Egunotan, The Queen’s Gambit telesailaren eraginez munduan sortzen ari den sukarra emakumeek xakean dagokien lekua berreskuratzeko aukera dela adierazi du, xakearekiko pizten ari den interesa 1972an Fischerrek eta Spasskyk jokatu zuten partidak sortutakoarekin alderatuz. “Oraingoan, ordea, lehia ez da politikoa, xakearen mundutik askoz harago heldu da, eta emakumeen berdintasunerako urrats ederra da”.


Bibliografia:
· Forbes, Cathy: Polgar sisters. Training or Genius? (Henry Holt and Company, 1992).
————————————-

· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[14] Xakean, asteburuetan errepidean bizikletan bezala

14 12 2020



Emakumeek eta gizonek xakean aritzeko duten gaitasunaren ingurukoa ez da The Queen’s Gambit telesailak azaleratu duen eztabaida bakarra. Xakea beste eremu batzuk baino matxistagoa ote den ere hizpidera ekarri du. Izan ere, beste arlo profesional edo kirol batzuen aldean, emakumeen kopurua askoz apalagoa da xakean. Nazioarteko Xake Federazioaren datuen arabera, gaur egun, mundu mailan federatutako jokalarien artean hamabostetik bakarra da emakumea. Kopuruak kontuan hartuta, taularen inguruan ez ezik bateko eta besteko xake elkarteetan ere nabarmena da gizonen nagusitasuna.

Horrek funtsik gabeko esamesak eta mitoak sortu ditu urte askoan. Esaterako, emakumeek xakean okerrago jokatzen dutela, edota xake jokoaren izaeragatik gizonezkoek askoz nahiago dutela emakumeek baino.

Reuben Fine (1914-1993) xake jokalari eta psikologo amerikarrak hainbat liburu idatzi zituen xakeari eta psikoanalisiari buruz, eta Ediporen eta Elektraren konplexuekin lotu zuen xakean aritzeko gogoa. Haurrek, hiru eta sei urte bitartean, sexu bereko gurasoarekiko aurkakotasuna eta beste sexuko gurasoarekiko maitasuna erakusten duten fasea azaltzen dute bi konplexuek. Psikoanalisian, Ediporen konplexua da kontzeptu garrantzitsuenetakoa, Freuden teoriaren oinarrietako bat baita. Mutilen amarenganako maitasuna da abiaburua. Batetik, horrek aitarenganako ezinikusia sortzen duelako, eta bestetik haurrak aitaren tokia hartu eta aita bera izan nahi duelako. Bada, Reuben Fineren arabera, aita hiltzeko gogoa da mendeetan zehar milaka gizonezko xakean jokatzera bultzatu dituen indarra, aurkariaren erregeak norberaren aita irudikatzen duelakoan. Aldiz, Elektraren konplexua askoz ahulagoa omen denez, emakumeei ez omen zaie xakea hainbeste gustatzen.

Zorionez, azken urteotan irakurketa sakonagoak eginez heldu zaio gaiari, emakumeak adin eta aldi zehatzetan arlo batzuetatik urruntzeko benetako arrazoiak azaleratuz. Egiturazko arrazoiak, alegia. Goi mailako xakean zein gure herrietako xake elkarteetan gizonak emakumeak baino askoz gehiago baldin badira, ez baita xakea matxista delako. Xakea jendartearen isla besterik ez da. Miniaturazko bizitza. Beraz, zeharo matxista da, noski, baina ez berez horrela delako, xake taularen inguruko guztiak gaur egungo jendarte eredua erakusten duelako baizik.

“Asteburuetan errepidean bizikletaz gizonak adina emakume ikusi arte ez dut sinetsiko berdintasuna iritsi denik” dio Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuko protagonistetako batek, espazio publikoa okupatzeko gaitasuna nork duen eta, batez ere, nork ez duen argi erakutsiz. Hamabostetik emakume bakarra. Ez da xakean bakarrik. Ez da kirolean bakarrik. Kopuruak antzekoak dira edozein enpresa handiren administrazio kontseiluetan ere. Edo COVID-19ari aurre egiteko osatutako larrialdi batzordeetan. Hiri segurtasunarekin lotutako edozein bileretan. Hedabide publikoek zein pribatuek kirolari eskaintzen dizkioten minutuetan eta orrialdeetan. Eta abar. Zerrenda amaigabea da. Ez da xakea. Ez da psikoanalisia. Aisialdiko eta lanerako denboraren antolaketa da. Baldintza soziokulturalak. Generoa eraikitzeko erabakien historia.

Hori dena mozorrotu daiteke neurosexismo tanta batzuekin, emakumeen eta gizonen garunak ezberdinak direla eta gizonek xakean jokatzeko gaitasuna garatuagoa dutela esanez, besterik gabe. Baina aldea ez dago garunetan. Maskulinitatearen abantaila guztien bildumak sortu du arrakala.

Abantaila horiek irauliz eta haurrak direnetik trebatuz gero, xakean ere emakumeak edonora heltzeko gai baitira. Baita Karpov, Kasparov eta munduko maisu handiei irabaztera ere, Polgar ahizpek egin duten bezala.

——————————-
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[13] Neurosexismoari aurre eginez

13 12 2020

Beth Harmon dama zuria bihurtu eta xakearen munduan irabazle erakusten du telesailak, eta horrek sare sozialetara eta hedabideetara ekarri ditu aspaldidanik bueltaka dabiltzan galderak eta eztabaidak: emakumeek eta gizonek xakean aritzeko gaitasun bera ote duten, edota xakea beste eremu batzuk baino matxistagoa ote den. Denetik idazten eta irakurtzen baita. Hemerotekan eta bibliografian arakatu besterik ez dago.

Gaitasunari dagokionez, laburtuz, bi ikuspegi gailentzen dira. Neurosexismoa da lehenengoaren orubea. Hainbat ikerketa oinarri hartuta, emakumeen eta gizonen garunak fisikoki ezberdinak direla dio, eta horrek arrakala sortzen duela gizonezkoen alde, hobeto jokaraziz. Bigarren ikuspegiaren arabera, lehenengoak ez du benetako oinarri zientifikorik, emakumeek eta gizonek gaitasun intelektual bera dute, eta garunen arteko aldea benetakoa baldin bada ere, urteek aurrera egin ahala sortutakoa eta handitutakoa da, emakumeak arlo zehatz batzuetara bultzatzen dituen ezberdintasun soziokulturalen eraginez.

Teknologiaren garapenarekin, erresonantzia magnetiko funtzionalaren irudiei esker, 1990eko hamarraldiaz geroztik ugaritu egin ziren garunaren inguruko azterketak. Izan ere, erresonantzia magnetiko horrek aukera ematen du ikusteko garunaren zer eskualde aktibatzen diren norbaitek lan bat egiten duenean eta, ondorioz, milaka ikerketa egin dira azken 30 urteotan.

Argitaratutako lanen artean, Louann Brizendine neuropsikiatraren eta Kaliforniako Unibertsitateko irakaslearen The Female Brain (2006) eta The Male Brain (2010) liburuak dira oihartzun gehien izan dutenetakoak. Brizendineren arabera, hormonek eragin handia dute garunen garapenean. Nerabezaroan mutilen garuna testosteronaz betetzen da, eta adin horretan onenak izan nahi dute, arlo askotan, baita horretarako bidea bakarrik egin behar badute ere. Nesken garuna, berriz, estrogenoz betetzen da, eta emozioak eta komunikazioa lehenesten dituzte, lagunarteko sareei eta harremanei garrantzia emanez.

Cambridge Unibertsitateko ikertzaileek, berriz, batean eta bestean urte askoan egindako milaka ikerketen ondorioak argitaratu zituzten 2014an, Neuroscience and Biobehavioral Reviews aldizkarian. 1990etik 2013ra arte argitaratutako 5.600 artikulu zientifiko aztertu, ikerketak sexuaren arabera bereizten zituzten 126 artikulu hautatu, eta horietan milaka garunen inguruan bildutako informazioa aztertuta, ondorioztatu zuten alde handiak daudela emakumeen eta gizonen garunetan. Batez ere, garunen egitura batzuen bolumenetan. Emakumeek, esaterako, garatuagoak dituzte hizkuntzarekin lotutako eremuak. Gizonek, aldiz, sistema linbikoa dute garatuagoa.

Hala ere, ikertzaileek ondorioei oharrak ere egin zizkieten, aintzat hartu beharreko hiru kontu aipatuz: ikerketa helduetara mugatutakoa dela, haurrak eta gazteak kontuan hartu gabe eta, beraz, ezin dutela jakin garunen aldeak jaiotzetikoak ala urteek aurrera egin ahala sortutakoak diren, eta gehiago ikertu behar dela, ondorioak sendotzeko.

Zehazki, ohar eta aldagai horiek kontuan hartu gabe emakumeen eta gizonen garunen arteko aldeak nabarmentzea neurosexismoa dela idatzi zuen Cordelia Fine psikologoak Delusions of Gender: How Our Minds, Society, and Neurosexism Create Difference (2010) liburuan, eta 2014an Science aldizkarian ere plazaratu zuen artikulu bat ideia eta tesi horiek laburtuz eta zehaztuz. Fineren arabera, iruzurra da generoen arteko desberdintasuna eragiten duten faktoreak kontuan hartu gabe abiaraztea ikerketa, horrek zeharo baldintzatzen dituelako ondorioak.

Izan ere, denboraren kudeaketa eta bizitza zikloak generoaren arabera bereizten ditu Ongizate Estatuak, batzuk lan merkatura edo produkziora bideratuz eta besteak erreprodukziora edo zaintzara. Gai honi buruz, erabat gomendagarria da Marina Sagastizabalek aurten argitaratutako Hiruki gatazkatsua (Susa, 2020) saiakera. Jendarte ereduak zeharo baldintzatzen ditu etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa, eta horiek sortzen dute genero arrakala. Horixe da, zehazki, Cordelia Fineren lanaren eta ikerketaren oinarria ere: gizonen eta emakumeen garunen arteko aldea ez da berezkoa, baldintza soziokulturalek sortutakoa baizik.

Gina Rippon neurozientzialariak eta Birminghango Aston Unibertsitateko irakasleak ere Gendered Brain: The New Neuroscience that Shatters the Myth of the Female Brain (2019) liburuan berretsi egiten du hori guztia, hainbat ikerketa eta argudiorekin. Ripponek erakutsi duenez, haurrak belaki sozialak dira, eta jasotzen duten informazioaren arabera, kodetze binarioak, jostailuek, jolasek eta genero estereotipoen erauntsiak zeharo baldintzatzen dute zirkuito neuronalak modu batera edo bestera sortzea. Beraz, baita garuna modu batera edo bestera garatzea ere.

Emakumeek xakean okerrago jokatzen duten mitoak, beraz, beste mito askok bezala, ez du oinarririk neurosexismotik kanpo. Aldagai sozialek sortzen dute arrakala, eta ez garunak ezberdinak izateak. Xakean oro har gizonezkoak gailentzen badira, asteburuetan errepidean bizikletan gizonezkoak gehiago ibiltzen diren antzeko arrazoiengatik da.

————————————————
Atal honetako erreferentziak:
· Eliot, Lise: Neurosexism: the myth that men and women have different brains (Nature, 566, 453-454. 2019).
· Fine, Cordelia: Delusions of Gender: How Our Minds, Society, and Neurosexism Create Difference (2010).
· Galarraga, Ana: Emakumeen eta gizonen garunen artean diferentziak daudela baieztatu dute (Elhuyar, 306. 2014-02-13).
· Galarraga, Ana: Garunen sexua (Berria, 2014-11-23).
· Lopez, Carmen: ¿Es verdad que las mujeres juegan peor al ajedrez que los hombres? (El País, 2020-10-23).
· Rippon, Gina: Gendered Brain: The New Neuroscience that Shatters the Myth of the Female Brain (2019).
· Sagastizabal, Marina: Hiruki gatazkatsua (Susa, 2020).
· Corbella, Josep: Stop al neurosexismo. Ni de Marte ni de Venus: el cerebro es unisex (La Vanguardia, 2019-04-28).
· David, Robson: The sexist myths that won’t die (bbc.com, 2019-09-30).
· David, Robson: Neurosexismo: cómo la neurociencia destruyó el mito de que los hombres y las mujeres tienen cerebros distintos (bbc.com, 2019-11-03).
· García, Leontxo: Ajedrez y ciencia, pasiones mezcladas (Crítica, 2013).
· Zenbait egile: A meta-analysis of sex differences in human brain structure (Neuroscience and Biobehavioral Reviews, 2014).

—————————
· Xake taularen zuri beltzetan. Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[12] Iragana eta etorkizuna

9 12 2020

2020ko abenduak 5. Hilabete eta erdi besterik ez da igaro urriaren 23an The Queen’s Gambit estreinatu zutenetik, eta telesaila markak hausten ari da. Dagoeneko milioika lagunek ikusi dute, eta jendea bigarren denboraldia ari da eskatzen. Netflixek sarean zabaldu du galdera: Walter Tevisen nobelaz harago zilegi ote den denboraldi gehiago sortzea, eduki berria asmatuta. Kapitalismoak, ordea, ez du zalantzarik izaten. Beraz, argi dago. Erabakia hartuta egongo da nonbait.

Bitartean, xakearekiko sukarra bizkor ari da hedatzen munduan barrena. Xake taulak eta xake jokoak bost aldiz gehiago saltzen ari dira, eta AEBetan denda askok zailtasunak dituzte eskaerari erantzuteko. The New York Times egunkariak nabarmendu duenez, telesailaren eraginez xake jokoen eskaera egundokoa da, eta horri erantzunez gaur webgunearen azalera ekarri du How to Make a Chess Set artikulua, xake jokoa etxean bertan egin ahal izateko urratsekin.

The Queen’s Gambit ahoz aho eta herrialdez herrialde zabaltzen ari da, eta telesailarekin batera baita xakearekiko interesa ere. Lilura, ordea, ez du eragin xakearen sorrerak, xake elkarteen eta aldizkarien historiak, edota maisu handien partidak ezagutzeko eta erakusteko moduak. Ez. Telesailak gaur egungo iraultza garrantzitsuenaren mamia biltzen du bere baitan, aurreko mendean girotuta egon arren: emakumeen iraultza. Hori da gidoiaren ildorik sendoena eta, zorionez, telesailari hauspoa eman diona.

Mendeetan zehar xakeak jendartearen borrokak eta gatazkak irudikatu ditu, eta jokoaren piezak ere aldatuz eta egokituz joan dira, erakutsi nahi izan duten garaira egokituta. Xakea miniaturazko bizitza dela esan zuen behin Gari Kasparovek. Bada, xakea iraultza morea islatzeko bitartekoa da The Queen’s Gambit telesailean.

Azterketa luzeak eta sakonak egin daitezke telesailaren semiotikaz, baina nabarmena da zazpi atalek osatzen duten partidan hasieran peoia zenak nola zeharkatzen duen xake taula, ahalduntzera eta koroatzera iritsi arte.

Azken sekuentzian, Moskuko nazioarteko txapelketan Vasily Borgov garaitu ondoren, hurrengo egunean Beth Harmon protagonistak etxerako hegaldia alde batera utzi eta Sokolniki parkean xakean jokatzen ari diren dozenaka gizonezkorekin bat egiten du, haiek txapeldun berria ezagutu eta hunkituta agurtu ostean. Sinbolismoz betetako amaiera da. Dama zuria bihurtu da Beth. Kapela eta beroki zuriarekin jantzita, historian zehar gizonezkoena izan den xake taulan barrena aske eta edonora mugitzeko ahalmenarekin. Emakume gaztea, garaile, agurez eta gizonezkoz betetako xakearen historian. Iragana eta etorkizuna.





[10] Ariketak, aldizkariak eta zutabeak

6 12 2020

Mugimenduen denbora mugatzeak, txapelketak sortu izanak, partidak idazteak eta horiek zabaltzeko bitartekoak ugaritzeak eraldatu egin zuten xakea. Aurreko mendeetan zehar nobleen eta aristokraten jokoa izandakoa hirietako kafetegietan eta unibertsitateetan errotu zen, eta gero eta herrikoiagoa hasi zen bihurtzen. Nolabait, xakearen lehen sukarraldia izan zen XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrerakoa.

Urte askoan, kartek, ausazko jokoek eta antzekoek mugak eta debekuak izan zituzten, eta etxeetara edo elkarte pribatuetara mugatu behar izan zuten. Xakeak, ordea, burua erabiltzea, gaitasun zehatzak lantzea eta arrazoia zabaltzea eskatzen zuela iritzita, ihes egin zien debekuei, eta kleroaren eta nobleen artean ohikoa izateaz gain, klase apalagoetara ere heldu zen. Besteak beste, mekanika institutuetan eta langile elkarteetan ere xakea sustatzen hasi ziren. 

Horrek isla nabarmena izan zuen industrializazioak aurrera egin ahala gero eta gehiago hedatu ziren astekarietan eta argitalpenetan. Gaur egun hitz gurutzatuak, sudokuak, hitz gezidunak eta antzeko denbora-pasak argitaratzen diren moduan, 1850-1914 aldian xakeari buruzko ariketak gailendu ziren astekari eta egunkarietako denbora-pasen artean. Xake taularen aurrean irakurleek ebatzi beharreko buruketak ez ezik, maisu handien xake partidak ere ekartzen zituzten denbora-pasen orriek, ongi jokatzeko aholkuekin batera. Horrela, argitalpen haiek asko lagundu zuten xakea jendarteratzen eta herritarrak jokaldi onetara ohitzen.

Agerkariaren eta herrialdearen arabera, xakea denbora-pasen orrialdeetan ez ezik gainerakoetan ere ager zitekeen. Izan ere, txapelketak eta xakeari buruzko albisteak ugaritu ahala xakeari buruzko zutabeak eta atal finkoak ohikoak bihurtu ziren argitalpenetan. Xakeari buruzko agerkari espezializatuak ere hedatzen hasi ziren.


Xakeari buruzko lehen aldizkaria Louis-Charles Mahé de La Bourdonnais xake jokalari frantziarrak sortu zuen, Parisen, 1836an: Le Palamède. Xakeari buruzko ingelesezko lehen aldizkariak, berriz, hurrengo urtean ikusi zuen argia. George Walker idazle eta xake jokalari ingelesak sortu zuen, Londresen. The Philidorian zuen izena, eta sei hilabete besterik ez zuen iraun. Azken zenbakian, ordea, ariketa, albiste eta partiden artean, xakeari buruzko ordura arteko liburuen bibliografia argitaratu zuen Walkerrek, eta zerrenda hura erreferentzia garrantzitsua izan zen aurrerantzean xakearen historia eta bibliografia osatu nahi izan zutenentzat.

Garai hartan munduan barrena ugaritu ziren xakeari buruzko liburuak eta aldizkariak, baina azken hauek batez ere Europan izan zuten loraldia. Beste askoren artean, Deutsche Schachzeitung (Leipzig, 1846), La Régence (Paris, 1849), Wiener Schach-Zeitung (Viena, 1855), La Rivista degli Scacchi (Erroma, 1859), The Chess Player’s Magazine (Londres, 1863), Neue Berliner Schachzeitung (Berlin, 1866), La Stratégie (Paris, 1867) edota Revista Internacional de ajedrez (Madril, 1896) izan ziren garrantzitsuenak.

Garai hartan irakurtzen zekien jende gehienak, hala ere, aldizkari espezializatuetara baino gehiago egunkari edo agerkari orokorragoetara jotzen zuen, eta horietatik heldu zen xakea batez ere herritarrengana. Xakea argitalpen gehienen arreta irabazi zuen jokoa bihurtu baitzen ordurako. Horren lekuko da Azkuek eta lagunek argitaratutako Euskalzale (Bilbo, 1897) astekariaren Ajedreza euskeraz atala ere.