Osasuna atez ate, mesedez

25 10 2011

Zarauztarren udal ordezkariak ez gara aspertuko biharko osoko bilkuran. Ohiko gaiez gain, bi mozio aurkeztu dituzte oposizioko alderdiek.

ETAri deusezteko exijitzen dio PSE-EEren mozioak, Udalari erakunde armatuaren ibilbidea gaitzesteko eskatzearekin batera.

PNVk, berriz, Udal Gobernuari eskaera zehatza egiten dio hiri hondakinen kudeaketari buruzko beste mozio batekin:  Zarautzen atez ateko bilketa sistema ez dela abiaraziko adieraz dezan. Mozioak ez du galbiderik. Irakurri nahi duenak, hemen du, osorik.

Orain arte errauste plantaren proiektua, zabortegi prehistorikoak, inondik inora iraunkorra ez den eta erabat defizitarioa den gaur egungo bilketa sistema, eta abar luzea inposatu duten horiek, orain, kezkatuta daude gure herriak edonorentzat eredugarri izatearekin. Antzuola marka guztiak hausten ari da Europan. Usurbil, Hernani edo Oiartzun ez dabiltza oso atzean. Eta orain arteko marka guztiak hausteak, herri horietan, badu izena: atez ate.

Hori da, gaur egun, zaborra ahalik eta gutxien sortzeko inguruan ezagutzen dugun hondakinen bilketa sistema eraginkorrena. Ez naiz sartuko oraingo sistemak sortzen duen zulo ekonomikoan, zabortegien inguruko arrasto ekologikoan, gehiago berziklatzeak udalari ekartzen dizkion diru sarreretan, atez atekoak sortzen dituen lanpostuetan eta antzeko argudioetan. Batean eta bestean gero eta gehiago diren zero zabor taldeak ederki ari dira kontzientziazio lan hori egiten. Beste batzuek interes zehatzengatik orain arte ezkutatu zigutena erakusten, argi eta garbi.

Gaur egungo bilketa sistema ez da iraunkorra, ez ekonomikoki, ez ekologikoki. Sortzen ditugun hondakinek irentsiko gaituzte laster, sistema errotik aldatu edo zaborra erraustu ezean. Bi aukera ditugu, beraz: sortzen ditugun hondakin guztiak  zabor bihurtu eta erraustu, edo hondakin horiek berziklatu, bildu, saldu, berriro erabili eta zaborrik ez sortzen ahalegindu. Ni bigarrenaren aldekoa naiz, eta atez ateko bilketa sistema da hori lortzeko orain arte ezagutzen dudan eraginkorrena. Besteak beste, inguruotako zero zabor taldeen lana kenduta, beste inork ez didalako serio gai honen inguruko daturik, informaziorik eta argibiderik eman.

Ingurumenean eta osasunean duen eraginagatik, gai hau serioegia da alderdi interesengatik eztabaida politikoan arma bezala erabiltzeko. Nahikoa da. Hiri hondakinen kudeaketak erantzukizuna eskatzen digu udal ordezkariei, eta ez nolanahikoa. Erantzukinez erantzun dezagun, argudio sendoekin, eta elkarrekin. Europan esan dezatela laster, badela herri bat Kantauri itsasoaren hegian, hiri hondakinen kudeaketan marka guztiak hausten dituena eta gainerakoentzat eredu dena.

Bihar ere aire garbia arnastu nahi dudanez, osasuna atez ate, mesedez.





Fieltroarekin: musika kasetea

23 10 2011

· Erabilitako materiala: fieltroa, haria, itsasteko goma.

· Data: 2011-10-23.





Gardentasun ariketa, herritarren aurrean

21 10 2011

Udal guztietako hautetsi guztiek egin beharko genukeen gardentasun ariketa interesgarria egin dugu gaur Bilduko zinegotziok eta alkateak Zarautzen. Udal Gobernuan daramatzagun lau hilabete hauetan aurkitu duguna, egiten ari garena eta, batez ere, hurrengo hilabeteotan ditugun erronkak herritarrei erakustea zen hasiera batean gaurko deialdiaren asmoa. Horretarako, herriko dozenaka elkarte, talde eta eragile gonbidatu genituen, eta bildutakoen aurrean aurkezpen orokorra egin ondoren, sailez sail egoera zein den eta zein asmo ditugun plazaratzea zen helburua.

Ohartzerako, ordea, herritarren eta zinegotzion arteko solasaldi interesgarria bihurtu da ia bi orduko jarduna. Udalaren egoera ekonomikoa, aurreko gobernuaren kudeaketa, espekulatzaileekin azken unean sinatu zituzten hitzarmenak, alde zaharreko plana, kirol azpiegiturak, polikulturalaren zama astuna, hondakinen kudeaketa, atez ateko sistema eta beste hainbat gai izan ditugu hizpide Antoniano aretoan bildutako herritar guztiekin batera, galderen harira gaiak mahai gainera agertu ahala.

Amaieran, sortu den dinamikarekin gustura sumatu ditugu herritarrak, eta gustura geratu gara gu ere. Izan ere, gure asmoekin batera, gure kezkak, zalantzak eta ezintasunak partekatu ditugu, garden, zintzo. Berehala ohartu gara ez dagoela herritarrei hitza ematea, aurrez aurre entzutea, eta erantzunak elkarrekin bilatzea bezalakorik.

Eskerrik asko, beraz, Zarautz hobetu nahian ostiral ilunabarrean bi ordu eskaini dizkiguzuen elkarte eta herritar guztiei.

Esandakoa: gehiagotan egin beharreko gardentasun ariketa interesgarria iruditu zaigu.





Gose greban nago, preso palestinarrei elkartasuna adierazteko

12 10 2011

Irailaren 27az geroztik gose greban daude Israelgo espetxeetan dauden milaka eta milaka preso palestinar. Mendebaldeko hedabide gehienak, ordea, ohi bezala, Israelen aldeko isiltasun konplizearekin bat egiten ari direnez, mundu mailako elkartasun gose greba deitu dute gaurko Palestinaren aldeko hainbat eta hainbat elkartek.

Horren baitan, eta batez ere sare sozialak baliatuz, azkar zabaldu da deialdia mundu osora, #TweepStrike  #HS4Palestine #RightsPrisoners eta #HungerStrike

 etiketak erabiliz. Munduan barrena, milaka gara preso palestinarrekiko elkartasunez atzo gauerdiaz geroztik gose grebari ekin diogun lagunak. Palestinan bertan, elkartasun uholdea areago zabaldu da, barau eta aldarrikapen egunari egundoko garrantzia emanez. Rim Banna musikari eta abeslari palestinarrak, esaterako, ekimena sustatu nahian, hiru eguneko gose grebari ekin dio gaur.

Nire kasuan, elkartasuna adierazteaz eta milaka presoren giza eskubideak egunero nabarmen urratzen dituen estatu sionista salatzeaz gain, batez ere, hemen inguruan argitaratzen diren hedabideen isiltasuna agerian uztea da gaurko gose grebaren helburua.

Edonork egin dezake bat gaurko ekimenarekin, bai gose grebari ekinez, eta gose grebari buruzko informazioa zabaltzen lagunduz. Mila esker. Shukran!

My name is Gari Berasaluze, I’m from Basque Country and today I’m on a hunger strike in solidarity with Palestinian prisoners #TweepStrike  #HS4Palestine #RightsPrisoners #HungerStrike

Hemen ekimenari buruzko informazio gehiago:
· Call for Global Hunger Strike in solidarity with Palestinian Prisoners (12 October 2011)

· Palestinian singer Rim Banna begins hunger strike