Magnus Carlsen. Handia.

10 12 2021

Amaitu berri da Munduko Xake Txapelketa. Nazioarteko Xake Federazioak antolatuta, Dubain 14 partida jokatzekoak ziren Magnus Carlsen norvegiarra eta Ian Nepomniaxtxi errusiarra, bietakoren batek 7.5 puntu lortzera iritsi eta koroa irabazi arte. Gaur arratsaldean gertatu da hori. 11. partidan, estu, amore eman du Nepok eta, gaurko garaipenarekin 7.5 puntuetara iritsi da Carslen. 7.5-3.5 markagailuarekin, beraz, berriro ere Munduko Xake Txapelketa irabazi du.

Carlsenen omenez, txapelduna hobeto ezagutu nahi duenarentzat, ’64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan’‘ liburuko 62. atala osorik doakizue hemen: Magnus Carlsen. Handia.

Magnus Carlsen. Handia.
[64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan liburuko 62. atala]

Jose Raul Capablanca, Bobby Fischer, Anatoli Karpov, Gari Kasparov ala Judit Polgar. Garai batean, xakearen historiak eman duen jokalari onena zein den galdetuta, hainbat izen agertzen ziren hizpidera, erantzuten zuenaren iritziaren arabera. Gaur egun, ordea, Magnus Carlslenen emaitzek zalantza gehienak desagerrarazi dituzte.

Nazioarteko Xake Federazioak eta Xakearen Elkarte Profesionalak bereizita antolatzen zituzten munduko txapelketak elkartu eta 2006an berriro ere Munduko Xake Txapelketa bateratua antolatzen hasi zirenetik, Viswanathan Anand (1969) indiarrak 2007an kendu zion koroa Vladimir Kramnik (1975) errusiarrari. Ondoren, Anandek bost aldiz eutsi zion tituluari, 2013. urtean Magnus Carlsen iritsi zen arte. Harrezkero, Carslenek marka guztiak hautsi ditu. Xake-jokalari batek sekula izan duen Elo puntu gehien izatera iritsi da eta, tarteka partida batzuk galtzen baditu ere, oraingoz ez dirudi inork itzala egingo dionik azken urteotako munduko txapeldunari.

Sven Magnus Øen Carlsen Norvegia hegoaldeko Tønsberg hirian jaio zen, 1990eko azaroaren 30ean. Hiruzpalau urte zituenerako Sigrun eta Henrik gurasoak ohartu ziren semea berezi samarra zela, eta kezkatu ere egin ziren haurraren garapen psikomotorrarekin, ohiturazko eta oinarrizko trebetasun eta abilezien bidez garatzen diren gaitasun motorrekin arazoak baitzituen. Ez zuen asmatzen aurrera egiten, egin beharrekoa aldez aurretik ikasi eta pentsatu ezean. Mugimenduen analisia lehenesten zuen, espazioaren eta denboraren aldagaiak aldez aurretik neurtuta, eta ondoren egiten zuen aurrera.

Barrura begiratzeko leihoa zabaltzen zuen, eta bere baitan bilduta egoten zen askotan. Lau urte zituenean muntatzeko Lego trena oparitu zioten, eta ez zuen atsedenik izan inoren laguntzarik gabe pieza denak non eta nola elkartu asmatu eta sei ordutan trena muntatu zuen arte. Ondoren etzan egin zen, eta gurasoen arabera beste zenbait ordu eman zituen sabaira begira, trena muntatzeko egindako mugimendu guztiak errepasatzen eta buruz ikasten.

Garai hartan, munduko herrialdeen eta Norvegiako lurraldeen banderak, biztanleen datuak eta armarriak zituen liburu bati begira ematen zituen orduak, eta gurasoak ohartzerako hasi zen batzuk eta besteak sailkatzen, multzoka, beti ere zenbakietan oinarrituta, patroi harrigarriak sortuz: banderan lau kolore zituzten herrialdeak, armarrian hiru zuhaitz, kainoi edo balea zituztenak, eta abar. Zenbakiekiko eta kalkuluak egiteko gaitasun berezia zuela ikusi zuten gurasoek, eta xake jokalari ona izan zitekeela iruditu zitzaien. Era berean, xakea Magnus bere mundutik ateratzeko eta apur bat sozializatzeko egokia izan zitekeen esperantza ere bazuten. Haurrari, ordea, ez zitzaion askorik gustatu joko hura.

Zortzi urte zituenean, ordea, bere kasara hasi zen, eta hortik aurrera haurtzarotik xakean nabarmendu diren txapeldun askoren ibilbidearen antzekoa izan du, baina mugarik gabe. Hamahiru urte zituenean eskuratu zuen Nazioarteko Maisu Handia titulua, eta sasoi hartan aritu zen lehen aldiz Gari Kasparoven aurka. Islandiako hiriburuan izan zen, Reikiaviken, 2004ko martxoan. Berdinketa lortu zuen Carlsenek, ikusleak harrituta eta Kasparov sinetsi ezinik lagata. Merezi du sarean partida haren bideoa bilatzea, errusiarraren aurpegia, keinuak eta gorputz hizkera ikusteagatik soilik. Carlsenek, ordea, irabazi nahi zuen, eta ez zen gustura gelditu. “Haur batek bezala” jokatu zuela adierazi zuen.

Hurrengo urteetan gora eta gora egin zuen, batean eta bestean txapelketak irabaziz, eta 19 urterekin FIDEren sailkapeneko lehen postura heldu zen. Gaur arte. 2013. urtean, berriz, larri bada ere Hautagaien Txapelketan gailendu zen, eta azkenik Viswanathan Anand mendean hartu zuen Munduko Xake Txapelketaren finalean, indiarraren sorterrian bertan, Chennain, Tamil herriaren hiriburuan. 22 urte zituen. Ordudanik, jokatu diren Munduko Xake Txapelketa guztiak irabazi ditu, 2014an (Socchi), 2016an (New York) eta 2018an (London) Viswanathan Anand, Sergei Karjakin eta Fabiano Caruanari gailenduta, hurrenez hurren. Gainera, xake jokalari batek inoiz izan duen Elo puntu gehien izatera ere heldu zen 2014an: 2.882 puntu. Ordura arteko marka Kasparovek zuen, 1999an 2.851 Elo puntuetaraino iritsita.

Bidean, ordea, dena ez da koloretsua izan Magnus Carlsenentzat. Xakean erabat murgilduta eta gehiegitan bere baitan bilduta, eskolako zomorro arraroa sentiarazi zuten ikaskideek, eta horrek are gehiago urrundu zuen ikaskideengandik, garai batean batez ere senideen artera mugatzeraino bere harremanak. Gurasoak bezala Ellen eta Ingrid arrebak ere jarraitzaile sutsuak ditu, eta bizitza osoan etxekoak izan dira Magnusen orubea eta babesa. Munduan barrena ibili dira bostak, batetik bestera, semearen eta anaiaren txapelketen eta egutegiaren arabera.

Gaur egun, Carlsenen inguruan sortutako Play Magnus enpresa taldeak milioiak eta milioiak mugitzen ditu. Mundu mailako marka digitala da, eta xakearen inguruko zerbitzuak eskaintzen ditu, erabiltzaileak beharren arabera sailkatuta eta bezero bihurtuta. Jokoaren ezagutzatik hasi, eta garapena, behaketa, ikasketa, datu baseen kudeaketa, aholkularitza eta entrenamenduak eskaintzen ditu, xake zaleak txapelketetarako ere prestatuz, eskaeraren arabera. Xakean zabaldu duen aro berriagatik eta bere inguruko enpresek mugitzen duten dirutzagatik, Magnus Carlsen munduan eragin gehien duten 100 lagunen zerrendan sartu zuen Time aldizkariak.





Urriak 12, Elkano eta inperialismo espainiarra

12 10 2018

Urriaren 12a da gaur. Inperialismo espainiarraren egun handia.
Egun seinalatua gure kontraesanak agerian uzteko.

Izan ere, ez dut ezer espero interes ekonomiko edo turistikoen izenean Elkano eta antzeko inperialistak gogoratzen, goratzen eta aldarrikatzen dituzten eskuindarrengandik. Berdin zaie milaka lagun hil, emakumeak bortxatu, marinel homosexualak kareletik itsasora bota eta munduan barrena egundoko sarraskiak egin zituztela jakinda. Baina sutan jartzen naiz urriaren 12an genodizioak ez ditugula ospatzen esan, espainiar inperialismoaren aurrean herrien erresistentzia aldarrikatu, eta gero Elkano goratzeko eta haren sarraskiak eta bortxaketak zuritzeko gai diren ezkertiarrekin.

Gaur, espainiar inperialistek zapaldu zituzten herri guztien izenean eta bortxatu zituzten emakume guztien izenean, Askapenak eta Bilgune Feministak gaur zabaldu dituzten aldarriekin bat egiteko eguna da eta, beraz, Elkano bezalako genozidekin zer egiten ari garen hausnartzekoa. Getarian, Gipuzkoan eta oro har Euskal Herrian interes ekonomikoen izenean otzan ari baikara inperialismoaren diskurtso politikoa eta gezurrak irensten. Espainiak eta euskal eskuinak ez naute harritzen, baina Elkano eta haren ingurukoak goresteko datorkigun ekaitzaren inguruan ezkerretik eta abertzaletasunetik erakusten ari garen otzantasuna larria da. Genozidioaren konplize eta bidelagun isilak bihurtu gara.

Bide batez, ez ziren itsasoetan barrena munduari buelta ematen lehenak izan.
Baina hori beste gai bat da.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· ‘Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko?’ Joan Sebastian Elkanoren mundu biraren V. mendeurrena (Argia aldizkaria, 2018-07-29).
· ‘Joan Sebastian Elkano, itsasoak emandako bizitza’ liburua (Txalaparta, 2008).
· Elkano, itsasoak emandako bizitza (bloga).
· Elkano, gaztelaren aldeko beso armatua (Berria, 2009-07-07).

· 1421: The Year China Discovered America.
· Elkano prêt-à-porter (Miguel Jimenez. Rebelion, 2017-10-02).
· “Se está difundiendo una versión idílica de Elkano con fines políticos” (Axier Lopez kazetariari elkarrizketa. Radio Euskadi, 2018-08-08).
· Elkanoren Nao Victoria itsasontzi-museoa ez dela ongietorria salatuko dute Lekeition (Argia, 2018-08-16).





Epaiketa gelan ere Mandela gogoan, Parisen

6 12 2013

Ekaitz Sirventek Nelson Mandelaren omenez minutu bateko isilunea egiteko eskatu ondoren, hiru euskal herritarren aurkako epaiketa eten dute gaur goizean Parisen

Ainhoa Ozaeta, Peio Sanchez eta Ekaitz Sirvent euskal herritarren aurkako epaiketa eten du epaileak gaur goizean Parisen, akusatuek Mandelaren oroimenez minutu bateko isilunea eskatu ondoren.

Gaur goizeko saioa hasi eta berehala, Ekaitz Sirvent zarauztarrak hartu du hitza, eta “giza eskubideen, askatasunaren eta bakearen alde egin duen lan guztiagatik, Nelson Mandelaren heriotza guztiontzat egundoko galera” dela adierazi ondoren, “gaur dolu eguna” dela eta minutu bateko isilunea eskatu du Mandelaren oroimez.

Epaileak zalantza egin du eskaeraren aurrean, eta fiskalaren iritzia eskatu du. Fiskalak Mandelaren ibilbidea eta giza eskubideen alde egindako lana goraipatu duen arren, haren aldeko isilunea “terrorista batek eskatu izana Frantziarentzat irain larria” dela esan eta eskaera ukatzeko eskatu du.

Epaileak, azkenean, epaiketa etetea erabaki du. Behin epaiketa etenda, akusatuek minutu bateko isilunea egin dute, ukabila altxata eta beherantz begira, apartheid garaian hain ohikoa bihurtu zen moduan. Hiru akusatuak ikustera eta babestera Zarautz, Iruñea eta Andoaindik epaiketara joandako hogeita hamar bat lagunek eta senideek, epaiketa gelan bertan bat egin dute akusatuekin, minutu batean isilik eta ukabila altxata.

Bigarren astea du hiru euskal herritarren aurkako epaiketak Parisko Justizia Jauregian, 3. aretoan. Datorren astean amaitzea aurreikusten da, ostegunean akusatuen defentsarekin, eta ostiralean epaiaren jakinarazpenarekin.

20131206-130157.jpg





Zauriei begira, kazetaritzaren ispilutik

21 03 2013

‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1’ izeneko ekitaldia antolatu zuen atzo Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa. Bidean, Zeruko Argia, Egunkaria Sortzen, Bartolo, Zarautz Egunkariaren Alde taldea, Fernando Muniozguren, Txaparro herri aldizkaria, Urola Kostako HITZA eta beste hainbat langile, talde eta egitasmo aritu dira Zarautzen euskarazko prentsari egundoko ekarpena eginez, eta horiek guztiek lekua izan zuten atzoko ekitaldian.

p040_f01
[ argazkia: Gorka Rubio, Argazki Press / Berria ]

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, “zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea” dagokigula sinetsita.

Zehazki, honakoa da irakurri nuen testua:

Arratsaldeon denoi.

Duela hogei urte, 1993an, gaur ekitaldi hau aurkezten aritu den Gorka Arrese zutabegilea zen Euskaldunon Egunkarian. Uztailean, Lubakietatik izeneko zutabea idatzi zuen, Txiki eta Otaegi hil zituztenean jaio ginen hainbat gazte literaturaren lubakietatik tiroka hasiko ginela eta antzekoak iragarriz. Lubaki Banda izan zena bazetorrela plazaratu zuen Gorkak zutabe hartan. Ordurako bazekien zerbait Susa argitaletxeko editoreak. Hamazazpi urte nituen nik orduan, Susa aldizkaria Lubaki Bandako gazteon esku utzi zutenean. Utzi zigutenean, nolabait.

Hiru zenbaki argitaratu genituen, eta hiru zenbaki haiek osatzeko lanetan ezagutu nituen hemen oholtza gainean dauden hainbat lagun, Lasarteko erredakzioan, lehen Imanol Muruak bideoan esan duen moduan, Susa, Argia eta Euskaldunon Egunkaria eraikin berean baitzeuden.

Egunkariarentzat, aldizkariarentzat eta argitaletxearentzat bizi ziren. Etxerako ordurik gabe, erredakzioa ia etxebizitza bihurtuta, gau bat baino gehiago bertan igarota, sinesten zutenaren alde dena emanez. Eskola horretakoak dira Imanol Murua Uria, Gorka Arrese, Iñaki Uria, Xabin Makazaga, lan kontuengatik gaur hemen ez dagoen Amagoia Iban, eta belaunaldi hartako beste hainbat eta hainbat. Eskola hartakoa zen Bartolo ere. Euskarazko egunkaria. Euskarazko aldizkariak. Euskarazko liburuak.

Urte haietan, Euskaldunon Egunkariak larunbatero argitaratzen zuen literatura gehigarria egiteko Lubaki Banda hartako gazteren bat proposatzeko eskatu zioten Gorkari, eta horrela hasi nintzen Egunkarian, dinosauro hauek irakasletzat nituela. Denok ere, gaur baino 20 urte gutxiago genituen.

Txumai Iturriarekin egin ohi nuen erredakziorako bidea, autoan. Txumai, zehazki, Zarauzko Udaleko zinegotzia zen urte haietan, HBko zinegotzia, eta autoa erre zioten. Lanetik etxera eta etxetik lanerako bidai haietan, Txumai, Karlos edo Amagoiarekin, Egin egunkarian Zarauzko albisteen kazetaria izateko aukera aipatu zen, Imanol Arruabarrenak lekukoa pasatzea eskatu zuelako, eta bidaideek lan askorik gabe konbentzitu ninduten lan askoz gehiago hartzeko. Beste lan batzuekin batera, biak uztartzen nituen: Euskaldunon Egunkariako literatur gehigarria, eta Egin egunkariko Zarauzko albisteak.

1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik, Teresa Toda kazetariarekin batera. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Egunkaria auzian, mamuak ez zuen nahikoa izan kolpe bakarrarekin, eta Martxelo, Iñaki eta gainerako arduradunen atxiloketarekin eta Egunkariaren itxierarekin hasitakoa, hilabete batzuk geroago errepikatu nahi izan zuen, auzi ekonomikoarekin. Auzi horrek zabalik segitzen du oraindik. Epaiketaren esperoan daude auzipetuak, eta ez nolanahiko kartzela zigor eskaerekin, gainera. Tartean dago Iñaki Uria zarauztarra ere. Auzipetuetako batek otsailaren 20an gogoratu zuen moduan, auzi ekonomikoa zabalik dagoen bitartean, Egunkariaren zauriak odoletan segitzen du oraindik, bizirik.

Odola eta zauriak aipatuta, Zarauzko Udalaren izenean, herri honetan jazarriak eta erailak izan diren kazetariak badirela gogoratu behar dut ezinbestean. Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin dugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatua ere. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Ez nuke gaurko ekitaldia amaitu nahi, ekitaldiaren helburua nabarmendu gabe: Zarautzek eta zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egindako jarduna eskertzea. Prentsa idatzira mugatu gara batez ere, baina jakin badakigu, telebistan eta irratian ere, kate pribatuetan zein libreetan, hamaika zarauztar ari dela lanean, gaur hemen aitortu nahi izan dugun ekarpenaren antzekoa eginez, beste formatu batzuetatik. Telebistan eta irratian ez ezik, baita sareko albistarietan ere. Horiek ere gogoan ditugu.

Guztiei, beraz, mila esker euskaratik eta euskaraz Lizardik noranahikoa amesten zuen hizkuntza larrekoa lau haizetara zabaltzeagatik.

Ekitaldian zehar banatu ditugun oroigarriak, ekitaldi honetarako Manu Urbieta artista zarauztarrak berariaz egindakoak dira. Benetan ederrak. Egindako bidea eta lan ederra eskertzeko, baditugu beste bi ere: Martxelo Otamendirentzat, eta Imanol Muruarentzat. Beraiek jasoko dituzte, baina nolabait, gaur hemen aitortu eta eskertu nahi izan dugun belaunaldi eta ekarpen baten ordezkari gisara. Zuen txaloak beraientzat dira.

Eskerrik asko!

Post scriptum:
Ekitaldia amaitu eta oholtzatik jaitsi orduko Gorka Landaburu kazetaria hurbildu zitzaidan, eskerrak ematera. Eskua luzatu zidan. ETAren lehergailu batek zartatutako eskua. Lander Garrok azaroan sentitu eta idatzitakoaren antzeko zerbait sentitu nuen nik ere. Hemen testua.
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 2012-11-22).

Kontu honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Aitorpena euskal prentsari (Berria, 2013-03-22).
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 201211-22).

Atzoko ekitaldia iragartzeko egunotan prestatu dugun bideoa:





Gipuzkoa eta komunikazioa

21 10 2012

Euskal erdiko legebiltzarrerako hauteskundeak izan dira gaur. Gipuzkoan EH Bilduk izandako emaitzen inguruan, sare sozialetan zabaltzen ari diren mezuen artean, zer pentsatua ematen ari zaizkit batetik eta bestetik kontu bera aipatzen duten mezuak.

Honelakoak irakurrita, lehenik eta behin, komunikazioan aritzen diren lagunen lan eskerga nabarmendu eta eskertu nahiko nuke, ia baliabiderik gabe, inurrien antzera, erauntsiaren erdian egiten ari diren lana aitortuz.

Esango nuke, ordea, nonbait ez garela ohartu oraindik Gipuzkoan eredu neoliberalaren eta porlanaren zein eraikuntza enpresen inguruko lobbyak zenbaterainoko indarra duen. Errauste plantaren alde eta hondakinen kudeaketan benetako aldaketa ekar dezakeen edozein mugimenduren aurka Gipuzkoako egunkari salduenak egin duen lana aztertzeak, kazetaritza fakultateren batean tesi bat egiteko adina emango luke.

Horren aurrean EH Bilduk dituen baliabideak, berriz, hutsaren hurrengoak dira, udal eta erakunde askotan behar bezalako garrantzia ez zaiolako eman alor honi, nire ustez behintzat. Izan ere, munduko arraunlari onenak izanda ere, enbata basatienaren erdian alferrik ariko dira lau lagun batel batean boga eta boga, itsasoak astinduta. Oso serio hausnartu beharko genuke zenbateraino ditugun bigarren mailara kondenatuta lan horretan ari diren profesionalak.

Gipuzkoako lehen indarra oraindik EH Bildu den arren Gipuzkoako eztabaida politikoa batez ere egunkari zehatz baten zelaian izatea, egunkari horrek behin eta berriro ezartzen dituen arauekin eta bitartekoekin, oso serio hausnartu beharreko aldagaia da aurrera begira herritarrengana iritsi nahi bada eta hautestontzietan ere horrek isla izatea nahi bada.

Autokritika dosi bat gehituta, noski.

Bihar astelehena da.
Denok lanera!





· Israel, hiltzen nauen eskua

4 01 2011

[ argazkia: Gari Berasaluze, Hebron, 2010-09-17]

[argazkia: gaRi*, Hebron, 2010-09-17]

Laztantzen nauen eskua diskoa plazaratu berri du Miren Fernandez abeslari eta musikariak. Abenduaren hasieran aurkeztu zuen Donostian, egun batzuk geroago Durangoko Azokan, eta oraintsu Zarautzen, zuzenean.

Miren Fernandezen ibilbidea ezagututa eta lan honek euskal musikari eta kulturari egiten dion ekarpena aitortuta, hitz hauek sinatzen ditugunok pozik hartu dugu Mirenen bakarkako lehen diskoaren argitalpenaren berri. Sortzailetik sortzailera, zorionak, benetan.

Diskoaren harira zenbait hedabidetan argitaratutako elkarrizketetan musikariak berak nabarmendu duenez, ordea, diskoak Esther Ofarim abeslari israeldarraren bi abesti biltzen ditu, Pako Aristi idazlearen euskarazko hitzekin. Horren harira, biei gutun irekia helarazi nahi diegu.

Ez gara hemen hasiko Israelgo estatua zer den, nola sortu zen eta nazioarteko legeria guztiaren gainetik gaur egun giza eskubideak zein basatiki urratzen dituen nabarmentzen. Iritzi artikulua baino gehiago, egunkari osoa beharko genuke, eta ez genuke amaituko. Aste honetan bertan, berriro ere, Gaza bonbardatu du, zibilez betetako herriak eta auzoak suntsituz.

Giza eskubideen urraketa etengabe horiei aurre egiteko eta apartheid egoera nazioartean ezagutarazteko, Boycott, Divestment and Sanctions (BDS) mugimendua sortu zen duela bost urte Palestinan, munduko herrietako gizarte zibilari eskaera zehatza eginez: Israelgo estatuari boikota, desinbertsioa eta isunen kanpaina egitea, apartheidaren Hego Afrika haren aurka egin zenaren antzera.

BDS kanpainaren baitan, Israelekiko boikota sustatzeaz gain, Palestinarekiko zubiak eraikitzea ere eskatzen denez, azken urteotan euskal herritar ugari izan da lurralde okupatuetan, bateko eta besteko erakundeek antolatutako brigada ezberdinetan. Testuinguru horretan sortu da aurten Biladi Hadi, eta Euskal Herriko hainbat musikari, idazle, kazetari, bertsolari, ikasle, pailazo, hezitzaile, eta alor askotako beste hainbat eragile Palestinan izan gara udan, hango herriekin senidetuta dauden hainbat euskal herritako alkate eta zinegotzirekin batera.

Bertatik bertara, gure begiekin ikusi dugu palestinarrek egunero sufritu behar duten bazterkeria eta apartheid egoera. Ez da sinesteko modukoa. Lazgarria, benetan.

Batzuei ez digute Palestinara sartzen ere utzi. Beste batzuk orduak eta orduak eman ditugu aireportuetan israeldarren esku, jazarrita, biluztuta, galdera berdinei erantzun eta erantzun. Erabateko inpunitatea duenaren harrokeriaz aritzen baita Israel, bai nazioarteko elkartasunarekin eta begiraleekin, eta zer esanik ez palestinarrekin.

Horren aurrean, zubiak eraikitzeari ekin diogu: laster argitaratuko dugu Palestinako emakume idazleen antologia, euskaraz, hemengo hamasei idazlek euskaratuta. Argazki liburu bat eta beste hainbat ekimen ere bidean dira. Palestinako haurrak irribarrez eta dantzan jarri ditugu, eta esker onez arabieraz abestu digute maite zaitut, sudur gorrien disko berrian entzun daitekeen moduan. Hemengo eta hango musikarien artean elkarlanean aritu gara: Rim Bannak eta DAM taldeak gurekin abestu eta grabatu dituzte Mikel Laboaren hitzak, eta hori guztia ere laster entzun ahal izango dugu elkartasun abesti gehiago bilduko dituen diskoan.

Zubiak eraikitzeaz gain, ordea, ozen aldarrikatu behar dugu Israelekiko boikota eta, batez ere, Esther Ofarim bezala, estatu sionistak nazioartean aurpegia zuritzeko bidelagun dituen musikari eta kirolari guztiekiko mesprezua. Esther Ofarim ez da neutrala. Ez da musikari bat soilik. Israelgo hainbat kultur eragilek eta erakundek giza eskubideen urraketak salatu eta sionismoaren basakeriak gelditzeko eskatzen dute, baina beste askok ez dute sekula urrats hori egin eta, areago, sionismoaren ikur nabarmenenak dira nazioartean. Esther Ofarim, esaterako.

Horregatik, Esther Ofarimen lanari hauspoa ematea, horri Pako Aristik euskarazko hitzak idaztea, eta hedabideetan guztia musika, literatura edo artea soilik balitz bezala aurkeztea, ezin dugu onartu, eta guk ere hedabideetan nabarmendu nahi izan dugu.

Hori esanda, Miren eta Pako, biak ala biak gonbidatu nahi zaituztegu, Euskal Herriko dozenaka musikarik, idazlek, kazetarik eta beste hainbat sortzailek egin dugun bezala, giza eskubideak eta nazioarteko legeria urratzen dutenen zurikeriatik aldentzera, gurekin batera Palestinarekiko zubiak eraikitzera eta, sionismoa palestinarrak sistematikoki hiltzen dituen eskua den bitartean, Israeli boikota egitera.

Gari Berasaluze, Aroa Lasa, Martxelo Diaz, Jon Aranburu, Axier Lopez eta Ruben Sanchez, Euskal Herria-Palestina Sarearen izenean

www.israeliboikot.org

 

HEDABIDEETAN:

· Gara: Israel, hiltzen nauen eskua [2011-01-04]

· Berria: Israel, hiltzen nauen eskua [2011-01-06]

· Urola Kostako Hitza: Israel, hiltzen nauen eskua [2011-01-06]





· Zapata berriekin

3 01 2011

Zapatak gorroto ditudan arren, zapata berriekin gustura ibiltzen omen diren haurren antzera, gustura ekin diot bideari blog berri honekin.

Orain arte batean eta bestean sakabanatutakoak biltzen ahaleginduko naiz hemen, eta baita aurrerantzean idatzitakoak antolatzen ere.

Urte berri on!