Ez dugu ahaztu, ez dugu ahaztuko

14 10 2014

4.254 egun, 607 aste, 139 hilabete eta 11 urte iraun duen amesgaiztoa atzo amaitu zen Iñaki Uriarentzat, Egunkaria auziko beste hainbat lagunentzat, eta hauen senideentzat. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren erabakiarekin behin betiko amaitu da 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkari nazional bakarraren aurka hasitako erasoa.

Justiziarik gabe amaitu da auzia. Hainbat lagun euskarazko egunkari baten arduradunak izatearen akusaziopean atxilotu, inkomunikatu, torturatu, kartzelaratu eta ondoren absolbitu ondoren, inork ez du erantzukizunik eta ardurarik beregain. Hemen ez da ezer gertatu. Zoru etikoa esaten zaion horren gainean. Egunkari bat itxita. Akusazio larriak. Tortura. Espetxea. Sakabanaketa. Auzipetuen eta senideen kalbarioa. Odoluste ekonomikoa. Ehunka langile lanik gabe. Berdin dio. Zigorgabetasuna erabatekoa da batzuentzat. Inork ez du egindako kaltea aitortu, auzipetuek pairatutako mina errekonozitu, edo egindakoagatik barkamenik eskatu. Egia esan, zabaldu ziren zauri sozialak eta pertsonalak sendatzeko lagungarria izango litzateke, errekontziliazioan aurrera egiteko urrats gisara.

Gaur pozik egoteko eguna dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Pozgarria baita behingoz hainbat lagunen amesgaiztoa amaitzea, auzi honen bertsio guztietan. Baina bidegabekariaren itzalari ere neurria hartzen zaio honelako egunetan. Epaileak eta epaitegiak erabaki politiko baten doinupean dantzaraztea zein erraza den ikusten da. Inpunitatea noraino sustraituta dagoen. Martxelo Otamendiren ahots kraskatua eta malkoak espetxetik ateratzean, telebistan, zuzenean. Iñaki Uriaren bakardadea, kamararik eta fokorik gabe, sorlekutik ehunka kilometrora. Gurasoen begiak. Mina. Xabier Alegriaren gorputz hautsia. Torturaren zulo beltza. Barkatuko didazue, baina niri behintzat, nahita ere, pasatutakoa gogoratu eta kosta egiten zait gaur irribarre egitea, amesgaiztoa behin betiko amaituta behingoz lo lasai egingo duten lagun eta auzipetuengatik poztu arren. Izugarri, gainera.

Amaitu da, bai. Baina kaltea eginda dago, eta ezin da konpondu. “Kalte handia egin zen eta horrek ez du erreparaziorik, ez arlo pertsonalean ezta enpresa mailan ere”, nabarmendu zuen elkarrizketa batean Iñaki Uriak egunkari honetan pasa den urtean, otsailaren 20an, itxieraren hamargarren urteurrenean.

Egia da. Kaltea ez da nolanahikoa, eta ez dio euskarazko prentsari soilik erasaten. Beste noizbait gogoratu izan dudan bezala, Euskaldunon Egunkaria ez baitzen lehenengoa izan. 1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Herri honek, ordea, erortzean berriro jaikiz ikasi du bidea egiten, eta bertako hedabide berriak eskuan eta pantailan ditugu osterantzean ere, desagerrarazi zituztenen hutsunea betez eta aurrera eginez. Leku askotan egunero euskaraz heltzen da herri informazioa tokian tokira, badugu euskarako beste egunkari nazional bat, eta herri ekimeneko hedabideak bizirik daude sarean zein telebistan. Badugu, beraz, aurrera segitzeko ispilua eta bidea. Egunero.

Zoritxarrez, herri bezala politikoki ez dugu sortu baldintzarik orduko egoera errepika ez dadin. Babes sendorik gabe segitzen dugu erasoen aurrean. Egiteko asko dago oraindik. Baina Lizardiren ametsari bizirik eusten diogun heinean, munduari begiratzeko gure leihoak zabalik ditugun bitartean, bada esperantzarik.

Gari Berasaluze
Kazetaria
Zarauzko Euskara eta Kultura zinegotzia

[ Urola Kostako HITZA egunkariaren enkarguz biharko zenbakirako idatzitako testua, Egunkaria auzia behin betiko amaitu ondoren ]

 





Diru laguntzak kudeatzeak ez du ematen hedabideak ideologikoki kontrolatzeko zilegitasuna

26 09 2014

Pasa den asteazkenean iraileko udal osoko batzarra izan genuen Zarautzen. Gai potoloak zeuden aztergaien artean, eta oso luze joan zen udalbatzarra. Gauerdian, bost ordu eta gero, eten egin zen bilkura, udalbatzarra arautzen duen legeak zehazten duen moduan. Nahi duenak, hemen du osorik ikusgai:

 

Aztergaien amaieran, bateko eta besteko alderdiek aurkeztutako zenbait mozio izan genituen hizpide.
Tartean, EAJ-PNVk publizitate instituzionalari, adierazpen askatasunari eta euskarazko hedabideei buruz aurkeztutakoa.Honakoa:

07. d) Mozioa EAJ-PNV. Udal gobernua eta hedabideak

Bertan esaten direnen larritasuna ikusita, behar bezala erantzutea ezinbestekoa iruditu zitzaigun.

Honakoa da esan nuena.
Letra etzanez, berriz, denboraz larri genbiltzanez, esan gabe geratu zirenak.

 

Gabon denoi.

Kritika politikoa erabat zilegia denez, eta Udal Gobernu honen aurka denak balio duenez, oraingoan, EAJ-PNV hainbat kontu nahasten dituen mozio batekin datorkigu. Lasai asko hitz egin zitekeen kontu bat edo bestea dagokion batzordean, baina dena batidora batean sartu eta mozio hau dugu mahai gainean, hiru kontu erabat nahastuz:

· Batetik, Zarauzko Udalak publizitate instituzionala zein hedabideetan argitaratzen duen, salaketa larri batekin: “herritarrengana iristen saiatu beharrean, diru publikoa Udal Gobernuan dagoen alderdia txalotzen duten hedabideetara bideratzen da”. Gaur egun hedabide horietakoren bateko kazetaria edota zuzendaria izango banintz, iraindua sentituko nintzateke, beraien independentzia eta profesionaltasuna zalantzan jartzen baitu EAJk, hedabideek Udal Gobernuan dagoen alderdia txalotzea xede dutela esanez. Egundokoa.

· Bestetik, tuiter kontu anonimoetatik hedabide jakin batzuen aurkako eraso sistematikoak daudela diote, horien artean herriko kazetari batek jasotakoak. Udalak baduela zeresana diote, eta adierazpen askatasuna aipatuz, Udalaren babesa eskatzen dute.

· Hirugarrenik, euskarazko hedabideak eta euskara aitzakitzat hartuta, gezurrak esaten dituzte: diru laguntzetan murrizketak izan direla esanez, eta batez ere Erlo Telebistarentzat diru gehiago eskatuz.

Hiru kontuek hari ezberdina dutenez, hirurak erantzuten ahaleginduko gara.

1. ZARAUZKO UDALA ETA PUBLIZITATE INSTITUZIONALA:

Gezurra da Zarauzko Udalak ez dituenik betetzen publizitate instituzionala arautzen duten printzipioak. Publizitate instituzionalari buruz legeak dio hirigintzako iragarkiak herrialdean tirada handiena duen egunkarian argitaratu behar direla, eta horrela egiten du Zarauzko Udalak. El Diario Vascon argitaratzen dira iragarki horiek. Kontratazio arloan, berriz, herrialdeko egunkari batean argitaratu behar direla dio legeak. Gainontzeko arloetan, ez du ezer arautzen legeak. Udalak nahi duen lekuan argitara ditzake iragarki instituzionalak.

Hori horrela izanda, eta gehien argitaratzen diren iragarkiak Hirigintza alorrekoak direnez eta Zarauzko Udala horiek El Diario Vasco egunkarian argitaratzera derrigortuta dagoenez legearen arabera, gainerako iragarkiak Berria eta Gara egunkarietan plazaratzen ditu. Berria egunkarian, euskarazko egunkari nazionala delako. Gara egunkarian, berriz, aurreko udal gobernuek beto sistematikoa ezarri ziotelako egunkari horri, erabatekoa, eta orduan egindako kaltea konpontze aldera erabat zilegia iruditzen zaigulako orain egunkari horretan publizitatea argitaratzea.

Horiez gain, eta Udal Gobernu honek inolako hedabideak betatzen ez dituenez aurreko udal gobernuek bezala, beste hainbat hedabidetan ere egiten du publizitatea Zarauzko Udalak: El Diario Vasco, Berria eta Gara egunkarietan ez ezik, Urola Kostako Hitzan, Onda Vasca eta Info7 irratietan, Erlo eta Hamaika telebistetan, Bertsolari aldizkarian, eta abar.

Gai honen harira, iritzi artikulu interesgarria dabil sarean egunotan. Honakoa:
· Kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez: “Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?”
Izan ere, udalei legeak behartzen die egunkari irakurrienean argitaratzea Hirigintza alorreko iragarkiak. Baita egunkari irakurriena erabat atzerakoia baldin bada ere parekidetasun kontuetan, eta egunez egun hankaz gora uzten duen arren mugimendu feministak zein bateko eta besteko erakunde publikoek parekidetasunaren alde egindako lan guztia.

2. TWITTER KONTU ANONIMOAK, ADIERAZPEN ASKATASUNA eta KAZETARIEN AURKAKO ERASOAK:

Azken bolada luzean twitter kontu anonimoetatik hedabide batzuen aurkako eraso sistematikoak eta kazetari zehatz batek jasotakoak aipatzen ditu PNVren mozioak, herri honetan zenbait kazetarik jasandakoa gogoratuz.

Bi kontu oso oso ezberdin dira. Pasa den urtean, ‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1′ izeneko ekitaldia antolatu zuen Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa.

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, honako hitzekin:

Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin ditugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatu edota Iñaki Uriaren atxiloketa, torturak, espetxealdia, sakabanaketa, epaiketa, eta absoluzioa. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Hori esanda, zoritxarrez, oraindik ere hedabide batzuen aurkako eraso sistematikoek etenik ez dutela ikusi dugu, eta berriro ere kazetaritzan aritzen diren zarauztarrei eragiten diete erasoek. Izan ere, hurrengo asteotan beste behin ere egunkari bateko zuzendaria den zarauztar batek epailearen aurrean eseri beharko du, zuzentzen duen egunkarian lau euskal herritarrek plazaratutako iritzi artikulu bat argitaratzeagatik. Nazioartean adierazpen askatasunaren alde aritzen den hainbat elkartek salatu dute auzia, eta babesa adierazi diote Gara egunkariko zuzendaria den Iñaki Soto jaunari. Hemendik ere bat egin nahi dugu berarekin, elkartasuna adieraziz.

Era berean, azken egunotan jakin dugu oraindik ere amesgaiztoa ez dela amaitu lehen aipatu dugun eta egunkari bateko kontseilari ordezkaria izateagatik atxilotu, torturatu, kartzelaratu eta epaiketaren ondoren absolbitu zuten Iñaki Uria zarauztarrarentzat ere. Euskaldunon Egunkariaz ari gara. Inpultso politiko batetik abiarazitako auzian, akusatuen gainean da oraindik auzi ekonomikoa, eta horren harira bilkura eta agerraldi jendetsua egin zuten pasa den astean Donostiako epaitegiaren aurrean. Iñaki Uriarentzat ere, beraz, gure elkartasuna eta babesa.

EAJk aipatzen dituen kontuak, hauen aldean, huskeriak dira. Twitter kontuez ari da, eta horietatik hedabide batzuen ildo editorial lotsagarria agerian utziz egiten den lana. Lotsagarria baita hedabide batzuek, irakurrienak izan arren, emakume ereduari buruz egunero egiten dutena, jendartearen zein udal eta erakunde askoren parekidetasunaren aldeko lan guztia hutsaren hurrengoa bihurtuz. Eta zer esanik ez beste hainbat albisteren tratamentua, lanketa, eta abar. Hori guztia, ordea, adierazpen askatasunaren baitan sartzen da. Irakurle bakoitzak erabakiko du zein hedabide erosi edo irakurri. Hedabide horien jardunarekiko kritikoak diren bateko eta besteko kontuek ere askatasun guztia duten modu berean hedabide horiek egiten dutena herritarrei erakusteko.

Adierazpen askatasuna, beti bezala, besteekiko errespetua galtzen den lekuan amaitzen da. Kritika erabat zilegia da, irainak eta gezurrak ez, ordea. Udal Gobernu honek ez du hedabideen aurkako eraso sistematikoen eta kazetari zehatz baten aurkako gainerako erasoen berririk. EAJk baldin badu, eskertuko genuke horren berri ematea. Dagokion lekuan, noski.
Izan ere, gu ez gara epaileak. Hau udal bat da. Areago, irakurlearen defentsarako mekanismoak beharrezkoak dira, egunkarien lana bere lekuan jartzeko, iritzi publikoa sortzen duten heinean ardura handia baitute. Hainbat egunkarik ohikoa dituzte irakurlearen defentsan aritzeko espazioak, autokritikoak. Beste batzuek autokritikarik egiten ez dutenez, manipulazioa salatzeko edota egindako akatsak publiko egiteko sortu diren kontuak, adierazpen askatasunaren mugetan dabiltzala iruditzen zaigu, eta sanoak ere badirela iruditzen zaigu, gai batzuk nola lantzen diren edo beste batzuk nola ezkutatzen diren erakusten duten heinean. Horren inguruko jarrera hartzea ez dagokio Zarauzko Udalari honi. Esan dugu: gu ez gara epaileak. Besterik litzateke, eraso sistematikoak eta herriko kazetarien aurkako erasoak egotea. Horietako bi ezagutzen ditugu. Iñaki Soto eta Iñaki Uria. Biei gure babesa.

Ez genituen hizpide izan, baina argi dago EAJren mozioan aipatzen diren twitter kontu horiek, zenbait egunkariren ildo lotsagarria, estereotipo matxistak iraunkortzeko eguneroko lan salagarria eta hainbat albiste lantzerakoan nabarmena den manipulazioa erakusteko twitterren sortu diren kontuak direla: Diario Fatxo, Oftalmologoak, El Chorreo Español, Diario de Pattarra, Fatxokia, Periodifails, BecariodeWarca eta abar luzea.

3. EUSKARAZKO HEDABIDEENTZAT EZ DA MURRIZKETARIK EGON DIRU-LAGUNTZETAN:

Euskarazko hedabideak babestu eta bultzatu behar direla dio EAJren mozioak.
Erabat ados gaude, noski.

Gero, ordea, “Tamalez, murrizketak izan dira diru-laguntzetan” diote. Gezurra da  hori.
Euskarazko hedabideentzako laguntzetan ez da inolako murrizketarik egon:
Urola Kostako HITZAk eta Erlo Telebistak ez dute beherakadarik izan.

2011n Udal Gobernura heldu ginenean, Urola Kostako HITZAk 30.000 euro jasotzen zituen, eta Erlo Telebistak 15.000. 2012an eta 2013an eutsi egin genien kopuru horiei, eta aurten, 2014an, Urola Kostako HITZAk 35.000 euro eta Erlo Telebistak 25.000 euro jaso dituzte Euskara Zerbitzutik, biek ala biek euskararen normalizazioan egiten duten lana kontuan hartuta.

Honakoa da, zehazki, azken urteotan bi hedabide horiek Zarauzko Udalaren aldetik jasotzen duten diru laguntzaren zenbatekoa:

2005-2014

EAJren mozioa sinatzen duen Imanol Lasa jauna izan zen Udal Gobernuko kidea eta Zarauzko Udaleko Euskara zinegotzia 2007 eta 2011 urteen artean. 44.000 euro jasotzen zituen Hitzak eta 95.000 Erlo (sasoi batean ZTB) Telebistak. Bildu 2011 urtean Udal Gobernura heldu zenean, 30.000 euro jasotzen zituen Hitzak eta 15.000 Erlo TBk. Legegintzaldi honetan eutsi egin zaie laguntza horiei, eta aurten, zehazki, igo: Hitzak 35.000 eta ErloTBk 25.000.

Horrez gain, areago, Udal Gobernu honek abian jarri ditu euskarazko hedabideak sustatzeko ekimenak legegintzaldi honetan. Euskara zerbitzutik, zehazki.

2012an, haurraren lehen egunetik euskara etxean egoteak duen garrantzia nabarmentzeko, haurraren heziketan, osasunean, elikaduran eta hainbat arlotan gurasoentzat ezinbestekoak diren kontuak euskaraz biltzen dituen HAZI HEZI aldizkariarekin elkarlanari ekin genion, eta aurkeztu genuen hedabideen aurrean. Ordudanik, Zarautzen jaiotzen den haur berri bakoitzaren gurasoek, nahi badute, urtebetez etxean doan jaso dezakete aldizkaria, Euskara Zerbitzuaren aurrekontutik ordainduta.

2012an bertan, lankidetza hitzarmena sinatu genuen harpide gehien dituen euskarazko aldizkariarekin.
Harrezkero IRRIA aldizkaria doan jasotzen dute herriko eskoletan, liburutegian, ludotekan eta abar, 4 eta 6 urteko haurrak dituzten geletan. Euskara eta hezkuntza arloan egiten duen ekarpenagatik, halabaer, hitzarmen berezia sinatu da Irrien Lagunak Klubarekin, eta honek ere esker ona adierazi zion iaz Zarauzko Udalari, berariaz egindako ekitaldian.

Gazteei dagokienez, lehendik ere egiten zen bezala, gaur egun ere, nahi izanez gero, Gaztezulo aldizkaria doan jasotzen dute Zarauzko eskoletako nerabeek hainbat hilabetez, aldizkari horrek eta euskara zerbitzuak duten hitzarmenaren bidez.

Ederki dakigu euskarazko hedabideek bizirauteko eguneroko lanean ere behar dutela laguntza.
Honela, Zarauzko Udalak hauspoa eman die legealdi honetan, ohiko jardueraz gain hainbat lan egiteko akordioak erdietsita, lehen aipatutako ohiko diru laguntzetatik aparte.
Luzea da zerrenda, oso luzea, baina nabarmendu ditzakegu maketazio lanak, diseinua, argitalpenak, erreportaje luzeak, programa bereziak eta abar:
Urola Kostako HITZAk diseinatzen eta lantzen du Zarauzko Kultur Mahaiaren hileroko triptikoa.
Aurten bertan, Hondartza taldearen 50. urteurreneko liburua ere maketatu eta landu du.
Erlo Telebistak Udalaren enkarguz hainbat lan egin izan ditu, DVDan argitaratzeko (herriko taldeen jaialdia, egunkariaren aldeko ekitaldia. Immigrazio Zerbitzuak eta Erlok elkarlanean ekoitzitako ‘Aniztasunean bizi’ programa ere horren lekuko da, Zarauzko Udalaren Immigrazio Zerbitzuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru ekarpenarekin.

· DIRU LAGUNTZAK KUDEATZEAK EZ DU EMATEN HEDABIDEAK IDEOLOGIKOKI KONTROLATZEKO ZILEGITASUNA:

Gehiago egin dezakegu, argi dago. Askoz gehiago.
Baina lotsarik gabe esango dugu: orain arte beste inork baino gehiago zaintzen ditu Udal Gobernu honek euskarazko hedabideak.
Guk behintzat benetan sinesten dugu hedabide horien jardunean.
Halaber, oso ondo dakigu, euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpenagatik dirua emateak, dagokien dirua, behar duten dirua, horrek ez dakarrela kontrol politikoa. Horrek ez duela esan nahi kontrol ideologikoaren jabe denik Udala. Utikan! Horiek gobernu eta sistema totalitarioen kontuak dira.

Ez du Udal Gobernu honek eta ez euskara zinegotzi honek ito Zarauzko herri aldizkaria.
Memoria ariketak egiten hasita, eta adierazpen askatasuna ere hizpide dugunez, esan egin behar baita, ozen, eta salatu, elkarrizketa zehatz bat argitaratzeagatik diru laguntza kendu eta ito egin zuela bere garaian Zarauzko Udalak Txaparro aldizkaria. Orduan preso zegoen Mikel Larrañaga zarauztarrari egindako elkarrizketa ez zitzaion gustatu orduko Udal Gobernuari, eta orduko euskara zinegotziak, gaur adierazpen askatasunaz eta euskarazko hedabideak babesteaz  hitz egiten digun Imanol Lasa jaunak, iturria itxi zion Txaparro aldizkariari, eta diru laguntzak aldizkaria ito arte murriztu. Elkarrizketa hura nik egin eta sinatu nuen, sasoi hartan Txaparro aldizkariko zuzendaritza batzordeko kide nintzen, eta ederki dakit zertaz ari naizen. Ederki dakigu zertaz ari garen.

Txaparro93

Txaparro 93 zenbakia

MikelAdams

Txaparro Mikel Larrañaga (barrua)

Txaparro aldizkariko ordezkariek, aldizkariaren agurra eta itxiera iragartzeko egin zuten agerrialdian argi esan zuten, 2010eko martxoan, Imanol Lasa euskara zinegotzi zenean: “Proiektua aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan da hasieratik Udalaren laguntza, eta azken bost urteetan laguntza hori murrizten joan da eta erabaki larri hau hartu behar izan dugu”.

Guri adierazpen askatasunaren inguruko leziorik ez, beraz.
Guri euskarazko hedabideak laguntzearen inguruko leziorik ez, beraz.

Udal Gobernu honek laguntzen ditu eta lagunduko ditu euskarazko hedabideak. Eta Udal Gobernu honek lasai utziko die herriko kazetariei beraien lana egiten, argitaratzen dutena gustukoa izan ala ez izan. Horretan ere, Imanol Lasa jaunak, zehazki, ez digu leziorik emango.

Horretan ere, zoritxarrez, ederki baitakigu zertaz ari garen…

Aipatu ditudan arrazoi guztiengatik, guk behintzat, ezezkoa emango diogu EAJren mozioari.

Entzundakoak entzunda, haserre erantzun zuen EAJko bozeramaileak. Imanol Lasak gezurretan aritzea leporatu zigun, Txaparro azken urteotako ildo editorialak eta Ezker Abertzaleak hil zuela esan zuen, “dena bere eremura eramateko duen joerarekin”, azken batean aitortu egin zuen gustukoa ez zutelako moztu ziotela iturria euskararen normalizazioan egundoko ekarpena egiten zuen Txaparro aldizkariari, eta kontu oso larriak esan zituen: besteak beste, Berria egunkaria diru publikoa jasotzen duen arren zer-nolako informazioak argitaratzen ari den, eta antzeko harribitxiak.

Azken batean, diru laguntza publikoak emateak hedabide horien kontrol ideologikoa bermatzeko zilegitasuna duela uste duenaren talaiatik, lasai asko, pasa den ekainean Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak egin zuen modu berean.

meugearri

GAI HONI BURUZKO ZENBAIT LOTURA:

· Martxoko ‘Txaparro’ aldizkariaren azken zenbakia izango da. Udalak itota (Baietz, 2010-03-03).
· Txaparro aldizkariaren azken zenbakia (El Diario Vasco, 2010-03-10).
· La oposición pide a Urkullu que aclare el pago de dinero al Grupo Noticias para publicar artículos (naiz.info, 2014-06-20).· Noticias Taldeko hedabideak laguntzeko «ezkutuko publizitatea» egitea egotzi dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Lehendakariak dio gobernuak ez duela legez kanpo jokatu (Berria, 2017-07-08).
· Kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez: “Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?” (Lur Etxeberria eta Diana Urrea. Naiz, 2014-09-24).

POST SCRIPTUM:
2014ko urriaren 29ko udal osoko batzarrean gai honen harira EHBilduk aurkeztutako mozioa:

· Berria+HamaikaTB (mozioa Zarautz)





Egin, 16 urte ahotsa isilarazita

15 07 2014

1998 uztailaren 15a beltzez idatzita geratu da Euskal Herriaren historian. Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituzten egun hartan, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako ehunka polizia armaturen laguntzarekin. Hainbat kazetari eta arduradun atxilotu, erredakzioa itxi eta prozesu luzea hasi zen. Jabier Salutregi zuzendariak, gaur, 16 urte geroago, preso jarraitzen du oraindik.

Duela pare bat urte idatzi nuen Egin egunkarian eta Egin irratian kazetari eta esatari modura bizi izan nuenaren oroitzapen kronika modukoa, hemen: Egin, bidaia laburra oroimenera.

Gaur, 16 urte geroago, Egin itxi eta egunkari berria sortzeko kanpainaren harira bazter guztietan zabaldutako elastikoa erreskatatu dut armairutik, eta duela 16-17 urte idatzitako ehunka kronika zaharretatik batzuk hautatu ditut hona ekartzeko.

Zenbait kontu zein erraz ahazten zaizkigun eta orduko egoera politikoa herri baten kroniketan ere zein presente aurki daitekeen ohartu naiz. Bilduta ditudan guztien artean batzuk besterik ez dira honakoak, baina duela 16 urteko Zarautz hartan zer egosten zen eta kaleko giroa zein zen islatzen dute hein batean.

Honako esteken gainean klik eginda irakur daitezke orduko kronikak, PDFan:
Egin egunkarian 1997an eta 1998an argitaratutakoak dira guztiak.

· Iñigo Ameztoi euskaltzalearen atxiloketa (1998-06-28): Ameztoi atxiloketa
· Arakajun, jotzen ondo pasatzen duten bost golfo (1998-05-5): arakajun
· Auzoetako jaiak, SOS (1998-06-26): Auzoetako jaiak SOS
· 1997ko sanpelaioak, oztopo guztien gainetik (1997-06-24): oztopo guztien gainetik
· Arrautza jaurtiketa festen hasieran (1998-06-27): Festak 2 arrautzak
· Dirurik gabe, baina festarako prest (1998-06-25): Festak1
· ZAGA, jaiak eta erreibindikazioa uztartuz (1998-06-26): Festak 3 ZAGA
· Iñurritzako Mutil-Ardoan emakumezkoak dira nagusi (1998-06-26): Mutil-Ardo
·  Suhiltzaileek lan handia (1997arej laburpena urtekarian. 1997-12-23): suhiltzaileek lan handia
· Alternatiba Demokratikoarekin egin zuten topo Isabel Tocino ministroak (Malekoi berrituaren inaugurazioa, 1997-09-30): Tocino malekoia
· Telefono antenen aurkako mugimendua Zarautzen (1998-09-30): telefonia antenak
· Geltoki zaharreko gertaerak gogoan (1997-09-16):  geltoki zaharra
· Azken 24 urteotako uholderik handienak (1997-09-03): uholdeak
· Xabier Azkue: “Mozkortutakoan jendea gehiago aritzen duk hika (1998-06-23): Xabier Azkue Zumaia

Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi orduko, egundoko erantzuna izan zen herriz herri.

Zarautzen, Euskadi Información agerkariarekin batera kioskoan doan banatzeko ZARAUTZ EGIN argitaratzeari ekin genion.

eginZarautz

Zortzi orrialde zituen agerkariak. Bi folio, erditik doblatuta.
Honakoa da lehen zenbakia:
· Egingo dugu1
· Egingo dugu2

Gai honi buruzko informazio osagarria, blog honetan bertan:
· Zarautz Egin, gaur hamalau urte.
· Egin, bidaia laburra oroimenera.





Urtzainak eta ertzainak [atzoko zubi harresiaren kronika pertsonala]

16 05 2013

1. Atarikoa

Ez nuen Urtza Alkorta ezagutzen. Nire mezuren bat bertxiotu zuen apirilean, eta egun berean Erroman Lander Fernandezen atxiloketa ekidin nahian osatu zuten herri harresiari buruzko albistea ere zabaldu zuen. Baina sarean anonimotasunean geratzen diren milaka izen birtual horietako bat besterik ez zen @sagastaneku hura niretzat, pasa den maiatzaren 8ra arte.

sagastaneku

Egun horretan, Ondarroan herri harresia osatzeko deia egin zuen, bere burua espetxean aurkezteko aginduari uko egin eta Ertzaintza bi aldiz bera atxilotzen saiatu ondoren. Maiatzaren 10ean, ostiralarekin, 12:30ean, Ondarroako Alamedan aurkeztuko zela esan eta herri harresia osatzeko deia egin zuen.

Orduan ulertu genuen Donostian sortutako Aske Gunearen bigarren atala Ondarroan idatzi behar zuela herri honek. Alderen bat bazegoen: Donostiako gazteak Segi gazte erakundeko kideak izateagatik eta, beraz, lan politiko hutsa egiteagatik soilik espetxeratu zituzten. Alkorta, berriz, ETAri laguntza emateagatik kondenatuta zegoen.

2. Tortura: izuen gordelekuetan barrena

Honaino iritsita, Urtza Alkortak Ertzaintzaren eskuetan jasandako torturak giltzarriak dira kasua ulertzeko. Torturapean sinatutako adierazpen hura baita Urtza kondenatzeko epaileak kontuan hartu zuen froga bakarra. Ertzaintzak noizbait iragarri zuen torturaren aurkako protokoloa bertan behera utzi zuen Urtza eta beste zenbait lagun atxilotu zituen operazioan. Kasu hark soka luzea ekarri zuen, besteak beste, Arartekoak eta epaileren batek Rodolfo Ares orduko Barne Sailburuari inkomunikazio aldiko grabazioak eskatu arren, honek uko egin ziolako bideoak erakusteari.

Ertzaintzak Urtza torturatu zueneko kasua, ederki laburtzen du Xabier Makazaga erbesteratu zarauztarrak pasa den astean argitaratutako artikulu honetan:

· Otra mentira más de Rodolfo Ares (izaronews.info, 2013-05-13).

Urtza Alkorta babestea eta bere atxiloketa ekiditeko herri harresia osatzea, beraz, urrun zegoen ETAri babesa ematetik. Ertzaintzak torturapean sinarazitako adierazpena zen Alkortaren aurkako froga bakarra. Berriro ere, beraz, kasuak osagai guztiak zituen Ondarroa gainditu eta herri harresiak dimentsio nazionala hartzeko, eta babesa ere zabala zen (jendarte eragile, alderdi, elkarte eta sindikatu ezberdinen babesa izan du Alkortak azken egunotan), hedabide batzuk Aske Gunea ezker abertzalearekin soilik lotzeko egiten ari diren ahaleginak ederki erakusten duen bezala.


[ ELA sindikatuko ordezkaritza, astelehenean, Urtzari babesa erakusten Ondarroako Aske Gunean ]


3. Lehen elkarrizketa eta We Free Zone #askegunea

Donostian sortutako Aske Gunea politikoki herri honen historian geratuko den inflexio puntua dela oso argi ikusita, gaiari buruzko proiektu zabal bat abian da, oraindik mamitzen ari denez aurkezteko beste egun batzuk beharko dituen arren: We Free Zone #askegunea crowdfunding ekimena, Aske Guneari buruzko bi liburu eta dokumental bat bilduko dituena.

Dokumental horretarako Urtza elkarrizketatzea ezinbestekoa ikusita, maiatzaren 13an joan ginen lehen aldiz Ondarroako herri harresira, gaua bertan ematera. Oier Aranzabal kazetaria izan nuen bidaide. Urtzari We Free Zone #askegunea proiektuaren berri eman, eta elkarrizketa egin genion. Horren laburpena ederki bildu eta argitaratu du gaur Aranzabalek, zuzeu.com orainkarian:

· Urtza Alkorta: “Herritarrek ekarri zuten AskeGunea Ondarroara” (Oier Aranzabal, zuzeu.com, 2013-05-16).

Hemen ikus daiteke elkarrizketa, laburtuta:

4. Kazetaria, zinegotzia, euskal herritarra… nik zer dakit zer

Bateko eta besteko argazkiak edo irudiak ikusita, Ondarroako zubi harresian zer egiten nuen galdetu zidan atzo batek baino gehiagok. Ea kazetari bezala ari nintzen, zeinentzat. Ala pertsonalki, ala zertan.

Ez daukat erantzunik.
Edo erantzun gehiegi ditut.

Kazetari gisara, We Free Zone #askegunea proiekturako materiala biltzea zen asmoa, eta gertatzen ari zena sare sozialen bidez lau haizetara zabaltzea, noski. Horrela aritu ginen azken orduotan hainbat eta hainbat lagun, Aske Guneak oraingoan ere eman duen komunikazio eta kazetaritza ikasgaiari ekarpena egin nahian. Izan ere, norbaitek sare sozialetan duela zenbait egun esan zuen bezala, Aske Guneak komunikazio aldetik suposatu duena, noizbait, kazetaritza fakultateetan erakutsiko da. Baina hau udazkenean argitaratuko den liburuaren gaietako bat da. Beraz, beste baterako utziko dugu. Baina, bai, zainetan barrena daukagun kazetari senak bultzatuta ere aritu nintzen Ondarroan.

Azken gauean, Ertzaintzaren dozenaka furgoneta Iurretako ertzain-etxera heltzen ari zirela eta atxiloketa edonoiz hel zitekeela aurreikusiz, azken orduko mezu laburra eskatu genion Urtzari, Euskal Herri erdia sare sozialetan #resistondarru eta #askegunea traolei begira zegoela ohartuta. Hau izan zen grabatu eta zabaldu genuen mezua.

azkenmezua

Hemen bideoa ikusgai:

Kazetari gisara aritzea, barruak eskatzen du Aske Gunean.
Baina baita beste zerbaitek ere.

Pertsona bezala, bidegabekeria bati aurre egiteko, babesa adierazteko eta bidegabekeria horren berri munduari emateko gogoa sortzen dizu zerbaitek.

Euskal herritar bezala, badakit auzi politikoek, torturak eta herri hau isilarazteko urte askoan hainbat lekutatik abiarazitako gerra estrategiak oraindik alde batera utzi gabeko ondorioak dituela. Auzi politikoetan harrapatuta epaiaren zain dauden ia 200 euskal herritarren kasua da. Eta beste dozenaka dira, Urtza Alkorta bezala, torturapean edozer sinatzera heldu direnak, basatikeria guztiak libre diren zulo ilun horretatik edonola atera nahian.

Zinegotzi eta udal ordezkari gisara, aurreko legealdian Ondarroako hautetsia izan zen norbaiti babesa adierazteko beharra ere sumatzen nuen. Legez kanporatzeak nonbait eragin gordinik izan badu, Ondarroan izan da hori. Herritarrek gehiengo oso zabal baten bidez hautatutako zerrendak baliogabetzearen ondorioz sortutako egoera muturrera heldu baitzen, kasu gordin eta larriekin. Urtza Alkortak lehen eskutik bizi izan zuen hura guztia, legez kanporatutako zerrendako hirugarren hautagaia eta, beraz, herritarrek aukeratutako hautetsia izan zen momentutik. Orduan egindako lanaren mendeku zatia ere izango du gerora heldu zaion guztiak. Herritarren ordezkari gisara, beraz, Maribi Ugarteburuk, Unai Urruzunok, Laura Mintegik eta beste hainbat parlamentari, zinegotzi edo batzarkidek bezala, Urtzari babesa adierazi nahi nion.

Atzo Espainiako Polizia autonomikoa Ondarroara heltzear zenean zubi harresira igo ginenean, beraz, egia esan, ez nekien euskal herritarra, kazetaria, zinegotzia ala zer nintzen eta, batez ere zer izango nintzen Ertzaintza gora heltzean, gure ondora. Zainetan daramagun kazetariak Urtzaren ondoan egotea eskatzen zidanez badaezpada, hala egin nuen azkenean.

zubian

zubian-efe

zubian-correo3

zubian-correo4

DV

5. Harresistentziaren zubian

Polizia operazioaren atarian, tentsioak gora egin ahala, sare sozialetara argazkiak eta bideoak igo eta eta zubitik bertatik zuzenean aritu ginen bizitzen ari ginena zabaltzen, batez ere twitter bidez: herri oso bat, ehunka eta ehunka lagun, poliziak atxilotu nahi zuen pertsona bat babesten, desobedientzia baketsuaren bidea hautatuta.

Honakoak dira argazki eta bideo horietako batzuk:

· 05:57, bideoa: “Ez gaituzue geldituko!”

· Mikel Etxaburu eta Urtza, zubian: tentsioa eta besarkadak

· (ordua ez dakit): “honela ari dira hurbiltzen Urtzarengana, beti bezain bortitz #resistUrtza”

· Herri Harresia barrutik: Ertzaintza Urtzarengana hurbiltzen (1)

· Zubian: ertzainak jendeari belarrietatik eta iletik tiraka, belaunekin kolpeka, botekin zapaltzen…

6. Zuzenean: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarentzat streaminga

Halako batean, Ertzaintza Urtzarengandik bospasei metrora zegoenean, eta azken hiru orduak bere ondoan egon ondoren, telefonoaren bateria agortu zitzaidan. Ertzaintza aurpegirik bortitzena erakusten ari zenean, eskuan itzali zitzaidan egiten ari zirena zabaltzeko eskura nuen bitarteko bakarra. Ordurako atzera egin zuten zubian bertan lanean ari ziren Lander Arbelaitz (Argia) eta Maite Bidarte (info7) kazetariek, eta lehen lerroan geratu nintzen, lanerako bitartekorik gabe.

Ertzaintza zein bortitz ari zen ikusita, bateriarik gabe ere itxura egiteko esan zidan norbaitek, horrela behintzat animalia haiek apur bat otzandu zitezkeelakoan. Hurrengo proposamena, berriz, opari ederra izan zen. Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA egunkariko kazetariak mobila pasatu zidan, baina ohar batekin: “ez mugitu askorik mesedez, zuzenean ari gara ematen”.

Zuzenean? Irribarrea atera zitzaidan, batez ere pantailan 976 views ikusi nuenean. Ehunka eta ehunka lagun ari ziren telefono hartatik ateratzen ziren irudiak ordenadore aurrean zuzenean ikusten. Bazegoen zer erakutsia.

7. Urtza eta ertzainak, aurrez aurre

Urtza zaintzen ari ziren ehunka Urtzainak bortizki banan banan aterata eta aurrera egin ahala, Ertzaintza gero eta basatiago aritu zen. Urtzarengandik hiru bizpahiru metrora zegoenean egoera jasangaitza bihurtu zen, Urtza bere onetik ateratzeraino. Ezin zuen eraman bera babesteagatik zubian zegoen jendea horrela tratatzea ertzainek, eta behin eta berriro oihuka aritu zitzaien lasai eta suabe aritzeko erreguka. Bere burua entregatuz gero guztia amaitu egingo zela esan zion ertzain batek Urtzari, eta ez zela indarkeria gehiago erabili beharrik izango.

Urtzaren erantzuna antologikoa izan zen. Oilun popi jarri zitzaigun ondoan geunden guztioi. Ea nori okurritu zitzaion zubi harresiko jendea banan-banan horrela ateratzea, bortizki. Jende artetik igaro eta oinez berarengana joan besterik ez zutela hasieratik, eta bi minutu nahikoa izango zituztela atxilotuta eramateko. Baina hori egin beharrean zirko hura guztia antolatzea eta jendea banan-banan basatiki ateratzea erabaki zutela, indarrez. Ea ez al ziren konturatzen zer-nolako erokeria zen hura. Nahikoa zutela aurrera egitea, eta atxilotzea. Baina bera ez zela entregatuko. Hori esan, eta jasotako babes guztia eskertzeko mezua bidali nahi izan zuen. Mikel Etxaburuk eta biek eskuan nuen telefonoari edo kamarari begiratu, eta ukabila altxata agurtu zuten Euskal Herria.

Gainerakoa, badakizue.

Guztia ezin hobeto bildu zuten, zubitik bertatik, Argiako Lander Arbelaitzek eta Axier Lopezek.
Hartutako bideo guztiak, gainera, hemen bildu dituzte: Ondarroako herri harresia · bideo bilduma.

Horien artetik, Urtza atxilotu aurreko azken sei minutuak biltzen dituen hau nabarmendu nahiko nuke:

8. Zein da pertsona bat torturatzearen prezioa?

Nahi den bezala saldu arren, Donostiako eta Ondarroako irudiek urrea balio dute, bere horretan.
Horregatik da hain garrantzitsua errealitatea desitxuratzea. PNVren hariko hedabideen gaurko azalak ikusi besterik ez dago.

NGportada

Deiaportada

Lotsa gutxi behar du, atzokoa eta gero, lehendakari batek polizia operazioaren kostuaz hitz egiteko: «Ezker abertzaleak alferrik tentsionatu du gizartea, eta baliabideak xahutu dira». Urkullu asegura que la detención de Alkorta ha derivado en «un despilfarro de recursos».

Hitzik gabe. Benetan.
Itxaso Urtiaga zarauztarrak atzo sare sozial batean horri buruz idatzi zuen:
“Patetikoa. Urtzaren atxiloketa garestia omen. ETA ZE PREZIO DU PERTSONA BAT TORTURATZEAK? ZE PREZIO DU TORTURAPEAN EGINDAKO DEKLARAZIOENGATIK SOILIK PERTSONA BATI BERE BIZITZAKO URTEAK LAPURTZEA espetxe zikin batean sartuz? Honelako egoerak sortu eta onartzen dituztenek lapurtzen duten diru guztiarekin ere ez dute egindako injustizia guztiak ordaindu eta eragindako mina erreparatzeko lain izango”.

9. Herri Harresia eta Aske Gunea, aurrera begira

Aurrera begira, epaiketa politikoen aurkako benetako herri harresia osatzeko eta jazarpen politikoarekin amaitzeko, denon beharra izango da. Herri Harresia benetan osatu beharko da. Ez dute publikoki onartuko, baina jeltzale asko eta asko eta asko lotsatuta egongo dira Donostiako eta Ondarroako irudiekin. Nahi den bezala erakutsita ere, munduaren aurrean, bi kasuetan kartzelara doazen gazteak babesten dituen herri bat dago atzean, epai bidegabeak betetzera datorren polizia bortitz baten aurrean.

Horrek, hausnarketa sakona eskatzen du.
Bidegurutzean, betikoa: herri honen ala Espainiarekiko eta Frantziarekiko morrotzaren artean hautatu beharra. Bidegabekeria ala duintasuna. Eskuak lotuta edukitzea ala libre izatea. Arrain haztegia ala erreka. Espainiako Polizia Autonomikoa ala Ertzaintza. Iragana ala etorkizuna. Aske izateko, gune askeak sortu behar dira, eta ez obedientzia otzanaren bidea hartu.

Ikusi ZuZeu orainkariak gaur argitaratu duen Urtzaren elkarrizketa. Ertzaintzak torturatu zuen. Kasua nabarmena da. Ertzaintzak torturapean sinarazitakoa da Urtza bahitzeko eta kartzelaratzeko arrazoi bakarra. Eta hala ere, sufrimendua alde batera utzi, eskua luzatu, eta aurrera egiteko deia egiten dio jeltzaleei. Herri honen askatasunaren alde, bidea elkarrekin egin beharko dugu, edo ez dugu askatasunik ezagutuko. Zeren zain zaudete? Atzo Ertzaintza Ondarroa hartzen ari zenean zubi harresian Urtzak abesten zuen moduan, ez gaitun lapurrak ez eta zakurrak kateiaz loturik ibiltzeko…





Zauriei begira, kazetaritzaren ispilutik

21 03 2013

‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1’ izeneko ekitaldia antolatu zuen atzo Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa. Bidean, Zeruko Argia, Egunkaria Sortzen, Bartolo, Zarautz Egunkariaren Alde taldea, Fernando Muniozguren, Txaparro herri aldizkaria, Urola Kostako HITZA eta beste hainbat langile, talde eta egitasmo aritu dira Zarautzen euskarazko prentsari egundoko ekarpena eginez, eta horiek guztiek lekua izan zuten atzoko ekitaldian.

p040_f01
[ argazkia: Gorka Rubio, Argazki Press / Berria ]

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, “zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea” dagokigula sinetsita.

Zehazki, honakoa da irakurri nuen testua:

Arratsaldeon denoi.

Duela hogei urte, 1993an, gaur ekitaldi hau aurkezten aritu den Gorka Arrese zutabegilea zen Euskaldunon Egunkarian. Uztailean, Lubakietatik izeneko zutabea idatzi zuen, Txiki eta Otaegi hil zituztenean jaio ginen hainbat gazte literaturaren lubakietatik tiroka hasiko ginela eta antzekoak iragarriz. Lubaki Banda izan zena bazetorrela plazaratu zuen Gorkak zutabe hartan. Ordurako bazekien zerbait Susa argitaletxeko editoreak. Hamazazpi urte nituen nik orduan, Susa aldizkaria Lubaki Bandako gazteon esku utzi zutenean. Utzi zigutenean, nolabait.

Hiru zenbaki argitaratu genituen, eta hiru zenbaki haiek osatzeko lanetan ezagutu nituen hemen oholtza gainean dauden hainbat lagun, Lasarteko erredakzioan, lehen Imanol Muruak bideoan esan duen moduan, Susa, Argia eta Euskaldunon Egunkaria eraikin berean baitzeuden.

Egunkariarentzat, aldizkariarentzat eta argitaletxearentzat bizi ziren. Etxerako ordurik gabe, erredakzioa ia etxebizitza bihurtuta, gau bat baino gehiago bertan igarota, sinesten zutenaren alde dena emanez. Eskola horretakoak dira Imanol Murua Uria, Gorka Arrese, Iñaki Uria, Xabin Makazaga, lan kontuengatik gaur hemen ez dagoen Amagoia Iban, eta belaunaldi hartako beste hainbat eta hainbat. Eskola hartakoa zen Bartolo ere. Euskarazko egunkaria. Euskarazko aldizkariak. Euskarazko liburuak.

Urte haietan, Euskaldunon Egunkariak larunbatero argitaratzen zuen literatura gehigarria egiteko Lubaki Banda hartako gazteren bat proposatzeko eskatu zioten Gorkari, eta horrela hasi nintzen Egunkarian, dinosauro hauek irakasletzat nituela. Denok ere, gaur baino 20 urte gutxiago genituen.

Txumai Iturriarekin egin ohi nuen erredakziorako bidea, autoan. Txumai, zehazki, Zarauzko Udaleko zinegotzia zen urte haietan, HBko zinegotzia, eta autoa erre zioten. Lanetik etxera eta etxetik lanerako bidai haietan, Txumai, Karlos edo Amagoiarekin, Egin egunkarian Zarauzko albisteen kazetaria izateko aukera aipatu zen, Imanol Arruabarrenak lekukoa pasatzea eskatu zuelako, eta bidaideek lan askorik gabe konbentzitu ninduten lan askoz gehiago hartzeko. Beste lan batzuekin batera, biak uztartzen nituen: Euskaldunon Egunkariako literatur gehigarria, eta Egin egunkariko Zarauzko albisteak.

1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik, Teresa Toda kazetariarekin batera. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Egunkaria auzian, mamuak ez zuen nahikoa izan kolpe bakarrarekin, eta Martxelo, Iñaki eta gainerako arduradunen atxiloketarekin eta Egunkariaren itxierarekin hasitakoa, hilabete batzuk geroago errepikatu nahi izan zuen, auzi ekonomikoarekin. Auzi horrek zabalik segitzen du oraindik. Epaiketaren esperoan daude auzipetuak, eta ez nolanahiko kartzela zigor eskaerekin, gainera. Tartean dago Iñaki Uria zarauztarra ere. Auzipetuetako batek otsailaren 20an gogoratu zuen moduan, auzi ekonomikoa zabalik dagoen bitartean, Egunkariaren zauriak odoletan segitzen du oraindik, bizirik.

Odola eta zauriak aipatuta, Zarauzko Udalaren izenean, herri honetan jazarriak eta erailak izan diren kazetariak badirela gogoratu behar dut ezinbestean. Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin dugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatua ere. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Ez nuke gaurko ekitaldia amaitu nahi, ekitaldiaren helburua nabarmendu gabe: Zarautzek eta zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egindako jarduna eskertzea. Prentsa idatzira mugatu gara batez ere, baina jakin badakigu, telebistan eta irratian ere, kate pribatuetan zein libreetan, hamaika zarauztar ari dela lanean, gaur hemen aitortu nahi izan dugun ekarpenaren antzekoa eginez, beste formatu batzuetatik. Telebistan eta irratian ez ezik, baita sareko albistarietan ere. Horiek ere gogoan ditugu.

Guztiei, beraz, mila esker euskaratik eta euskaraz Lizardik noranahikoa amesten zuen hizkuntza larrekoa lau haizetara zabaltzeagatik.

Ekitaldian zehar banatu ditugun oroigarriak, ekitaldi honetarako Manu Urbieta artista zarauztarrak berariaz egindakoak dira. Benetan ederrak. Egindako bidea eta lan ederra eskertzeko, baditugu beste bi ere: Martxelo Otamendirentzat, eta Imanol Muruarentzat. Beraiek jasoko dituzte, baina nolabait, gaur hemen aitortu eta eskertu nahi izan dugun belaunaldi eta ekarpen baten ordezkari gisara. Zuen txaloak beraientzat dira.

Eskerrik asko!

Post scriptum:
Ekitaldia amaitu eta oholtzatik jaitsi orduko Gorka Landaburu kazetaria hurbildu zitzaidan, eskerrak ematera. Eskua luzatu zidan. ETAren lehergailu batek zartatutako eskua. Lander Garrok azaroan sentitu eta idatzitakoaren antzeko zerbait sentitu nuen nik ere. Hemen testua.
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 2012-11-22).

Kontu honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Aitorpena euskal prentsari (Berria, 2013-03-22).
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 201211-22).

Atzoko ekitaldia iragartzeko egunotan prestatu dugun bideoa:





Hamar urte eta egun bat

20 02 2013

Otsailak 20 ditu gaur. Hamar urte igaro dira Espainiako Gobernuaren beso armatuak, indar erakustaldia eginez eta izua lau haizetara zabalduz, Euskaldunon Egunkaria itxi, zuzendaritzako kideak atxilotu, torturatu eta kartzelaratu zituenetik. Lehenago Egin egunkaria, Egin irratia eta Ardi Beltza aldizkaria bezala, euskarazko egunkari nazionalari heldu zitzaion ordua gaur hamar urte.

Sasoi hartan, goizaldean, euskal gazteen eta independentisten aurkako antzeko sarekadetara ohituta gintuen telefoak, irratiak, telebistak. Ez zitzaigun arrotza herri honen alde hainbat esparrutan lanean aritutakoak esku-burdinak jantzita ikustea, polizia autoetarako bidean. Baina Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi edo Iñaki Uria gisa hartara ikusteak telebistako irudietan, zerbait mugiarazi zion herri honi erraietan. Espainiak marra gorri guztiak igaro izanaren sentsazioa hedatu zen nolabait euskal gizartean, eta polizia operazio hark hainbati begiak zabaltzeko eta balio izan zuen, Audientzia Nazionalak, Madrilgo epaileek, Guardia Zibilak eta Estatuaren aparatu ilunenek egiten zutena agerian utziz. Gezurrak, torturak, bidegabekeria, kartzela, sakabanaketa, inolako berme juridikorik eza. Hitz batean esateko, inpunitatea, zigorgabetasuna.

Antzeko kontuak izan ditugu buruan askok eta askok gaur eguerdian Andoainen. Bizitza erdia hitzekin lanean aritu arren, zaila da barrua zeharo iraultzen dizun zerbaiti buruz idaztea. Martxelo, Iñaki, Pello, Joan Mari eta gainerakoak ikusi edo agurtu ondoren geratzen zaizun sentsazioa zein den esatea, batez ere haien ondoan, eta haiek babestuz, antzeko egoeran egon diren eta hainbat kasutan oraindik epaiketen zain dauden auzipetuak, atxilotuak eta kartzelaratuak ikusten dituzunean. Edo langile eta lankide ohiak Egunkaria aurrera! dioten elastiko urdinekin ageri direnean, hamar urte geroago. Flashak. Argazkiak. Postalak. Oroitzapenak. Denak saldoka datoz, malkoei eusteko ere ahalegin berezia zergatik egiten ari zaren ohartzen zarenean. Nola ahaztu Imanol Muruaren aterkia, Martxelo Otamendi torturaren zulo beltzetik atera eta ETBko kameren aurrean txikituta, negarrari eutsi ezinik, pasatutako infernua kontatzen ari zenean. Nola ahaztu Xabier Alegriaren testigantza lazgarriak. Pello Zubiriaren ospitalaratzea, Iñaki Uriak pasatutakoa, Iñakiren gurasoak preso zegoen semearen argazkiari eutsiz, Joan Mari Torrealdairen isiltasuna urte askoan, torturaren izuari oraindik ihes egin ezinik.

Egunkaria itxi zuten, zuzendaritzako kideak atxilotu, baina kolpea euskal gizartearentzat izan zen. Baita zarauztarrentzat ere. Egunkaria Sortzen ekimenari erantzun ederrenetakoa eman zion herria izan zen Zarautz. Josemi Zumalaberen uzta biltzeko sasoia zen, eta zarauztarrek ederki erantzun zioten Lizardik hainbat eta hainbat urte lehenago amestutako euskarazko egunkaria sortzeko deialdiari. Atxiloketa, tortura eta kartzela Iñaki Uriak ezagutu zituen, baina kolpea Egunkaria Sortzen ekimenean aritu ziren zarauztar guztiek hartu zuten. Eta baita ekimen hura diruz lagundu eta Euskaldunon Egunkaria sortzea ahalbideratu zuten herritar guztiek ere. Baita ordura arte egunkari hartan lanean aritu ziren zarauztarrek ere. Zerrenda ez da nolanahikoa. Gaur Andoainen bildu den zarauztar kopurua ikusi besterik ez dago.

Kolpe gogor hari euskal gizarteak erantzun zion antzeko moduan erantzun zion Zarautzek ere. Hasiera batean Egunero berriari babesa erakutsiz, eta hilabete batzuk geroago Berria egunkariaren harpidedun, erosle eta irakurle izanez. Lizardiren ametsak, Josemirenak edo Iñakirenak, aurkitu zuten ongarria nonbait, eta euskarazko egunkari berria ez ezik, tokian tokiko euskarazko egunkariak ere sortzen eta zabaltzen joan ziren. Gurean, Urola Kostako HITZAk ikusi zuen argia urtebete geroago, gaur bederatzi urte zehazki, 2004ko otsailaren 20an. Iñaki Uria preso zegoen oraindik, eta ez dut honezkero ahaztuko egunkari berriaren zuzendari gisara, Zarauzko aurkezpen ekitaldian Inaxiori eta Gurutzeri, Iñakiren gurasoei, eman genien lore sorta. Malko eta txalo artean jaso zuten. Jasotako kolpeak min egiten zuen oraindik, baina erortzean berriro jaikiz aurrera egiten ikasi duen herriaren duintasuna nabaritzen zen bildutako guztion artean. Egunerok, Berriak eta bateko eta besteko Hitzek erakutsi zuten ildotik nolabait: euskarazko prentsa idatzia, egunero, nazional mailan, eta eskualde mailan. Lizardiren ametsa, lau haizetara.

Gure herriari eta munduari begiratzeko euskarazko leihoak ditugu ordudanik. Paperezko leiho horiek leiho digitalak ere bihurtu dira denborarekin, eta langileak dituzte, irakurleak dituzte, herri informazioa lantzen dute, eta egundoko ekarpena egiten diote herri honi. Duela hamar urte gezurra ari zuen, baina gaur babesaren eguzkia eta beroa nabari zen Andoainen. Bihar hutsik egongo da Martin Ugalde kultur parkea. Baina han jarraituko dute langileek, erredakzioan, bateko eta besteko albisteekin, adierazpenekin, erreportajeekin, elkarrizketekin, eta egunkari baten ohiko kontuekin. Baita Zarautzen ere, Urola Kostako HITZAren erredakzioan, beste hainbat herritan bezala. Gaur hamar urte igaro baitira Egunkaria itxi zutenetik, baina bihar hamar urte eta egun bat beteko dira. Pirotekniarik gabe aterako da inprentatik etziko zenbakia, eta hurrengoak. Baina eguneroko horiek dira garrantzitsuak. Babesa ondo dago. Beharrezkoa da. Eta bidegabekeria salatzea. Egindako kalteagatik haserretzea. Egin zutena gogoratzea. Gezurtiak seinalatzea. Baina eguneroko bidelagunak dira ezinbestekoak. Hamar urte eta egun bat betetzen denean ere hor segiko dutenak. Hamar urte eta bi egun betetzean iraungo dutenak. Hamar urte eta hiru egun, eta lau, eta bost, eta sei… egunero, beste hamaika urtean, munduari paperezko leihoak zabalduz egunero, euskaratik eta euskaraz.

Gari Berasaluze
Euskaldunon Egunkariako langile ohia
Urola Kostako HITZAko zuzendari ohia
Zarauzko Kultura, Jaiak, Herrien Elkartasuna eta Euskara zinegotzia





Zarautz Egin, gaur hamalau urte

17 07 2012

Gaur hamalau urte goiz esnatu ginen. Hobe esanda, ez genuen lo askorik egin.
Bi egun lehenago itxi zuten Egin egunkaria, eta gaurko egunez, Zarautzen kioskoetan Euskadi Información edo beste edozein egunkari eskatzen zuenak lau orrialdeko Zarautz Egin gehigarria eskura izatea otu zitzaigun.


[Zarautz Egin, 1998ko uztailean Egin egunkaria itxi ondoren Zarauzko herri informazioa landuz hainbat astez argitaratu zen agerkaria. Lehen zenbakia jaisteko, egin klik irudiaren gainean].

Egin egunkariko Zarauzko berriemailea nintzen sasoi hartan, eta lanik gabe eta ahotsik gabe utzi nahi izan gintuztenez, lanean segitzea erabaki genuen, herritarrei ahotsa emanez. Fotokopia eta gillotina egunak eta asteak izan ziren, zarauztarrek goizero kioskoetan Zarautz Egin hura eskura izan zezaten. Ohiko kazetari lana egin, albisteak idatzi, maketatu, fotokopiagailutik pasatu, gillotinatu, eta goizean goiz kioskoetara eraman, horretarako propio sortutako laguntzaile taldearekin.

Gaur hamalau urte argitaratu genuen lehen zenbakia, Egin itxi eta bi egunera.
Gaur, hamalau urte geroago, egunkari haren zuzendariak kartzelan segitzen du.
Gaur, bereziki, Jabier Salutregi eta Teresa Toda ditut gogoan.

Besarkadarik estuena haientzat eta haien senide eta lagunentzat.

Gai honekin lotuta…
· Egin, bidaia laburra oroimenera (2012-05-06).





Zarautz eta Lizardiren ametsa

10 05 2012

Bake garaiak lortu ez duena erdietsi du gerrak. Zortzi urte eta guda egoerak gizarte zibilari ezarritako baldintza gorriak izan dira beharrezko Lizardiren ametsa, alegia, euskal egunkari bat kaleratzeko guraria gauzatuta ikusteko. Pozik izanen zen Xabier Lizardi bizi izan balitz: Lauaxetak bete du lagunaren nahia.

1929ko martxo-apirilean Euzkadi-n argitaratutako artikulu sorta batean azaldu zuen Lizardik bere proiektuaren nondik norakoa. Ideia ez da berea, Zarauzko garaitik lagun min zuen Txomin Arruti, Mendi-Lauta-rena baizik. Atalez atal, erredakzioak non, kazetariak nolako, dirua zertan… egitasmo ezin zehatzagoa zen Lizardik gogotik paperera ekarri zuena. “Bai” deituko zen, eta hamar-hamabi mila ale sal zitezkeela zioen. Hiru mila harpidedun baino ez ziren behar, «iru milla lagun zintzo euskotasunaren gaizkakunderako».

[ Iñigo Aranbarri, Gure mendea. Kronikak. argia.com ]

Baratza azi bearra izena zuen artikulu sorta hartako lehenengoak, eta euskal idazleen baratzea hazteko eta zabaltzeko beharra nabarmendu zuen Lizardik, euskara hutsean argitaratutako “euskal egunkariaren ametsa” zehaztuz. Forma ere eman zion ametsari:

“Jainkozale garbia, euskeltzale yaukala; ederra, argia, erreza; ondo ordaindutako gizonek egiña; berreiez, lan benez ta arin-alaiez –parrirudiak aztu gabe– naroki ornitua; eta erri bakoitzean izparkari on bat du, zerbaitez sariztatua, bertako gaztun arazo guztiak, baita berriak ere, garaiz ta ongi bialiko dituanak; lankidien artean, maiz agertzen dira erbesteko euskal jakintsuen izenak, bein Alemanitik, urrena Errusitik, Txekoslobakiatik, non-naitik. Labur esateko: erderazko zenbait bezin eder-osoa…”.

Lizardiren ametsak ez zuen aurrera egin, zortzi urte geroago Lauaxetak lagunaren nahia bete zuen arte. Bidean oztopoak aurkitu zituen. Bideragarritasunik ez zuten ikusten batetik, eta laguntza handirik ez zuen izan bestetik. Baina gerra heltzean, euskal kontzientzia pizteko beharrak eta gudariei adorea emateko ahaleginak ekarri zuen euskarazko egunkaria, Eguna.

Ordudanik, hainbat gorabehera, ahalegin, kazetari, izen eta egitasmoren aterkipean bidea eginez, euskarazko prentsak aurrera egin du, egoerarik zailenetan, gaur haize eta euri erauntsiei eta bihar lehorte gorrienari ere eusten dakien baratzeak bezala.

Baratzea lantzeko lanabesak, konpromiso iraunkorra eta, batez ere, laborari zailduak behar dira horretarako, inurrien antzera lana, lana eta lana egingo dutenak.

Horrelakoak ezagutu nituen 90eko hamarkadaren lehen urteetan, Euskaldunon Egunkaria oraindik Lasarteko lehen erredakzio hartan zegoenean.

Ordurako, Egunkaria Sortzen taldeak herriz herri egindako lanak eman zuen uzta. Zarautzek egundoko ekarpena egin zuen sasoi hartan, eta Zarauzkoa bezalako beste dozenaka eta ehunka talderen ahaleginari esker, 1990eko abenduaren 6an sortu zen Euskaldunon Egunkaria.

Sei urte geroago bertan lanean hasi nintzenean, Andoaingo erredakzio berrian zegoen kazeta ordurako. Zarauztarrez inguratuta, nolabait. Iñaki, Beatriz, Txiliku, Imanol, Bult, Amagoia, Txumai, Karlos, eta abar.

Azken bizpahiru hauekin egiten nuen bidea Zarauztik Andoainera, Andoaindik Zarautzera, Txumairen autoan. Memoria ariketak egiten hasita, urte haietan, Zarauzko Udaleko zinegotzi izateagatik Txumairi autoa erre ziotela ere akordatzen naiz.

Euskaldunon Egunkariak ere egoerarik zailenetan egin zuen aurrera, haize eta euri erauntsien zein lehorteen erdian. Kriminalizazioa heldu zen arte. Gezurra heldu zen arte. Bidegabekeria heldu zen arte. Neguan, armen indarrez itxi, arduradunak atxilotu, torturatu eta espetxeratu egin zituzten. Tartean zen Iñaki Uria zarauztarra. Hainbat hilabetez eduki zuten preso kartzela urrun eta arrotz batean, auskalo zenbat urte geroago epaitu eta absolbitu egin bazuten ere. Libre. Errugabe.

Hilabete haietan Zarautz kalera atera zen. Hainbat ekimen antolatu ziren Iñakiren askatasuna aldarrikatzeko. Jendetsuak haietako asko. Bidegabekeriari erantzuteko, egunkari berria sortzeko, Egunkaria aurrera! aldarrikatzeko eta, areago, Zarautzek herri informazioa ere euskaraz jaso nahi zuela esateko. Baratzeak soberan zituen eguzkia, ura eta lanerako gogoa.

Sasoi hartan, Berria egunkaria sortu zen.
Urola Kostako Hitza sortu zen.

Eta belaunaldi berriek heldu zioten lekukoari. Heldu diote lekukoari. Danel, Gurutze, Leire, Gorka, Jon, Samara, Eli edo Ilargi gogoratzen ditut Andoainen. Eta beste hainbat hemen, Zarautzen. Lore, Xabi, Uxua, Aritz, Ane, Onintza, Amaia… Batean zein bestean, egunero, inurrien antzera baratzean ari diren kazetari zailduak.

Lizardik euskal idazleen baratzea hazteko eta zabaltzeko asmoa agertu zuenean, ordea, berehala argitaratu zuen beste artikulu bat, ekonomiaz arduratuz gehienbat, proiektuak zeuzkan zailtasunak agerian utziz: “Iñola ateratzekotan, ba, egunkaria, askoen alkar-artze ta laguntzaz bear bide da, nik uste”. Egunkari on bat argitaratzeko, bazekien horrek dirua eskatzen zuela, eta aurrekontua eginda, ehun pezetako akzioak sortzea proposatu zuen, eta dirua biltzen hastea.

Ia mende bat geroago antzera dabil euskarazko prentsa. Berria egunkariak ziztadak behar ditu baratzeak emankor iraun dezan. Eta Ziztada Eguna antolatu dute, zarauztarren ziztadak eta babesa biltzeko. Lizardik eta Mendilautak amestutakoa eguneroko errealitatea izatea lortu dute gaur hemen ondoan ditudan lagun askok. Zuei esker Zarautzek, egunero, munduari euskaraz begiratzek leihoak ditu zabalik.

Horregatik, Zarauzko Udalaren zein Euskara Zerbitzuaren laguntza eta babesa izango duzue behar duzuenerako, eta bidelagun izango gaituzue. Horregatik, eta amaitzeko, Zarauzko Udalaren izenean, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu maiatzaren 19ko ekimenetan parte hartzera, eta euskarazko prentsak behar duen ziztada ematera.

Lizardiren ametsak behar izan duenean, Lizardiren ametsa defendatu behar izan denean, Zarautzek erantzun egin du. Orain ere, beraz, euskarazko prentsak merezi duen moduan erantzuteko deia egin nahi dugu Zarauzko Udaletik.

Eskerrik asko.





Egin, bidaia laburra oroimenera

6 05 2012

Eskola izan nuen Egin egunkaria. Baita Egin Irratia ere. Unibertsitatean baino gehiago ikasi nuen bietan. Lehenengoan, papereko egunkarian, Zarauzko berriemailea nintzen. Bigarrenean, irratian, literaturari buruzko Itsaso debekatuak irratsaioa egiten nuen astearte arratsaldetan. Pare bat urte eman nituen bietan, egunero batean, asteartero bestean, 1998ko uztailean Espainiako epaileek eta poliziek egunkaria eta irratia itxi zituzten arte.

Gaur, Gara egunkariak argitaratu duen erreportaje hau goitik behera irakurrita eta argazkiak ikusita, zerbait hautsi zait bihotzean. Bidegabekariaren gurpilak bueltaka segitzen baitu. Itxieraren kolpeari edo adierazpen askatasuna eta dozenaka lagunen lanpostuak zaurituta geratu izanari, epaia gehitu zitzaion: arduradunak kondenatu eta espetxeratu zituzten, eta zuzendaria, kazetariak… Gaur, bereziki, kartzelan segitzen duten Jabier Salutregi eta Teresa Toda ditut gogoan.

Gaur, argazki hauek ikusita, zaila da hitzetara amorrua ez ekartzea. Izan ere, epaileek, administratzaile judizialek eta polizia arrotzek Egin eta Egin Irratia zirenen egoitzak zertan bihurtu dituzten irakurri besterik ez dago. Hondamendia, mendekua islatzen duten hainbat zantzurekin.

La sensación se hace todavía más asfixiante al acceder a los despachos de dirección, sumidos en la oscuridad absoluta al haber sido tapiadas sus ventanas. Aquí es donde se alojaban los policías que custodiaron el edificio, como denota la vajilla y hasta las bombonas de gas y sartenes abandonadas. O los posters de revistas pornográficas, banderines deportivos castellanos o hasta un escudo de Euskal Herria sobre el que jugaban a los dardos.

[GARA, 2012-05-06, La muerte administrada del patrimonio de Egin en Hernani].

Egin egunkaria nire bizitzaren puska bat da. Iraganeko leiho bat. Kazetaritza eskola, eguneroko kronikak, argazki kamara digitalik, posta elektronikorik eta gaur egungo teknologiarik ez zegoen sasoian. Spielbergen Close Encounters of the Third Kind filmekoa zirudien fax-modem zaharraren letaniaz akordatzen naiz, zortzi eta hamabi argazkiko eguneroko karreteez, horiek ordu zehatz baterako taberna batean utzi beharraz, argazkilarien laborategiaz, Gipuzkoa saileko lankideez, sasoi hartako ordenagailuez…

Egin Irratiaz akordatzea, berriz, nostalgia putzu bat marraztea da. Oheratu orduko, Fermin Muguruza zen gaueroko bidaidea, RIP taldearen Lepoan hartu mitikoarekin hasten zen Igo Bolumena hartan. Kannabis Baratza saioan ezagutu genituen munduko reggae taldeak, internetik eta musika erraz eskuratzeko aukerarik ez zegoenean. Udan Bota Salabardoa saioarekin freskatzen ginen. Errepideetan han edo hemen erretentzioak egon zitezkeela jakiten genuen albistegien amaieran, Guardia Zibilak kontrolak jarri zituelako. Zorion agurrek eta preso eta iheslariei eta hauen senideei eskainitako abestiek betetzen zizkiguten bazkalorduak musikaz eta besarkadez.

Literaturaz aritzeko aukera sortu zen gero, eta Itsaso debekatuak haren lemari eutsi genion, gustura, astero itsasontzia munduko literaturetan barrena porturatuz.

Isildu egin nahi izan zuten guztia.
Baina begiratu ingurura, irakurri, entzun. Ez zuten lortu, bistan denez.
Min egin zuten, kartzela urrunetan preso dituzte oraindik batzuk, baina 1998ko uztailean emandako kolpe harekin ez zuten nahi izan zuten ezer lortu.

Gaurkoa bezalako egunetan, bidegabekeria zenbaterainokoa izan zen eta zenbaterainokoa den oroitzea soilik.

Gainerakoan, bidea egin du herri honek.
Orain askoz gehiago gara.

Gai honi buruzko informazio osagarria, blog honetan bertan:
· Egin, 16 urte ahotsa isilarazita.
· Zarautz Egin, gaur hamalau urte.





Se trataba de una chica muy guapa

15 03 2012

Astelehenean, Amaia Azkueren hilketa basatiaren lehen urteurrenaren atarian eta ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa hasi zenean, Urola Kostako Koordinadora Feministak agerraldia egin zuen. Besteak beste, honakoa nabarmendu zuten:

“Esanguratsua da hiltzaileak emakume bat aukeratu izana, eta ez gizon bat. Gertaera honen arduradun zuzena hiltzailea bera izan arren, hau ez da gertakari isolatu bat; hau jendarte matxistaren ondorio bat gehiago da”.

Argi dago jendarte matxista honetan, mikromatxismoetatik makromatxismorainoko eltzean kabitzen den guztian, egunero ditugula asaldatzeko moduko adibideak. Nik gaurko El Diario Vasco egunkarian aurkitu ditut, Zarauzko albisteetan, eta eskandalu hutsa iruditu zaidanez, hona ekarri nahi ditut.

Albistea honakoa da: Talleres de la danza del vientre de la mano de las mejores profesionales.

Lehen bost parrafoek ez dute galbiderik. Irakasleak onenetan onenak direla nabarmendu ondoren, honakoak aurki ditzakegu berehala:
· “Organizando todo esto la bailarina y coreógrafa Ouarda Elkatumi, mujer del atleta Kamel Ziani“.
· “También se cuenta con la sensualidad y dulzura de Analia, quien enseñará los distintos ritmos de la danza árabe”.
· “Por su parte, Warda Mallal (la propia Ouarda), profesora, bailarina y coreógrafa nativa, con su glamour, simpatía y sensualidad, impartirá un taller…”.

Ni zorrotzegia naiz eta mamuak ikusten ditut edonon, ala emakume hauen atzean kazetariak objektuak ikusten ditu etengabe. Onenetan onenak direla esaten zaigun arren, ez da nahikoa: norbaiten emaztea izan behar dute, norbaiten itzala: “mujer del atleta Kamel Ziani”. Analiaren gozotasuna eta sentsualitatea nabarmendu behar da. Wardaren sinpatia eta, berriro ere, sentsualitatea.

Dantza irakasleak Gorka, Youssef, Mikel edo Alberto balira, kazetariak idatziko lituzke “la sensualidad y la dulzura de Alberto” edo “Gorka, con su glamour, simpatía y sensualidad, impartirá un taller de…” bezalakoak? Argi daukat: ez.

Berriro diot: akaso mamuak ikusten ditut, baina ez dut uste horrela denik. Izan ere, kazetari horrek berak, duela urtebete, Amaia Azkue hil zutenean, hau idatzi zuen egunkari horretan bertan: “Todo eran ayer comentarios y conjeturas de lo que le pudo pasar. Se trataba de una chica muy guapa, de mucho estilo a la hora de vestir y en un principio se rumoreaba que detrás del suceso pudiera estar el móvil sexual”.

Amaia Azkue una chica muy guapa eta de mucho estilo a la hora de vestir zenez, movil sexual. Kazetariak pentsatu ez ezik, idatzi egiten du, eta ordaintzen dion egunkariak, lasai asko argitaratu. Egundokoa da, benetan.

“Esanguratsua da hiltzaileak emakume bat aukeratu izana, eta ez gizon bat. Gertaera honen arduradun zuzena hiltzailea bera izan arren, hau ez da gertakari isolatu bat; hau jendarte matxistaren ondorio bat gehiago da”.

Ezin da argiago esan eta zenbait hedabidek eguneroko irentsarazten dizkiguten adibideekin erakutsi.