Izei txikia, bideo bihurtuta

25 01 2012

Tamararekin eskolan lantzen dituzten liburuen artean, gustukoenetakoa du Araitzek Izei txikia.

Oheratu eta loak hartu aurretik gehien irakurri diogunetako bat izango da.

Pasa den igandean, amak lana zuenez eta arratsalde osoan euriak atertu ez zuenez, aitarekin Izei txikia bideo bihurtzera animatu zen. Gustura aritu ginen, ondo pasatu genuen, eta hau da emaitza.

Etxekoak ezustean harrapatu gaitu bideoa sarean izaten ari den oihartzunak.
· Sustatu: Izei txikia.
· Hizkuntza Indartzeko Programa eta Kultura Arteko Hezkuntza: Izei txikia ipuina.





Zinemapean, hamabostean behin Sanz Eneako sotoan

24 01 2012

Zinemapean aurkeztu dugu gaur. Zarauzko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailek abian jarri dugun ekimena da Zinemapean, Argia emanaldiak eta Filmazpit egitasmoekin elkarlanean.

Hamabostean behin, igandetan, euskarazko dokumentalak eta filmak emango ditugu Sanz Enea kultur etxeko sotoan. Euskaraz sortutako dokumentalak eta filmak edo euskarazko azpidatziak dituztenak izango dira guztiak. Sarrera doan izango da.

Euskal Herriko kultur etxe, areto, elkarte, erakunde eta gainerakoentzat udazkenean abiarazi ziren bi ekimenekin Zarauzko Udalak abiarazitako elkarlanaren ondorioa da Zinemapean. Izan ere, Argia emanaldiak eta Filmazpit egitasmoak dira ekimen berri honen ardatza.

ARGIA DOKUMENTALAK

ARGIA emanaldiak ekimena abiarazi zuen Argiak azaroan. Horren baitan, hilero dokumental bat eskaintzen dute euskaraz edo euskarazko azpitituluekin, dokumentala eman nahi duten elkarte, kultur etxe, taberna, gaztetxe edo interesa duten guztientzat, erabat doan. “Helburua Euskal Herri osoan kalitatezko lanak zabaltzea eta euskarazko ekimenen inguruko bilguneak bultzatzea da. Proiektua irekia da eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da” nabarmendu zuten ekimenaren aurkezpenean.

Hilabete bakoitzean emango diren dokumentalak Argiak zehazten ditu, eta dokumental hori bera ematen da ekimenean parte hartzen duten herri guztietan. Hilabete bakoitzean, beraz, elkarte, kultur etxe, zine-klub, taberna edo gaztetxe guztiek lan bera emitituko dute, “horrela lan bakoitzari ahalik eta zabalpenik handiena eta bateratuena eman asmoz”.

Zarauzko kasuan, Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailek heldu diote amuari, eta hilero emango da dokumental horietako bat, Sanz Eneako sotoan.

· informazio osatuagoa: argia.com/albistea/argia-emanaldiak-antolatzen-lagundu-nahi-diguzu

FILMAZPIT

Filmazpit Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako ekimena da, pasa den abenduan aurkeztu zena. Zinema zabaltzea du helburu, eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin batera, Donostia Kulturak kudeatzen du.

Ekimen honen baitan, filmazpit.eu webguneak garrantzi handia du. Filmazpit ekimenaren barruan dauden filmen katalogoa eta doako erabilerarako sortuko diren euskarazko azpidatzi guztiak daude bertan, kultur teknikari, erakunde edo norbanakoei artxiboak deskargatzeko aukera eskainiz eta, horrenbestez, irabazi asmorik gabeko proiekzioak antolatu ahal izango dira. Filmazpit ekimeneko informazio osoa aurkitzeaz gain, azken urteotako zinemaldietan euskarazko azpitituluekin emandako filmen azpitituluak ere lortu daitezke webgunean.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren hitzetan, “lehentasunezko ildoa da euskarazko kultura kontsumoa indartzea, euskal kultura industria, ekoizle eta sortzaileekiko ikuspegi askatzaile batetik”. Ildo horretan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zabaltegi Perlas saileko eta Atzera Begirako saileko hainbat film euskaraz azpidatzi ziren, eta horren atzetik beste hainbat proiektu sortzen joan dira. Oraintsu, berriz, Filmazpit abiarazi dute, “etorkizunean ere jarraipena izateko bokazioz jaio den programa”. “Euskara sustatzeko konpromisoaren baitan, zinemaren inguruan izan daitezkeen proiektu berriek ere gure laguntza eta babesa jasoko dute”, nabarmendu zuen Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ekimenaren aurkezpenean. Ildo horretan kokatzen da Zarauzko Udalaren eta Filmazpiten arteko elkarlana.

· informazio osatuagoa, hemen: filmazpit.eu · Zer da Filmazpit?

LEHEN EMANALDIA: OROITARRIA

Pertsona edo gertaera gogoangarri baten oroigarri egiten den arkitektura edo eskultura lana. Germanen oroitarria, poliziak 1978ko Sanferminetan German hil zuten lekuan da. Botereak ahaztarazi nahi dizkigun pertsona, gertakariak eta zenbait erabaki politiko ekartzen ditu gogora. Gertakaera itzel horiek izan zirenetik 30 urte baino gehiago pasa badira ere, oroitarri honek oraindik egun gobernatzen dutenak gogaitzen ditu.

· Zuzendaria: Rubén Marcilla
· Banatzailea: Eguzki bideoak
· [2008] – 46 min
· Bitartekaritza: Argia emanaldiak.

Igande honetan, urtarrilaren 29an, 18:30ean, Sanz Enea kultur etxeko sotoan.


LEHEN SEI HILABETEOTAKO EGUTEGIA

URTARRILA:
· 29: Oroitarria. Argia Dokumentalak.

OTSAILA:
· 12: Lucio: Argia Dokumentalak.
· 26: Pink Saris. Filmazpit.

MARTXOA:
· 11: Sahara Maraton. Argia Dokumentalak.
· 25: My Neighbor My Killer. Filmazpit.

APIRILA:
· 15: Haizea eta sustraiak. Argia Dokumentalak.
· 29: Paris by Night of the Living Dead. Filmazpit.

MAIATZA:
· 13: Sagarren denbora. Argia Dokumentalak.
· 27: Armadillo. Filmazpit.

EKAINA:
· 10: Anuken egia. Argia Dokumentalak.
· 17: Stake Land. Filmazpit.

Saio guztien ordutegia eta lekua:

· Ordua: 18:30
· Lekua: Sanz Enea kultur etxeko sotoan

Dokumental eta film guztiei buruzko informazioa, sinopsiak eta datu teknikoak:

· argia.com/multimedia/dokumentalak
· http://www.filmazpit.eu/

Gaurko agerraldirako prestatutako prentsa txostena (PDFan):
· Zinemapean-prentsa.

KONTU HONI BURUZKOAK HEDABIDEETAN:
· Zinemapean, euskarazko film eta dokumentalen zikloa (Urola Kostako Hitza, 2012-01-24).
· Filmak eta dokumentalak euskaraz, hamabostean behin, Sanz Enean (El Diario Vasco, 2012-01-25).
· Zinemapean: hamabostean behin doako dokumental eta filmak (gipuzkoangazte.info, 2012-01-25).
· Euskarazko ikus-entzunezkoak doan eskainiko dituzte hamabostean behin (Urola Kostako Hitza, 2012-01-25).
· Hamabostean behin zinea euskaraz ikusteko aukera izango da Zarautzen (Noticias de Gipuzkoa, 2012-01-25).
· Zinemapean, euskarazko film eta dokumentalen zikloa (aldabataria.net, 2012-01-25).





Sorlekutik II, Txiliku ‘Bizien gaubeilan’ liburuaz solasean

18 01 2012

Sorlekutik ekimenaren bigarren solasaldia izango da gaur.

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle zarauztarra izango da gonbidatua, udazkenean aurkeztu zuen Bizien gaubeilan liburuaz solasean aritzeko. Nagore Etxabe izango du ondoan galderak egiten, bidaide eta aurkezle lanean.

· Eguna: urtarrilak 18, asteazkena.
· Lekua: Zarautz. Sanz Enea kultur etxeko sotoan.
· Ordua: 19:00etan
· Bidaidea: Nagore Etxabe
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

JESUS MARI OLAIZOLA ‘TXILIKU’


[argazkia: zarautz.hitza.info]

Jesus Mari Olaizola Lazkanok (Zarautz, 1951) literaturaren alorrean, haur eta gazteentzat idatzi izan du batik bat, eta bibliografia oparoa du alor horretan, baina helduentzako ipuin eta narrazioak ere argitaratu ditu.

Ahozko literaturaren miresle, hainbat altxorren bila ibiltzea atsegin zaio: igarkizunak, kantu eta esaera zaharrak, jolaserako erretolikak, ahokorapiloak… 1994. urtean Koldo Mitxelena saria irabazi zuen, igarkizunen gaineko lan bategatik eta 2000. urtean Axa mixa zilarra liburua argitaratu zuen gai bertsua jorratuz.

Haur eta Gazte Literatura sailean Euskadi saria irabazi zuen 2004an, Osaba Bin Floren liburuarekin.

· Iturria: idazleak.org
· Txilikuren biografia zehatzagoa, hemen.
· Txilikuren bibliografia osoa, berriz, hemen.

BIZIEN GAUBEILAN

Gaur egun oraindik ipuinak kontatzen direla, batez ere umeei, eta tradiziozkoak izan litezkeela uste du Txilikuk. Baina egun ahozko literatura beste era batera egiten dela uste du, istorioak kontatzen dituzten kantuen bidez, edo hor zehar dabiltzan legenda urbanoen bidez. «Horiek guztiak ikusi beharko genituzke, eta geure euskarazko literaturan sartzen joan». Horixe egin du berak, eta 23 istorio bildu ditu Bizien gaubeilan (Elkar, 2011) lan berrian.

«Gertatzen edo kontatzen diren gauzez» dihardu liburuak, idazlearen hitzetan. «Ez dut esango ipuinak direnik; badu ipuinaren kutsu bat, badu kondaira eta mitologiako zenbait kontakizunena ere». Askotariko istorioak bildu ditu. «Ipuin antz handiagoa dute batzuek, eta beste batzuk gehiago hurbiltzen dira istorio laburretara, pasadizoen tankerako kontuetara, narrazio txikietara».

· Testua: Ainhoa Sarasola, Berria.

LIBURU HONI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO:
· Lagunartean kontatzeko modukoak (Berria, 2011-10-01)
· Ahoz-aho zabaltzeko ipuinak aurkeztu ditu Txilikuk ‘Bizien Gaubeilan’ (Noticias de Gipuzkoa, 2011-10-01).
· ‘Bizien gaubeilan’ liburua aurkeztu du gaur Jesus Mari Olaizola Txilikuk (Urola Kostako Hitza, 2011-09-30).





Elena Odriozolaren ilustrazioak ikusgai Sanz Enean

17 01 2012

Aspaldidanik izugarri estimatzen dudan ilustratzaile baten erakusketari ateak zabalduko dizkio gaur Zarauzko Sanz Enea kultur etxeak. Elena Odriozolaren magia ikusi ahal izango dugu, koadroetan bilduta, hurrengo bi hilabeteotan.

Euskarazko haur literaturako liburuak ilustratzen ibilbide oparoa bezain ederra du Odriozolak, irakurleon gozamenerako. Mariasun Landaren Ahatetxoa eta sahats negartia (1997), Txilikuren Axa Mixa Zilarra (2000) edo Osaba Bin Floren (2003), Patxi Zubizarretaren Usoa bildumako liburuak (2002-2003) eta Juan Kruz Igerabideren Amilami (2008) ilustratu ditu, beste askoren artean. 2009an Ilustrazioko Euskadi Saria ere jaso zuen, Aplastamiento de las gotas lanarekin.

Galtzagorri elkartearen webgunean irakur eta ikus daiteke Odriozolaren bibliografia eta biografia osatua.


[ irudia: Elena Odriozola · galtzagorri.org ]

Elena Odriozolaren lana eta magia ezagutarazteko bideo ederra egin zuten iaz Debolex etxeko Asier Urbietak eta Iker Treviñok. ETB3ko Orain saioetako bat izan zen. Hemen duzue ikusgai.

· Erakusketa: Elena Odriozola, ilustrazioak.
· Lekua: Sanz Enea kultur etxea, Zarautz.
· Data: urtarrilaren 17tik martxoaren 18ra.
· Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara, egunero.
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak erakusketa honi buruz prestatu duen argitalpena PDF formatuan eskuratu nahi izanez gero, berriz, egin klik irudiaren gainean.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldian izango da gaur Elena Odriozola, 19:00etan, Sanz Enean.

Gonbidatuta zaudete!





Txillardegi, zuhaitz eroria

15 01 2012

‘Zuhaitz handi bat erori da oihanean goizean’ abestuz ekin dio gaur Ruperrek Zarauzko kontzertuari.

Ezinbestean, Txillardegiz akordatu naiz.





Ruper Ordorika gaur Lizardi antzokian

14 01 2012

The Balde aldizkariaren azken zenbakian aurkitu ditut gaur Lizardi antzokian entzungo dugun musikari puska deskribatzeko hitz egokienak:

“30 urte daramatza Ruperrek bide propioa egiten. Ez du zerikusirik unean uneko modari eta joerei desesperatuki eusten diotenekin. Ruper arbola da. Guk arnastu dugun aire beraz elikatu dena. Gure moduan, presarik gabe baina etenik gabe errauts bihurtuko dena. Babesa eta itzala ematen diguna”.

Berandu dabiltza sarrerarik ez dutenak. Gainerakoek, gauean izan arren, itzal ederra aurkituko dute hodeien azpian.

· Zer: Ruper Ordorikaren kontzertua.
· Eguna: urtarrilak 14, larunbata.
· Lekua: Lizardi antzokia, Zarautz.
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

· Sarean: ruperordorika.com

Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago:
· Ruper Ordorikak zabalduko du Lizardi antzokiko 2012ko programazioa, urtarrilean (Urola Kostako Hitza, 2011-11-16).





Sorlekutik I, Mikel Kazalis Matxura taldearen lehen diskoaz solasean

10 01 2012

Bihar emango diegu hasiera abenduaren 22an aurkeztu genuen Sorlekutik ekimenaren solasaldiei.

Mikel Kazalis musikari zarauztarra izango da lehen gonbidatua, eta Matxura taldeari buruz eta taldearen lehen diskoari buruz ariko da solasean. Aritz Mutiozabal musikari eta kazetaria izango du ondoan galderak egiten, bidaide eta aurkezle lanean.

Suizidio herrikoia abestiaren bideoklipa
izango da solasaldiari ekiteko aitzakia.

· Eguna: urtarrilak 11, asteazkena.
· Lekua: Zarautz. Sanz Enea kultur etxeko sotoan.
· Ordua: 19:00etan
· Bidaidea: Aritz Mutiozabal
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

MIKEL KAZALIS

Mikel Kazalis (Zarautz, 1968) ibilbide sonatua bezain oparoa duen musikaria da. Zarauzko Estigia taldean ekin zion bideari 1985ean. Hiru urte geroago utzi zuen taldea, 1988an, eta urte hartan bertan sortu zuten gaur egun bizirik irauten duen Anestesia.

Anestesian ez ezik, urte hauetan guztietan beste zenbait talde eta proiektutan ere aritu da buru-belarri: Negu Gorriak (1990-1996), 2 Kate (1997-1999) eta Kuraia (2001) dira nabarmenenak.

Iaz, berriz, Matxura taldea eta honen lehen diskoa aurkeztu zuen, Fer Apoa, Aitor Abio eta Txarly Diazekin batera.

Musika sortzeaz gain, Zarautzen duen Fidelenea estudioetan ere aritzen da lanean Kazalis, ekoizle eta soinu teknikari gisara.

MATXURA

Matxura, hainbat musikari ezagunek osaturiko taldea da. Mikel Kazalis (Estigia, Negu Gorriak, 2 Kate, Anestesia, Kuraia), Aitor Abio (Pi L.T.), Fernando Sapo (El Corazon Del Sapo, Kuraia, Estricalla) eta Txarly Diaz (Anestesia, Gutural) dira taldekideak.

Azken bi urteak taldea osatzen eta abestiak egiten eta grabatzen pasatu ondoren, iazko ekainean argitaratu zuen taldeak lehen diskoa: Matxura (Bonberenea, 2011).

Rock industriala edota punk-metal elektronikoa bezalako etiketak erabili dira taldea katalogatzeko. Azken batean, rock indartsua da, elektronikarekin nahastuta: ahots distortsionatuak, sintetizatore basatiak…

Ministry, Atari Teenage Riot, Nine Inch Nails, Nailbomb Godflehs edota Front Line Assambly bezalako taldeen eragina nabarmendu izan dute aldizkari espezializatuek.

· Sarean: matxura.com





Gaur Jose Ignazio Iruretagoienaz akordatzen naiz

9 01 2012

1998an, ordu honetan bertan, 07:50ean, eztanda batek astindu zuen Zarautz.

Gaur, 14 urte geroago, urteurren mingotsa da Zarauzko Udalarentzat: PPko zinegotzia zen Jose Ignazio Iruretagoiena hil zuen ETAk.

35 urte zituen. Alargunaz gain, sei hilabeteko eta hiru urteko bi haur aitarik gabe utzi zituen atentatuak, familia erabat hautsita.

Jose Ignazio Iruretagoiena

Ez dago esan beharrik ere politikoki oso urrun nengoela eta nagoela Iruretagoienaren alderditik. Beste muturrean. Baina Gernikako Akordioak esaten duenaren ildotik, gatazka benetan gaindituko badugu, besteak beste zor diogu “aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori”, eta Jose Ignazio Iruretagoiena horietako bat da.

· Cuarto concejal del PP vasco asesinado por ETA (El País, 1998-01-10).