Diru laguntzak kudeatzeak ez du ematen hedabideak ideologikoki kontrolatzeko zilegitasuna

26 09 2014

Pasa den asteazkenean iraileko udal osoko batzarra izan genuen Zarautzen. Gai potoloak zeuden aztergaien artean, eta oso luze joan zen udalbatzarra. Gauerdian, bost ordu eta gero, eten egin zen bilkura, udalbatzarra arautzen duen legeak zehazten duen moduan. Nahi duenak, hemen du osorik ikusgai:

 

Aztergaien amaieran, bateko eta besteko alderdiek aurkeztutako zenbait mozio izan genituen hizpide.
Tartean, EAJ-PNVk publizitate instituzionalari, adierazpen askatasunari eta euskarazko hedabideei buruz aurkeztutakoa.Honakoa:

07. d) Mozioa EAJ-PNV. Udal gobernua eta hedabideak

Bertan esaten direnen larritasuna ikusita, behar bezala erantzutea ezinbestekoa iruditu zitzaigun.

Honakoa da esan nuena.
Letra etzanez, berriz, denboraz larri genbiltzanez, esan gabe geratu zirenak.

 

Gabon denoi.

Kritika politikoa erabat zilegia denez, eta Udal Gobernu honen aurka denak balio duenez, oraingoan, EAJ-PNV hainbat kontu nahasten dituen mozio batekin datorkigu. Lasai asko hitz egin zitekeen kontu bat edo bestea dagokion batzordean, baina dena batidora batean sartu eta mozio hau dugu mahai gainean, hiru kontu erabat nahastuz:

· Batetik, Zarauzko Udalak publizitate instituzionala zein hedabideetan argitaratzen duen, salaketa larri batekin: “herritarrengana iristen saiatu beharrean, diru publikoa Udal Gobernuan dagoen alderdia txalotzen duten hedabideetara bideratzen da”. Gaur egun hedabide horietakoren bateko kazetaria edota zuzendaria izango banintz, iraindua sentituko nintzateke, beraien independentzia eta profesionaltasuna zalantzan jartzen baitu EAJk, hedabideek Udal Gobernuan dagoen alderdia txalotzea xede dutela esanez. Egundokoa.

· Bestetik, tuiter kontu anonimoetatik hedabide jakin batzuen aurkako eraso sistematikoak daudela diote, horien artean herriko kazetari batek jasotakoak. Udalak baduela zeresana diote, eta adierazpen askatasuna aipatuz, Udalaren babesa eskatzen dute.

· Hirugarrenik, euskarazko hedabideak eta euskara aitzakitzat hartuta, gezurrak esaten dituzte: diru laguntzetan murrizketak izan direla esanez, eta batez ere Erlo Telebistarentzat diru gehiago eskatuz.

Hiru kontuek hari ezberdina dutenez, hirurak erantzuten ahaleginduko gara.

1. ZARAUZKO UDALA ETA PUBLIZITATE INSTITUZIONALA:

Gezurra da Zarauzko Udalak ez dituenik betetzen publizitate instituzionala arautzen duten printzipioak. Publizitate instituzionalari buruz legeak dio hirigintzako iragarkiak herrialdean tirada handiena duen egunkarian argitaratu behar direla, eta horrela egiten du Zarauzko Udalak. El Diario Vascon argitaratzen dira iragarki horiek. Kontratazio arloan, berriz, herrialdeko egunkari batean argitaratu behar direla dio legeak. Gainontzeko arloetan, ez du ezer arautzen legeak. Udalak nahi duen lekuan argitara ditzake iragarki instituzionalak.

Hori horrela izanda, eta gehien argitaratzen diren iragarkiak Hirigintza alorrekoak direnez eta Zarauzko Udala horiek El Diario Vasco egunkarian argitaratzera derrigortuta dagoenez legearen arabera, gainerako iragarkiak Berria eta Gara egunkarietan plazaratzen ditu. Berria egunkarian, euskarazko egunkari nazionala delako. Gara egunkarian, berriz, aurreko udal gobernuek beto sistematikoa ezarri ziotelako egunkari horri, erabatekoa, eta orduan egindako kaltea konpontze aldera erabat zilegia iruditzen zaigulako orain egunkari horretan publizitatea argitaratzea.

Horiez gain, eta Udal Gobernu honek inolako hedabideak betatzen ez dituenez aurreko udal gobernuek bezala, beste hainbat hedabidetan ere egiten du publizitatea Zarauzko Udalak: El Diario Vasco, Berria eta Gara egunkarietan ez ezik, Urola Kostako Hitzan, Onda Vasca eta Info7 irratietan, Erlo eta Hamaika telebistetan, Bertsolari aldizkarian, eta abar.

Gai honen harira, iritzi artikulu interesgarria dabil sarean egunotan. Honakoa:
· Kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez: “Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?”
Izan ere, udalei legeak behartzen die egunkari irakurrienean argitaratzea Hirigintza alorreko iragarkiak. Baita egunkari irakurriena erabat atzerakoia baldin bada ere parekidetasun kontuetan, eta egunez egun hankaz gora uzten duen arren mugimendu feministak zein bateko eta besteko erakunde publikoek parekidetasunaren alde egindako lan guztia.

2. TWITTER KONTU ANONIMOAK, ADIERAZPEN ASKATASUNA eta KAZETARIEN AURKAKO ERASOAK:

Azken bolada luzean twitter kontu anonimoetatik hedabide batzuen aurkako eraso sistematikoak eta kazetari zehatz batek jasotakoak aipatzen ditu PNVren mozioak, herri honetan zenbait kazetarik jasandakoa gogoratuz.

Bi kontu oso oso ezberdin dira. Pasa den urtean, ‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1′ izeneko ekitaldia antolatu zuen Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa.

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, honako hitzekin:

Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin ditugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatu edota Iñaki Uriaren atxiloketa, torturak, espetxealdia, sakabanaketa, epaiketa, eta absoluzioa. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Hori esanda, zoritxarrez, oraindik ere hedabide batzuen aurkako eraso sistematikoek etenik ez dutela ikusi dugu, eta berriro ere kazetaritzan aritzen diren zarauztarrei eragiten diete erasoek. Izan ere, hurrengo asteotan beste behin ere egunkari bateko zuzendaria den zarauztar batek epailearen aurrean eseri beharko du, zuzentzen duen egunkarian lau euskal herritarrek plazaratutako iritzi artikulu bat argitaratzeagatik. Nazioartean adierazpen askatasunaren alde aritzen den hainbat elkartek salatu dute auzia, eta babesa adierazi diote Gara egunkariko zuzendaria den Iñaki Soto jaunari. Hemendik ere bat egin nahi dugu berarekin, elkartasuna adieraziz.

Era berean, azken egunotan jakin dugu oraindik ere amesgaiztoa ez dela amaitu lehen aipatu dugun eta egunkari bateko kontseilari ordezkaria izateagatik atxilotu, torturatu, kartzelaratu eta epaiketaren ondoren absolbitu zuten Iñaki Uria zarauztarrarentzat ere. Euskaldunon Egunkariaz ari gara. Inpultso politiko batetik abiarazitako auzian, akusatuen gainean da oraindik auzi ekonomikoa, eta horren harira bilkura eta agerraldi jendetsua egin zuten pasa den astean Donostiako epaitegiaren aurrean. Iñaki Uriarentzat ere, beraz, gure elkartasuna eta babesa.

EAJk aipatzen dituen kontuak, hauen aldean, huskeriak dira. Twitter kontuez ari da, eta horietatik hedabide batzuen ildo editorial lotsagarria agerian utziz egiten den lana. Lotsagarria baita hedabide batzuek, irakurrienak izan arren, emakume ereduari buruz egunero egiten dutena, jendartearen zein udal eta erakunde askoren parekidetasunaren aldeko lan guztia hutsaren hurrengoa bihurtuz. Eta zer esanik ez beste hainbat albisteren tratamentua, lanketa, eta abar. Hori guztia, ordea, adierazpen askatasunaren baitan sartzen da. Irakurle bakoitzak erabakiko du zein hedabide erosi edo irakurri. Hedabide horien jardunarekiko kritikoak diren bateko eta besteko kontuek ere askatasun guztia duten modu berean hedabide horiek egiten dutena herritarrei erakusteko.

Adierazpen askatasuna, beti bezala, besteekiko errespetua galtzen den lekuan amaitzen da. Kritika erabat zilegia da, irainak eta gezurrak ez, ordea. Udal Gobernu honek ez du hedabideen aurkako eraso sistematikoen eta kazetari zehatz baten aurkako gainerako erasoen berririk. EAJk baldin badu, eskertuko genuke horren berri ematea. Dagokion lekuan, noski.
Izan ere, gu ez gara epaileak. Hau udal bat da. Areago, irakurlearen defentsarako mekanismoak beharrezkoak dira, egunkarien lana bere lekuan jartzeko, iritzi publikoa sortzen duten heinean ardura handia baitute. Hainbat egunkarik ohikoa dituzte irakurlearen defentsan aritzeko espazioak, autokritikoak. Beste batzuek autokritikarik egiten ez dutenez, manipulazioa salatzeko edota egindako akatsak publiko egiteko sortu diren kontuak, adierazpen askatasunaren mugetan dabiltzala iruditzen zaigu, eta sanoak ere badirela iruditzen zaigu, gai batzuk nola lantzen diren edo beste batzuk nola ezkutatzen diren erakusten duten heinean. Horren inguruko jarrera hartzea ez dagokio Zarauzko Udalari honi. Esan dugu: gu ez gara epaileak. Besterik litzateke, eraso sistematikoak eta herriko kazetarien aurkako erasoak egotea. Horietako bi ezagutzen ditugu. Iñaki Soto eta Iñaki Uria. Biei gure babesa.

Ez genituen hizpide izan, baina argi dago EAJren mozioan aipatzen diren twitter kontu horiek, zenbait egunkariren ildo lotsagarria, estereotipo matxistak iraunkortzeko eguneroko lan salagarria eta hainbat albiste lantzerakoan nabarmena den manipulazioa erakusteko twitterren sortu diren kontuak direla: Diario Fatxo, Oftalmologoak, El Chorreo Español, Diario de Pattarra, Fatxokia, Periodifails, BecariodeWarca eta abar luzea.

3. EUSKARAZKO HEDABIDEENTZAT EZ DA MURRIZKETARIK EGON DIRU-LAGUNTZETAN:

Euskarazko hedabideak babestu eta bultzatu behar direla dio EAJren mozioak.
Erabat ados gaude, noski.

Gero, ordea, “Tamalez, murrizketak izan dira diru-laguntzetan” diote. Gezurra da  hori.
Euskarazko hedabideentzako laguntzetan ez da inolako murrizketarik egon:
Urola Kostako HITZAk eta Erlo Telebistak ez dute beherakadarik izan.

2011n Udal Gobernura heldu ginenean, Urola Kostako HITZAk 30.000 euro jasotzen zituen, eta Erlo Telebistak 15.000. 2012an eta 2013an eutsi egin genien kopuru horiei, eta aurten, 2014an, Urola Kostako HITZAk 35.000 euro eta Erlo Telebistak 25.000 euro jaso dituzte Euskara Zerbitzutik, biek ala biek euskararen normalizazioan egiten duten lana kontuan hartuta.

Honakoa da, zehazki, azken urteotan bi hedabide horiek Zarauzko Udalaren aldetik jasotzen duten diru laguntzaren zenbatekoa:

2005-2014

EAJren mozioa sinatzen duen Imanol Lasa jauna izan zen Udal Gobernuko kidea eta Zarauzko Udaleko Euskara zinegotzia 2007 eta 2011 urteen artean. 44.000 euro jasotzen zituen Hitzak eta 95.000 Erlo (sasoi batean ZTB) Telebistak. Bildu 2011 urtean Udal Gobernura heldu zenean, 30.000 euro jasotzen zituen Hitzak eta 15.000 Erlo TBk. Legegintzaldi honetan eutsi egin zaie laguntza horiei, eta aurten, zehazki, igo: Hitzak 35.000 eta ErloTBk 25.000.

Horrez gain, areago, Udal Gobernu honek abian jarri ditu euskarazko hedabideak sustatzeko ekimenak legegintzaldi honetan. Euskara zerbitzutik, zehazki.

2012an, haurraren lehen egunetik euskara etxean egoteak duen garrantzia nabarmentzeko, haurraren heziketan, osasunean, elikaduran eta hainbat arlotan gurasoentzat ezinbestekoak diren kontuak euskaraz biltzen dituen HAZI HEZI aldizkariarekin elkarlanari ekin genion, eta aurkeztu genuen hedabideen aurrean. Ordudanik, Zarautzen jaiotzen den haur berri bakoitzaren gurasoek, nahi badute, urtebetez etxean doan jaso dezakete aldizkaria, Euskara Zerbitzuaren aurrekontutik ordainduta.

2012an bertan, lankidetza hitzarmena sinatu genuen harpide gehien dituen euskarazko aldizkariarekin.
Harrezkero IRRIA aldizkaria doan jasotzen dute herriko eskoletan, liburutegian, ludotekan eta abar, 4 eta 6 urteko haurrak dituzten geletan. Euskara eta hezkuntza arloan egiten duen ekarpenagatik, halabaer, hitzarmen berezia sinatu da Irrien Lagunak Klubarekin, eta honek ere esker ona adierazi zion iaz Zarauzko Udalari, berariaz egindako ekitaldian.

Gazteei dagokienez, lehendik ere egiten zen bezala, gaur egun ere, nahi izanez gero, Gaztezulo aldizkaria doan jasotzen dute Zarauzko eskoletako nerabeek hainbat hilabetez, aldizkari horrek eta euskara zerbitzuak duten hitzarmenaren bidez.

Ederki dakigu euskarazko hedabideek bizirauteko eguneroko lanean ere behar dutela laguntza.
Honela, Zarauzko Udalak hauspoa eman die legealdi honetan, ohiko jardueraz gain hainbat lan egiteko akordioak erdietsita, lehen aipatutako ohiko diru laguntzetatik aparte.
Luzea da zerrenda, oso luzea, baina nabarmendu ditzakegu maketazio lanak, diseinua, argitalpenak, erreportaje luzeak, programa bereziak eta abar:
Urola Kostako HITZAk diseinatzen eta lantzen du Zarauzko Kultur Mahaiaren hileroko triptikoa.
Aurten bertan, Hondartza taldearen 50. urteurreneko liburua ere maketatu eta landu du.
Erlo Telebistak Udalaren enkarguz hainbat lan egin izan ditu, DVDan argitaratzeko (herriko taldeen jaialdia, egunkariaren aldeko ekitaldia. Immigrazio Zerbitzuak eta Erlok elkarlanean ekoitzitako ‘Aniztasunean bizi’ programa ere horren lekuko da, Zarauzko Udalaren Immigrazio Zerbitzuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru ekarpenarekin.

· DIRU LAGUNTZAK KUDEATZEAK EZ DU EMATEN HEDABIDEAK IDEOLOGIKOKI KONTROLATZEKO ZILEGITASUNA:

Gehiago egin dezakegu, argi dago. Askoz gehiago.
Baina lotsarik gabe esango dugu: orain arte beste inork baino gehiago zaintzen ditu Udal Gobernu honek euskarazko hedabideak.
Guk behintzat benetan sinesten dugu hedabide horien jardunean.
Halaber, oso ondo dakigu, euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpenagatik dirua emateak, dagokien dirua, behar duten dirua, horrek ez dakarrela kontrol politikoa. Horrek ez duela esan nahi kontrol ideologikoaren jabe denik Udala. Utikan! Horiek gobernu eta sistema totalitarioen kontuak dira.

Ez du Udal Gobernu honek eta ez euskara zinegotzi honek ito Zarauzko herri aldizkaria.
Memoria ariketak egiten hasita, eta adierazpen askatasuna ere hizpide dugunez, esan egin behar baita, ozen, eta salatu, elkarrizketa zehatz bat argitaratzeagatik diru laguntza kendu eta ito egin zuela bere garaian Zarauzko Udalak Txaparro aldizkaria. Orduan preso zegoen Mikel Larrañaga zarauztarrari egindako elkarrizketa ez zitzaion gustatu orduko Udal Gobernuari, eta orduko euskara zinegotziak, gaur adierazpen askatasunaz eta euskarazko hedabideak babesteaz  hitz egiten digun Imanol Lasa jaunak, iturria itxi zion Txaparro aldizkariari, eta diru laguntzak aldizkaria ito arte murriztu. Elkarrizketa hura nik egin eta sinatu nuen, sasoi hartan Txaparro aldizkariko zuzendaritza batzordeko kide nintzen, eta ederki dakit zertaz ari naizen. Ederki dakigu zertaz ari garen.

Txaparro93

Txaparro 93 zenbakia

MikelAdams

Txaparro Mikel Larrañaga (barrua)

Txaparro aldizkariko ordezkariek, aldizkariaren agurra eta itxiera iragartzeko egin zuten agerrialdian argi esan zuten, 2010eko martxoan, Imanol Lasa euskara zinegotzi zenean: “Proiektua aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan da hasieratik Udalaren laguntza, eta azken bost urteetan laguntza hori murrizten joan da eta erabaki larri hau hartu behar izan dugu”.

Guri adierazpen askatasunaren inguruko leziorik ez, beraz.
Guri euskarazko hedabideak laguntzearen inguruko leziorik ez, beraz.

Udal Gobernu honek laguntzen ditu eta lagunduko ditu euskarazko hedabideak. Eta Udal Gobernu honek lasai utziko die herriko kazetariei beraien lana egiten, argitaratzen dutena gustukoa izan ala ez izan. Horretan ere, Imanol Lasa jaunak, zehazki, ez digu leziorik emango.

Horretan ere, zoritxarrez, ederki baitakigu zertaz ari garen…

Aipatu ditudan arrazoi guztiengatik, guk behintzat, ezezkoa emango diogu EAJren mozioari.

Entzundakoak entzunda, haserre erantzun zuen EAJko bozeramaileak. Imanol Lasak gezurretan aritzea leporatu zigun, Txaparro azken urteotako ildo editorialak eta Ezker Abertzaleak hil zuela esan zuen, “dena bere eremura eramateko duen joerarekin”, azken batean aitortu egin zuen gustukoa ez zutelako moztu ziotela iturria euskararen normalizazioan egundoko ekarpena egiten zuen Txaparro aldizkariari, eta kontu oso larriak esan zituen: besteak beste, Berria egunkaria diru publikoa jasotzen duen arren zer-nolako informazioak argitaratzen ari den, eta antzeko harribitxiak.

Azken batean, diru laguntza publikoak emateak hedabide horien kontrol ideologikoa bermatzeko zilegitasuna duela uste duenaren talaiatik, lasai asko, pasa den ekainean Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak egin zuen modu berean.

meugearri

GAI HONI BURUZKO ZENBAIT LOTURA:

· Martxoko ‘Txaparro’ aldizkariaren azken zenbakia izango da. Udalak itota (Baietz, 2010-03-03).
· Txaparro aldizkariaren azken zenbakia (El Diario Vasco, 2010-03-10).
· La oposición pide a Urkullu que aclare el pago de dinero al Grupo Noticias para publicar artículos (naiz.info, 2014-06-20).· Noticias Taldeko hedabideak laguntzeko «ezkutuko publizitatea» egitea egotzi dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Lehendakariak dio gobernuak ez duela legez kanpo jokatu (Berria, 2017-07-08).
· Kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez: “Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?” (Lur Etxeberria eta Diana Urrea. Naiz, 2014-09-24).

POST SCRIPTUM:
2014ko urriaren 29ko udal osoko batzarrean gai honen harira EHBilduk aurkeztutako mozioa:

· Berria+HamaikaTB (mozioa Zarautz)