Maulek akuarela begiak ditu…

31 05 2011

Twitterrek nire baitan dagoen idazle afizionatua ere hil duenez azken hilabeteotan, mendekua hartzea erabaki dut, twitter bidez, noski.
Zerbait idazteko dudan denbora apurrean, gauetan, twitterrek bahitu ohi nau, eta ez dit uzten 140 karaktereko mezuak ez den beste ezer idazten.
Bada, ez diot uko egingo literatura haurdunaldiari, sortzen ari zen pertsonaia erditzeari, eta aurten idatzi nahi nuen liburua idazteari.
Twitter erabiliko dut horretarako. Adikzioa bertute bihurtzen ahaleginduko naiz, sormenari leihoa zabaltzen ahaleginduz, egunero.

Maulek akuarela begiak ditu izena du proiektuak.
@akuarelabegiak erabiltzailea sortu dut horretarako, eta lehen atala bidean da dagoeneko.

Twitter bidezko ipuina da.

Estilistikoki ere baldintzatuko nau mezu bakoitzaren gehieneko karaktere kopuruak. Esaldi luzeei uko egin beharko diet.
Ariketa polita izango da.
Baina, batez ere, mendeku polita izango da.

[ ilustrazioa: maria jose lucia piñas ]





Zortzi urteko zarauztar bati bizitza salbatzeko laguntza eskaera

27 05 2011

Ea denon artean mezu hau zabaltzen dugun, ahalik eta lagun gehienek analisiak egin eta bateragarria den norbait lortzen dugun, Eriki bizitza salbatu ahal izateko. Jokinek eta gainerako lagunek ikastolan ikusi nahi dute, irribarrez! Animo!

Zarautzen, 2011ko maiatzaren 26an

LAGUNTZA BEHAR DUGU!

Zarauzko Bert eta Ainhoa gara, Eriken gurasoak. Erik 8 urteko mutiko bat da eta bigarren aldiz leuzemia du. Iraila aldean medula transplante bat beharrezkoa du sendatu ahal izateko.
Bertako eta atzerriko medula errejistroetan bilaketa hasi den arren, bide hau oso luzea da.
Daukagun epe labur honetan, guraso moduan, ezin dugu itxaroten egon behar dugun emailea agertu arte.
Honen bitartez, medula emateari buruzko informazioa jasotzera animatzen zaituztegu. Era horretan, Erikek edo egoera honetan dagoen beste batek sendatzekoaukera gehiago izan ditzan.
Laguntzeko prest zaudetenek eta informazio gehiago jaso nahi duzuenok, bidal itzazue zuen datuak hurrengo helbidera:
Izen/abizenak, helbidea, telefonoa, e-maila.
maite.iguainlopez@osakidetza.net
Helbide honekin kontaktuan jartzeak ez du suposatzen inongo loturarik.

Informazio guztia ondo ulertu ondoren, odol analisia egin ahal izateko kontaktuko telefonoa ere bertan emango dizuete.

Mila esker zuen laguntzagatik.

Bert eta Ainhoa





Cuidado, os avisamos…

23 05 2011

Atzoko sentimendu uholdea ez zait baretu oraindik.

Ez naiz gai atzo Zarauzko Musika Plazan sentitutakoak hitzetara ekartzeko.

Akaso, atzoko ospakizunen biharamunak, lo gehiegi egin ez izanak, eta edonor lelotzeko moduko bero sargori honek neurona gehienak erabat urtu dizkit.

4.276 boto. 4.276 zarauztar. 4.276 taupada. Alaitasuna, ardura, erantzukizuna, lana. Eta esan beharreko kontu gehiegi.

Baina gaur ez zait hitzik ateratzen. Atzo gauean sartu zitzaidan abestia besterik ez dabilkit bueltaka eta bueltaka eta bueltaka, behin eta berriro…

Hau:





Gezurrak hanka motza duenean

17 05 2011

Alkategai bat herritarrei gezurretan harrapatzea, hauteskunde kanpaina batean gerta daitekeen konturik umiliagarriena da. Zarautzen gertatu da gaur.
Ekai Txapartegi lagunaren blogean aurkitu dut azalpena, hemen: Urtetako gezurra, urteetako gezurrak.

Eta hau da horren inguruan sarean batetik bestera azkar zabaltzen ari den PDF artxiboa.
[ argazkiaren gainean klik eginda ere jaitsi daiteke ]





Orain da. Orain bai!

6 05 2011





Bilduko hautagai batek, EAJko alkategaiari

2 05 2011

Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen atzo Bilduren zerrenda guztiak. Horren aurrean, Imanol Lasak, EAJk Zarauzko Udalerako aurkeztu duen alkategaiak, Azken erabakien harira izeneko testua idatzi du bere blogean.

Milaka zarauztarren oinarrizko eskubideak urratuta geratu arren alkatetzarako lehian abertzaleen botoa eskatzeko ausardia duenez, erantzutea ezinbestekoa iruditu zait. Hau erantzun diot:

Erraza da, Imanol. Ez dezagun dantzarik egin, eta kitto. Arduragabea bezain lotsagabea da izaten ari zareten jarrera. Atzo bertan, zuen alderdiak Bilduri zuzendutako mezu nagusia “biktimismoak alde batera uzteko” eskatzea izan zen.

Europan inork ulertzen ez duen egoera honetan, alkatetza lortzearren zuen hautagaitzari eustea ez da demokraziaren alde edo zarauztarren eskubideen alde egitea, norberaren patrikaren eta onuraren alde egitea baizik.

Bide batez, bihar Zarautzen “Eskubide guztiak guztientzat: ilegalizaziorik ez!” izeneko elkarretaratzea deituta dago, udaletxe aurrean. Zenbait alderdik bat egin dute dagoeneko deialdiarekin, baina Zarauzko EAJren erantzunik ez dugu jaso oraindik.





eskubide guztien alde, bildu kalera!

2 05 2011