Zerua zabortegi bihurtuta

31 01 2013

Sobietarrek 1957an Sputnik 1 satelitea espaziora bidali eta orbitan jarri zutenetik, milaka eta milaka satelite bidali dira Lurraren inguruan bueltaka ibiltzera. Ordudanik, gaur arte, 35.000 satelite eta espaziontzi baino gehiago zeruratu dira, eta gaur egun, Lurraren inguruan bueltaka, gizakiak sortutako 16.500 objektu inguru egon daitezkeela kalkulatzen da.


[ kalkulatzen da gizakiak sortutako 16.500 satelite eta objektu hegalari inguru ari direla gaur egun Lurraren inguruan bueltaka ]

Horietako bat, zehazki, aste honetan bertan erori da Lurrera: sobietarren Cosmos 1984 satelitea, hain zuzen ere.

AEBetako hainbat estatutan, ehunka herritarrek “suzko bola baten moduko zerbait” ikusi zuten astelehenean zeruan, eta bateko eta besteko deiak jaso ondoren eta gertaera ikertu ondoren, meteoritoak aztertzeko AEBetako elkarterik sonatuenak, asteartean berretsi zuen albistea: errusiarrek 1983an aireratutako satelitea izan zen erori zena. Azken urteotan dagoeneko ez zuen zerbitzurik ematen, eta errari zebilen orbitan, batetik bestera.

Gizakiak sortu, aireratu eta gaur egun Lurraren inguruan bueltaka dabiltzan 16.500 satelite eta objektu hegalari horietakoren bat erortzen den bakoitzean azaleratzen da espazioan bueltaka dabilen zaborraren gaia, satelite edo antzeko objektu horietakoren bat erortzea beti baita arrisku iturria. Adituen arabera, zerura bidalitako sateliteren bat galduta geratzen denean, norabiderik gabe, eta berriro Lurrera itzuli behar badu, atmosferara sartzean kiskaltzen da, eta ez du arrisku askorik hemen behean bizi garenontzat. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Sateliteak erabat kiskali gabe, beti geratzen baitira Lurrera heltzen diren puskak, daitezkeen txikienak izanda ere, metraila hutsa direnak gure gorputzentzat.

Pello Zubiriak, espazioan bueltaka dabilen eta tarteka Lurrera erortzen den zaborraren gaia ederki aztertu zuen Argia aldizkariak plazaratutako artikulu batean: Zeruan zero zabor, txatar koxkor batek mailatu ez zaitzan.

Espazioko txatarra aztertu duten adituen eta AEBetako Zientzialari Arduratsuen Elkartearen datuak baliatuta, kezkatzeko eta hausnartzeko moduko informazioa dakar Zubiriaren artikuluak. Batetik, Elkarte honek nabarmentzen duenez, gure gainean bueltaka dabiltzen sateliteen %8a inguru da baliagarria. Datuak, argazkiak eta antzekoak bidaltzen ari dena. Martxan edo funtzionatzen ari dena, alegia. 16.500 horien %8a, 1.300 satelite lirateke. Eskuzabalak izanda, 1.500 satelite inguru. Gainerako 15.000 sateliteak eta objektu hegalariak, zabor hutsa dira. Noraezean bueltaka dabiltzanak eta edonoiz eror daitezkeenak.

Satelite eta koheteen puskak, txikienak izan arren, orduko 35.000 kilometroko abiaduran, metrailarik arriskutsuena dira. Zubiriak nabarmentzen duen moduan, “orduko 35.000 kilometroko txistuan, datorren gramo bateko piezatxoak orduko 100 kilometrokoan datorren 100 kiloko burdin batek adinako kaltea eragin dezake”.

Euskarazko wikipediak, satelite artifizialei buruzko artikuluan, ederki azaltzen du bueltaka dabiltzan milaka satelite horiek zein motakoak diren, sailkatuta: zientifikoak, esplorazio sateliteak, militarrak, komunikazio sateliteak, lekutze sateliteak, eta abar.

Gai honi buruzko estekak eta kanpo loturak:
· Satélite soviético cae a la tierra (La Voz de Rusia, 2013-01-28).
· Zeruan zero zabor, txatar koxkor batek mailatu ez zaitzan (Pello Zubiria, argia.com).
· ¿Cuántos satélites son suficientes? (David Cuen, BBC, 2009-02-16).
· La basura espacial alcanza los 16.530 escombros (nicboo.com).
· Satelite artifizialak (euskarazko wikipedia).
· Euskal Telebista busca satélite para emitir fuera de Euskadi (El País, 1995-11-10).





Hilerriak bizileku

24 01 2013

Egoera ekonomikoaren gordintasuna agerian geratzen ari da azkenaldian. Ez da ezer berria jantoki sozialak, elikagaien bankuak, neguko etxeak eta gehien behar dutenentzat pentsatutako antzeko ekimenetara gero eta herritar gehiago hurbiltzea. Baina azken asteotan, Europako hainbat hiritan, orain arte hain ohikoa ez zen zerbait antzematen hasi dira: hilerriak bizilekutzat ari da hartzen jendea. Etxebizitzarik ezean, hilarrietan ari da aurkitzen negurako aterpea hainbat eta hainbat lagun.

Urtarrilaren lehen egunetan egin du salto komunikabideetara kasurik sonatuenak: Cambridgen, Mill Road hilerrian, udalak neurriak hartu behar izan ditu hilerrian gauero gero eta etxegabe gehiagok itxoiten zutelako atean, hilerriak ateak noiz itxiko, hesiak gainditu, barrura sartu eta hilarri eta panteoiak zabaldu ondoren, barruan lo egiteko.

Antzeko kasuek azken hilabeteotan gora egin duten arren, lehenago ere horrelakoak ezagutarazi izan dituzte hedabideek. Serbian, esaterako, Belgrado hiriburutik iparraldera dagoen herri batean, bi lagunek hamabost urte daramatzate dagoeneko hilarrien artean bizitzen: Bratislav Jovanovic eta Aleksandar Dejic dira, 43 eta 50 urtekoak. Hemen irakur daiteke bi serbiarren historia, zenbait argazki ikustearekin batera.

SERBIA-SOCIAL-HOMELESS-FEATURE

Gurean, hedabideetan behintzat ez dugu aurkitu antzeko kasurik. Badira Euskal Herriko hilerrietan profanazioak, gurutzeak eta hilarriak suntsitzeagatik atxilotutakoak eta antzekoak, loreak eta gurutzeak lapurtzen dituztenak, eta antzekoak, baina gehineak ganberrada kontuak dira, batez ere.

Gure herrietan, hilerrietako kontuekin lotuta, kasurik ezagunena, segur aski, Iturengo hilarri batean aurkitutako gorpuena da. Misterioari eta antzeko gertaerei buruzko aldizkari, irratsaio eta telebista programek aspaldian azaleratua eta behin baino gehiagotan kontatua. 1966an, emakume baten zapataren ondoan, bi gorpuren hezurkinak agertu ziren Iturengo hilerrian, panteoi batean, besarkatuta. Frankismo betean, erregimenak goi mailako sekretutzat hartu zuen kasua, eta ez zuen inolako azalpenik eman nahi izan. Gerora, Frantziako eta Marokoko gobernuen arteko kontua izan zela nabarmendu dute ikertzaileek, Marokoko oposizioaren buruzagi nabarmenenetakoa izan zen Ben Barkaren hileta eta desagerpena ezkutatzeko.

Hemen ikus daiteke, esaterako, gai honi buruz Iker Jimenez kazetari gasteiztarrak gidatzen duen Cuarto Milenio saioak egin zuen erreportaje luzea, hiru zatitan:

·

·

Kontu hauei buruzko estekak eta kanpo loturak:
· Cambridge’s Mill Road Cemetery tombs ‘used to sleep in’ (BBC News, 2013-01-02).
· Homeless sleeping inside graves at Cambridge cemetery after pushing stones off the top of tombs (Daily Mail, 2013-01-01).
· Hombres viven, duermen y comen en un viejo cementerio hace 15 años (RPP International, 2013-01-11).
· Detenido por causar daños en el cementerio de Eibar (El Diario Vasco, 2012-07-09).
· Detenido por robo y profanación en el cementerio de Igorre (Deia, 2012-04-20)
· “El caso de Ituren fue una conspiración de los gobiernos de Francia y Marruecos” (Noticias de Navarra, 2011-05-30).
· El misterio de la tumba de Ituren (Javier Coria, 2010/08).





umi, sea

24 01 2013

aspaldi pintzelei heldu gabe.
sasoi batean akuarelak izeneko blogean utzi nituen ura eta koloreak nahastuta sortzen den magia ulertu eta zerbait ikasi nahian zirriborratzen nituenak.

bigarren belaunaldikoak, bigarren labealdikoak edo bigarren harrikadakoak izango dira, beraz, hemendik aurrerakoak.

photo(5)

izenburua: umi, sea
margoa: akuarela
neurria: 9,75 zm x 14 zm
data: 2013-01-23





Maritxu Guller, Uliako sorgina

17 01 2013

Maritxu Guller, jaiotze izenez Maria Erlantz (Izaba, 1908 – Donostia, 1993), Uliako sorgina ezizenez ere ezagutzen zena, ustez ahalmen paranormalak zituen Donostiako emakumea izan zen, hirian ospetsu samarra. Izaban jaio zen.

Irakasle ikasketak eginda, irakasle lanetan aritu zen. Giovanni Guller izeneko suitzar gizonarekin ezkondu zen, eta parapsikologia ikasketak egin zituen Parisen.

Laburpen horrekin deskribatzen du euskarazko wikipediak Maria Erlantz, Uliako sorgina.

[ argazkia: Jesua Maria Peman, Auñamendi Eusko Entziklopedia ].

Belaunaldi gazteenek ez dute arrastorik ere izango segur aski Maritxu Gulerri buruz, baina igarle sonatua izan zen 80ko hamarkadan.

Bost urte zituenean hasi omen zen kontu arraroak ikusten. Eskolak matematika ariketak jartzen zituztenean arbelean, berari emaitza agertzen omen zitzaion, eta zitekeen zailena izanda ere, berehala asmatzen zuen. Harrezkero, etengabe, besteek ikusten ez zutena ikusteko dohai berezia landuz joan zen, hainbat ikasketekin, eta benetan igarle berezia eta ezaguna izatera heldu zen.

Hainbat kontu berezi nabarmendu daitezke Uliako sorginari buruz, baina nabarmenenetakoa jendea estatua bihurtzen edo bihurtuta ikusten omen zuela da. Maritxuk jendea estatuta bihurtuta ikusten bazuen, handik lasterrera, pertsona horiek hil egiten ziren. Eta ez omen zuen hutsik egiten. Horrek, noski, egundoko harridura eta zalaparta sortu zuen bere inguruan. Lurrikarak igartzen hasi zen, usain bereziak sumatzen, minbizia atzematen, energia koloretan ikusten, eta antzeko kontuak. Eta sinesgarritasuna irabazi zuen, bete-betean asmatzeko zuen gaitasunagatik.

“Dena ikusgai dago” esaldia zen bere gustukoena. “Todo está a la vista”. Ikusten jakin behar zela nabarmentzen zuen, besterik ez. Eta antza denez, berak, ikusi egiten zuen, beste inork ikusten ez zekiena.

Magisteritza ikasi zuen, eta irakasle lanetan aritu zen Irañetan, Nafarroan, 1936ko gerra garaian. Grafologia, kiromantzia, esoterismoa eta psikoanalisia ikasi zuen gerora, batean eta bestean. Baita Parisen ere.

Ordurako Giovani Guller suitzarrarekin ezkonduta, 1952an Donostiara heldu zen bizitzera, Ulia mendiko baserri batera. 1957an, senarraren heriotza aurreikusi zuen, eta orduan ere ez zuen hutsik egin. Gero eta oihartzun eta fama handiagoarekin, ezagunen, kulturgileen, politikarien, enpresarien eta gainerakoen aholkulari eta igarle moduan aritu zen. Batzuei dirutza kobratuz, eta beste askorentzat doan arituz.

Nabarmendu daitezkeen hainbat konturen artean, besteak beste, Espainiako erregearen igarlea eta aholkularia izan zen, eta Mikel Zabaltzaren gorpua bustita ikusten zuela ere esan zuen Orbaitzetako gaztea desagertuta zegoenean, Intxaurrondoko bainera batean itota hil zutela eta Bidasoa ibaian agertuko zela jakin aurretik.

Euskal tarotaren sortzailea ere izan zen.

Sasoi batean Espainiako Telebistan ematen zuten ‘El Pentáculo’ saioan Mitxel Casas kazetariak Maritxu Gullerri egindako elkarrizketa (19 minutu, bi zatitan).

Egunotan, berriz, Baztango bazterretan kokatzen den nobela bat aurkeztu berri da: El guardian invisible. Dolores Redondo (1969) donostiarra da egilea, eta nobela beltzaren osagai guztiak dituen liburu honetan, pertsonaietako bat, Maritxu Gullerren harira sortutakoa da, bere ezaugarriak dituena. Dolores Redondo idazleak elkarrizketaren batean nabarmendu duen moduan, Guller ezagutu zuen, eta etorkizuna igartzen zuenez, bete diren zenbait kontu esan zizkion. Haren oroitzapenarekin, lekua eman nahi izan dio sorginkeria oinarritzat duen trilogia honetako lehen liburukian.

Iker Jimenez kazetari gasteiztarrak gidatzen duen Milenio 3 irratsaioan ere, duela zenbait aste aritu ziren Maritxu Gullerri buruz. Pasa den abenduaren 15eko irratsaioan, zehazki. Hemen entzun edo jaitsi daiteke: El poder y la videncia (Milenio 3, 2012-12-16. 35. minututik aurrera aritu ziren Maritxu Gulerri buruz).

Maritxu Gullerri buruzko estekak:

· Maritxu Guller izan du protagonista Ate Ilunak (audioa entzungai):
https://www.ivoox.com/player_ej_1734766_4_1.html?c1=ff6600

· Maritxu Erlanz Mainz (Auñamendi Eusko Entziklopedia).
· Maritxu Güller (wikipedia, euskaraz).
· Maritxu, la bruja buena de Ulía, ‘protegía’ al Rey (El Diario Vasco, 2006-02-16).
· En busca de una realidad oculta: Maritxu Guler, entre el misterio y la estadística (El País, 1985-08-12).
· Maritxu Guller, ‘la bruja buena de Ulía’ (El País, 1993-04-06).
· La bruja buena de Ulia (planetabenitez.com).
· Tarot de Maritxu Guller , la bruja buena de Ulia San Sebastian (tarotvasco.blogspot.com).
· El gran amañador en el caso Zabaltza (El País, 1996-05-13).
· Una bruja se infiltra en la novela negra (elperiodico.com, 2013-01-16).
· Txapeldun bat Uliako sorginarekin (Bertsolari aldizkaria, 5. zenbakia. 1992ko apirila).

//e.issuu.com/embed.js





Itzalek su hartzen dutenean

10 01 2013

Iluntasuna, misterioa, mitologia, estetika gotikoa, literatura, diseinua eta metal sinfonikoa uztartzen dituen ekimen baten bigarren kontzertua izango da ikusgai eta entzungai gaur gauean Azpeitian, 21:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean: Diabulus in Musica taldea, Itzalen Sua liburua, diskoa eta proiektua aurkezten, zuzenean.

Iruñeko musika taldeak 2010ean argitaratu zuen lehen diskoa, Secrets, baina iaz utzi zituen liluratuta metal sinfonikoaren zaleak, The Wanderer diskoarekin. Arlo horretan, 2012ko disko onenen artean sailkatu dute Nafarroako boskotearen lana, eta disko horretako Sceneries of Hope bideoak Metal Female Voices Fest delakoan bideo onenenaren saria jaso zuen iaz.

Diabulus in Musica taldearen ‘Sceneries of Hope’ abestiaren bideoklipa:

Bat baino gehiago, honezkero, galdezka ariko da musika talde batek edo gaur gaueko kontzertuak zer duen ikusteko misterioarekin, ezkutuko kontuekin edo ate ilunarekin.

Gaumin argitaletxeak azaroaren amaieran aurkeztutako Itzalen Sua liburuan eta DVDan dago erantzuna.

Liburua eta proiektu osoa azaroaren 30ean aurkeztu zuten Durangon, eta aurkezpen berezia prestatu zuten ordurako. Gaur ere, lehenik, liburua eta DVDa aurkeztuko dute Azpeitian, 19:00etan, eta ondoren izango da Diabulus in Musicaren kontzertua.

Itzalen Sua, euskal mitologia eta estetika gotikoa edo iluna uztartuz egin den ahalegin nabarmenena da, zalantzarik gabe. Fernando Morillo idazleak sortutako istorio bat ilustratu du Xanti Rodriguez argazkilariak euskal aktore, kazetari edo idazleak bereziki jantzi eta horiei ateratako argazkiekin, besteak beste. Hemen liburuko protagonistei buruzko argazkiak eta informazioa: Itzalen Sua · pertsonaiak.


[Oihana Maritorena aktorea Lilit da Itzalen Sua ekimenean. Irudia: Xanti Rodriguez].

Emaitza, kalitate goreneko irudi, argazki eta diseinuarekin argitaratutako liburua da. Honekin batera, Diabulus in Musica taldeak proiektu honetarako sortu duen bederatzi abestiko soinu banda biltzen duen DVDa dator, Xabier Euzkitzek irakurritako audio-liburuarekin, eta hainbat estrarekin.

diabulusitzalensua

audio

Fernando Morillo idazlearekin eta Xanti Rodriguez argazkilari, ilustratzaile eta diseinatzailearekin batera, hainbat lagunek hartu dute parte ekimen honetan. Fernando Morillok, bidelagunak honela aipatzen ditu bere webgunean:

Xanti Rodriguez: argazkiak ateratzen, argazki horiei mitologiaren doinua ezartzen, infografia sinestezinak sortzen, talde osoa mugitzen eta bizitzen. Jadanik ematen ari den zer esana baino are handiagoa emango du laster gure Xantik. Goi mailako artista petoa (Ikusi Irudiak eta musika).

Alicia de Miguel: pertsonaien jantziak asmatzen, diseinatzen, eraikitzen eta haiei arima txertatzen,bere irudimen amaiezinarekin.

Monika Agirre: makillaje magikoari emana, pertsonaia bakoitzaren atzean eskutatzen zen maskara agerarazi eta indartu ditu, eta nola.

Diabulus in musica: Jainko mitologikoei zegokien doinu anitz bezain boteretsua eskaintzen asmatu dute. Orain Erdi Aroko kutsua, orain garaikide ilun eta indartsua, orain Zuberoa abeslariaren soprano dohainak erakusten. Sekulakoa. Ile guztiak lazteko moduko musika (Ikusi Irudiak eta musika).

Ezin ahaztu, eta ezin merezi bezainbeste eskertu, hainbat artista zoragarriren laguntza, mitologikerietan: Ander Lipus, Iban Garate, Oihana Maritorena, Joan Mari Irigoien, Lakrikun antzerki taldea, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Ilaski Serrano, Nerea Garmendia, Su ta Garreko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida…

Fernando Morillo berari, Itzalen Suari buruzko zenbait hitz eskatu dizkiogu gaur gaueko irratsaiorako. Azpeitiko aurkezpena eta Diabulus in Musicaren kontzertua dela-eta ezingo dugunez zuzenean aritu idazlearekin, hemen utzi dizkigu zenbait azalpen, entzungai (mila esker!).

· Fernando Morillo ‘Itzalen Sua’ liburuaz eta ekimenaz solasean, Ate Iluna saiorako.

Itzalen sua ekimenaren book-trailerra:

‘Azken guda’: Diabulus in Musica taldeak Itzalen sua ekimenaren soinu bandarako osatutako diskoko abestietako bat.

‘Itzalen sua’ ekimenari buruzko estekak eta prentsan argitaraturako albisteak:
· www.itzalensua.com (webgunea).
· Diabulus in Musica taldearen kontzertua Azpeitian (uztarria.com).
· Itzalen Sua ekimenari buruzko erreportajea, Hamaika Telebistan (http://blip.tv/hamaikatb).
· Jainko zaharrak esnatu dira. Musika, irudia eta literatura bat datoz ‘Itzalen Sua’ argitalpenean (Deia, Ortzadar, 2012-12-01).
· Itzalen Sua, mitologia ingurune garaikideetara dakarren lehen «liburu interaktiboa» (Gara, Gaur8, 2012-11-30).
· ‘Itzalen sua’ liburua eta DVDa aurkeztuko dituzte gaur Durangon (Urola Kostako Hitza, 2012-11-30).
· Fernando Morillo idazlearen webgunea (fernandomorillo.eu).
· Xanti Rodriguez argazkilariaren webgunea (xantirodriguez.com).
· Gaumin argitaletxea (gaumin.com).





Eunate, misterioz eta magiaz betetako lekua

3 01 2013

Eunateko eliza da misterioarekin eta isilpeko kontuekin lotutako bazterren artean Euskal Herriko leku ederrenetakoa. Asko idatzi da Nafarroako bazter berezi honi buruz: tenplarioen eliza eta bilgune garrantzitsua izan zela nabarmendu dute askok urteetan zehar, azkenaldian historialariek teoria hau baztertu duten arren.

Santiago Bidean edo Donejakue Bidean dagoen eliza erromanikoa da Eunate, Muruzabal udalerriari dagokion lurretan, baina ezerezaren erdian nolabait. Erromesak babesteko eraiki zuten antza denez, sasoi batean aldamenean zituen ospitalearekin eta hilerriarekin batera, hezurkinak eta erromesek ohikoak dituzten maskorrak aurkitu izan baitituzte inguruan lurperatuta.

Urteetan gailendu den iritziaren arabera, “teoria entzutetsuenak dio Tenpluko ordenak eraiki zuela. Eunateko planta oktogonalak zein arkuen kopuruak hipotesi hau babestuko lukete.

Gainera, Antso VI.aren garaian (eliza hau eraiki zenean, hots), Ordena horrek laguntza handia jaso zuen erregearengandik. Hala ere, ez dago zaldun tenplarioren arrastorik Eunaten gaineko dokumentuetan. Hori dela eta, historialari gehienek teoria hori arbuiatzen dute.

Hala ere, Tenpluko ordena inguratzen duen misterio eta sineskeriak direla eta, Eunate = Ehun ate herri etimologia honela justifikatzen da: tenplu oktogonala 33 arkuz osatutako arkuteriak inguratzen duenez, elizari hiru itzuli eman eta gero bertara sartzean, 33+33+33+1=100 ate edo arku igarotzen dira”.

Eunateko eliza tenplarioek eraiki zutela defendatzen dutenek, idatzizko dokumentazio eta lekukotzarik ezean, eraikinean bertan aurkitzen dute babesa. Arkuen kopurua, hiru itzuliak, ehun ateak, harginen lan ederra, tenplarioen babesleku izan zen Jerusalemgo Arrokaren Kupularekin duen antza, eta antzekoak aipatzen dituzte.

Batzuek zein besteek eraiki, XII. mendeko eraikina dela dokumentatuta dago. Klaustroak, kapitelak, sarrerak, eraikinaren formak eta gainerakoek aspaldi liluratu zituzten bai bisitariak eta baita artearen historia gustukoa dutenak ere. Ez da harritzekoa, beraz, gaur egun, Nafarroako turismo gidetan leku nabarmena izatea Eunatek, bidean bakarrik ageri den arren, Erriberaren atarian eta Garestik lau kilometrora.

Gai honi buruzko kanpo loturak eta estekak:
· Eunate (euskarazko wikipedia).
· Eunate, tenplarioen eliza? (Juan Maria Arrizabalaga, Karmel aldizkaria, 423. zenbakia).
· Eunate, un legado con misterio (Fernando Hualde, Noticias de Navarra, 2012-01-23).
· Iglesia de Santa Maria de Eunate (jdiezarnal.com).
· Una fantasía nocturna en Eunate (juancar347.blogspot.com).
· Jimeno Jurio, Jose Maria: Eunate, hito jacobeo singular (Panorama bilduma, 26. zenbakia, Nafarroako Gobernua, 2003).
· Tenpluko ordena (wikipedia).
· Un diamante en el camino (minube.com, Ermita de Santa Maria de Eunate).
· Eunate (argazkiak: turismoyfotos.net).
· Eunate, las leyendas (El Camino de la Vida).
· El enigma de Eunate (Miguel A. Martínez Artola, Mundo Desconocido, 65. zenbakia, 1981eko azaroa).
· Santa Maria de Eunate: ¿misterio templario? (Caminando por Iberia, 2012).
· Leyendas del Camino: Eunate. Piedra de Luna y Espejo de Agua (laberintoromanico.blogspot.com)