[6] Euskalzale, 1897. ‘Ajedreza euskeraz’.

28 11 2020


Lehen Euskara Modernoan (1745-1876) Larramendiren lana izan bazen mugarri, Bigarren Euskara Modernoan (1876-1968) Resurreccion Maria Azkueren ekarpena izan zen euskararentzat orube garrantzitsuenetakoa. Beste askoren artean, euskal hiztegia (1905-06), euskal kantutegia (1918-21), euskal morfologia (1925) eta etnografia bildumak (1935-1947) egin zituen lehen euskaltzainburua izan zenak.

Foruen galeraren ondoren, industrializazioarekin eta hiritartzearekin batera, bizitza ekonomikoa eta soziala gune erdaldunetan bildu zen batez ere, eta horrek kalte handia egin zion euskararen ezagutzari eta erabilerari. Atzerakada iraultzeko beharrari erantzunez, euskararen inguruko hausnarketak eta lanak areagotu eta zenbait aldizkari sortu ziren.

Euskalzale izan zen osoki euskaraz idatzitako lehen aldizkaria. 1897tik 1899ra argitaratu zen, Bilbon, Azkueren zuzendaritzapean. Lehen urtean, XXI. eta XXII. zenbakietan, xakeari buruzko bi orrialde plazaratu zituen. Ajedreza euskeraz izenburupean, “ondo iokatuteko lege edo arauak” irakur zitezkeen orrialde haietan, arauak eta “berba barri ta gitši oituak” hobeto ulertzeko oharrekin batera.

Amaieran, gainera, xakezaleentzat oparia ere bazuen aldizkariak: “Ajedrez-iokoa ikasi nai dabenentzat geure adiskide batek liburutšu bat bialdu dausku. Euskalzalen euslai, gure badabe, duarik bialduko iake bana, eskatuezkero”. Zoritxarrez, ordea, ez dakigu zein zen xakeari buruzko liburu hura, testuak ez baitu besterik zehazten.

Euskalzale astekariko bi orrialdeak direnez xakeari buruz euskaraz argitaratutako lehenak, merezi du bere horretan hona ekartzea, amaierako oharrekin batera.

Euskalzale, I/21. zk., 1897-05-20: 162.

 


AJEDREZA EUSKERAZ.

· Errege, edo E. erderaz El Rey
· Andrea, edo A. >> La Dama (reina).
· Torrea, edo T. >> La Torre.
· Gudaria, edo G. >> El Alfil.
· Zaldia, edo Z. >> El Caballo
· Oiñezkoa, edo O. >> El Peon.

Ondo iokatuteko lege edo arauak (I)

LENENGOA
Laukidiak iokalariak erara ipiñi bear dabez, au da, euren eskuma-aldean beeko zokondoko laukitšu zuri bat eukiteko eran. Laukidia tšarto ipiñita egonezkero, dakusanak, laugarren eskualdia iokatu baiño lenago, iokoa barriro asi eragiteko eskubidea dauko.

BIGARRENA
Geiak tšarto ipiñita egonezkero, dakusanak barriro iokoa asi eragin daike, laugarren eskualdia iokatu-aurrean; gero ez.

IKUGARRENA
Nai edozeiñ Gei nai Oiñezkoren bat aztuezkero, arerioaren aukeran egongo da iokoa barriro astea edo Gei aztua ipinten istea.

LAUGARRENA
Obaari edo goi-beiren bat emonezkero eta asieran obari au aztu izan balitz, kaltetuaren eskubidean egongo da iokoa barriro astea edo iarraitutea.

BOSKARRENA
Urteierea Gei zuriari beti iagoke. Onetarako Gei onek lenengo iokoan nontzat izan egingo da, ta gero sandšaka edo tšandaka eukiko dabez iokalariak. Gei baten obaaria emon dabenak, Gei zuriakaz iokatuteko eskubidea dauko, urteteko bere bai; onen kontrako egiunerik edo alkar adituterik egonezik.

SEIGARRENA
Nok lenengo urten iakinezik, Gei zuriak nontzat izan egingo da. Arerioari Gei zuriak emoteak, lenengo iokoan urteteko eskubidea beragaz daroa.

ZAZPIGARRENA
Oiñezko baten obaaria emoten denean, beti izan oi da (E.G.O.) Errege-Gudariaren Oiñezkoa. Eskualdi batzun obaaria artu dabena, eskualdi onetan laukidi-erditik aurrera ezta ioan al izango.

ZORTZIGARRENA
Nai Gei nai Oiñezko bati ikutu dautsanak, beragaz eskualdi bat iokatu bear dau, ondo ipinteko dala arerioari lenago esan ezpadautso.

BEDERATZIGARRENA
Geia eskuan daukanartean, edonun ipiñi al izango dau, egoan lekuan ez eze.

AMARGARRENA
Aurretik oartu barik, arerioaren Gei bat ikutu dautsanari besteak artu eragin lekio, arauz edo legez al bada: bestela Errege iokatu edoerabili bear izango dau. Ez bata ez bestea egin ezin bada, utsa edo bakoa, ondoren barik edo ikutu ezpaleutso legez, geldituko da.

AMAIKAGARRENA
Norberena barik Gei bat uste uste barik erabili dabenak, arerioaren aukeran iru eskualdi onetatik bat egin bear izango dau: I.º Gei au norberen bategaz (bestea artu daikeanagaz) artu; 2.º ipiñiriko lekuan itši; 3.º lenengoz egoan laukitšura eroan, baiña onetarako Errege iokatuko dau, moltsoan gelditu-ezik.

AMABIGARRENA
Arerioan Gei bat arauga edo legeaz kontra artu dabenak, arauz edo legez artu bear izango dau; ta au al izan-ezik, Gei ikutua iokatu bear izango dau.

AMAIRUGARRENA
Norberen Gei bat norberen beste bategaz artu dabenak, bata edo bestea iokatu bear izango dau, arerioaren aukeran.

(Iarraituko da)

———–

(I) Urrengo geian oartuko dira arau onetako berba barri ta gitši oituak.

Euskalzale, I/22. zk., 1897-05-27: 171.


AJEDREZA EUSKERAZ.

Ondo iokatuteko lege edo arauak

AMALAUGARRENA
Norberen Gei bat arauga iokatu dabenak, iru eskualdi onetatik bat iokatu bear izango dau, arerioaren aukeran: I.a Ipiñi daben laukitšuan itši: 2.a Arauz jokatu: 3.a Egoan laukitšuan itši. Baiña onetarako Errege erabiliko dau, motsoan geldituten ezpada.

AMABOSKARRENA
Birritan, alkarren ondoren, iokatu dabenak, azkanengo eskualdia ezereztu egin bear izango dau, baldin arerioak eskualdi biak ontzat artu-ezik.

AMASEIGARRENA
Oiñezko guztiak lenengo eskualdian laukitšu bi aurreratu al izango dabez; arerioak, baiña, beren oiñezko bategaz bidean artu al izango dau.

AMAZAZPIGARRENA
Errege, aldapena egieran, laukitšu bi baiño geiago ezin iokatu izango da, ta orduan bere, beragaz aldatuten dan Torre-aldera. Orduan Torrea Erregen ondoan geldituko da, ta Errege, ganetik iiuti eginda, Torrea egoniko laukitšu-ondora ioango da.

Errege, lendik iokatuta badago, ezta aldatu al izango, Torrea lendik erabiliaz bere ez; ez moltsoan egoeran; ezta iragoeran moltsotuten badabe bere. Onako aldiren baten aldapena egiten bada, arerioak eskualdia ezereztuteko eskubidea eukiko dau, ta Erregeri edo Torreari beren aukeran iokatu-eragitekoa.

Torre baten obaaria edo goibeia emon dabenak, aldapena egin daike eztagoan Torre-aldetik, bailegoan, esanaz: aldapena.

AMAZORTZIGARRENA
Oiñezko batek, zortzigarren laukitšura eldueran, Andreagaz edo norberak auturiko Geiren bategaz beren burua ordetu bear dau.

EMERETZIGARRENA
Errege moltsoan ipiñi barik ibili ezin dan Gei bat, erabili edo iokatu dabenak, ezereztu egin bar izango dau eskualdia, ta Errege iokatu, al bada.

OGEIGARRENA
Errege moltsoan ipinteko, aurretik esan bear da (osterantzean Errege iagon edo zainduteko premiñarik ezta egongo); baiña arerioak iokatu baiño lenago, Errege moltsoturik geldituten dala ikusi-ezkero, eskualdia ezereztu ta Errege iagon-eragin al izango dau.

OGETABAKARRENA
Errege uste uste barik moltsoan eskualdi batzuetan geldituezkero, arerioak, dakusanean, iagon edo zaindu eragiteko eskubidea dauko, eta eskualdia ezereztutekoa bere bai, baldin egiña balego.

OGETABIGARRENA
Errege erabili dabenak, arerioak moltsoan dagoala esan dautsalako, olan eztala, eskualdia ezereztu al izango dau.

OGETAIRUGARRENA
Geienean edozeiñ uts edo bako onduten da arerioak iokatuta gero, eta orduan ezta iokaldia ezereztu bear.

OGETALAUGARRENA
Ez Errege ez Gei bat ez bat ezin erabili direanean, Errege moltsoan itši barik, iokoa parra dago.

OGETABOSKARRENA
Laukidian Errege bat bakarrik geldituten danean, iokoa parra dago edo eztau iñok irabazten, irurogei iokaldiren barruan eriotzea emon ezpadautso arerioak; baiña zeinbaturiko iokaldiak baiño eztabe balio izango.

OGEITASEIGARRENA
Ezbai guztiak argitaratuko dira arau onek diñoenez, eta iokolarien eritšiak bardiñak ezpadira, lekukoak erabagiko dabez (I).

—————-

Ajedrezko arau onek obeto adierazoteko oarrak.

Aldatu, erderaz enrocar.
Aldapena,
erderazko enroque.
Arau, regla.
Arauz, conforme a regla.
Arauga, irregularmente.
Egiune, contrato. Berba zaar ederra da au.
Eskualdi, jugada.
Gei, pieza.
Iiuti (Markiña-aldean), (Oñati-aldean akiti), salto.
Laukitšu, casilla.
Laukidi, tablero.
Lekukoak, los testigos. Lapurtarren berbea da au.
Moltsoa, jaque, cerco. Lelon erezi entzutetsuak dakar.
Nontzat izan egin, echar a suertes.
Obaari, ventaja. Goi beia bere esaten da.
Parra, bola-tokietan ez galdu ez irabazi adierazoteko esaten da. Ajedrezean erderaz tablas esaten dabe.

Oar onetako berba guztiak esaten dira. Ajedrezeko berbak adierazo eragiteko, eztoguz ezetan ez biortu, ez eten, ez laburtu, ez nasaitu bear izan.

“Ajedrez-iokoa ikasi nai dabenentzat geure adiskide batek liburutšu bat bialdu dausku. Euskalzalen euslai, gure badabe, duarik bialduko iake bana, eskatuezkero”.



[Amaierako oharra: Azkuek moltsoa aipatzen du jaque edo xake adierazteko, “Lelon erezi entzutetsuak dakar” gehituta. Leloren kantuaz ari da, Ibarguen-Cachopin kronikan (1558-1610) bildutako kantu apokrifoaz. Bertan xake adierazteko motsoa agertuz gero, xakeari buruzko euskarazko lehengo aipamena litzateke, Landuccirenaren ondoan. Ezinbestean, beraz, kantura jo dugu. Ahapaldi honetan ageri da: “Ychasotati/ eta leorres/ ymyny deusco/ molsoa”. Julen Arriolabengoak 2006an aurkeztu zuen Ibarguen-Cachopin kronikari buruzko doktorego tesia, edizioa eta azterketa eginez, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean. Arriolabengoaren hitzetan, “molsoa latineko multo-tik letorke eta ‘talde handia’ edo ‘lagun askoko taldea’ esan nahi du. Berez, molso edo moltso maiz azaltzen da mendebaldean multzo hitzaren sinonimo moduan, eta Larramendik emandako adieren artean ‘pelotón de soldados’ ageri da (OEH XII: 527). ‘Blokeo’ adiera duela esango nuke nik”. Alegia, erregea itsasotik eta lehorretik inguratu eta blokeatu dutela adierazteko modua da motsoa ipini diotela esatea. Azkueren errotakoa da esamoldea xake taulara eramatea eta jaqueren baliokidetzat proposatzea, Leloren kantuan ez baita xake jokoaren inolako aipamenik].





[5] Etimologia eta lexikografia ariketak

28 11 2020



Maileguen ikerketa iturri oparoa da hizkuntzalarientzat, hizkuntza hartzailearen historia ezagutzeko informazio garrantzitsua biltzen baitute maileguek. Izan ere, aldaketa fonetikoen eta fonologikoen ondoren sortzen diren forma berriekin alderatuz gero, hizkuntza nola eta zenbat aldatu den ikus daiteke. Hizkuntzen arauen eta patroien arabera sortzen dira hitzak, eta hizkuntzen arauen eta patroien arabera aldatzen dira maileguak ere. Horregatik, edozein hizkuntzaren lexikoa sistema dinamikoa eta sortzailea denez, sorburu bera duten milaka hitzez beteta daude mundu osoko hiztegiak, askotan hitz horien ahaide zaharrenak ezagutzen ez ditugun arren.

Xakea, esaterako, adibide esanguratsua da. Chess, ċess, échecs, schaak, skaken, escacs, šah, shaxmat, satranç, ajedrez, xadrez, šachy, shakhy edo xake bezala agertzen da, aldaera batzuk soilik aipatzearren, baina guztiek sustrai bera dute. Sanskritotik datorren txaturanga hitza. Lau buruak, zatiak, gorputz-adarrak edo armadaren lau atalak adierazten zituen hura: elefanteak, zaldiak, gurdiak eta soldaduak. Mendeetako eta hizkuntza batetik besterako bidaian, askotariko aldaketa fonetikoak eta fonologikoak ezagutu ditu txaturanga hitzak, eta hizkuntza bakoitzak bere arauen eta bilakaeraren arabera egokitu du grafia ere.

Horrela, sanskritoz txaturanga, chaturanga, shaturanga edo xaturanga zena, chatrang, chatranj, shatranj bilakatu zen persieraz. Arabiarrek al-shat-ranj bihurtu zuten, eta geroago hortik heldu zen gaztelerazko ajedrez aldaera.

Beste hizkuntza batzuetan, berriz, beste modu batera egin du bidea xakearen inguruko lexikoak, beti ere txaturanga edo shaturanga hitzaren errotik abiatuta. Zehazki, persierazko shah da oinarria. Burua, erregea. Arabierak maileguan hartu zuen persierazko shah, bere horretan. Latinera igaro zenean, ordea, bere sistema grafikora egokitu eta aldaketa fonologikoa izan zuen: /š/ hotsa adierazteko <sc> erabili zuen latinak, eta schac aldaera /skak/ modura irakurtzen hasi zen. Scaccus, scacus eta scachus formak agertu ziren Erdi Aroan, latinez, eta horiek erromantzeetara eta Europako beste hizkuntza batzuetara zabaldu zirenean xakea izendatzeko kognatuak sortu ziren: escacs, échecs, chess, schaak

Zenbait hizkuntzatan, singularrean xake taularen laukiak izendatzeko erabili dituzte aldaerak (escac, scacco, échec…), eta pluralean, berriz, jokoa izendatzeko (escacs, scacchi, échecs…). Plural horietatik heldu dira beste hizkuntza batzuetako aldaerak ere. Ingelesezko chess, esaterako.

Xakeari buruzko euskarazko lehen lekukotza idatzia 1562koa da. Urte hartan idatzi zuen Nicola Landucci italiarrak euskarazko lehen hiztegia, Dictionarium Linguae Cantabricae, Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco izenburupean, eta hiztegi hartan euskaraz axedrez forma ageri da. Dena dela, hiztegiak ezin dira ulertu egilearen eredu lexikografikoa ezagutu gabe, eta Landucciren Gaztelera-Euskara hiztegiko mailegu asko ez dira garai hartako euskarari zegozkionak, gaztelerazko nomenklaturaren ordainei erantzuteko ahalegina baizik.

Euskarazko bigarren lekukotza idatzia, aldiz, frantsesetik itzulitakoa da. Silvain Pouvreauk 1664an Parisen argitaratu zuen San Frantzisko Saleskoaren Philotea, euskaraz, eta denbora-pasak eta taula-jokoak hizpide dituen atalean aipatzen du xakea, frantsesezko échecs aldaera maileguan hartuta, pluralean:

Iokoak, zeinetan irabazia baita gorputzeko edo espirituko fetxotasunaren eta antzearen saria eta golardoa, nolakoak baitira pilotako, balonako, billartako, erhastunerako korsuko, esxetetako, tauletako iokoak, berez pasatienpo onak dira, eta sori da hetan haritzea; xoilki begiratu behar da, dela denbora, dela diru sobera emaitetik; zeren denbora sobera emaiten bazaie, ezta pasatienpo, baina bai lana da; gorputza ezta hetaz arintzen, aitzitik tontotzen da eta zapatzen. Bortz ezpa sei orenez esxetetan hariz gero, handik ilkirik unhatua da espiritua, errebelatua eta nahasia”.

Manuel Larramendik 1745ean argitaratutako Hiztegi Hirukoitza da hurrengo erreferentzia, eta ez nolanahikoa gainera. Andoaindarrak lan erraldoia egin zuen euskararen aberastasuna erakusteko, eta haren ekarpenak eragin handia izan zuen garai hartako eta ondorengo euskal egileen artean. Euskararen historian, Lehen Euskara Modernoaren mugarritzat hartzen da Larramendiren hiztegia. Xakeari buruzko zenbait sarrera eta aipamen ere bildu zituen bertan.

Batetik, “Axedrez, juego, ajedreza” ageri da, gaztelerazkoa mailegutzat hartuta, Landucciren ildotik. Bestetik, arrokatu aipatzen du: “Enrocar, en el juego de ajedrez, tiene raíz bascongada, arrokatu”. Oinkariak, berriz, peoiak dira: “Peones, al ajedrez, y damas, oinkariak”. Xakea zer den ere azaltzen du: “Xaque, en el ajedrez, jakea, altxa ortik, ken ortik”. Baita xake matea ere: “Mate, en el ajedrez, erregea atzitzea”. Harrigarriena, azkenik, xake taularen laukien ingurukoa da: “Escaques, casitas cuadradas del ajedrez, damas, &c., viene del bascuence etxakia, síncope de etxatxikia, casa pequeña”.

Lerro eta erdian, atal honetan bildutako etimologia guztia irauli du Larramendik. Oraingoan bai, xake mate!

———————————–
[Bonus Track: ‘Eskakeatu.’ Andoni Egaña, Berria, 2020-10-21].





[4] Txaturangatik xakera. Jokoaren historia laburra.

25 11 2020



Laukidun tauletan mugitu behar ziren irudien jokoak ezagutzen zituzten Antzinaroko Egipton, Karnakeko tenplu multzoan aurkitutako hainbat grabatutan ageri baitira. Beraz, zibilizazio zaharrek ere erabiltzen zituzten horrelako jokoak. Senet jokoa izan zen garrantzitsuena. 30 laukiko jokoa zen, eta inperio osoan iraun zuen. Aseb jokoa, berriz, 20 laukikoa zen, eta kanpotik heldu zen arren egiptoarrek moldatu egin zuten.

Xakearen eta honen familiako gainerako jokoen aitzindaria, berriz, Indiako txaturanga jokoa da. Diotenez, joko haren garapena dira bai xakea eta baita xiangqi, shōgi, janggi eta makruk jokoak ere. Sanskritotik dator txaturanga hitza, eta lau mutur edo lau gorputz-adar dituena esan nahi du. Poesia epikoan, armada adierazteko erabiltzen zuten, eta jokoa osatzen zuten irudiak ere armadaren lau atalen isla ziren: gurdiak, elefanteak, zaldiak eta soldaduak, erregearekin eta kontseilariarekin batera. VI. mendean behintzat jokatzen zuten Indian, taularen alde bakoitzean armada bana jarrita: zuria, beltza, horia eta gorria. Dadoekin jokatzen zuten eta, beraz, ausazkoa zen. Denborarekin, txaturanga Grezia zaharreko petteia estrategia jokoarekin uztartu zen, eta aldaera berriak sortu ziren. 

Persian zabalkunde handia izan zuen shatranj jokoa, esaterako. Zetaren, espezien eta gatzaren merkataritza bideetatik zabaldu zen munduan barrena, eta arabiarrek ekarri zuten Europara. Jokoaren aldaera hartan, txaturangako lau armadak erdira murriztu ziren, soberan geratu zen erregea kontseilaria bihurtu zen, elefantea alfil, eta taula gaineko laukiak ere bi koloretara mugatu ziren. Partidaren amaieran, erregearenak egin duela esateko, shahmat hitza hasi ziren erabiltzen: “erregea galduta dago”. 

Shatranj jokoari garrantzi handia eman zioten arabiarrek. Gerraren irudikapen hutsa baino gehiago hasi ziren ikusten taula gainean, eta IX. mendean jokoari buruzko lehen liburuak argitaratu zituzten, hasierako mugimenduak, garapena eta aurkariaren erregea garaitzeko estrategia erakutsi nahian. Bagdad bihurtu zen shatranj jokoaren erreferentzia mundu mailan, eta arabiar literaturan sustraitu ziren jokoaren inguruko kondairak. 

Erdi Aroan Europan barrena zabaldu zen jokoa, eta aldaera gehiago izan zituen. Juduen, kristauen eta musulmanen artean miresmena eragin zuen, eta lehen oztopoak eta debekuak ere iritsi ziren, apustuak eta dadoak saihestu nahian. Garai hartakoa da jokoari buruz Europan idatzitako testu zaharrena: Versus de Scachis izeneko liburua, X. mendekoa. Egilea ezezaguna da, eta jokoaren arauak biltzen ditu, latinez, bertsotan. 

Hurrengo mendeetan ere garatuz joan zen jokoa, baina bereziki XV. mendearen bukaeran hasi ziren arauak nabarmen aldatzen. Peoien, alfilaren eta damaren mugimenduak orduan aldatu eta arautu ziren, oraingoen antzera. Alfereza, esaterako, dama bilakatu zen, eta diagonalean lauki bakar batera mugitzeko gaitasuna izatetik noranahi mugitzeko askatasuna izatera igaro zen, taula gaineko irudi garrantzitsuena bihurtuz eta jokoaren abiadura eta ikusgarritasuna areagotuz.

Arau berriek jokoa zeharo aldatu zuten, eta gaur egun ezagutzen dugun xakearen sorrera izan ziren. Ikusgarritasunarekin, jokoa herrikoiagoa bihurtu zen, eta arauak eta berrikuntzak finkatuta geratu ziren xake modernoaren lehen erreferentziatzat hartzen den liburuan: Libre dels Jochs Partits dels Schacs en Nombre de 100. Francesch Vicent zen egilea, eta Valentzian argitaratu zen, 1495. urtean.

Hurrengo mendeetan jokoa are gehiago zabaldu zen, eta XVIII. mendean sortu ziren lehen xake elkarteak eta Europako lehen kirol federazioak. Batean eta bestean ugaritu egin ziren txapelketak, eta 1851n Londresen jokatu zen nazioarteko lehen xake txapelketa. Nazioarteko txapelketen sonak ekarri zuen Munduko Txapelduna tituluaren sorrera ere, 1886an. Wilhelm Steinitz izan zen munduko lehen txapelduna. 1924an, berriz, Nazioarteko Xake Federazioa (NXF) sortu zuten, eta hark antolatu zituen lehen Xake Olinpiar Jokoak. Baita Emakumeen Munduko Txapelketa ere. Vera Menchik izan zen lehen txapelduna, 1927an. 


————————
Erreferentziak:
· San Martin Marcos, Leire: Mahai jokoak Antzinaroko Egipton. Gradu Amaierako Lana. EHU, 2017.





[3] Xake nobela

24 11 2020



Stefan Zweig (1881-1943) idazle eta kazetari austriarraren Xake nobela eskuratu eta irakurri dut. 112 orrialde. Hasi eta buka. Ezagutzen nuen, baina ez nuen gozatu orain arte. Gustatu zait. Xakeari buruzko literaturaren bila hasiz gero, erraz aurkitzen da, zerrenda gehienetan nabarmentzen baita Zweigen nobela laburra. Ez da gutxiagorako. Brasilen bere buruaz beste egin baino lehen idatzi zuen azken fikzio lana da, eta orrialdeetan barrena xakea metafora sakona besterik ez da, bi munduren arteko borroka islatzeko: argia eta iluna, zaharra eta berria, zuria eta beltza. Euskaraz, Alberdaniak argitaratu zuen 1999an, Xabier Mendiguren Bereziarturen itzulpenarekin. 

New Yorketik Buenos Airesera itsasontzian doaz nobelako protagonistak. Tartean da Mirko Czentovic harroa, beste jarduera intelektualetarako gai ez den arren xakean munduko txapelduna izatera iritsitakoa. Bidaideen artean agertuko da B. jauna ere, Gestaporen eta nazien itzala atzean utzi eta torturaren atzaparretatik ihesi doan vienatarra. Ohartzerako, B. jaunaren istorioa bihurtuko da nobelaren ardatza. Izan ere, nazien torturapean ezagutu zuen xakea. Ezer gabe bakartuta eduki zuten hotel gela batean, eta handik galdeketetarako bidean liburu bat lapurtzea lortu zuen, ezerezaren zulo ilunari ihes egiteko esperantzarekin. Liburua, ordea, xake maisuen partiden bilduma zen, eta hasierako etsipenak beste eldarnio bati egin zion lekua, partida haiek behin eta berriro irudikatu eta buruz ikasi ondoren. Erabateko obsesioa bihurtu zen xakea B. jaunarentzat, bere buruaren aurkari bihurtzeraino, orain zuri, gero beltz, eromenaren mugetan erdibituta. Ordudanik, hogeita bost urte baino gehiago eman ditu xake taularik ukitu gabe, baina itsasontzian bidaiari batzuk xakean ikusi orduko piztu zaio irudiak mugitzeko eta partidan sartzeko irrika, munduko txapelduna aurrean duela eta hura menderatzeko gai dela jakin gabe.

Muturreko egoeretan berezkoa dugun erresistentziarako dohaia azaleratzen du nobelak, erortzeko eta zutitzeko gaitasunarekin batera, bizitza eta xakea taula berean zabaldutako ispiluak direla erakutsiz. Egileak, gainera, intriga eta arriskua gehitzen dio bidaiari, irakurleak puskatean ahaztuko ez duen partida biribilduz. Xake nobela.

Euskarazko itzulpenak izan zuen oihartzuna arakatzen hasita, berriz, Markos Zapiainen hitzak ageri dira Kritiken Hemerotekan: “Xakea ez da joko hutsa, gudua baizik, eta bakea, bizitza bera eta mundua, edo hizkuntza, osagai mugatuekin unibertso bizi amaigabeak eraikitzeko gai, jatorri ezezaguneko bezain jainkotiar, harribitxi eta ispilu logiko, etiko nahiz ontologiko. Hirurogeita lau laukitxoek maitasuna, gorrotoa, heroitasuna, bekaitza, eskuzabaltasuna, jelosia, barkamena, distira eta eromena ikusi izan dituzte sarritan. Zientzia da xakea, baina baita poesia ere, eta hiria, eta labirintoa”.

Zientzia da xakea, baina baita poesia ere, eta hiria, eta labirintoa. Oroimena. Beldurra eta ausardia. Erortzeko eta zutitzeko gaitasuna. Kemena. Erabakiak hartu beharra. Erasoa eta babesa. Zuria eta beltza. Argia eta iluna. Hasiera eta bukaera. Bizitza, bere ederrean eta gordinean.

[Post Scriptum (2021-01-05). 2018ko ekainean, nobela grafikoetan espezializatutako Bilboko Astiberri argitaletxeak El jugador de ajedrez plazaratu zuen, Stefan Zweigen Xake nobela oinarri hartuta 2017an David Salak Le joueur d’échecs izenburupean egindako egokitzapen grafikoaren gaztelerazko itzulpena. Benetan ederra eta gomendagarria].





Xake taularen zuri beltzetan

23 11 2020

Sarrera

The Queen’s Gambit telesaila xakearekiko sukarra ari da sortzen munduan barrena. Gari Kasparov aholkulari izan duen telesailaren eraginez, milaka lagunek berriro atera dituzte armairuetatik xake taulak, eta beste asko lehen aldiz hasi da xakean jokatzen. Adituek zientziaren, kirolaren eta artearen mugetan sailkatzen dute xakea, eta izaten ari den loraldiak hamaika kontu ezagutzeko edo gogoratzeko aukera ekarri du: herrialde handien arteko lehiaren isla izan zenekoa, jendartea baino are matxistagoa ote den galdetzekoa, heziketan zertan laguntzen duen ulertzekoa, maisu handien ibilbideak ezagutzekoa, edota literaturan, zineman eta artean utzi duen arrastoa arakatzekoa.

Euskal Herrian ere bada xakeari lotutako hainbat kontu. Orrialde hauetan gogoratuko ditugu Atarrabiako ikastolako haurrek Anatoli Karpoven bisita jaso zutenekoa, xakearen historia aldatu zuen Donostiako 1911ko torneoa, edota Euskal Selekzioak Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko selekzioaren aurka jokatu zuenekoa bezalakoak, beste askoren artean. 64 atal. 64 mugimendu. Hasi da partida.

—————————————-

“Haize enbata, brisa, galerna,
gaur garbi, bihar nahasi,
xake taularen zuri beltzetan,
arrats gozo, egun gazi…”.

—————————————-


1. DAMA GANBITOA



2020ko urria. COVID-19aren bigarren olatua Europa astintzen ari da berriro. Euskal Herrianere egoera okertzen ari da. Atzemandako positiboen kopurua, ehunekoa, eta 100.000biztanleko intzidentzia tasa gorantz ari dira, etengabe. Ospitaleratutakoak, ZIUra heltzendirenak eta hildakoak ere gero eta gehiago dira. Egoera larria da, eta birusa zabaltzea eragotzi nahian, ostatuak eta jatetxeak itxi dituzte berriz, herritik ateratzea debekatu, eta etxeratzeko agindua ezarri dute 22:00etatik 06:00etara. Konfinamenduaren mamua itzuli da. Etxea babesleku bihurtuta, gehiago estimatuko ditugu sofa, manta, tea edo ohea. Baita barrurako denbora ere. Sukaldean aritzeko. Liburu berriak irakurtzeko. Musika entzuteko. Gitarrarekin hitz egiten ikasteko. Telesailak ikusteko.

The Queen’s Gambit ikusi dugu egun hauetan. Walter Tevis-ek 1983an argitaratutako izen bereko eleberrian oinarrituta Netflixek urriaren 23an estreinatu berri duen telesaila. Lehen kapitulutik harrapatu gaitu Anya Taylor-Joyk jokatzen duen umezurtzaren istorioak. Xakea, drogak, feminismoa eta estetika ederra, ohartzerako amaitzen diren zazpi ataletan banatuta, ongi neurtutako dosietan. Marabilla bat.

Beth Harmon da protagonista. Umezurztegian, William Shaibel atezainak xakean jokatzen erakutsi dio, eta sotoan bien artean lehen partidak jokatu orduko nabarmena da bederatzi urteko haurrak ezohiko gaitasuna duela xakean aritzeko. Nerabezaroan AEBetako xake jokalari garrantzitsuenei gailenduko zaie Beth, eta 60ko hamarkadan partidaz partida lekua irabaziko du ordura arte gizonezkoen eremu zurruna izan den xakearen munduan.

Gidoiak gorabeherak dituen arren, espoilerren arriskurik gabe esan daiteke zinemaren historian urrezkoak diren zenbait eszenen mailara heltzen denik ere baduela tartean. Paradisu Zineman eman gabeko musuak berreskuratzen diren eszenarekin pareka daitekeen bat badu behintzat The Queen’ Gambit biribilak. Amaiera, berriz, benetan ederra da.

Gari Kasparov handia izan da telesailaren aholkularietako bat, eta lortu du zuzendarien asmoa: batetik, xakezaleei gustatzea eta, bestetik, xakeak mundu osoko milaka eta milaka lagun gehiago liluratzea.


2. AKORDATZEN HASITA



Ez dut gogoan noiz eta nola ikasi nuen xakean. Baina aitak erakutsi zidala esango nuke. Xakezalea da aita. Betidanik horrela gogoratzen dut. 10, 12 edo 14 urte nituenean elkarrekin jokatzen genuela akordatzen naiz. Baita geroago ere. Sei urte gazteagoa den anaiarekin ere hiruron arteko txapelketak antolatzen genituen etxean. Hiru partida irabazi behar ziren segidan. Irabazten zuena taularen aurrean eserita geratzen zen, galtzen zuenaren lekua hartzen zuen aurkariaren eta partida berriaren zain. Estu hartzen genuen elkar.

Gaur egun abandonatuta, abailduta eta erortzear dagoen Manufacturas Zarauz altzari fabrikan egiten zuen lan aitak. Abila zen altzari eta egur kontuetan, eta noizbait mahai borobil bat egin zuen, erdian xake taula batekin. Taula hartan aritzen ginen xakean, mahaiharen bueltan.

Eskola garaian ez dut xakearekin lotutako oroitzapenik, baina zenbait lagunek noiz edo noiz xake txapelketaren batean parte hartu izan genuela akordatzen naiz. Zarautzen, Santa Marina kalean, garai batean Pagoeta Mendizale Elkartearen lokala zen aretoan. Jokalari ona nintzela esaten du aitak, baina ez dut uste sekula ezer irabazi nuenik. Hogeita hamar urte igaro diren arren, Artikus Torres izeneko aurkari batekin akordatzen naiz. Xakean oso ona zen. Bere izena arraroa iruditzen zitzaigula oroitzen dut, eta xakerako izana ere izenetik zetorkiola aipatzen genuela. Kuriositatez, sareko bilatzaile batean idatzi berri dut bere izena. Tokiko hedabide bateko bi albiste agertu zaizkit. 2006koak. Xake Taldeko Euskal Ligari eta Gipuzkoako Ligari buruzkoak dira. Xake kontuak. Antza denez, nerabezaroa eta gaztaroa pasatuta ere, jokatzen jarraitu zuen. Poztu nau urruna eta lausoa nuen oroitzapenaren eta izenaren arrastoa berreskuratu izanak.

Nik ez nuen jokatzen jarraitu. Noiz edo noiz partidaren bat etxean, baina oso oso noizean behin besterik ez. GARA egunkariak Euskal Xakea plazaratu zuen aspaldi, 778. urtean Orreagako guduan baskoiek frankoak garaitu izana gaitzat hartuta. Metalezko irudi landu eta astunak zituen, eta xake taula eta pieza haiek izan dira urte askoan etxean izan ditudan bakarrak. Duela zenbait urte, udako oporretara eramateko, saltoki txinatar batean erosi nuen taula txiki bat, plastikozko piezak zituena. Bada alabaren argazki bat, taula eta pieza horien aurrean, baina bizpahiru partida besterik ez genituen jokatu.

2020ko urrian, ordea, The Queen’s Gambit ikusita, betidanik izan dudan gutizia areagotu zait: egurrezko xake taula eta pieza eder batzuk eskuratzeko gogoa. Sarean bila hasi orduko ohartu naiz behin baino gehiagotan aritu naizela horien bila, baina ez dudala aurrera egin azkenean. Oraingoan, bai. Urriaren amaierakoa naiz, Maradonaren egun berekoa, eskorpio, eta erabaki dut urtebetetze oparia.

Xake tauletan eta irudietan espezializatutako Square Game dendaren webgunean egin dut erosketa. Kaobazko taula, egurrezko irudiak eta horiek gordetzeko kutxa ederra. Trzebiniatik dator, Poloniatik, xakearen historiari hainbeste eman dion herrialdetik. Pozik nago.

Etxera heldu direnetik, egongelako mahaiaren gainean lekua irabazi dute xake taulak eta irudi berriek. Liluratuta begiratzen diet, egundoko oparia jaso duen haurrarena bezalako ilusioarekin. Bikotea zeharo zaletu da, eta oharkabean xake partidak ia eguneroko ohitura bihurtu dira etxean. Atzo, 12 urteko alaba eta biak aurkitu nituen, taularen bi aldeetan, elkarrekin xakean jokatzen. Ederra. The Queen’s Gambit efektua: Gari Kasparov fitxatu dute telesail batean aholkulari izateko, eta etxean xakean jokatzen hasi gara.