Zauriei begira, kazetaritzaren ispilutik

21 03 2013

‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1’ izeneko ekitaldia antolatu zuen atzo Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa. Bidean, Zeruko Argia, Egunkaria Sortzen, Bartolo, Zarautz Egunkariaren Alde taldea, Fernando Muniozguren, Txaparro herri aldizkaria, Urola Kostako HITZA eta beste hainbat langile, talde eta egitasmo aritu dira Zarautzen euskarazko prentsari egundoko ekarpena eginez, eta horiek guztiek lekua izan zuten atzoko ekitaldian.

p040_f01
[ argazkia: Gorka Rubio, Argazki Press / Berria ]

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, “zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea” dagokigula sinetsita.

Zehazki, honakoa da irakurri nuen testua:

Arratsaldeon denoi.

Duela hogei urte, 1993an, gaur ekitaldi hau aurkezten aritu den Gorka Arrese zutabegilea zen Euskaldunon Egunkarian. Uztailean, Lubakietatik izeneko zutabea idatzi zuen, Txiki eta Otaegi hil zituztenean jaio ginen hainbat gazte literaturaren lubakietatik tiroka hasiko ginela eta antzekoak iragarriz. Lubaki Banda izan zena bazetorrela plazaratu zuen Gorkak zutabe hartan. Ordurako bazekien zerbait Susa argitaletxeko editoreak. Hamazazpi urte nituen nik orduan, Susa aldizkaria Lubaki Bandako gazteon esku utzi zutenean. Utzi zigutenean, nolabait.

Hiru zenbaki argitaratu genituen, eta hiru zenbaki haiek osatzeko lanetan ezagutu nituen hemen oholtza gainean dauden hainbat lagun, Lasarteko erredakzioan, lehen Imanol Muruak bideoan esan duen moduan, Susa, Argia eta Euskaldunon Egunkaria eraikin berean baitzeuden.

Egunkariarentzat, aldizkariarentzat eta argitaletxearentzat bizi ziren. Etxerako ordurik gabe, erredakzioa ia etxebizitza bihurtuta, gau bat baino gehiago bertan igarota, sinesten zutenaren alde dena emanez. Eskola horretakoak dira Imanol Murua Uria, Gorka Arrese, Iñaki Uria, Xabin Makazaga, lan kontuengatik gaur hemen ez dagoen Amagoia Iban, eta belaunaldi hartako beste hainbat eta hainbat. Eskola hartakoa zen Bartolo ere. Euskarazko egunkaria. Euskarazko aldizkariak. Euskarazko liburuak.

Urte haietan, Euskaldunon Egunkariak larunbatero argitaratzen zuen literatura gehigarria egiteko Lubaki Banda hartako gazteren bat proposatzeko eskatu zioten Gorkari, eta horrela hasi nintzen Egunkarian, dinosauro hauek irakasletzat nituela. Denok ere, gaur baino 20 urte gutxiago genituen.

Txumai Iturriarekin egin ohi nuen erredakziorako bidea, autoan. Txumai, zehazki, Zarauzko Udaleko zinegotzia zen urte haietan, HBko zinegotzia, eta autoa erre zioten. Lanetik etxera eta etxetik lanerako bidai haietan, Txumai, Karlos edo Amagoiarekin, Egin egunkarian Zarauzko albisteen kazetaria izateko aukera aipatu zen, Imanol Arruabarrenak lekukoa pasatzea eskatu zuelako, eta bidaideek lan askorik gabe konbentzitu ninduten lan askoz gehiago hartzeko. Beste lan batzuekin batera, biak uztartzen nituen: Euskaldunon Egunkariako literatur gehigarria, eta Egin egunkariko Zarauzko albisteak.

1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik, Teresa Toda kazetariarekin batera. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Egunkaria auzian, mamuak ez zuen nahikoa izan kolpe bakarrarekin, eta Martxelo, Iñaki eta gainerako arduradunen atxiloketarekin eta Egunkariaren itxierarekin hasitakoa, hilabete batzuk geroago errepikatu nahi izan zuen, auzi ekonomikoarekin. Auzi horrek zabalik segitzen du oraindik. Epaiketaren esperoan daude auzipetuak, eta ez nolanahiko kartzela zigor eskaerekin, gainera. Tartean dago Iñaki Uria zarauztarra ere. Auzipetuetako batek otsailaren 20an gogoratu zuen moduan, auzi ekonomikoa zabalik dagoen bitartean, Egunkariaren zauriak odoletan segitzen du oraindik, bizirik.

Odola eta zauriak aipatuta, Zarauzko Udalaren izenean, herri honetan jazarriak eta erailak izan diren kazetariak badirela gogoratu behar dut ezinbestean. Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin dugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatua ere. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Ez nuke gaurko ekitaldia amaitu nahi, ekitaldiaren helburua nabarmendu gabe: Zarautzek eta zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egindako jarduna eskertzea. Prentsa idatzira mugatu gara batez ere, baina jakin badakigu, telebistan eta irratian ere, kate pribatuetan zein libreetan, hamaika zarauztar ari dela lanean, gaur hemen aitortu nahi izan dugun ekarpenaren antzekoa eginez, beste formatu batzuetatik. Telebistan eta irratian ez ezik, baita sareko albistarietan ere. Horiek ere gogoan ditugu.

Guztiei, beraz, mila esker euskaratik eta euskaraz Lizardik noranahikoa amesten zuen hizkuntza larrekoa lau haizetara zabaltzeagatik.

Ekitaldian zehar banatu ditugun oroigarriak, ekitaldi honetarako Manu Urbieta artista zarauztarrak berariaz egindakoak dira. Benetan ederrak. Egindako bidea eta lan ederra eskertzeko, baditugu beste bi ere: Martxelo Otamendirentzat, eta Imanol Muruarentzat. Beraiek jasoko dituzte, baina nolabait, gaur hemen aitortu eta eskertu nahi izan dugun belaunaldi eta ekarpen baten ordezkari gisara. Zuen txaloak beraientzat dira.

Eskerrik asko!

Post scriptum:
Ekitaldia amaitu eta oholtzatik jaitsi orduko Gorka Landaburu kazetaria hurbildu zitzaidan, eskerrak ematera. Eskua luzatu zidan. ETAren lehergailu batek zartatutako eskua. Lander Garrok azaroan sentitu eta idatzitakoaren antzeko zerbait sentitu nuen nik ere. Hemen testua.
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 2012-11-22).

Kontu honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Aitorpena euskal prentsari (Berria, 2013-03-22).
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 201211-22).

Atzoko ekitaldia iragartzeko egunotan prestatu dugun bideoa:





Arma psikotronikoak: konspirazio hutsa ala minbizia ere eragiten duen teknologia ezkutua

14 03 2013

Azken egunotan zalaparta sortu du Venezuelako presidente berriak AEBei egindako akusazioak. Izan ere, Nicolas Madurok, “Venezuelaren etsaiei” leporatu die Hugo Chavez heriotzeraino eraman duen minbizia eragin izana. Mundu osoko medikuek eta zientzialariek erabat ezinezkotzat jo dute kontua, minbizia sortzea hainbat faktoreren ondorioa delako, eta ezin omen delako bakar batekin soilik berariaz minbizia sortu.

Medikuen erantzuna zentzuduna da, eta zientzialariak erabat ados daude horretan. Gaiak, ordea, ertz asko ditu, eta susmoak sortzeko moduko estatistika ageri da mahai gainean. Izan ere, azken urteotan, memoria eta hemeroteka ariketak egiten hasita ere, ez dugu oroitzen minbizia atzeman dioten Europako herrialderen bateko presidenterik, edo AEBetakorik. Hego Amerikara begira hasiz gero, ordea, azken urteotan, Fernando Lugo (Paraguai), Fidel Castro (Kuba), Lula da Silva (Brasil) eta Dilma Roussef (Brasil) Cristina Fernandez (Argentina), Evo Morales (Bolivia) eta Hugo Chavez (Venezuela) minbiziak erasan dituela jakin izan dugu.

Guztiak, kasualitatez, ardatz bolivartarra deitu den horren aldekoak izateak susmoa areagotu egin du, eta Hugo Chavez berak iradoki zuen, estatistika gutxienez susmagarria dela kasu honetan.

Arma psikotronikoak: historian zehar lehenago ere bai

Minbiziaz hildako ordezkari politikoen kopurua estatistikoki susmagarria izatearena, ez da orain lehen aldiz gertatu den zerbait. Areago, oso zaharra da kontua. 1953koa da arma psikotronikoak erabiliz aurkariak hiltzeari buruzko lehen kasu nabarmena. Eraso psikotronikoa, uhin elektromagnetikoak erabiliz (frekuentzia oso altukoak edo frekuentzia oso apalekoak) helburu zehatz bat erasotzeari esaten zaio. 1953an, estatubatuarrek Moskun zuten enbaxadorea minbiziak erasanda hil zen hilabete eskasetan, aste apur batzuetan begiak ia lehertu beharrean gorrituta. Baita enbaxadore haren ordezkoa ere. Eta enbaxada hartako beste bederatzi langile ere bai. Guztiak, banan-banan erori ziren, berehala, euliak bezala, minbiziaren eraginez.

Sasoi hartan, Sobietar Batasuneko eta Ameriketako Estatu Batuetako gobernuek, Gerra Hotzaren garaian, hainbat negoziazio izan zituzten, uhin elektromagnetikodun armak ez erabiltzeko. Bilerek huts egin zuten, eta negoziazioak apurtu ondoren eraso zuten sobietarren amerikarren enbaxada frekuentzia oso apaleko uhinekin. Emaitza: minbiziak hildako hamaika ordezkari estatubatuar handik hilabete apur batzuetara.

AEBek ukatu egin zuten hasiera batean eraso hura, baina gerora hildakoen senideek kalte-ordainak jaso zituzten. Arma psikotronikoen erabilera eta eraginkortasuna zeharo berretsita dago, Nazio Batuen Erakundeak berak ere batzar batean baino gehiagotan landu izan duelako gaia. Arma psikotronikoei buruzko erreportaje sakon bezain beldurgarri honetan irakur daitezke hainbat kasu: ¿Se están utilizando ya armas psicotrónicas?

Mundu osoko aldizkariek argitaratu dituzte artikuluak eta erreportajeak arma psikotronikoen inguruan, eta denek bat egiten dute kontu gehienetan: herrialde aurreratuenetako gobernuek isilpean duten teknologia militarra da, oso eraginkorra, izugarri zehatza eta, beraz, pertsona bati bakarrik eragiteko modukoa, aldamenekoak ukitu ere egin gabe. Era berean, erabiltzen diren uhinen frekuentziaren arabera, norbaitek ikusiko duena edo entzungo duena ere sortzeko gai dira. Era berean, baita gorputzeko organo nagusiak erasateko ere, modu batera edo bestera eraginez. Uhinak ikusezinak direnez, gainera, ez da inolako frogarik geratzen eta, beraz, erasotzailearentzat ezin egokiagoak dira.

Honaino iritsita, erraz ulertzen da ardatz bolibartarraren aldeko hainbat presidenteri atzemandako minbizia berariaz sortutakoa izatearen akusazioa, hori frogatzea ia erabat ezinezkoa izango den arren.

Gai honi buruzko estekak eta kanpo-loturak:
· Chavez muses on US Latin America cancer plot (BBC News, 2011-12-29).
· ¿Se están utilizando ya armas psicotrónicas? (Discovery DSalud, 2009-04).
· Armas psicotrónicas (urgente24.com).
· Conspiración: la muerte de Hugo Chávez (ikerjimenez.com. Milenio 3 irratsaioa, 2013-03-10).
· Maduro acusa a los ‘enemigos’ de Venezuela por el cáncer de Chávez (CNN Mexico, 2013-03-05).
· Varios presidentes sudamericanos, afectados por el cáncer en los últimos meses (20minutos.es, 2011-12-29).
· Chávez insinúa que EE UU podría estar detrás de los casos de cáncer de líderes sudamericanos (20minutos.es, 2011-12-29).





Lehen ametsak eta oroitzapenak, amaren sabelean

7 03 2013

Zientziaren eta misterioaren arteko mugan dagoen kontua da lehen ametsena eta oroitzapenena. Zientzialarien arabera, amaren sabelean gaudenean, 28. astetik aurrera, amets egiten eta oroitzapenak izaten hasten da fetua edo umekia.

Duela bizpahiru urte, 2010. urteko urrian zehazki, Stuart Campbell medikuak argazki harrigarria lortu zuen Londresen, haurdun zegoen emakume bati ohiko ekografia egiten ari zitzaionean. 17 aste besterik ez zituen umekia irribarre handiarekin agertu zen pantailan. Hau da argazkia, zehazki, eta hemen irakur daiteke informazioa

· The foetus who broke into a big smile… aged only 17 weeks (Daily Mail).
· Feto de 17 semanas asombra al mundo con su sonrisa (El País).

Kontu honek misteriotik askorik ez duela pentsatuko du norbaitek, baina badira erantzunik ez duten hainbat galdera lehen oroitzapenei eta ametsei dagokienez. Denok egin dugu noizbait amets leku ezezagunen batekin, baina esnatu orduko noizbait bertan egon izanaren sentsazioak erabat harritu gaitu. Alderantziz ere bai: nonbaitera lehen aldiz joan, eta leku horretan noizbait egon izanaren sentsazioak erabat nahasita eta harrituta utzi izan gaitu. Ez da hain arraroa ere.

Hainbat teoriaren arabera, arbasoen eta gurasoen kode genetikoa ADNan oinordetzan jasotzen dugun modu berean, arbasoen oroitzapenak ere jasotzen ditugu ADNan. Horrela, posible izango litzateke lekuren batean inoiz egon gabe ere leku hori oso ezaguna egitea, edo ametsetan agertzea. Nolabait, gurasoek, aitona-amonek edo auskalo zenbat belaunaldi lehenagoko arbasoek bizitakoa eta ikusitakoa jasoko genuke oroitzapenetan. Horrela azaltzen dute, teoria hauen aldekoek, umekiek edo fetuek, amaren sabelean, irribarre egitea. Batzuetan, musika lasai baten edo amaren ahotsaren eraginez izan daitekeela aitortzen da, baina kasu askotan eta askotan, oraindik argia ikusi gabe eta, beraz, benetan ezer ikusi gabe edo oroitzapen bat eduki gabe irribarre egiten duen umekia zergatik ari den irribarrez, misterio hutsa da. Zer ikusten, oroitzen edo amesten du fetuak, inoiz begiak zabaldu ez baditu eta mundura atera ez bada? Zientzialariek aipatzen dituzten lehen oroitzapenak nola sortzen dira eta zer dira?

Beste teoria batzuen arabera, arbasoen ADNak ez du zerikusirik haurra jaio baino lehen dituen lehen ametsekin eta oroitzapenekin. Teoria hauen arabera, haurrak oroitzen duena ez da aurreko bizitzetan ikusitakoa besterik. Nolabait, errenkarnazioan edo berreraragiztatzean sinesten dute teoria honen aldekoek, eta hori da nabarmentzen dutena: umekiaren, haurraren edo behin helduta ere tarteka izaten ditugun sentsazio horiek, nonbait eta noizbait ikusten eta bizitzen ari garena lehendik ere ikusi eta bizi izanarena, aurreko bizitzetan ikusitakoa eta sentitutakoa da.

Kasu honetan, fenomeno honek frantsesezko dèja vu adierazpena hartzen du: lehendik ikusia esan nahi du literalki, eta bai literaturan bai zineman hainbat liburu eta filmetan kontu hau landu izan da.

Pitagorasengandik hasita gai honek kuriositatea piztu izan du beti zientzialarien artean. Sigmund Freudek heldu zion bereziki gaiari, eta psikonalistek kontu honi buruzko ehunka tesi eta liburu idatzi izan dituzte. Kontuak kontu, ordea, ametsak eta oroitzapenak neurozientziaren atalean aztertzen dira bereziki, eta erantzunik gabeko galdera asko daude oraindik.

Gai honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Enigmas antes de nacer (ikerjimenez.com, 2011-12-25).
· Posibles teorias del Déja Vu (Mundo Esotérico Paranormal).
· Sus primeros recuerdos (Crecer Feliz).
· El feto tiene recuerdos (todobebe.com).
· Los fetos prefieren a Mozart (El País, 2010-05-18).
· Semana 28: genera sus primeros recuerdos (clubmadres.com).
· Kode genetikoa (euskarazko wikipedia).
· Dèjá vu: ¿recuerdo de vidas anteriores? (ABC, 2012-11-10).





Adiorik ez, komandante: agur eta ohore!

6 03 2013

Benetako justizian eta berdintasunean oinarritutako mundu hobea amesten dugun guztiok umezurtz gaude gaur nolabait. Hugo Chavez komandantea hil zen atzo.

Hugo Chavez, aitortu dezadan hasieratik, ez da nolabait nire pertsonaia historikorik gustukoenetakoa, baina aldarrikatu eta egin duena aitortu behar zaio, herriaren alde, inperialismoaren aurka, Bolivarren ametsak lau haizetara zabaldu eta benetako Amerika Batua mamitu nahian.

90eko hamarraldiaren amaiera aldera izan nuen Chavezen berri, iraultza bolivartarraren oihartzuna zabaltzen hasi zenean. Sasoi hartan Txalaparta argitaletxeko editorea nintzen, eta Mikel Markezek eta Pako Aristik sasoi hartan Venezuelan emanaldi batzuk egitekoak zituztenez, militarrak batere gustukoak ez dituen eta Chavez bezalako liderren aurrean erabat mesfidatia den Pako Aristiri proposamena egin nion, ea animatuko litzatekeen Venezuelako iraultzaren berri emango zuen liburua idaztera. Zuhurtziaz hartu zuen enkargua Aristik, eta Venezuelara joan, gertatzen zena bertatik bertara ikusi eta ezagutu, herritarrekin hitz egin, eta horren arabera ikusiko zuela liburua idatzi ala ez. Banekien, Chavezen lilura Pako Aristi bezalako norbaitenganaino iristen bazen, eta hori ondo islatzen bazuen, Chavez gurean ezagutarazteko bide polita izango zela liburua.

Emaitza hurrengo urtean argitaratu zen: Venezuela, iraultza isilaren hitzak liburua.

Orduan ikusi zuen argia Txalapartan lankide genuen eta argitaletxearen Hitzak eta ideiak aldizkariaren zuzendaria zen Carlos Aznarez kazetari argentinarraren Los sueños de Bolivar en la Venezuela de hoy liburuak ere, Chavezen asmoen, ibilbidearen eta iraultza bolivartarraren berri emanez.

Nahikoa izan nuen bi liburu haiek irakurtzea Venezuelan gertatzen ari zena ulertzeko.

Ordudanik, egundokoa izan da inperialismoaren hedabideek batean eta bestean egin duten lana Chavezen bidea lokazteko. Gezurrak, gezurrak eta gezurrak zabaltzeaz gain, Chavezen aurkako estatu kolpea haizatzea eta inperialismoaren zein kapitalismo basatienaren aldeko interesak defendatzea izan da Washington, Miami eta Madril ardatz izan dituen zabor kazetaritzaren egiteko nagusia.

Denborak eta historiak, ordea, bakoitza bere lekuan jartzen du. Hugo Chavezen ekarpena historia liburuetan geratuko da, eta komandantea hil bada ere, haren lanak eta iraultza bolivartarrak aurrera segitzeko bide zabala dute landuta.

Gaur, beraz, besarkadarik estuena Venezuelako herriarentzat. Adiorik ez komandantearentzat. Eta Zarauztik, bereziki, Herrien Elkartasuna lantzeko ardura dudan zinegotzi ordezkari bezala, agur bat bat Venezuelan jaio eta Zarautzen bizi diren 59 lagunentzat.